2024-04-20
HomeEkintza SindikalaLABek Osasunbideko esklusibotasunaren jardunbide txarrei buruz egindako salaketan egiazkotasun zantzu argiak ikusi...

LABek Osasunbideko esklusibotasunaren jardunbide txarrei buruz egindako salaketan egiazkotasun zantzu argiak ikusi ditu Nafarroako Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak, eta ikerketa hasi du

Nafarroako Ustelkeriaren Aurkako eta Jardunbide Egokien Bulegoak egiaztatu du, bai Funtzio Publikoaren ondorioetan, baita Osasun Departamentuak aurkeztutako dokumentazioan ere, Osasunbideko zazpi atal-burutza daudela gutxienez, erregelamenduz hornitu ez direnak, eta horietako batzuk arduraldi esklusiboan beteko ez lituzketela. Beraz, Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak ondorioztatu du LABek jakinarazitako gertakariak egiazkoak direla erakusten duten zantzu argiak daudela, eta, gainera, ohartarazi du zantzuak daudela esateko ez dela kasu bakar bat, baizik eta mediku fakultatiboen beste kasu batzuk badaudela, izendapen formalik gabe asistentzia-burutzei dagozkien funtzioak betetzen ari direnak, eta, aldi berean, horietako batzuek sektore pribatuan egiten duten beren jardueraren berri publiko egiten dutela.

LABen iritziz, termino juridiko eta politikoetan, sindikatu honek jarritako salaketa ikertzeko prozedura hastea gizartearekin partekatu beharreko lorpena da. Funtsezko lehen urratsa da osasun publikoaren defentsan, eta erabakigarria da argitzeko ea diru eta zerbitzu publikoaren kontura eginiko praktika txarra ote den, Nafarroako Sindikatu Medikoak (NSM) ordezkatutako profesional mediko batzuek urteetan garatua eta Nafarroako Gobernuak onartua. Hala badagokio, egon daitezkeen erantzukizunak ere argitzeko urratsa da.

Era berean, Ustelkeriaren Aurkako Bulegoaren ebazpenak zalantzan jartzen du Nafarroako Gobernuaren jarrera eta bertsioa, zehazki Santos Indurain kontseilariarena eta Carlos Artundo Osasuneko zuzendari nagusiarena, biek ala biek aipatu baitzuten bi kasutan bakarrik egon zitekeela Nafarroan esklusibotasuna bidegabe kobratzea; LABen salaketa kritikatu zuten, errealitatea ukatuz, bere ekintzarik ezari eusteko eta a posteriori jokatzen jarraitzeko.

Ebazpenaren edukia gogorra da Sindikatu Medikoarentzat eta Nafarroako Gobernuarentzat. Ildo horretan, uste dugu beraiek sortutako egoera baten erantzukizun osoa bere gain hartzea dagokiela orain. Alde batetik, NSM dago, lobby erreakzionario eta kontserbadorea; hau guztia joko bat balitz bezala, eta eskuinaren estrategiari jarraituz, bere interes ekonomikoak eta osasun-negozio pribatuena jarri ditu aurrez aurre, osasun publikoa, Osasunbideko langile guztien baldintzak eta herritarrentzako zerbitzua hobetzeko beharraren gainetik. Eta bestetik Nafarroako Gobernua dago, joko horretan parte hartzea erabaki zuena, bai eta Sindikatu Medikoa hazten laguntzea ere.

“Ez da kasu bakarra”

LABek ohartarazi zuen bezala, kontratazioan ingeniaritza bat dagoela berresten da, eta horrek, arau ororen aurka, aukera ematen du burutzaren berezko funtzioak aldi berean egiteko, produktibitate-osagarriaren bidez burutzaren berezko ordainsaria kobratzeko eta klinika pribatuetan lan egiteko. Gainera, ebazpenak agerian uzten du badaudela Osasunbidean esklusibotasunaren praxi txarra adierazten duten zantzuak, eta iruzurrezko praktika hori orokorturik eta normalizaturik dagoela.

LAB sindikatuaren ustez, egitearen edo ez-egitearen ondorioz praktika horiek gauzatzen lagundu duten pertsonek berehala utzi behar dituzte beraien ardurak, eta, jakina, etorkizunean halako ardurarik ez izan.

LAB: “Ez dizuegu osasun publikoa pribatizatzen utziko”

Gaurko prentsaurrekoan, Imanol Karrera Nafarroako bozeramailearen bitartez, LABek mezu bat helarazi nahi izan dio hauteskundeen ostean sortuko den hurrengo gobernuari:”Ez dizuegu esklusibotasuna ezabatzen utziko osasun publikoa ahultzeko, zalantzarik gabe indarrean dagoen legeriatik kanpo dagoen ohiko jardunari segurtasun juridikoa emateko, praktikatzen ez bada ere kobratzeko. Ez dizuegu osasun publikoa pribatizatzen utziko. Pribatizazio estrategiak gelditu egin behar du, eta norabide horretan ematen den urrats bakoitza salatuko dugu”.

Gogoratuko denez, pribatizazio-estrategia horiei dagokienez, LABek, azkenaldian, esklusibotasunean praxi txarrak salatzeaz gain, osasun ikerketaren pribatizazioa ere salatu du. Azken horri dagokionez, Karrerak Carlos Artundori eta Alfredo Martinezi, osasun zuzendari orokorra eta Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko gerentea hurrenez hurren, zuzendu nahi izan die ondoko mezua: “Osasun Departamentuak Navarrabiomed pribatizatzeko urratsak egiten jarraitzen du, arriskuen gaineko hausnarketa eta baloraziorik gabe. Utzi bide hori eta egin apustu Nafarroarako erabat publikoa den osasun ikerketako institutu baten alde”.

LABek eskuratu ahal izan ditu ikerketa-institutuak egiaztatzen adituak diren bi aholkularitza-enpresari alde publikotik eskatutako bi txosten objektibo, Nafarroako testuinguruan IdiSNArentzat kudeaketa eredurik onena zein izanen litzatekeen identifikatzeko eskatuak. Biek ala biek ez dute gomendatzen IdiSNAk (Opus Dei barnean duen aukera pribatua) kudeatzea proiektuak, saiakuntza klinikoak eta teknologiaren berrikuntzaren eta transferentziaren kudeaketa. Are gehiago, bi txostenek Miguel Servet-Navarrabiomed fundazio publikoak kudeatzearen alde egiten dute, beharrezkoak ez diren bikoiztasunak eragotziz eta fundazio publiko horren deskapitalizazioa eragotziz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.