2025-12-31
Blog Page 239

Aurreakordioa sinatu dugu Gipuzkoako gozogintzaren industria eta merkataritzako hitzarmenean #LortuDugu

Hitzarmen honen indarraldia 2019tik bukatuta zegoen eta gaurkoan sektoreko langileei egonkortasuna eman, eros ahalmena bermatu eta lan baldintzak hobetuko dizkien hitzarmenaren iraunaldia luzatzea lortu dugu, eta ultraktibitate mugagabearekin, gainera.

Aurreakordioan jasotako edukiak:

  • Iraunaldia: 2020-2023, ultraktibitate mugagabearekin, hau da, hitzarmen berri bat adostu bitartean indarrean jarraituko du honek, denbora mugarik gabe.
  • Soldata igoera: KPIaren araberakoa kontzeptu guztientzat 2020tik 2023ra.
  • Lanaldia: 1.731 ordu. 3 orduko murrizketa iraunaldi guztian.
  • Kategorien azterketarako batzordea: Hitzarmenean jasotzen diren kategoriak aztertzeko batzorde bat sortuko da. Honen garrantzia nabarmendu nahi dugu, hitzarmenean jasotzen diren kategoriak zaharkiturik daudelako eta langileen lan baldintzak prekarizatzeko tresna bezala erabiltzen direlako askotan.
  • Sexu jazarpenaren aurkako protokoloa adostu dugu.
  • Oporrak arautzen dituen artikulurako testu argiago bat adostu dugu, sortzen diren arazoak ekiditeko.

LABentzat oso garrantzitsua da aurreakordio hau lortu izana, sektoreko hitzarmena berriro ere indarrean izateak langileen egonkortasuna bermatzen duelako eta ez hori bakarrik, bizitzaren garestitzea inoiz baino altuagoa den momentuan, langileen eros ahalmena bermatu eta lan baldintzetan aurrera pausu nabarmenak ematen dituen aurre akordioa delako.

Hala ere, azpimarratu nahi dugu sektoreko langileekin lanean jarraituko dugula, aurre akordio honekin ez delako dena bukatzen eta hurrengo negoziaketan aurrera pauso berriak txertatu beharko direlako hitzarmenean.

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako greba egunak jarraipen zabala izan du: %65 ingurukoa

Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek oinarrizko aldarrikapenak aintzat hartzen ez badituzte greba eta mobilizazoak indartu beste biderik ez dute izango LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek.

Gizarte Ekimeneko itunpeko ikastetxeetako 9.000 langile inguru zeuden gaurko grebara deituak. 200 ikastetxe baino gehiagotan 130.000 ikasle ingururi ematen diote hezkuntza.

Kolektibo desberdinetan jarripen zabala izan du grebak: administrazio eta zerbitzuetako langileen artean, Haur hezkuntzako lehen zikloko langileetan, Hezkuntza laguntzako espezialistetan eta etapa guztietako zein lanbide Heziketako irakasleetan, alegia. Lan zuzendaritzak greba egun honetarako gehiegizko zerbitzu minimoak ezarri dituen arren, sindikatuek batu ahal izan dituzten datuen arabera, geldialdia %65 ingurukoa izan da, Bizkaian eragin nabarmenagoarekin. Bilboko manifestazioan 5.000 langile inguru batu dira, eta aldarrikapenekin euren atxekimendua agerian utzi dute.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek Lan Hitzarmenaren negoziaketak blokeatuta daudela salatu zuten orain hilabete, patronalek edukien gaineko proposamenik ez dutelako egiten.

Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIaren araberako soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak abordatzeko planak ere jomugan ditugu sindikatuek.

Mobilizazioetara jo aurretik, negoziaketa mahaian ordezkaritza daukaten Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei idatzi bat aurkeztu zioten. Bertan, negoziaketarako sindikatuen borondatea agertu eta edukiz betetako Lan Hitzarmen baten inguruko
proposamena mahai gaineratzeko eskatu zieten.

Gaur gaurkoz ez dute patronalen aldetik inolako erantzunik edo berririk izan. Ezta proposamenik jaso ere.

Patronalen inmobilismo eta balizko proposamenik ezaren aurrean, gaurko deitutako grebarekin aurrera egin dute sindikatuek.

Gaurkoan grebak izan duen jarraipena eta manifestazioak izan duen babesa ikusita, sindikatuek sektoreko patronalei edukiak izango dituen proposamen bat helarazteko eskaera luzatzen diegu. Horrela izan ezean greba eta mobilizazioak
indartu beste biderik ez dute izango.

Blokeoen eta immobilismoen aurrean, LABek greba deialdia egin du Gipuzkoako elikaduraren sektoreko hitzarmen duin baten alde

Gipuzkoako Elikagaien Industria eta Merkataritzaren sektoreko hitzarmenaren negoziazioan hamabost bilera egin ondotik, patronalek negoziazio-mahaia blokeatu dute eta gainerako sindikatuak immobilismoan daude, sindikatuak salatu duenez. Hori dela-eta, LABek bi greba egun iragarri ditu, bata apirilaren 29an eta bestea maiatzaren 2an.

Gipuzkoako Elikadura Hitzarmenaren negoziazio mahaiak urtebete baino gehiago negoziatu ondoren, patronalaren jarrera blokeatzailea dela-eta, ezinezkoa da akordio duina lortzea mobilizazioaren bidez ez bada.

Elikagaien Merkataritza eta Industria azken urteotan asko hazi den sektorea da, eta horren adierazle dira kate handiek Gipuzkoan ireki dituzten denda berri guztiak. Horrekin nahikoa ez, eta Covid19-aren izurriteak salmentak denbora oso murritzean biderkatzea ekarri zion sektoreari. Alarma-egoera deklaratu zutenean, supermerkatuak benetako kaos batean murgildu ziren. Ezjakintasunak eta gizartean zabaldutako beldurrak korridoreak hustu eta kutxazainak kolapsatu zituzten. Langileek, aldiz, beldur eta ezjakintasun horrekin, dendak aurrera atera zituzten. Gizarte guztia etxean konfinatuta zegoenean, elikadurako langileak egunero joaten ziren lanera, gainerako funtsezko sektoreekin batera, NBErik (Norbera Babesteko Ekipamendua) gabe, kutsatzeko beldurrez, senideak kutsatzeko beldurrez, egun batetik bestera aldatzen ziren protokolo eta neurriekin. Salmentak, aldiz, etengabeko gorakadan. Bene-benetako antsietatea.

Hilabete eta urte gogor horien ondoren, komunikabideetako lerroburuetan halako X enpresak ehundaka milioi fakturatu duela, irabaziak ehuneko handitan hazi direla edo denda berrien irekiera aurreikuspenak aurki ditzakegu.

Bada, langileek beren eguneroko lanari esker lortutako irabazi horiek beren lan eta ekonomia-baldintzetan isla izatea nahi dute: “Eros-ahalmena urtero bermatzea, urteko lanaldia murriztea, plus berriak sortzea eta lanaldi partzialeko kontratuetan lanaldia luzatzeko bitartekoak jartzea nahi dugu. Gure txanda da!”.

LABek ez du amorerik emango bere aldarrikapenetan, eta mobilizazioaren aldeko hautua egin du: “LABen argi dugu ezin dugula geratu patronalek guk nahi duguna emateko zain. Exijitu egin behar dugu. Gure eskubideen alde borrokatu behar dugu”.

LAB sindikatuak behin baino gehiagotan proposatu die gainerako sindikatuei grebara modu bateratuan ateratzea, baina horiek immobilismoaren alde egin dute. LABentzat besoak gurutzatuta geratzea ez da aukera bat.

Horregatik, nahiz eta hirugarren indarra izan, erantzukizunez dei egiten die sektoreko langile guztiei datorren apirilaren 29an antolatutako grebara batzeko eta maiatzaren 2an antolatutako lan-uzteekin bat egiteko. Gainontzeko sindikatuei ere borrokara batzeko deia luzatu nahi izan die.

Maiatzaren Lehenean Nafarroan zein Ipar Euskal Herrian izango ditugun hitzorduak aurkeztu ditugu

Nafarroako bi hitzordu nagusiak Iruñean eta Tuteran izango dira, eta Ipar Euskal Herrikoak, berriz, Baionan eta Maulen. Manifestazio horien helburua izango da langileek pairatzen duten egoera prekarioaren arduradunei seinalatzea, eta aldaketa erradikalean zentratzeko beharra adieraztea, bizitza- eta lan baldintza duinak eskuratzeko. Egiteko beste mundu bat lelopean aterako da kalera LAB.

Nafarroa

Bizi dugun krisia estrukturala da eta langileen bizitza oztopatu besterik ez du egiten. Bitartean, kapitalak aberastasuna pilatzen jarraitzen du.

Duela hilabete batzuk, Ipar Hegoak, LABeko ikasketa sindikalen fundazioak, Nafarroako langileen 2022ko lan eta bizi baldintzen azterketa argitaratu zuen: Nafarroako langileen erdiak prekarietate egoeran bizi dira, lan duinik gabe eta diru sarrera eskasekin.

Hala ere, eliteen eta enpresa handien interesak defendatzen dituztenek BPGren bilakaera soilik aztertzen dute herrialde baten egoera sozioekonomikoa eta osasun ekonomikoa neurtzeko. Ez da nahikoa, ez ditu lan guztiak kontuan hartzen, ez du aztertzen nola banatzen den sortzen den aberastasuna, eta ez du aztertzen aberastasun hori sortzea ekarri duen aztarna ekologikoa.

Errealitateak eta aurrean ditugun erronka handiek indartu egiten dute LAB sindikatuak sistema horri egiten dion kritika: krisia egiturazkoa da, herritar guztien lan eta bizi baldintzen kalitatea okertzen ari da, langileentzako bizitza zailtzen ari da, eta egoera zaurgarrian eta pobrezia egoeran dauden pertsonen kopuruak gora egiten jarraitzen du. Aldi berean, langileak desjabetu egiten dira, eta handitu egiten dira energia enpresen, bankuen, zaintzarekin negozioa egiten dutenen edo elikagaiak banatzeko kate handien irabaziak.

Gobernuaren diskurtso autokonplazienteek eta hartzen ari diren erabaki politikoek ez dute beharrezko norabide-aldaketa errazten: ez dira nahikoak bizi dugun krisi ekosozialari erantzun egokia emateko, eta jasanezina den inpaktua eragiten duen ekoizpen eta kontsumo eredua bere horretan mantentzen da. Gehiago biltzeari uko egiteak eta biltzen denaren banaketa desegokiak zerbitzu publiko duinak garatzeko aukera mugatzen du, osasunean, etxebizitzan edo zaintzan.

Ondorioz, aldaketa erradikala behar da. LAB sindikatuaren ustez, ez dago eraldaketarik patronala eta erakundeak horretara behartu gabe, aktibazio sindikal eta sozialaren bitartez. Nafarroako langileek, LABeko ordezkariek, amore eman gabe, etsipenean erori gabe, hitzarmen duinen alde borrokatzeko eta irakaskuntza eta osasungintza publikoa (Osasunbidea) defendatzeko prestutasuna erakutsiz. Baita bere lanak sortzen duen aberastasunarengatik lehiatzeko erabakitasuna ere. Borroka sindikal eta sozialen emaitza emankorra izaten ari da.

Maiatzaren lehenean, LAB kalera aterako da egoera horren erantzuleak aipatzera, patronalari eta erakundeei dagokien erantzukizuna beren gain har dezaten eskatzera. Bada garaia hitzarmenak berritzeko, 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzeko, lanaldi-murrizketari buruzko eztabaidari ekiteko, zerbitzu publikoak hobetzeko eta zaintza-sistema publiko komunitario baten alde egiteko: ez dago aitzakiarik, baditugu eskumenak bestelako zerga-politika bat egiteko eta zerbitzu publiko duinak garatzeko.

Gainera, maiatzean hauteskunde politikoak izango dira eta alderdi politikoei jarrera argiak eskatzeko unea izango da: langileen aldeko aldarrikapenak agenda politikoaren erdigunera ekartzea.

Aurtengo Maiatzaren Lehenean, LABek berretsi egin du antolaketarako eta borrokarako deia, beste herrialde bat eraikitzeko, beste mundu bat dugulako egiteko. Horrela, LABen proiektuarekin bat egiten duen pertsona orori, langile guztiei kalera irteteko deia egiten die, sistemak langileen artean sortu nahi dituen arrakalak gaindituz, pertsona, pentsiodun, emakume, gazte, migratu eta arrazializatuok langile klase berekoak garela senti dezagun eta kaleak elkartasunez eta batera bete ditzagun.

Ipar Euskal Herria

Ipar Euskal Herriari dagokionez, Maulen (11:00etan Herriko Etxean) eta Baionan (10:30ean tren geltokian) hitzordu bana egongo da. Azken horri dagokionez, nabarmentzekoa da joan den urteetako formatua ez dela errepikatuko aurten. LABek indarrak batzearen aldeko apustua egiten badu ere, intersindikalarekiko harremanak gorabeheratsuak izaten ari dira.

Egoeraren aurrekarien berri eman dute Maiatzaren Lehena aurkezteko gaur egindako prentsaurrekoan. Hala, Ipar Euskal Herriko LABen ordezkariek gogora ekarri dute 2022ko sartzean, borroka ziklo berria antizipatuz, irailetik intersindikala gomitatu zutela antolatzeko, hitz egiteko eta ahal ziren aldarrikapenak adosteko. Bada, soilik FSU eta Solidaires hurbildu izan dira. “Eta lan polita eraman dugu, elkarrekin eztabaidatuz, gogoetatuz. Elkarlan horretatik afitxa amankomun bat atera dugu eta mahai-inguru bat antolatu dugu, Attaceko Jean Marie Harribey ekonomista gonbidatuz.

Gerora, jakina denez, urte hasieratik hona (Bornek erreforma berria aurkeztu zuenez geroztik) mobilizazio garai intentsua bizi izan da Ipar Euskal Herrian, eta hala izaten jarraitu du. Azken 30 urteotako mugimendu sozialik garrantzitsuenetakoa bizitzen ari gara, hain zuzen ere, bai frantses estatuan, baita Ipar Euskal Herrian ere.

Aldiz, maleruski, Ipar Euskal Herrian batasunerako garaia ez da oraindik iritsi, eta horixe salatu du LABek gaurko agerraldian.

Hainbatetan interpelatu ditugu intersindikaleko sinditakutak (CGT, FO, CFDT, CFE-CGC, Solidaires, FSU, CFTC eta Unas); izan ere, sindikatu gisa parte hartu nahi dugu antolakuntzan eta borrokaren dinamizazioan, besteek bezala. Aldiz, ez gaituzte onartzen, baztertzen gaituzte, gure sindikatuaren parte hartzeak ez duelako kontsentsua egiten omen. Alta, intersindikaleko aldarrikapen bakarrarekin bat egin dugu: erreformaren kentzea.

Nabarmendu behar da, baztertuak izan arren, LAB sindikatua, bere afiliatuak, biziki mobilizatuak direla. Gure blokea manifestazioetan oso jendetsua da, determinatua eta antolatua.

Bestalde, FSU eta Solidairesekin iniziatibak gauzatu ditugu: asanbladak, blikaketak, mobilizazioak…

23 urtez, LAB Ipar Euskal Herrian sortu zenetik, diskriminazio sindikala pairatzen dugu, eta horren harira azken hilabete hauetan manifen erdian eta hasieran jaso ditugun mehatxuak eta erasoak fermuki salatzen ditugu.

Frantziar estatuak inposatutako pentsioen erreformak egoera larrian utzi gaitu langileok, eta erantzun bateratua inoiz baino beharrezkoagoa da. Argi dago erreforma horrek helburu ideologikoei, kapitalistei erantzuten diela. Langile klasea gehiago lan eginarazi patronalaren eta bankuen onerako.

Ildo horretan, beste urteetan bezala, beste sindikatu eta elkarteei Maiatzaren Lehena elkarrekin antolatzeko deia luzatu dietu. Bada, intersindikalaren erantzuna izan dugu, tartean denbora luzea igaro bada ere: hitzordua “herrikoia eta bateratua” izanen da, baina LAB gabe.

Gure mezua argi da: elkarrekin izan behar gara karrikan. Hala, goizeko 10:30ean Baionako geltokitik abiatuko den manifestazioan parte hartzera dei egiten dugu, nahiz eta baztertuak garen, batasunean sinisten dugulako.

Gibelean egonen gira, baina intersindikalak erabakitzen duen ibilaldiaren arabera, gure blokea desbideratuko dugu Baionako merkatuan bukatzeko. Han egingo dugu gure ekitaldi propioa.

Nat eta Watson bikotearen kontzertuak goxatuko du giroa, eta taloak eta ostatua ere egongo dira. Horrez gain, haurrentzako txokoa ere egongo da, mural bat egiteko aukera izango dutelarik.

2023ko Maiatzaren Lehena borroka egun potoloa izan behar da, eta harraboslaria. Hala, bateratzearen alde diren langile guztiak gonbidatzen ditugu gure blokean parte hartu eta manifestazioaren ondotik plazara hurbiltzera.

Ernairekin aliantza berritu eta indartu dugu, gazte prekaritatea jomugan

Gazteen egoera prekarioa egiturazkoa da, eta kapitalaren metaketa prozesuari erantzuten dio. Prekarizazio prozesua ezin da ulertu gizarteko beste prozesu batzuetatik aparte, herri langilearen eskubideen murrizketa progresiboari eta krisi sistemikoari lotuta baizik. LABek urteak daramatza egoera horren aurrean gazteen interesak eta klase interesak borrokatzeko beharra mahaigaineratzen. Behar horrek eraman gintuen Ernai gazte antolakundearekin dutenn harremana sendotzera, eta urrats bat gehiago eman nahi izan dugu orain: bi antolakundeen arteko aliantza indartu, eta Gazteon Lan Eskubideen Gida berritu dugu.

Gida hementxe eskuratu daiteke:

“Gazte langileei euren eskubideen jabe egiteko baliabide bat eskaintzen diegu, batetik. Horretarako, eskubideen jakitun izatea da lehen urratsa, eta gidak lehenik eskubide horien kontzientzia hartzen lagunduko die. Bestetik, behin eskubideen kontzientzia hartuta, eskubide horiek borrokatzeko gakoak ere eskaintzen ditu, eskubide horiek zabaldu ahal izateko tresnak. Eta, azkenik, eskubide murriztailea den markoa gainditu, lan harremanetarako eta babes sozialerako marko propioaren defentsan indarrak batu eta borrokarako deia ere egiten du”; hala azaldu ditu LAB sindikatuko Ekintza Sindikaleko arduraduna den Oihana Lopetegik eguneratu berri den gidaren nondik norakoak.

Pello Zabarte egon da aurkezpenean Ernai ordezkatzen, eta ekimenaren garrantzia nabarmendu du: “Gazteok belaunaldi krisia bizi dugu. Hau da, gure bizi baldintzak okerrera egin eta bizi eredu kapitalista eta patriarkala inposatzen zaigu, bizi proiektu duin eta egonkorrak garatzeko ezintasuna eraginez”. Hori dela eta, bizi duten zapalkuntza egoera partikularra deskribatu du: “Ikasketak luzatzera behartuta gaude, lana eta ikasketak uztartzea, zabor kontratuak gazteak izate hutsagatik, kontraturik gabe lan egiten, langabezia altuenetakoa dugun sektoreetako bat, lanpostuaren ziurgabetasunak eraginda antolatzeko beldurra…”. Horregatik guztiagatik uste du tresna eraginkorrak behar dituela langile gazteriak.

Honako hauek dira gidaren berritasun nagusiak:

  • 2021eko lan erreformak langileei esleitzen zizkien ustezko onura horiek ez dira onurak, eta lan erreforma horren benetako helburua eta filosofia azaleratu ditugu. Kontratazioan jazo diren aldaketak jaso ditugu, praktiketan eta kontratu ezegonkorretan jarriz arreta nagusia. Behin-behinekotasunarekin amaitzeko erreforma gisa saldu ziguten hark estatistikak nolabait aldatzeko helburu soila zuela salatu dugu, behin-behineko kontratu asko beste modu bateko ezegonkortasunarekin ordeztu baitituzte, estatistikak zertxobait aldatu bai baina gazte eta langileen egunerokotasuna berdin mantenduaz, prekario eta ezegonkor.
  • Bestetik, lan kontratu bat irakurtzeko gakoak ere jaso ditugu lehen aldiz, gazte batek bere lehen kontratua esku artean duenean arreta non jarri eta nola jokatu erakusten duena. Kontratuak, kasu askotan, iruzurrean egon ohi dira, ahoz esandakoarekiko gauza desberdinak jasotzen dituzte maiz eta gazteek tresna hori izatea eta momentu horietan nola jokatu eta arreta non jarri azalduko dien gida bat izatea gazte langileak ahalduntzeko tresna bat da.
  • Gidak beste hainbat atal ere jasotzen ditu: langileen eskubideen eta betebeharrak zeintzuk diren, non topatu bakoitzaren hitzarmen kolektiboa, kontraturik gabe lan egiten duten langileen eskubideak, lan kontratuaren amaiera edo kaleratzeetan eskubideak eta abar.
  • Bizilan.eus webgunearen erreferentziak ditu gidak. Edozein langilek bisitatu eta kontsulta dezakeen web orria da Bizilan, eta gida osoan zehar gai desberdinetan sakontzeko webgunera horretarako lotura zuzenak jaso dituzte.

Gida Ernairen nahiz LABen webguneetan eta bizilan.eus-en irakurri eta eskuratu ahal izango da. Hurrengo urratsa aurkezpenak egitea izango da, gida ahalik eta gehien zabaltzeko gazteen artean. Ernairen eta LABen artean aurkezpenak egingo ditugu fakultateetan, ikastetxeetan, gaztetxeetan zein bestelako eremuetan.

Justizian lanuzte gehiago egiteko deia luzatu dugu, Eusko Jaurlaritzak negoziatzeko borondaterik erakutsi ez duelako

LABek eta ELAk borrokaldia areagotuko dute maiatzaren 3tik aurrera, eta jarraipena emango diote aurreko greba-deialdiari, maiatzaren 2an amaitu baitzen haren indarraldia. Astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara arteko lanuzteak egingo dituzte.

LABek eta ELAk EAEko justizian aurrera daramaten borrokari jarraipena emango diote maiatzaren 2tik (orduan amaitzen da oraingo greba deialdia) aurrera ere.

Deialdi berri honetan, eta justiziako kolektiboak grebari egindako jarraipena dela eta, bi sindikatuek mobilizazioak areagotzea erabaki dute, egunero 3 orduko lanuzteak egingo dituztelarik 10:00etatik 13:00etara. Horrez gai, maiatzaren 10ean egun osoko greba egiteko aukera legoke, baldin eta batzarretan hala erabakitzen bada.

Protestarako arrazoiak ezagun dira jada:

  • Sindikatuekin sinatutako IV. Hitzarmen Arautzailea betetzea, Eusko Jaurlaritzak sistematikoki urratzen baitu 2012az geroztik. Plantilla Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileen soldata-baldintzekin parekatzea dakar horrek.
  • Erretiro-baldintzetan parekatzea eta Genero Indarkeriaren Epaitegietako langileentzat absorbiblea izango ez den soldata-plusa.
  • Era berean, bi sindikatuek lanpostuak baloratzeko deia egin dute, beren jarduera zuzentzen duten legeek (Botere Judizialaren Lege Organikoa eta Administrazio Eraginkortasunaren Legea) bete beharreko eginkizunak kontuan hartuta.

Bi sindikatuok Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu beste alde batera begiratzeari utz diezaiola, bere erantzukizuna bere gain har dezala eta berehala bete dezala orain 10 urte baino gehiago Idoia Mendia Laneko sailburuak, bere garaian Justiziako sailburu izanak, sinatutako akordioa.

Era berean, ELAk eta LABek gogorarazi dute deialdi hori maiatzaren 3tik 17ra bitartean egingo dela, eta, beraz, plantillarekin aztertuko dela egun horretatik aurrera borroka areagotzeko aukera.

Amaitzeko, LABek eta ELAk dei egiten diete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko langile guztiei orain arte bezala jarrai dezaten greba babesten eta modu aktiboan parte har dezaten behar bezala iragarriko diren elkarretaratze eta bestelako mobilizazioetan.

Hiru asteko beste grebaldi bat deitu dugu Osakidetzako garbiketan

Osakidetzak azpikontratatutako garbiketa-zerbitzuko langileok 5 urte daramatzagu hitzarmenik gabe. Alegia, lan-baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin homologatzea helburu duen hitzarmena.

Horiek izan dira, hain zuzen ere, bere garaian inplikatutako hiru alderdiok (enpresak, langileok eta Osakidetza) onartu genituen joko-arauak, eta horien arabera jardun dugu urteetan eta urteetan.

Hala ere, enpresak eta Osakidetzako zuzendaritza homologazio-printzipioa hausten ari dira, uko egin baitiote Osakidetzako langileei aplikatutako gaiak egokitzeari eta aplikatzeari.

Ez gara homologaziotik haratago doazen gaiak aldarrikatzen ari, EZ! Besterik gabe, Osakidetzako langileen baldintzen homologazioari eustea eskatzen ari gara: garapen profesionalaren deialdietara sarbidea izatea; txanda-kontratuari lotutako erretiro partziala hartzea; lanpostu hutsak betetzeko sistema bidezkoagoa eta objektiboagoa… Azken batean, eskatzen ari gara lan berdina egiten dugunean, baldintza berdinak izatea.

Enpresa esleipendunek eta Osakidetzako zuzendaritzak pilota elkarri botatzen diote, eta garbiketa-zerbitzuko langileok, berriz, beharrik gabe luzatzen ari den bidegabekeria handia jasaten ari gara.

Egoera honek mobilizatzen jarraitzera eta sektorean greba berri bat deitzera bultzatzen gaitu. Ildo horretan, gaur iragarri nahi dugu LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuak osatzen duten sektoreko gehiengo sindikalak, 3 asteko GREBA deitu dugula apirilaren 26tik aurrera.

Oztopo guztien gainetik; SAGARDUI andreak buru duen Osasun Sailaren inplikazio ezaren gainetik; gehiegizko gutxieneko zerbitzuen gainetik, eta poliziaren presioa gorabehera, Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko langileok dagokiguna defendatzeko
erabakia hartu dugu: Osakidetzako langileekiko lan baldintzak homologatzea.

Zaintza lanetan dihardutenak langile publiko gisa aitortzeko aldarrikapena plazaratu dugu

Gaur LABek Hego Euskal Herriko herrialde guztietan zaintza sektoreko ordezkari guztiekin asanbladak eta mobilizazioak egin ditu. Langile publiko gisa aitortza exijitu dugu kalerik kale, eta pribatizazioari ateak itxi behar zaizkiola oihukatu dugu.

Martxoaren 8an kalera atera ginen, eta aldarrikatu genuen zaintza zerbitzuen jarduten duten langileek lan publikoa egiten dutela. Gaur dinamika horri jarraipena eman diogu.

LABek argi dauka pribatizatutako zaintza zerbitzu sozialetako langileek zerbitzu publikoa ematen dutela, lan publikoa egiten dutela. Hori da etengabe enpresa eta sektoreko gatazketan borrokatzen ari garena. Gure sektoreen negoziazio kolektiboa blokeatuta dago, gure miseriazko soldatak izoztuta daude eta gure lan eta bizi baldintzek okerrera egin dute.

Instituzioek ematen duten zaintza zerbitzu publikoa ez da sistema publikotik bermatzen, eta instituzioek ez dute beren gain kudeaketa zuzena hartzen. Langileon kalterako, enpresa pribatuen esku uzten dituzte gure lan baldintzak. Pribatizazioak eragin zuzena dauka bai langileongan, bai erabiltzaileengan. Hain zuzen ere, horixe da salatzen duguna: prekaritatea, esplotazioa, partzialtasuna, ebentualitatea, ratio jasangaitzak, lan osasun neurririk eza, kontziliazio neurririk eza… Zaintza lanen pribatizazioak zerbitzuen degradazioa eta okertzea dakar.

Gure lanak zaintza zerbitzu sozial hauek mantentzen ditu, eta gizarteratu behar dugun aldarrikapena da zerbitzu hauek %100 publikoak izan behar direla, instituzioen aldetik kudeaketa zuzenekoak. LABek zaintza zerbitzu sozialen publifikazioa exijitzen du, irabazi asmoa zaintza zerbitzuetatik kanpo geratzea eta langileen lan baldintzak hobetzearen aldeko apustua egiten baitu.

Jarraian zerrendatuta daude sektoreko langileen aldarrikapen nagusiak:

1. Zainduak izateko eskubidearen aitortza, eta gizarteak dituen zaintza beharrei erantzungo dien zaintza siste-ma publiko baten beharra, zeinak bizi eta lan baldintza duinak bermatuko baitituen.

2. Bizitzaren jasangarritasuna bermatzen duten zerbitzu guztien aitortza eta pribatizatuta dauden zaintzarako gizarte zerbitzuak publifikatzea. Hau da, dagokien administrazio publikoak zerbitzu guztien garapenaz, finantzaketaz eta kudeaketa zuzenaz arduratu daitezela.

3. Pribatizatutako zaintza eta gizarte zerbitzuen langileak publikoak gara. Zor patriarkalaren aitortza eta aitortza
sozial, politiko eta ekonomikoa, orain.

4. Zaintza eta gizarte zerbitzu publikoak indartzea eta langileen lan baldintzak duintzea; langileen eros ahal-
mena bermatzea, ratioak handitzea, lizentziak edota bestelako baimenak hobetzea, negoziazio kolektiboa
desblokeatzea…

Hala, beste konfrontazio ziklo mobilizatzaile bat irekiko dugu, zeinean askotariko aliantza sozial, feminista eta sindikalak elikatuko baititugu zaintza lanak duindu, aitortu eta publifikatu arte.

Anbulantzietako langileek hitzarmenaren desblokeoa exijitzeko mobilizazioak hasi dituzte

Urtebete luze joan da garraio sanitarioko hitzarmen autonomiko berriaren inguruko negoziazioa hasi zenetik. Tarte honetan mahaian gauden sindikatu guztiok gure eskariak egin ditugu; gure erreferentzia izan da sektoreko langileen baldintzak Osakidetzako beharginek dituztenekin parekatzea, eta eros-ahalmenari eustea.

Haatik, negoziatzen hasi ginenetik Anbulantzietako patronalak hitzarmen autonomikoa blokeatuta izan du, eta alderdi sozialak mahai gainean jarritako aldarri bati ere ez dio erantzunik eman. Halaber, langileen soldatak gero eta egoera larriagoan daude, KPI
metatuaren igoera etengabekoa izan baita: eros-ahalmenaren %12 galdu da, soilik bi urtetan.

Horrenbestez, LAB, ELA, LSB-USO, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok beharrezko deritzogu mobilizazio prozesu bati ekitea. Hala, gaur Bilboko Lan Harremanen Kontseiluko egoitza aurrean elkarretaratzea egin dugu, negoziazio mahaiaren 15. bilera baino lehen, hain zuzen ere.