2024-05-09
HomeEkintza SindikalaBeste Euskal Herri bat, 'beste mundu bat’ aldarrikatuko dugu Maiatzaren Lehenean

Beste Euskal Herri bat, ‘beste mundu bat’ aldarrikatuko dugu Maiatzaren Lehenean

Bizi dugun krisia egiturazkoa da eta langileen bizimodua zaildu baino ez du egiten, kapitalak aberastasuna metatzen jarraitzen duen bitartean. Hori guztia dela eta, LAB Euskal Herri osoan zehar zortzi mobilizazio egingo ditu Maiatzaren Lehenean, erantzuleak seinalatu eta errotiko aldaketaren beharra plazaratzeko asmoz. Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak eta Maider Jauregi komunikazio arduradunak aurkeztu dute sindikatuaren aurtengo irakurketa eta irudia.

Hego Euskal Herriko egoera sozioekonomikoaren azterketa kaleratu du berriki sindikatuari lotutako Ipar Hegoa fundazioak, Ikusmiran txostenaren 13. zenbakia. Azterketa horrek, Maiatzaren Lehenean kaleak betetzeko arrazoiak indartu egiten ditu.

Herri baten egoera sozioekonomikoaren bilakaera eta osasun ekonomikoa neurtzeko BPGren bilakaera aztertzea ez da nahikoa, kapitalari interesatzen zaion adierazlea da eta enpresa handien interesei erantzuten die. Lan guztiak ez ditu aintzat hartzen, sortzen den aberastasuna nola banatzen den ez du aztertzen eta ez du aberastasun hori sortzeko zer nolako aztarna ekologikoa izan den aztertzen.

Ikusmiran azterketan ekonomiaren azterketa beste begirada batetik egin dugu. Bertan, Euskal Herriko langileriaren lan eta bizi baldintzetan eragin zuzena duten lau aldagaietan jarri dugu arreta, ehun ekonomikoaren eta lan merkatuaren bilakaera, zerga politika eta Euskal Herriko ekoizpen ereduak ingurugiroan duen eragina aztertu ditugu.

Lau ondorio nagusi utzi ditu azterketak:

1. Ehun ekonomikoa ahultzeko joera mantendu egiten da. Industria sektorearen gainbehera iraunkorra da eta zerbitzuetan oinarritutako ekonomia handitzen ari da. Egia da industriaren pisua BPGn igo dela azken urteetan, baina energia enpresa handien irabazien eraginez izan da. Horrek ez du esan nahi industriaren osasuna hobetu denik.

2. Lan erreproduktibo eta produktiboaren arteko banaketa bere horretan mantentzen da. Lan merkatu arautuan ari diren langileen soldata eta lan baldintzak okertzen ari dira. Oinarrizko produktuen eta elikagaien prezioek gora egiten jarraitzen dute eta langileak eros ahalmena galtzen ari dira.

3. Sortzen den aberastasunaren birbanaketarako politikarik ez dago. Euskal Herriko politika fiskalak enpresen mozkinak mantentzea du helburu. Gure herrian, Europar Batasunaren bataz bestekoaren gainetik sortzen da aberastasuna. Baina beste herrialde batzuetan baino okerrago banatzen da, kapital eta errenten arteko arrakala handituz, Hego Euskal Herriko presio fiskala (%30,2), Europako Bataz Bestekoaren oso azpitik dagoelako (%40,6).

Diru gehiago biltzeari uko egiteak eta biltzen dena behar bezala ez banatzeak zerbitzu publiko duinak garatzeko aukera mugatzen du, izan osasungintzan, etxebizitzan edo zaintzan.

4. Ekoizpen eta kontsumo ereduak eragin negatibo eta eustezinak sortzen ditu. Larrialdi klimatikoaren alarma guztiak piztuta daude eta Berotegi Efektuko Gasen isurketa murrizteko politika publikorik ez da garatzen. Energia, industria eta garraioa aztertu ditugu eta azken 30 urteetan izaniko bilakaeran ikusten da ez dela apenas hobekuntzarik izan. EAEn %0,81 eta Nafarroan %1,97 besterik ez dira murriztu.

Ikusmiran azterketak indartu egiten du LABek sistemari egiten dion kritika. Krisia egiturazkoa da, herritar guztien lan eta bizi baldintzen kalitatea okertzen ari da, langileontzat bizimodua zailtzen ari da, egoera zaurgarrian eta pobrezian dauden herritarren kopuruak gora eta gora egiten jarraitzen du. Langileak desjabetzen diren aldi berean, energia enpresen irabaziak, banketxeenak, zaintzarekin negozioa egiten duten enpresenak edo elikagai banaketa kate handienak gora doaz.

Krisiak bata bestearen atzetik kateatzen ari direla ere gogorarazi dugu. Hala, bizitza duinarekin kontrajartzen da egungo eredu kapitalista zisheteropatriarkala, gainprodukzioan eta kontsumoan oinarritzen den kapitalak geroz eta poltsiko gutxiagotara doan aberastasuna metatzen jarrai dezan.

Pandemia ostean, kapitalismoan sakontzen jarraitu baino, politika publikoen norabide aldaketa baten beharra aldarrikatzen ari da LAB, bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta sozial baterako trantsitzio ekosozialista eta feminista.

Hartzen ari diren erabaki politikoek, sindikatuaren aburuz, ez dute norabide aldaketa hori bultzatzen. Ez dira nahikoak bizi dugun krisi ekosozialari erantzun egoki bat emateko eta eragin jasanezina sortzen duen ekoizpen eta kontsumo ereduari bere horretan eusten zaio.

Hala, trantsizio ekosozialista eta feminista aldarrikatzen du LABek, ekoizpen eta kontsumo eredua aldatu eta zaintza, lana eta ondasuna banatuta, bizitza bizigarriago egiteko.

Beraz, Maiatzaren Lehenean kalera aterako dira, egoera honen erantzuleak seinalatzera, patronala eta instituzioei bakoitzari dagokion ardura har dezala eskatzera. Bada garaia hitzarmenak berritzeko, 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzeko, lanaldi murrizketaren eztabaidari heltzeko. Bestalde, zaintza sistema publiko komunitarioaren bidean aurrera egiteko aitzakiarik ez dago. Izan ere, baditugu eskumenak bestelako zerga politika bat egin eta zerbitzu publiko duinak garatzeko.

Maiatzean hauteskunde politikoak dira eta alderdi politikoei gai guzti hauetan jarrera argiak eskatzeko unea izango da. Agenda politikoan langileen aldeko aldarrikapenak erdigunera ekartzeko eskatzen die LABek.

Ez dago eraldaketarik aktibazio sozialaren bidez patronala eta instituzioak horretara behartu gabe. Hala, lantokietan eta kalean borroka ziklo berri bat abiaraztea beharrezkoa dela esan izan dugu. Ari gara Euskal Herriko langileok, ez dugu amore emateko asmorik, ez gara etsipenean geratzeko jaioak, gure lanaren bidez sortzen dugun aberastasuna lehiatzeko grina badugula erakusten ari gara eta emankorra izaten ari da borroka sindikal eta sozialen emaitza.

Aurtengo Maiatzaren Lehenean, antolakuntza eta borrokarako deia berretsi nahi du LAB sindikatuak, egiteko beste herri bat, beste mundu bat eraiki nahi dugulako. LABen proiektuarekin bat egiten duen orori, langile orori dei egiten diogu kalera ateratzeko, sistemak langileon artean sortu nahi dituen arrakalak gaindituz, pentsionista, emakume, gazte, migrante eta arrazializatu guzti guztiok langile klase beraren parte garela sentitu eta elkartasunez eta elkarrekin bete ditzagun kaleak.

Maiatzaren Leheneko LABen mobilizazioak

  • Baiona: 10:30ean tren geltokitik
  • Bilbo: 11:30ean Zabalburu plazatik
  • Donostia: 12:00etan Easo plazatik
  • Eibar: 12:00etan Untzaga plazatik
  • Gasteiz: 12:00etan Martxoaren 3ko plazatik
  • Iruñea: 12:00etan Gazteluko plazatik
  • Maule: 11:00etan Herriko etxetik
  • Tutera: 12:30ean Foru plazatik

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bidegabeko kaleratze batean eragindako kalteak aitortu eta kalte-ordain gehigarria onartzen duen epai aitzindaria lortu dugu

LABek Eibarko Lan-Arloko Epaitegian irabazitako sententzia berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Epai horrek, kaleratzea bidegabetzat jo eta Eibarko Udala kondenatu zuen langilea bere lanpostuan berriro hartzera edo legez dagokion 493,49 euroko kalte-ordaina ematera, sortutako kalte-galerengatik 30.000 euroko konpentsazio osagarria gehituta.

Arabako egoitzetako hitzarmenaren inguruko negoziazioa desblokeatzeko exijitu dugu

Sindikatuak deituta, Arabako Foru Aldundiaren aurrean mobilizazioa egin dute goizean Gasteizen, Gorka Urtarani eta Diputazioari beren ardurei hel diezaieten eskatzeko.

Barakaldoko Udaleko aurrekontuak inolako negoziaziorik gabe onartu izana salatzen dugu

Atal sindikaletik alegazioak aurkeztu zizkioten aurrekontuari, eta horiek negoziazio mahaira eraman ez izana negoziazio kolektiboaren gutxiespentzat jo du.