2026-01-11
Blog Page 232

Urdulizko Santa MariƱe nagusien egoitzako beharginek borrokarekin jarraitzen dute eta asteon deitutako grebara batu dira

Zerbitzua Mondragon Kooperatiba elkarteko Gestion de Servicios Residenciales (GSR) enpresak kudeatzen du duela urtebete baino
gehiagotik. Langileek, erabiltzaileek zein familiek pozik hartu zuten lantokiaren kudeaketa GSR-ra pasatzea, ordura arteko kudeaketa negargarria albo batera utzi eta langileon zein ematen genuen zerbitzuaren baldintzak aldatuko zirela pentsatuta. Gaur-gaurkoz, ordea, ez dute onerako aldaketarik igarri.

Urtebete igarota, penaz azaldu dute ezer gutxi aldatu dela eskaintzen den zerbitzuan eta langileen lan baldintzetan. Arduraz diote, gainera, bereziki larria iruditzen zaielako GSR Mondragon Kooperatiba elkarteko enpresa izanik izaten ari den jarrera.

Batetik, GSRk langileen antolakuntzaren eta sindikalgintzaren kontrako jarrera erakutsi izan du etengabe. Langileen ordezkaritza legala aukeratzeko hauteskunde prozesua oztopatu izan du hasieratik, eta prozesu horren ondorioz ordezkarienganako mespretxuzko jarrerak izan ditu.

Bestetik, enpresak urte honetan zehar etengabe hautsi du hitzarmen kolektiboa; kategoriagatik egokitzen ez zaizkien funtzioak egitera behartu ditu langileak edo funtsezko aldaketak egitera behartu askotan, esaterako. Ez-betetze hauen aurrean, enpresarekin egoera kudeatzeko dialogoa zabaldu nahi izan dute langileen ordezkariek, baina enpresak entzungor egin du eta Lan Ikuskaritzan salatu behar izan dute.

Halaber, entzun nahi ez dituen enpresa baten aurrean ahotsa altxatzera behartuta ikusi dute langileen beren burua. Bi hilabete daramatzate goiz eta arratsaldez 15 minutuko lanuzteak egiten, eta beste erresidentzietako langileekin batera LABek Bizkaian deitutako greba egunetan parte hartu dute. Bada, enpresak langileak batu, antolatu eta greba egiteko duten eskubidea oztopatu nahi izan du, mehatxuekin eta erabiltzaileen familiartekoak gure aurka jartzen saiatuta.

Hala ere, ez dute lortu, langileak batuta eta borrokarako prest baitaude, eta horrela erakutsi dute. Familiek ere aldarrikapenekin bat egin dute, eta horregatik beharginek eskerrak eman nahi izan dizkiete.

ā€œPertsonekin lan egiten dugun langileak gara, lan baldintza duinak, ratio jasangarriak eta kategoriaren araberako funtzioak exijitzen ditugu. Gure lan baldintzak borrokatuz zaintza sistema publiko eta duin bat borrokatzen duguā€, azaldu dute egoitzako langileen ordezkariek.

Horregatik, borrokan jarraituko dutela diote. Hilabete honetan zehar lanuzteak egiten jarraituko dute; hala, 11:00etan eta 17:00etan egoitzako atean batuko dira langileak, egoiliarrak eta familiartekoak, eta gaurtik eta maiatzaren 20ra LABek Bizkaiko egoitzetan deitutako greba egunetara batuko dira. Pribatizazioa zaintza langileen miseria dela eta zaintza lanak publikoak direla aldarrikatuko dute.

Osasun publikoaren desegitearen adibide da Etengabeko Arreta Guneak arriskuan daudela

Sagardui kontseilariak kontrakoa dioen arren, ageria da osakidetzako zuzendaritzarenĀ  politika pribatizatzaile eta desmantelatzailea. LAB-en logika horretan kokatzen dugu egun Etengabeko Arreta Guneetan (EAG)gertatzen ari dena. Aste santuan Osakidetzak termometroa jarri zigun langile zein herritarroi osasun arretarako daukan eredua biziaraziz; Eredu zentralizatua, birtuala orain eta marginala izateko helburuarekin. Kontseilariak zenbaki eta erdi egien joko bitartez estali nahi izan zuena geratzeko datorrela argi dugu. Gaur egun medikurik ezean EAG-en itxiera errealitatearen parte izatea onartzen du osakidetzak, are gehiago kontseilariak esan bezala EAG bat berdin-berdin funtzionatzen duela medikuekin ala erizainekin artatua bada.

Logika pribatizatzaileari jarraituz egindako diseinuaren ondorioa zuzena da gaur egun errekurtso profesionalen falta. Are gehiago, badakite zer nolako eragina duen herritarren eta langileon osasunean baina beraien helburuak bestelakoak dira. Berdin zaie (erizainak dagozkion etxeetako artatzeaz gain, beste eremuetakoak ere egin behar izatea, langile horren lan karga izugarri haundituz ; zein etxean dagoen amamak ambulantzian joan behar izatea ospitalera etxean artatuko duen medikurik ez dagoelako.) horretarako herritarron eta langileen osasuna jokoan egon.

Gaur egun EAG-etan bizi den egoera jasangaitza da eta onartezina. Profesional medikuen formakuntza eta erakartze estrategia faltaren ondorioz, mediku nahikorik ez dago eta ondorioz gertatzen da, egon beharko liratekeen mediku kopura ez egotea, ala medikuaren ordez bi erizain egotea. Honek gehiegizko lan-karga eragiten du lanean dauden profesional medikuen kasuan, ondorio pertsonalak dituen zalantzarik ez daukagularik. Batzuek guardiak ordaintzeko sisteman jarri dute fokoa, ezberdin ordaintzen direlako Lehen arreta eta EAG-etako guardiak, bigarrenean gutxiago ordainduz. Lab-en iritziz, guardia bakoitzak bere dimentsionamendu egokia izan behar du, behar dituen profesional kopuruarekin. Hau LAB-entzako, marra gorria da eta Osakidetzari eskatzen dioguna da baliabideak jar ditzala herritarron osasuna eta langileena babestu ditzan.

Hortaz gain LAB-en iritziz, Osakidetzako zuzendaritzak, langileak arriskuan jartzen ditu.  Udaz geroztik Esi-etako zuzendaritzetako babesarekin, zelari zein erizainak babesgabe uzten ditu, beraien eskumenetik kanpo dauden erabakiak hartzera behartuz. Emergentzia baten aurrean, erizainak ezin du medikuaren agindurik barik, medikazioa eman. Emergentzia batek, berehala artatua izatea eskatzen du bizitza arriskuan baitago eta egoera honetan, telefono bidezko bitartekaritza bat ez da segurtasunez egin daitekeen artatzea. Osasun egoera ezberdinen aurrean, zelariek erabakiak hartzera behartuak dira. Egoera honetan, herritarron bizitzak arduratzen gaitu eta nola ez langileona.

Babesgabetasun honi gehitu behar zaio, zuzendaritzen aldebakartasuna, eta itxitasuna. Honek langileongan nekea eta frustrazioa  dakar. Bitartean zuzendaritzek beste aldera begiratzen dute egoera okerragoen mehatxupean. LAB-en ustez, Lehen arretak bere osotasunean estrategia berrikuspen bat behar du, komunitatearen parte hartzea nahita nahi ez bermatuko duena. Eskenatoki hori bitarte, kalean topatuko gara, Osakidetzaren desmantelamenduaren aurka eta osasun publiko eta kalitatezkoa eraikitzera bidean.  Maiatzaren 18 eta 19an Langileak GREBARA!

Zaintza zerbitzu sozialen pribatizazioaren erantzuleen aurrean mobilizatu gara

Gaur Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna ospatu da Donostian, EHU/UPVren Karlos Santamaria Zentroan. Bertan, euskal erakunde sozialek, instituzioetako ordezkariek, politikariek eta zaintza sektoreko hainbat patronalek hartu dute parte. Honen aurrean, mobilizazioa egin dugu zaintza zerbitzu sozialen pribatizazioa salatzeko.

Zaintza lanetan ari diren langileen miseriaren erantzule ez dira soilik enpresa pribatuak. Hirugarren sektoreak ere badauka zeresana guzti honetan. Hirugarren sektoreko hamaika erakundek osatzen dituzte gizarte esku-hartzeko edota aniztasun funtzionaleko patronalak. Eta gaur saritzen ari diren hirugarren sektore honen ardura da langile hauen prekarizazioa. Pribatizazioak miseria dakarrela salatu dugu gaur, baita hirugarren sektorearen esku uzten denean ere. Horregatik, gaurko ekitaldian argi utzi ditugu gure aldarrikapenak: Zaintza zerbitzu sozialen pribatizazioa bultzatzen dute instituzioek, eta euren aurpegi zuriketaren aurrean mobilizatu gara sektoreko langileak.

Sektore publikoak ez ditu zaintza zerbitzuak bermatzen eta instituzioek ez dute euren gain hartzen kudeaketa zuzena, botere kuota edota diru etekina lehenesten duten patronal eta enpresen esku uzten dituzte, langileen gure eta bizi baldintzen eta erabiltzaileen zainduak izateko eskubidearen gainetik. EAJk bultzatzen duen pribatizazioak eragin zuzena dauka zaintza zerbitzu sozialeko langileengan, eta honako ondorioak dakartza: prekaritatea, esplotazioa, partzialtasuna, lan karga jasangaitzak, lan osasun neurri eza, kontziliazio neurri eza…

EAJren logika kapitalistak ezin ditu zaintza langileen lan baldintzak denbora gehiagoz baldintzatu.

Zaintza zerbitzu sozialen publifikazioa exijitu dute, instituzioek kudeaketa zuzena bermatu behar dutela eta pribatizazioa zaintza eskubide unibertsaletik desagertzea.

Zaintza zerbitzu sozialeko langileak askotariko jardueretan aritzen dira. Egoitzetako langileak dira, etxez etxeko laguntzakoak, esku hartze sozialekoak, aniztasun funtzionalekoak, etxeko langileak… euren lana funtsezkoa dela eta sistema kapitalista eta zisheteropatriarkala zaintza zerbitzuetako langileen prekarizazio eta lan indarraren gainean eraikia dagoela salatu dute. Ez goaz sistema hau denbora gehiagoz sostengatzera. Sektoreko langileak langile publikoak gara eta instituzio eta patronalen aurpegi zuriketaren aurrean mobilizatzen jarraituko dugu. Zaintza zerbitzu sozialetako langileok lan publikoa egiten dugu, eta ondorioz, langile publikoak izan behar gara.

Nafarroako Foru Administrazioko arlo guztietan aurkeztu ditu LABek hautagaitzak, borroka sindikal guztietan eta erabakigune guztietan egoten jarraitzeko helburuarekin

Heldu den maiatzaren 17an hauteskunde sindikalak eginen dituzte Nafarroako Foru Administrazio osoan. Duela lau urtekoetan, LAB sindikatua izan zen bozkatuena, eta delegatu gehien lortu zituena (69 delegatu, bigarrenak baino 28 gehiago). Langileen babes zabal horri esker, azken urteetan LAB erabakigune guztietan egon da eta borroka sindikal guztiak lideratu ditu, betiere Administrazioko langile guzti-guztien eskubideak defendatzea eta beren lan baldintzak hobetzea helburu.

Euskarabidean, Irakaskuntzan, Justizian, Kirol Institutuan, Nafar Lansaren, NOPLOI Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan, nukleoan, Ogasunean, Osasunbidean, PAGNA Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzian, eta suhiltzaileetan aurkeztu ditu hautagaitzak LAB sindikatuak. Foruzaingoan, ohikoa denez, ez. Gainera, 11 arlo horietako hirutan (nukleoan, PAGNAn eta Osasunbidean) bina zerrenda aterako ditugu, lan-kontratudunen zerrenda ere osatu baitugu.

Denetara Foru Administrazioko 32.000 langile publiko baino gehiago daude maiatzaren 17an bozkatzera deituak, 319 delegatu aukeratzeko; horietatik, gutxienez, 69 eskuratu nahi ditu LABek, eta lehen indar sindikala izaten jarraitu.

LAB sindikatua klase sindikatua da, baita Administrazioan ere. Eta sindikatu korporatibo korporatibistek egiten dutenaren kontrara, LABek plantilla osoa hartzen du kontuan eta garaipen kolektiboak lortzeko egiten du borrokan. Horren erakusgarri, LABek arlo guztietan atera ditu hautagaitzak. Sindikatu honen indarra bere jendearengan baitago; arlo guztietako, maila guztietako eta lanpostu guztietako askotariko jendearengan.

Arlo bakoitzeko hauteskunde liburuxkak

EAEko Enplegu Legeak ez du marko propiorantz urratsak emateko bokaziorik

Oihana Lopetegi Ekintza Sindikaleko idazkariak eta Uxue Artetxe Lanbideko delegatuak agerraldia egin dute Gasteizko Parlamentuko Lan eta Enplegu Batzordean, EAEko Enplegu Legearen inguruan sindikatuak duen jarrera azaltzeko. Honela, eskumen osoak aldarrikatu dituzte enplegu politikaren esparruan, egungo markoa gaindituz, Euskal Herriko Lan Kodearen norabidean. Sindikatuaren Programa Sozioekonomikoan jasotako banaketa hirukoitzaren ildotik (zaintza, enplegua eta ondasunaren banaketa) joan dira LABen ekarpenak.

Gogoratu dute LABek Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua aldarrikatzen duela, Euskal Herrian bertan eta Euskal Herriarentzat diseinatutako enplegu politikak garatzea ahalbidetzeko ezinbesteko bitarteko gisa. Horrela, proposatzen diren lege eta araudiek egungo markoa gainditzera jo beharko lukete.

Honela, eskumenen mugak aipatu ditu Lopetegik, EAEn ez dugulako politika pasiboak garatzeko eskumenik: ā€œenplegua eskubide subjektibo moduan onartu den arren, berau praktikan jartzeko tresnak zehaztea falta zaiguā€.

Enplegu Legearen gabezietan sakondu du Lopetegik: ā€œez diogu markoa gainditzeko eta marko propio baterantz urratsak emateko bokaziorik ikusten. Ez du Estatuagandik menpekoa izango ez den elkarrizketarik bultzatzen eta ez dio legeak berak definitzen duen enplegu duin hori bermatzeko akordio interprofesionalei erreferentziarik egitenā€.

Legean egiten den lan duinaren definizioa ere kritikatu du Lopetegik, ez baititu lana eta enplegua bereizten, eta horrek zaintza lanak, ordaindu gabekoak batez ere, ikusezin bihurtzera garamatza . ā€œZaintza lanak ez dira ez sozialki ezta ekonomikoki aitortzenā€, gaineratu du.

Euskal Enplegu Sarea sortzea ere ahalbidetuko du legeak. Lopetegik zehaztu du ā€œikuspegi horrek ardura lan bila dabilen langilearen gain ezartzen du, administrazioak langile guztientzat enplegua bermatu beharko lukeenean langile guztientzat, eta berme hori gauzatu ezean prestazio bidez indemnizatu ez betetze horiā€.

Lopetegik salatu du legeak lan eskaintza guztiak plataforma bakarrean jasotzeko helburua badu ere, enpresarien borondatearen esku uzten duela hori horrela izatea, bere esanetan: ā€œLanbide plataforma bakarra bihurtzeko aukera galdu daā€.

Lanbideren pertsonifikazio juridikoaren berregituraketa ere aipagai izan du Lopetegik: ā€œZuzenbide pribatuko entitate publiko gisa definitzen da eta honek ere kezkatu egiten gaituā€. Egun, Lanbidek lan-eskaintzen %4 soilik kudeatzen duela ere gogoratu du.

Lanbideko langileen ikuspegia

Uxue Artetxe Lanbideko delegatuak bertako langileen ikuspegitik aztertu du legea. Horrela, gogoratu du Lanbide zuzenbide pribatuko erakunde publiko izan zela iraganean 11 hilabetez, eta denbora-tarte horretan langileen kudeaketa negargarria izan zela.

Lanbide zuzenbide pribatuko entitate publiko bihurtzea herritar zein langileentzat ā€œarriskutsuaā€ dela adierazi du Artetxek: ā€œDesabantailak baino ez ditugu ikusten, baita kontrol ekonomikorik eta kudeaketa-kontrolik ez izatea ere, Funtzio Publikoak gainbegiratu beharko ez duelakoā€.

LABen iritzia ā€œ1.000 milioi euroko aurrekontua eta 1.200 langile dituen erakunde autonomo batean pribatizazioari ateak irekitzearen aurkakoaā€ dela gaineratu du Artetxek, eta aldaketa bultzatu duten alderdien aldetik justifikazio eta aldaketa horren beharraren azalpen serioa eskatu ditu.

ELA eta UGT Gipuzkoako metaleko langileen etorkizuna hipotekatzen ari dira

Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren negoziazioari amaiera eman diote ELA eta UGT sindikatuek ADEGirekin akordioa iragarrita. ADEGIren lehen proposamena erosi dute bi sindikatuek eta, aldi berean, Gipuzkoko metaleko langileak hitzarmen hobe baterako aukerarik gabe utzi dituzte. Horrela adierazi dugu gaur Donostian egindako agerraldian.

Amaitu da borroka, hasi baino lehen. Desmobilizazioaren aldeko apustua egin dute bi sindikatuek, LABetik deituak genituen 6 greba egunei bidea moztu diete, akordio merke baten truke.

Negoziazio prozesu formala hasi aurretik amaiera idatzia izan dute ELAk eta ADEGIk. ELAk bazekien hitzarmen hau sinatuko zuela. ELAk, beste negoziazio mahai batzutan ez bezala, oraingoan onartu egin du UGTren parte hartzea negoziazio mahaian, nahiz eta %10era ez iritsi. LABek beti irizpide berdina mantentzen du, bakoitza dagokion portzentaiarekin negoziazio mahaietan egotea defendatzen dugu. Aldiz, ELA eta koherentzia ez dira ongi ezkontzen, batzutan balio ez duenak beste batzutan balio die. Lekuan leku eta interes propioen arabera dihardu, beste behin ere. Oraingoan, azken emaitza negoziazioa abiatu aurretik idatzia zuenez, bidelagun merkeena aukeratu du, UGT, bere helburuak aurrera ateratzeko.

ELA eta ADEGIren arteko aliantza berresten du hitzarmen honek. Aste gutxitan bigarren adibidea dugu, elikagaien industriako merkataritza hitzarmenean, grebarako 24 ordu faltan sinatu zuten akordioa. Patronalak esan du, elkarrekin eta norabide berean ari dira arraunean. Ez da albiste ona Gipuzkoako langileentzat.

Gatazka desaktibatu nahi izan du ADEGIk, eta ELAk bake soziala oparitu dio. Uko egin dio langileak aktibatzeari, desmobilizazioaren aldeko apustua egin eta akordio hobe bati uko egin diote… horren atzean zer dagoen ELAk azaldu beharko du. Gipuzkoako langileen etorkizuna hipotekatzean ari dira.

Adegi eta ELAren arteko elkarlana salatzen dugu, Gipuzkoan badira ELAk sustatutako grebak bai, ADEGI patronal nagusia ez den sektoreetan, LAB ere parte da hainbat grebetan, baina Adegi nagusi den negoziazio mahaietan, ELAk uko egin dio mobilizazioari: Elikadura, Ostatuen hitzarmenean ere greba ekidin dute eta Gozogintza eta Okindegiko hitzarmenak greba deialdirik gabe sinatu dituzte.

Araba eta Bizkaiko metalean izandako borrokek ezarri dute aurrekaria Gipuzkoako metalean. Guztietan erabakigarria izan da LAB, grebak deitu, antolatu eta egin ditugu eta hiltzat ematen ziren hitzarmenak berreskuratzea lortu dugu. Borroka horiei buruz asko hitz egin dezakegu baina bi apunte:

Araban, 19 urte ondoren hiltzat ematen zen hitzarmena berreskuratu da. Sektore horretan 4. indarra izanik ere, bi urte baino gehiago mobilizatzen eman ditugu LABetik.

Bizkaian herrialdeko hitzarmenak eguneraturik ez egotearen alternatiba bakarra, sektore hitzarmena eguneratzea zela borrokatu du LABek, beste batzuek enpresa hitzarmenetara jotzen zuten bitartean.

LABen sektoreko hitzarmenaren aldeko determinazioa eta borrokaren aldeko apustuaren eraginez, bi herrialde hauetan lortu dugu CCOO eta UGT borrokara batzea.

Sektore hitzarmenen aldeko borrokan giltza izan gara kasu guztietan. Eta ADEGIk ere ongi irakurri du borroka horiek utzitako mezua. Gatazka ekidin nahi izan du, eta ELA topatu du bidean. Aliantza horrek, ADEGIri egiten dio mesede.

Gipuzkoako metaleko hitzarmena, beste herrialdetakoekin alderatuta hobea da, bestelako indar korrelazio bat dagoelako, eta LAB izan da gakoa horretan ere. Gipuzkoan ere, ELAk sektoreko hitzarmena alboratu eta sektorerik gabe, porrota dela agerian geratu den enpresa hitzarmenen aldeko apustua egin duenean, LABek atera izan du aurrera Gipuzkoan metaleko hitzarmena.

Akordio onak lortzeko borroka eraginkorrak. Hor dago eta egongo da LAB. Grebak deitu, landu eta egiten. Indarrak batzeko apustua egin dugu eta egiten jarraituko dugu. Gipuzkoan historikoki izan ditugun hitzarmen onak ez dira zerutik erori, gure indar-harremanei esker izan dira. Gu horretan gaude. LABek eta ELAk sektorea mobilizatzeko dugun gaitasuna askatu izan bagenu, bestelakoa izango zen indar korrelazioa eta hobea hitzarmena, enpresariei Gipuzkoan izaten ari diren irabaziak lehiatzeko eta prekaritatearen kontrako borrokan urrats berriak emateko.

Baina ELAk patronala aukeratu du bidelagun. Aliantzak ADEGIri mesede egiten dio. Zatiketa sindikala sustatzen du eta langileak ahultzen ditu, langileen desaktibazioa bilatuz. Adegiri, ezarri nahi duen Enpresa Kultura Berrian laguntzen dio eta kultura horrek asko du zaharretik, negoziazio kolektiboa ahulduz, langileen lan harremanak indibidualizatzea bilatzen duelako. ELAk alfonbra gorria jartzen dio estrategia honi.

[IRITZIA] Kattalingune Zerbitzua: eskubideak hauteskundeetako emaitzen menpe?

LABeko kide diren Ainara Ladrónek eta Oihan Ataunek iritzi artikulua idatzi dute, salatuz Nafarroako Gobernua LGTBI+ pertsonei zuzendutako zerbitzu publikoa desagerrarazten ari dela:

LGTBI+ populazioa, Nafarroan, historikoki ikusezina, zaurgarria eta ahaztua izan da maila askotan (gizarte mailan, osasun arloan, hezkuntzan, justizian, kirolean), eta oraindik ere egoera ez da erabat konpondu. Kolektibo horren beharrak eta aldarrikapenak ez dira aintzat hartuak izan, hala nola askatasunez izateko, sentitzeko eta adierazteko eskubidea, eta horrek sufrimendua, estigmatizazioa, seinalatua izatea eta babesgabetasuna eragin dio gure gizartearen zati bati. Eskubideak murriztea ere ekarri die, eta, horregatik guztiagatik, komunitate gisa LGTBI+ pertsonekin dugun zor historiko hori aitortua izan beharko litzateke.

Azken urteotako aldaketa politikoei esker, Nafarroan, kutsu kontserbadore nabarmena duen gizartea izan arren, LGTBI+ pertsonen eskubideen aldeko hobekuntzak izan dira. Lehenik eta behin, laukoaren legegintzaldian (2015-2019), Nafarroan LGTBI+ herritarrentzako arreta hobetu zen eta Kattalingune Zerbitzu Publikoa sortu zen, IruƱean eta Tuteran bulegoak irekita. Gero, hirukoaren legegintzaldian (2019-2023), urtetik urtera hazten ari den aurrekontu-zuzkidura onartu izan da, eta horrek Irurtzun, Lizarra eta Tafallako arreta-bulegoak irekitzea ahalbidetu du.

Gaur den egunean, ordea, pena handiz ikusten ari gara PSNk eta Podemosek gidatutako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez, Eva Isturiz buru duela, hain beharrezkoa den zerbitzu hori desegiten ari dela eta desagertzeko zorian utzi duela. Zerbitzua finkatu beharrean, linbo batean utzi du, hautetsontzietatik sortuko den hurrengo gobernuak erabaki dezan zer egin Kattalingunerekin eta, ondorioz, LGTBI+ pertsonen eskubideekin, batez ere landa-eremuetan.

LAB sindikatuan uste dugu ematen ari zen zerbitzuak ongi funtzionatzen zuela eta oso inplikatuak zeuden profesional adituak zituela. Aldaketa handirik ez zuen behar, orain arte bezala lanean jarraitzeko beharrezkoak ziren baliabideak indartzea izan ezik, eta ildo beretik jo beharra zegoen, hots: alde batetik, prebentzio lana landuz, aholkularitza pertsonal hutsera mugatu beharrean; bestetik, deszentralizazioa bultzatuz, landa-eremuetara zabalduz, IruƱeko hiri-nagusitasunari aurre egiteko, eta horretarako langile gehiago kontratatuz, daudenak kaleratu beharrean. Eta, azkenik, diru-hornidura gero eta handiagoa izango dela bermatuz, ezarri diren murrizketen eta egungo larrialdi-kontratu prekarioaren ordez, horrek arriskuan jartzen baitu zerbitzuaren jarraipena. Hori guztia harik eta gobernu berri batek konponbide bat aurkitu arte, gure gizartearen zati baten beharrak arretarik gabe gelditu ez daitezen.

Gure ustez, posible da hartu den bide okerra zuzentzea, eta lehenbailehen egin behar da. Borondate politikoa eta presako erabaki irmoak behar dira, eskubideak eta arreta-zerbitzuak ezin baitira hauteskunde-emaitzen menpe egon.

Ilunion Navarra enpresako zuzendaritzak Noaingo lantokian aplikatu duen funtsezko aldaketa baztertu dugu

Atzoko egunean, Ilunion Navarra enpresako Noaingo lantegiko Enpresa Batzordearen gehiengoak, UGTk eta CCOOk osaturikoak, plantillako lan baldintzak funtsean aldatzeko onarpena sinatu zuten. LAB sindikatuak ez zuen sinatu, ez baitu langileen lan eskubideen hondatzean eta urratzean parte hartu nahi.

Ilunion enplegu zentro berezia da, desgaitasuna duten pertsona askori lan ematen diena , eta bi lantoki ditu, bata Beriainen eta bertzea Noainen. Sindikatu honek enpresako zuzendaritzari eta langileen batzarrari helarazi zien bezala, Ilunion Noaingo plantillaren lan- eta bizi baldintzak nabarmen okertuko dira aldaketarekin: txandakako lanaldiak ezartzen dira eta asteburuetan lan egiten da (lehen ez zegoen halakorik); eta langileek bertze lantoki batera joan behar izaten dute, irisgarritasuna zaildu egiten baita, eta, hartara, haien bizi kalitatea eta integritate fisikoa oztopatzen dira.

LABek Ilunioneko zuzendaritzari eskatu dio arreta berezia jar dezala zentroko langileen ongizatean; baina, hain zuzen ere, funtsezko aldaketa honek ez du hori egiten, plantillako lan baldintzak nabarmen okertzen baititu.
LABek ez du parte hartuko Ilunioneko lan baldintzak okertzen eta hondatzen. Kontrara, langileen antolamendua sendotzen eta lan baldintza hobeak lortzeko borrokan jarraituko du.

GarbiƱe Aranburu: “Lan osasun eskubidea egunero-egunero urratzen da lantokietan”

LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra Euskadi Irratiko Faktoria saioan elkarrizketatu dute.

Estatu mailan CCOOk eta UGTk adostutako soldata itunari buruz kritiko azaldu da Aranburu. Bestalde, Euskal Herrian greba gehiegi deitzen direla esanez CEBEK patronalak berriki egindako adierazpenen harira, borrokaren aldeko apustua berretsi du, gaur egungo egoera langile eta herritarrek bizi duina izateko baldintzak bermatzetik urrun dagoelako.

Aipatutakoez gain, Osakidetzan hilabete honetan egingo diren grebak, Gipuzkoako metala edota hezkuntza legean langileen baldintzak hobetzeko negoziazio mahaia ere izan ditu hizpide, besteak beste.

Esteka honetan entzun daiteke osorik elkarrizketa: https://www.eitb.eus/eu/albisteak/ekonomia/osoa/9198253/garbine-aranburu-labeko-idazkari-nagusiari-elkarrizketa-2023ko-maiatzaren-11n-euskadi-irratian/