2026-09-26
HomeEkintza SindikalaGreba Feminista Orokorra prestatzeko martxan gaude

Greba Feminista Orokorra prestatzeko martxan gaude

Oiartzungo Landetxe aretoan 200 emakumetik* gora bildu gara, azaroaren 30erako deitutako hitzordua ortzimugan. Zaintza Sistema publiko komunitarioa eratzeko beharrari jarri diogu azpimarra; datorren astetik aurrera eskualde guztietan delegatuen batzarrak  egingo ditu LABek norabide berean.

Goizean bideo emanaldi batekin hasi da batzarra, eta LABek sindikatu feministara bidean orain arte egindakoak errepasatu ostean, zaintza eremuko eta lanbide feminizatuetako hainbat langilek aurrera eramandako borroken testigantzak eta jomugan dituzten aldarrikapen nagusiak partekatu dituzte. “Premiazkoa da egungo zaintza sistema iraultzea”; horixe izan da ondorio nagusietakoa.

Ostean, Oiartzunera bertaratutakook lantaldeetan jorratu ditugu grebara begirako eman beharreko urratsak, eta Zutik emakumeak abestiarekin itxi dugu gaurko hitzordua.

Mugimendu Feministak azaroaren 30erako deitutako Greba Feminista Orokorrarekin bat egin eta prestaketa lanetan buru-belarri murgildu gara LAB sindikatuan. Izan ere, zaintzarena sindikatuaren erronka nagusietakoa da, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak nabarmendu duenez: “Zaintza krisia gero eta nabariagoa da. Krisi honen arrazoi nagusi eta bakarra ez da bilakaera demografikoa edo jendartearen zahartzea. Emakumeok* errebelatzen ari gara, ez dugu ontzat ematen zaintza eredu hau, bidegabea eta sostengaezina baita. Egoera jasanezin bilakatzen ari da emakumeontzat* eta bereziki emakume langile migratu eta arrazializatuentzat”.

Hala, Aranburuk nabarmendu du premiazkoa dela zaintza lanak berrantolatu eta modu orekatuagoan banatzea; hain zuzen ere, hori du helburu LABek defendatzen duen zaintza sistema publiko komunitarioak, “zaintza lanak eremu pribatutik atera eta duintzea lortzeko” Aranbururen esanetan.

LAB sindikatuak denbora darama Mugimendu Feministarekin eskuz esku lanean eta aliantzak eraikitzen, eta bete-betean murgilduko da Greba Feminista Orokorraren lanketan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.