2025-12-31
Blog Page 232

Nafarroako Foru Administrazioko arlo guztietan aurkeztu ditu LABek hautagaitzak, borroka sindikal guztietan eta erabakigune guztietan egoten jarraitzeko helburuarekin

Heldu den maiatzaren 17an hauteskunde sindikalak eginen dituzte Nafarroako Foru Administrazio osoan. Duela lau urtekoetan, LAB sindikatua izan zen bozkatuena, eta delegatu gehien lortu zituena (69 delegatu, bigarrenak baino 28 gehiago). Langileen babes zabal horri esker, azken urteetan LAB erabakigune guztietan egon da eta borroka sindikal guztiak lideratu ditu, betiere Administrazioko langile guzti-guztien eskubideak defendatzea eta beren lan baldintzak hobetzea helburu.

Euskarabidean, Irakaskuntzan, Justizian, Kirol Institutuan, Nafar Lansaren, NOPLOI Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan, nukleoan, Ogasunean, Osasunbidean, PAGNA Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzian, eta suhiltzaileetan aurkeztu ditu hautagaitzak LAB sindikatuak. Foruzaingoan, ohikoa denez, ez. Gainera, 11 arlo horietako hirutan (nukleoan, PAGNAn eta Osasunbidean) bina zerrenda aterako ditugu, lan-kontratudunen zerrenda ere osatu baitugu.

Denetara Foru Administrazioko 32.000 langile publiko baino gehiago daude maiatzaren 17an bozkatzera deituak, 319 delegatu aukeratzeko; horietatik, gutxienez, 69 eskuratu nahi ditu LABek, eta lehen indar sindikala izaten jarraitu.

LAB sindikatua klase sindikatua da, baita Administrazioan ere. Eta sindikatu korporatibo korporatibistek egiten dutenaren kontrara, LABek plantilla osoa hartzen du kontuan eta garaipen kolektiboak lortzeko egiten du borrokan. Horren erakusgarri, LABek arlo guztietan atera ditu hautagaitzak. Sindikatu honen indarra bere jendearengan baitago; arlo guztietako, maila guztietako eta lanpostu guztietako askotariko jendearengan.

Arlo bakoitzeko hauteskunde liburuxkak

EAEko Enplegu Legeak ez du marko propiorantz urratsak emateko bokaziorik

Oihana Lopetegi Ekintza Sindikaleko idazkariak eta Uxue Artetxe Lanbideko delegatuak agerraldia egin dute Gasteizko Parlamentuko Lan eta Enplegu Batzordean, EAEko Enplegu Legearen inguruan sindikatuak duen jarrera azaltzeko. Honela, eskumen osoak aldarrikatu dituzte enplegu politikaren esparruan, egungo markoa gaindituz, Euskal Herriko Lan Kodearen norabidean. Sindikatuaren Programa Sozioekonomikoan jasotako banaketa hirukoitzaren ildotik (zaintza, enplegua eta ondasunaren banaketa) joan dira LABen ekarpenak.

Gogoratu dute LABek Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua aldarrikatzen duela, Euskal Herrian bertan eta Euskal Herriarentzat diseinatutako enplegu politikak garatzea ahalbidetzeko ezinbesteko bitarteko gisa. Horrela, proposatzen diren lege eta araudiek egungo markoa gainditzera jo beharko lukete.

Honela, eskumenen mugak aipatu ditu Lopetegik, EAEn ez dugulako politika pasiboak garatzeko eskumenik: “enplegua eskubide subjektibo moduan onartu den arren, berau praktikan jartzeko tresnak zehaztea falta zaigu”.

Enplegu Legearen gabezietan sakondu du Lopetegik: “ez diogu markoa gainditzeko eta marko propio baterantz urratsak emateko bokaziorik ikusten. Ez du Estatuagandik menpekoa izango ez den elkarrizketarik bultzatzen eta ez dio legeak berak definitzen duen enplegu duin hori bermatzeko akordio interprofesionalei erreferentziarik egiten”.

Legean egiten den lan duinaren definizioa ere kritikatu du Lopetegik, ez baititu lana eta enplegua bereizten, eta horrek zaintza lanak, ordaindu gabekoak batez ere, ikusezin bihurtzera garamatza . “Zaintza lanak ez dira ez sozialki ezta ekonomikoki aitortzen”, gaineratu du.

Euskal Enplegu Sarea sortzea ere ahalbidetuko du legeak. Lopetegik zehaztu du “ikuspegi horrek ardura lan bila dabilen langilearen gain ezartzen du, administrazioak langile guztientzat enplegua bermatu beharko lukeenean langile guztientzat, eta berme hori gauzatu ezean prestazio bidez indemnizatu ez betetze hori”.

Lopetegik salatu du legeak lan eskaintza guztiak plataforma bakarrean jasotzeko helburua badu ere, enpresarien borondatearen esku uzten duela hori horrela izatea, bere esanetan: “Lanbide plataforma bakarra bihurtzeko aukera galdu da”.

Lanbideren pertsonifikazio juridikoaren berregituraketa ere aipagai izan du Lopetegik: “Zuzenbide pribatuko entitate publiko gisa definitzen da eta honek ere kezkatu egiten gaitu”. Egun, Lanbidek lan-eskaintzen %4 soilik kudeatzen duela ere gogoratu du.

Lanbideko langileen ikuspegia

Uxue Artetxe Lanbideko delegatuak bertako langileen ikuspegitik aztertu du legea. Horrela, gogoratu du Lanbide zuzenbide pribatuko erakunde publiko izan zela iraganean 11 hilabetez, eta denbora-tarte horretan langileen kudeaketa negargarria izan zela.

Lanbide zuzenbide pribatuko entitate publiko bihurtzea herritar zein langileentzat “arriskutsua” dela adierazi du Artetxek: “Desabantailak baino ez ditugu ikusten, baita kontrol ekonomikorik eta kudeaketa-kontrolik ez izatea ere, Funtzio Publikoak gainbegiratu beharko ez duelako”.

LABen iritzia “1.000 milioi euroko aurrekontua eta 1.200 langile dituen erakunde autonomo batean pribatizazioari ateak irekitzearen aurkakoa” dela gaineratu du Artetxek, eta aldaketa bultzatu duten alderdien aldetik justifikazio eta aldaketa horren beharraren azalpen serioa eskatu ditu.

ELA eta UGT Gipuzkoako metaleko langileen etorkizuna hipotekatzen ari dira

Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren negoziazioari amaiera eman diote ELA eta UGT sindikatuek ADEGirekin akordioa iragarrita. ADEGIren lehen proposamena erosi dute bi sindikatuek eta, aldi berean, Gipuzkoko metaleko langileak hitzarmen hobe baterako aukerarik gabe utzi dituzte. Horrela adierazi dugu gaur Donostian egindako agerraldian.

Amaitu da borroka, hasi baino lehen. Desmobilizazioaren aldeko apustua egin dute bi sindikatuek, LABetik deituak genituen 6 greba egunei bidea moztu diete, akordio merke baten truke.

Negoziazio prozesu formala hasi aurretik amaiera idatzia izan dute ELAk eta ADEGIk. ELAk bazekien hitzarmen hau sinatuko zuela. ELAk, beste negoziazio mahai batzutan ez bezala, oraingoan onartu egin du UGTren parte hartzea negoziazio mahaian, nahiz eta %10era ez iritsi. LABek beti irizpide berdina mantentzen du, bakoitza dagokion portzentaiarekin negoziazio mahaietan egotea defendatzen dugu. Aldiz, ELA eta koherentzia ez dira ongi ezkontzen, batzutan balio ez duenak beste batzutan balio die. Lekuan leku eta interes propioen arabera dihardu, beste behin ere. Oraingoan, azken emaitza negoziazioa abiatu aurretik idatzia zuenez, bidelagun merkeena aukeratu du, UGT, bere helburuak aurrera ateratzeko.

ELA eta ADEGIren arteko aliantza berresten du hitzarmen honek. Aste gutxitan bigarren adibidea dugu, elikagaien industriako merkataritza hitzarmenean, grebarako 24 ordu faltan sinatu zuten akordioa. Patronalak esan du, elkarrekin eta norabide berean ari dira arraunean. Ez da albiste ona Gipuzkoako langileentzat.

Gatazka desaktibatu nahi izan du ADEGIk, eta ELAk bake soziala oparitu dio. Uko egin dio langileak aktibatzeari, desmobilizazioaren aldeko apustua egin eta akordio hobe bati uko egin diote… horren atzean zer dagoen ELAk azaldu beharko du. Gipuzkoako langileen etorkizuna hipotekatzean ari dira.

Adegi eta ELAren arteko elkarlana salatzen dugu, Gipuzkoan badira ELAk sustatutako grebak bai, ADEGI patronal nagusia ez den sektoreetan, LAB ere parte da hainbat grebetan, baina Adegi nagusi den negoziazio mahaietan, ELAk uko egin dio mobilizazioari: Elikadura, Ostatuen hitzarmenean ere greba ekidin dute eta Gozogintza eta Okindegiko hitzarmenak greba deialdirik gabe sinatu dituzte.

Araba eta Bizkaiko metalean izandako borrokek ezarri dute aurrekaria Gipuzkoako metalean. Guztietan erabakigarria izan da LAB, grebak deitu, antolatu eta egin ditugu eta hiltzat ematen ziren hitzarmenak berreskuratzea lortu dugu. Borroka horiei buruz asko hitz egin dezakegu baina bi apunte:

Araban, 19 urte ondoren hiltzat ematen zen hitzarmena berreskuratu da. Sektore horretan 4. indarra izanik ere, bi urte baino gehiago mobilizatzen eman ditugu LABetik.

Bizkaian herrialdeko hitzarmenak eguneraturik ez egotearen alternatiba bakarra, sektore hitzarmena eguneratzea zela borrokatu du LABek, beste batzuek enpresa hitzarmenetara jotzen zuten bitartean.

LABen sektoreko hitzarmenaren aldeko determinazioa eta borrokaren aldeko apustuaren eraginez, bi herrialde hauetan lortu dugu CCOO eta UGT borrokara batzea.

Sektore hitzarmenen aldeko borrokan giltza izan gara kasu guztietan. Eta ADEGIk ere ongi irakurri du borroka horiek utzitako mezua. Gatazka ekidin nahi izan du, eta ELA topatu du bidean. Aliantza horrek, ADEGIri egiten dio mesede.

Gipuzkoako metaleko hitzarmena, beste herrialdetakoekin alderatuta hobea da, bestelako indar korrelazio bat dagoelako, eta LAB izan da gakoa horretan ere. Gipuzkoan ere, ELAk sektoreko hitzarmena alboratu eta sektorerik gabe, porrota dela agerian geratu den enpresa hitzarmenen aldeko apustua egin duenean, LABek atera izan du aurrera Gipuzkoan metaleko hitzarmena.

Akordio onak lortzeko borroka eraginkorrak. Hor dago eta egongo da LAB. Grebak deitu, landu eta egiten. Indarrak batzeko apustua egin dugu eta egiten jarraituko dugu. Gipuzkoan historikoki izan ditugun hitzarmen onak ez dira zerutik erori, gure indar-harremanei esker izan dira. Gu horretan gaude. LABek eta ELAk sektorea mobilizatzeko dugun gaitasuna askatu izan bagenu, bestelakoa izango zen indar korrelazioa eta hobea hitzarmena, enpresariei Gipuzkoan izaten ari diren irabaziak lehiatzeko eta prekaritatearen kontrako borrokan urrats berriak emateko.

Baina ELAk patronala aukeratu du bidelagun. Aliantzak ADEGIri mesede egiten dio. Zatiketa sindikala sustatzen du eta langileak ahultzen ditu, langileen desaktibazioa bilatuz. Adegiri, ezarri nahi duen Enpresa Kultura Berrian laguntzen dio eta kultura horrek asko du zaharretik, negoziazio kolektiboa ahulduz, langileen lan harremanak indibidualizatzea bilatzen duelako. ELAk alfonbra gorria jartzen dio estrategia honi.

[IRITZIA] Kattalingune Zerbitzua: eskubideak hauteskundeetako emaitzen menpe?

LABeko kide diren Ainara LadrĂłnek eta Oihan Ataunek iritzi artikulua idatzi dute, salatuz Nafarroako Gobernua LGTBI+ pertsonei zuzendutako zerbitzu publikoa desagerrarazten ari dela:

LGTBI+ populazioa, Nafarroan, historikoki ikusezina, zaurgarria eta ahaztua izan da maila askotan (gizarte mailan, osasun arloan, hezkuntzan, justizian, kirolean), eta oraindik ere egoera ez da erabat konpondu. Kolektibo horren beharrak eta aldarrikapenak ez dira aintzat hartuak izan, hala nola askatasunez izateko, sentitzeko eta adierazteko eskubidea, eta horrek sufrimendua, estigmatizazioa, seinalatua izatea eta babesgabetasuna eragin dio gure gizartearen zati bati. Eskubideak murriztea ere ekarri die, eta, horregatik guztiagatik, komunitate gisa LGTBI+ pertsonekin dugun zor historiko hori aitortua izan beharko litzateke.

Azken urteotako aldaketa politikoei esker, Nafarroan, kutsu kontserbadore nabarmena duen gizartea izan arren, LGTBI+ pertsonen eskubideen aldeko hobekuntzak izan dira. Lehenik eta behin, laukoaren legegintzaldian (2015-2019), Nafarroan LGTBI+ herritarrentzako arreta hobetu zen eta Kattalingune Zerbitzu Publikoa sortu zen, Iruñean eta Tuteran bulegoak irekita. Gero, hirukoaren legegintzaldian (2019-2023), urtetik urtera hazten ari den aurrekontu-zuzkidura onartu izan da, eta horrek Irurtzun, Lizarra eta Tafallako arreta-bulegoak irekitzea ahalbidetu du.

Gaur den egunean, ordea, pena handiz ikusten ari gara PSNk eta Podemosek gidatutako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez, Eva Isturiz buru duela, hain beharrezkoa den zerbitzu hori desegiten ari dela eta desagertzeko zorian utzi duela. Zerbitzua finkatu beharrean, linbo batean utzi du, hautetsontzietatik sortuko den hurrengo gobernuak erabaki dezan zer egin Kattalingunerekin eta, ondorioz, LGTBI+ pertsonen eskubideekin, batez ere landa-eremuetan.

LAB sindikatuan uste dugu ematen ari zen zerbitzuak ongi funtzionatzen zuela eta oso inplikatuak zeuden profesional adituak zituela. Aldaketa handirik ez zuen behar, orain arte bezala lanean jarraitzeko beharrezkoak ziren baliabideak indartzea izan ezik, eta ildo beretik jo beharra zegoen, hots: alde batetik, prebentzio lana landuz, aholkularitza pertsonal hutsera mugatu beharrean; bestetik, deszentralizazioa bultzatuz, landa-eremuetara zabalduz, Iruñeko hiri-nagusitasunari aurre egiteko, eta horretarako langile gehiago kontratatuz, daudenak kaleratu beharrean. Eta, azkenik, diru-hornidura gero eta handiagoa izango dela bermatuz, ezarri diren murrizketen eta egungo larrialdi-kontratu prekarioaren ordez, horrek arriskuan jartzen baitu zerbitzuaren jarraipena. Hori guztia harik eta gobernu berri batek konponbide bat aurkitu arte, gure gizartearen zati baten beharrak arretarik gabe gelditu ez daitezen.

Gure ustez, posible da hartu den bide okerra zuzentzea, eta lehenbailehen egin behar da. Borondate politikoa eta presako erabaki irmoak behar dira, eskubideak eta arreta-zerbitzuak ezin baitira hauteskunde-emaitzen menpe egon.

Ilunion Navarra enpresako zuzendaritzak Noaingo lantokian aplikatu duen funtsezko aldaketa baztertu dugu

Atzoko egunean, Ilunion Navarra enpresako Noaingo lantegiko Enpresa Batzordearen gehiengoak, UGTk eta CCOOk osaturikoak, plantillako lan baldintzak funtsean aldatzeko onarpena sinatu zuten. LAB sindikatuak ez zuen sinatu, ez baitu langileen lan eskubideen hondatzean eta urratzean parte hartu nahi.

Ilunion enplegu zentro berezia da, desgaitasuna duten pertsona askori lan ematen diena , eta bi lantoki ditu, bata Beriainen eta bertzea Noainen. Sindikatu honek enpresako zuzendaritzari eta langileen batzarrari helarazi zien bezala, Ilunion Noaingo plantillaren lan- eta bizi baldintzak nabarmen okertuko dira aldaketarekin: txandakako lanaldiak ezartzen dira eta asteburuetan lan egiten da (lehen ez zegoen halakorik); eta langileek bertze lantoki batera joan behar izaten dute, irisgarritasuna zaildu egiten baita, eta, hartara, haien bizi kalitatea eta integritate fisikoa oztopatzen dira.

LABek Ilunioneko zuzendaritzari eskatu dio arreta berezia jar dezala zentroko langileen ongizatean; baina, hain zuzen ere, funtsezko aldaketa honek ez du hori egiten, plantillako lan baldintzak nabarmen okertzen baititu.
LABek ez du parte hartuko Ilunioneko lan baldintzak okertzen eta hondatzen. Kontrara, langileen antolamendua sendotzen eta lan baldintza hobeak lortzeko borrokan jarraituko du.

Garbiñe Aranburu: “Lan osasun eskubidea egunero-egunero urratzen da lantokietan”

LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra Euskadi Irratiko Faktoria saioan elkarrizketatu dute.

Estatu mailan CCOOk eta UGTk adostutako soldata itunari buruz kritiko azaldu da Aranburu. Bestalde, Euskal Herrian greba gehiegi deitzen direla esanez CEBEK patronalak berriki egindako adierazpenen harira, borrokaren aldeko apustua berretsi du, gaur egungo egoera langile eta herritarrek bizi duina izateko baldintzak bermatzetik urrun dagoelako.

Aipatutakoez gain, Osakidetzan hilabete honetan egingo diren grebak, Gipuzkoako metala edota hezkuntza legean langileen baldintzak hobetzeko negoziazio mahaia ere izan ditu hizpide, besteak beste.

Esteka honetan entzun daiteke osorik elkarrizketa: https://www.eitb.eus/eu/albisteak/ekonomia/osoa/9198253/garbine-aranburu-labeko-idazkari-nagusiari-elkarrizketa-2023ko-maiatzaren-11n-euskadi-irratian/

ELA eta Adegiren arteko aliantzak hitzarmen hobe baterako aukera zapuztu du Gipuzkoako metalgintzan

Borroka bete-betean, LABek deitutako greben atarian eta sindikatu guztiei eskua luzatua zuen momentuan akordioa iragarri dute, borroka baztertuz eta hitzarmen hobe bati uko eginez.

Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena berritzeko negoziazioen baitan patronalak mahai gainean jarritako lehenengo proposamena onartu dute ELAk eta UGTk. Hala, borroka erabat baztertu eta hitzarmen hobe bat izateari uko egin diote, are gehiago aintzat hartuta sektoreko datuak onak direla eta horretarako aukerak bazeudela.

Izan ere, elkarrekin mobilizatuz gero sektorea mobilizatzeko dugun gaitasuna agerikoa da, baina LABek intersindikala deitzeko eginiko aurrera pausua zapuztu du trukean patronalari bake soziala eskaini dion akordio honek.

Araba eta Bizkaiko metalean izandako borrokek ezarri dute aurrekaria Gipuzkoako metalean. Guztietan erabakigarria izan da LAB, grebak deitu, antolatu eta egin ditugu eta hiltzat ematen ziren hitzarmenak berreskuratzea lortu dugu. Hain zuzen ere, horixe da ADEGIk nahi ez duena, eta ELA bidelagun izan du bere asmoak aurrera eramateko, berriki elikagaien industriako merkataritzan gertatu bezala, grebarako 24 ordu falta zirenean sinatu baitzuten akordioa.

LABek agerraldia egingo du bihar, maiatzak 12, Gipuzkoako Metalgintzako akordio honen nondik-norakoen irakurketa plazaratzeko.

Osasungintzako garraioan mobilizazioak deitu ditugu negoziaketen desblokeoa eskatzeko

  1. eta 2023. urteetan, Euskadiko osasun-garraioko profesionalek erosteko ahalmenaren galera handiak pilatu ditugu. Sektoreak soluziorik gabe jarraitzen du, 2021etik izoztuta dauden soldata­ taulekin. Euskadiko KPlaren datu ofizialen a rabera, gure sektorearen erosteko ahalmena % 6,4 jaitsi da 2022an eta % 12,2 2023an.

Negoziazio mahaian egindako hamasei bilerek ez dute balio izan, mahai gainean dirurik ez jartzearen errua Eusko Jaurlaritzari egotzi dion anbulantzien patronalarekin akordioak lortzeko. Hori guztia, administrazioaren aldetik 9 milioi euroko aparteko injekzioa jaso duen eta hurrengo urteetarako finantzaketa % 30 gehiago igoko den (+60 milioi euro) arren.

Hitzarmen autonomikoa berritzeko prozesuan dagoen blokeoa ikusita, LAB, ELA, LSB-USO, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek osatzen dugun lntersindikalak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan deitutako mobilizazioetan parte hartzeko eta babesa emateko dei egiten diegu sektoreko plantillei (Ambulancias Gipuzkoa, LA PAU eta Ambulancias Rodrigo).

•   Astelehena, maiatzak 15 10:30 - Donostia Ospitalea (Kontzentrazioa)
•   Maiatzak 25, osteguna 10:30 - Txagorritxu  Ospitalea/Lakua (Manifestazioa)
•   Ekainak 2, ostirala 09:30ean - Bilboko Lan Harremanen Kontseilua (Kontzentrazioa)

Vectalian borrokan jarraitzea beharrezkoa da

Txorierrin Bizkaibusen zerbitzua ematen duen enpresa emakidadunean gehiengoa osatzen duten CCOOk eta UGTk greba bertan behera utzi dute, Lan Sailean izandako bileran sindikatuei proposatu zaien akordioaren ostean. LABek ez du begi onez ikusten, borrokaren bidez aldarrikapenetan aurrera egiteko egiteko aukera baitago oraindik. Gainera, mesfidati agertu da, akordio horretan enpresak eman beharreko urratsak ez baitira konpromiso zehatz gisa ageri.

Negoziazioan aurrerapausoak egon dira, baina, hala ere, proposamena ez zaigu nahikoa iruditzen asanbladara eraman ahal izateko.

Izan ere, planteatutako artikulu askotan enpresak ez du inolako konpromisorik hartzen. Lan-batzorde bat baino ez da proposatzen, eskariak aztertu, baloratu eta, enpresak horretarako borondaterik balu, adosteko.

Aurreko hitzarmena indarrean egon bitartean enpresak hainbat bider urratu ditu bertan jasotakoak. Hori dela eta, ez dira fio lan-batzorde horietan akordioak erdietsi eta, gero, enpresak horiek betetzeaz.

Alde sozialari, aldiz, konpromiso askoz ere irmoagoa exijitzen diete: ekintza administratibo eta judizialei uko egitea eta hitzarmen kolektiboaren indarraldia amaitu arte greba-eskubidea ez baliatzea hitzarmen horren edukiak aldatu edo hobetzeari dagokionez. Hau da, trukean bake soziala exijitzen zaie langileei.

Hori gutxi balitz, aipatutako akordioak ez du jasotzen aurrerapenik aldi baterako ezintasunei dagokienez edota lanpostuak ez amortizatzeari dagokionez.

Hala, LABek langileen borrokaren balioa aitortu nahi izan du, eta proposamena urriegitzat jotzeaz gain, enpresari proposamen zehatzak eskatu dizkiote. Izan ere, Vectaliako beharginek behin eta berriz ikusi dute hitzarmenean jasotakoa enpresak ez duela betetzen. Hala gertatu izan da aurreko hitzarmenarekin, CCOOk eta UGTk sinatu zutenarekin.

Esaterako, enpresak amortizaziorik ez egiteko konpromisoa hartu bazuen ere, gaur-gaurkoz 20 egin dira jada, hitzarmen horren sinatzaileek onartu egin dituztenak. Bestalde, enpresak ez du betetzen eguneroko zerbitzuak publiko egiteko agindua. Enpresak ez ditu langileak aintzat hartzen; hala, adibidez, autobus lineak eta horietan jarduteko esleitutako langile taldeak nahastu egiten dituzte alde sozialaren oniritzirik gabe, eta gerora helarazten dute informazioa. Guzti horrez gain, beste hainbat egoerari egin behar diete aurre egunerokoan: langile gutxi, azpikontratazioak eta abar.