2025-12-30
Blog Page 230

Bizkaiko esku-hartze sozialeko beharginak kalera atera dira, hitzarmen duina aldarri

Maiatzaren 24an eta 25ean greba sektoriala deitu dute, patronalari benetako negoziazioa ahalbidetu dezan eskatzeko eta, era berean, administrazio publikoen inplikazioa eskatzeko.

LABek, ELAk, CCOOk eta ESK-k deitu dituzte datorren asteko greba egunak; izan ere, sektorean hitzarmena berritzeko negoziazioetan dihardute, eta gaur-gaurkoz ez dute behar besteko aurrerapenik ikusi, patronalaren jarrera itxia tarteko. Horrez gain, baina, administrazio publikoek ere bazter utzi dituztela salatu dute, eta dagokien erantzukizunari heltzeko exigitu diete langileek Bilboko kaleetan.

Besteak beste, eros-ahalmena bermatzearekin, laneko segurtasunarekin, lanorduekin edota berdintasunarekin loturiko aldarrikapenak dituzte Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko sektorean.

Hauteskunde sindikaletan emaitza onak izaten jarraitzen dugu #ZurekinBagara

Hauteskunde sindikalen aldi trinkoan murgilduta, emaitza onak izaten jarraitzen dugu hainbat lan-zentrotan. Horren erakusgarri azken hilabeteotako emaitza batzuk, langileek gure proiektu sindikalari ematen dioten babesaren isla.

Udalei dagokienez, hauteskunde sindikalak irabazi ditugu Bergaran (gehiengo absolutuarekin) eta Galdakaon. Irakaskuntzan, ordezkaritza osoa lortu dugu Pasaia-Lezo lizeoan, Altsasuko Iñigo Aritza ikastolan eta Laudioko ikastolan. Beste lan-zentro batzutan ere lortu dugu ordezkaritza osoa, hala nola Tafallako Carnicas Galarren eta Biasteriko Bodegas Viña Realen.

Zenbait lantegitan lehen aldiz lortu du LABek ordezkaritza, besteak beste, Piher Tudelan eta Orikaingo Avient enpresetan, azken honetan hauteskundeak irabaziz.

Bestalde, ordezkaritza handitu du LABek lan-zentro batzutan, hala nola Nafarroako Auzo Lagun catering enpresan (12tik 15era), Agoizko San Jose zaharren etxean (1tik 3ra), Oarsoaldeko garapen agentzian (1etik 5era), Plasticos Gernikan (0tik 1era), Fronerin (3tik 4ra).

Aipatutakoez gain, Eltziegoko Marques de Riscal hotelean eta Arabako eskola garraioko CIDI SA enpresan lehen indarra izan gara.

UGTk gutxiengoan Gureak Nafarroan sinatu duen aurreakordioa salatu dugu, Enpresa Batzordeko gainerako kideak kontuan hartu gabe eta soldata igoerak KPIrekin lotu gabe

Iragan ortziralean, maiatzaren 12an, Gureak Nafarroako Enpresa Batzordeko gehiengoak (LABeko 4 ordezkari eta ELAko 1) jakin zuen UGTk (4) gutxiengoan sinatu zuela enpresarekin aurreakordioa, KPIari lotu gabeko soldata igoerak aurreikusten dituen hitzarmen baterako, eta, beraz, ez du ziurtatzen Gureakeko langileek ez dutela erosteko ahalmenik galtzen jarraituko. Akordioaren edukia salatzen dugu, baina baita ordezkaritza sindikalaren gehiengoa alde batera utzita akordioa lortu izana ere.

LAB sindikatuko ordezkariak engainaturik sentitzen dira, bi arrazoirengatik: batetik, denbora horretan lan egin dutelako langile guztiek lan baldintza duinen alde borroka bateratua egin zezaten; bertzetik, akordioan soldata igoeren zati bat ez dagoelako KPIari lotuta eta horrek erosteko ahalmena galtzea dakarrelako beti; plantillaren soldatak zenbatekoak diren kontuan izanik, hori ez da onartzen ahal.

Urtebete baino gehiago pasatu da Gureak Nafarroa enpresaren hitzarmenaren negoziazioak hasi zirenetik. LABek, UGTk eta ELAk osaturiko Batzordeak 2021. urtearen bukaeran hasi zituen negoziazioak, eta, langileen zati handi batekin batera, denbora horretan grebak, lanuzteak, mobilizazioa eta hainbat ekintza egin dituzte, enpresak langileendako benetako negoziazio duina egiteko konpromisorik ez duela salatzeko.

Gureak Nafarroa enplegu zentro berezia da; postontzietan banaketa lanak egiten dituzte edo piezak egiten dituzte Industriako bertze edozein enpresak bezala. Baina soldata gehienak ez dira mila eurora iristen. Gainera, etekin handiak lortzen dituen arren eta Nafarroako Gobernuak milioi askoko diru-laguntzak ematen dizkion arren, Gureak ez da inoiz mugitu Enpresa Batzordearekin egiazko negoziazio bat egiteko.

LAB sindikatuak eta gure delegatuek jarraituko dugu salatzen KPIari loturiko hobekuntzak eta soldata-igoerak aurreikusten ez dituzten akordioak; langileek erosteko ahalmena gal ez dezaten lanean jarraituko dugu. Eta, nahiz eta enpresen eta UGTren arteko akordio itxietara ohituta gauden, aurrean izanen gaituzte, langileak dauden tokian.

Erasoen aurrean, elkarbizitza demokratikoa aldarrikatu du LABek

Azken asteotan elkarbizitza demokratikoaren aurkako eraso gehiago ezagutu ditugu, hala nola estatuaren indarkeriaren biktimen izen-abizenak jasotzen dituzten webgune instituzionalen edota udal hauteskundeetako zenbait hautagairen aurkako kanpainak.

Eraso horiek oso larriak dira, Euskal Herrian elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko ibilbidea zapuzteko helburua baitute. Era berean, mota honetako erasoak hauspotuz, hala bertako nola Estatuko eskuinak botere instituzionalari eutsi edota botere instituzionala bereganatu nahi du, ezker independentismoa ahulduz eta oro har ezkerreko aliantzak zapuztuz. Herri honetan egon den eta dagoen samina interes alderdikoiekin erabiltzea erabat nardargarria da.

Eraso horien aurrean, LABek argi dauka zein den erantzunik onena: elkarbizitza demokratikorako ibilbidean sakontzea; herritar guztiei eskubide guztiak (eskubide zibil, politiko eta sozialak) bermatzeko neurriak hartzea; bakea, justizia eta herri burujabetzan oinarritutako etorkizun kolektiboaren alde urratsak ematea.

Ildo honetan, EH Bilduko hautagaiek egin bezala Euskal Herriko beste eragileok ere badugu zereginik elkarbizitza demokratikoaren alde, eremu sozialetik hasi eta instituzioetaraino. Hurkoa erasotu baino, norberak egin dezakeen ekarpenaren inguruko gogoeta zintzoa da beharrezkoa. Ildo horretan lan egiten jarraituko du LABek.

Egiten duten lanaren izaera publikoa aldarrikatu eta horren araberako hitzarmen duina aldarrikatzen ari dira Indesa 2010eko langileak

Gaur hasi eta maiatzaren 20ra arte hainbat mobilizazio egingo ditu Indesa 2010 SL Enplegu Zentro Bereziko enpresa batzordeak, hitzarmen duina helburu. Gaur goizean Gasteizko Probintzia plazan egindako elkarretaratzea izan da lehenengo hitzordua. Amaitzeko, larunbatean, hilak 20, manifestazioa deitu dute.

Indesa 2010eko langileek ia lau urte daramatzate negoziaketekin, ezer gutxi aurreratu gabe. Horren arrazoia, hein handi batean, Lanpostuen Balorazioaren Txostena da, zuzendaritzaren gertuko enpresa batek egina eta Indesa 2010 Slko administrazio kontseiluak aldebakarrez onartua. Bada, txosten horrek, besteak beste, lanbidearteko gutxieneko soldataren azpitik dagoen oinarrizko ordainsaria jasotzera kondenatzen ditu ia 200 lankide. Kide horiek errendimendu baxuko kontratuak dituzte, eta %100eko lansaioan jardun arren, gutxienekoaren azpitik dauden soldatak jasotzen dituzte.

Lanbidearteko gutxieneko soldata igotzen da eta kategoria baxuenetako soldatak teilakatu egiten dira. Aldiz, KPIa izugarri igotzen da eta haiek ez dute ezertxo ere egiten, ditxosozko txostena ukitu ere ezin delako egin.

Langileek urteko lan orduak (gaur egun 1633) gutxitzeko eskatzen dute, langile publikoak direla aldarrikatuta. Era berean, antzinatasuna kobratzeko eskubidea bezalako beste zenbait aldarrikapen dituzte.

Bestalde, promozioen batzordea sortzea ere ezinbestekotzat jo dute beharginek, eta beren hitza kontuan har dadila, bereziki apetaz egindako kontratazioak saiheste aldera.

Horregatik guztiagatik atera dira gaur kalera, eta datozen egunetan ere hala egiten jarraituko dute. Honako hauek dira bihartik aurrera antolatu dituzten hitzorduak:

  • Maiatzak 17, asteazkena, 10:30ean Jundizko garbitegiaren atean, langileen atsedenaldian.
  • Maiatzak 18, osteguna, 17:00etan Batzar Nagusietan. Enpresa batzordearen elkarretaratzea.
  • Maiatzak 20, larunbata, 12:00etan Probintzia plazatik abiatuta: manifestazioa.

Ez ditugu karteldegi defizitarioak onartzen eta azalpenak exijitzen ditugu Langraitzeko Bizi Euskarri Aurreratu Medikalizatu berriaren funtzionamenduari buruz

Gaur, maiatzak 16, elkarretaratzea egin dugu Osakidetzaren Gasteizko egoitza nagusiaren aurrean, larrialdietako baliabide berriaren lan-baldintzei buruzko informazioa eta gardentasuna eskatzeko, bereziki urteko egutegiari, lan-karteldegiari, atsedenaldiei nahiz oporrei dagokienez.

Osakidetzako larrialdietako langileen batzordeak (LAB-ELA-CCOO-SATSE-ESK-SME-UGT) zerbitzu horretako zuzendaritzara jo izan du nola kudeatuko den jakin nahian, baina, hainbat bilera izan ostean, emandako informazioa oso urria da eta ez du zehatz-mehatz azaltzen urteko karteldegi guztia.

Oraingoz, langileen ordezkariei jakinarazi zaie karteldegi bat aurreikusten dela, baina ez da lan-baldintzei buruzko akordioan eskatzen den urteko gutxieneko lanaldia (1592 ordu) betetzeko behar bestekoa. Beraz, karteldegi defizitarioa da.

Horrez gain, bi hilabeteko aurrerapenarekin eman nahi dute karteldegia, familia-kontziliazioa bezalako eskubideak urratuz. Horregatik, langileek urteko karteldegia izatea eskatzen dute.

Osasun-baliabide berrian, oporraldiak unitateko langileen artean bete beharko dira. Hau da, ez da Osakidetzako kontratazio-zerrendetara joko oporretan dauden kideen hutsuneak betetzeko. Gauza bera gertatuko da lizentzia-egunen kasuan. Horrek etengabeko egutegi-aldaketak dakartza, eta, ondorioz, prekaritatea ere bai.

Horregatik guztiagatik, sindikatuok azpimarratu nahi dugu ez gaudela ados proposatutako planteamenduarekin; izan ere, lan-eskubideen galera dakar: kontziliazio-eskubideari eragiten dio, ez du aukerarik ematen oporrak hartzeko langileen artean adostutako moduan txandakatzeko (Osakidetzako hitzarmenean ezartzen den bezala), eta, gainera, zerbitzuaren esanetara egon behar izatea dakar, une oro zerbitzuaren beharrak bete ahal izateko.

Azkenik, salatu nahi dugu zuzendaritzak ez duela negoziatzeko borondaterik, eta sumatzen dugula Langraizko eredua EAEko gainerako larrialdi-taldeetara zabaldu nahi dela.

Osakidetzako garbiketako greba deialdia luzatu dugu

Osakidetzako garbiketa-zerbitzuaren enpresa esleipendunetako langileok hilabete eta erdi baino gehiago daramate greban, lan-baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin homologatzea helburu duen hitzarmena defendatzeko. Hala, aste amaierara arte deitua zegoen greba hilaren 28ra arte luzatu dute, eta, gainera, datorren astelehenetik aurrera kanpaldia egingo dute Gurutzetako ospitalearen aurrean.

Bere garaian inplikatutako hiru alderdiek (enpresak, langileok eta Osakidetza) onartutako joko-arau horien arabera jardun izan dute hainbat urtez. Hala ere, enpresa eta Osakidetzako zuzendaritza homologazio-printzipioa hausten ari dira, uko egin baitiote Osakidetzako langileei azken urte hauetan aplikatu zaien gaiak egokitzeari eta aplikatzeari.

Ez gara homologaziotik haratago doazen gaiak aldarrikatzen ari, EZ! Besterik gabe, Osakidetzako langileen baldintzen homologazioari eustea eskatzen ari gara: garapen profesionalaren deialdietara sarbidea izatea; txanda-kontratuari lotutako erretiro partziala hartzea; lanpostu hutsak betetzeko sistema bidezkoagoa eta objektiboagoa… Azken batean, eskatzen ari gara lan berdina egiten dugunean, baldintza berdinak izatea.

Enpresa esleipendunek eta Osakidetzako zuzendaritzak pilota elkarri botatzen diote, eta garbiketa-zerbitzuko langileak, berriz, beharrik gabe luzatzen ari den bidegabekeria handia jasaten ari dira.

Egoera horrek mobilizatzera eta sektorean grebak deitzera bultzatu gaitu. Ez gaude prest dagokiguna galtzen uzteko. Dagokiguna defendatzeko erabaki irmoa dugu. Ildo horretan, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek osatutako sektoreko gehiengo sindikalak bi ekimen plazaratu nahi ditu gaurko egunean: alde batetik, greba-deialdia maiatzaren 28ra arte luzatzea erabaki dugula; eta, bestetik, datorren astelehenetik aurrera, maiatzaren 22a, Gurutzetako Ospitalearen aurrean egingo dugun Kanpaldia.

Maiatzean, gehiengo sindikalak keinu bat egin du negoziazioan planteamendu berri bat eginez; hala ere, enpresak intrantsigente agertu dira, eta Osakidetzako zuzendaritzak ez dio eskaintzari erantzun. Horregatik, Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko langileok protesta gogortu egingo dugu datozen egunetan. Azkenik, mezu bat bidali nahi diegu enpresa esleipendunei eta Osakidetzako zuzendaritzari: iraingarria egiten zaigu zuen jarrera, baina argi gera dakizuela eta ez izan zalantzarik; ez gara geldituko duela hamarkada batzuk lortutakoari eutsi eta mantendu arte; alegia, Osakidetzako langileekiko lan baldintzak homologatu arte.

Hilaren 23an eta 24an grebara joko dugu Arabako egoitza pribatu eta etxebizitza komunitarioetan

LABek eta ELAk bi greba egun deitu ditugu Arabako adinduen egoitza pribatuetan eta etxebizitza komunitarioetan, Arabako lehen hitzarmenaren negoziazioan patronalen blokeoa dela eta. Otsailaren 21ean azken negoziazio mahaia izan genuen. Gaur egun patronalak oraindik ez digu erantzun sindikatuok mahai gainean jarritako proposamen ekonomikoari eta agerian utzi digu negoziatzeko duen jarrera eskasa.

Arabako adinduen egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek topera lan egiten jarraitzen dute, haien lanetik eratorritako gero eta gaitz gehiagorekin gainera, eta urteko lanaldi oso luzeekin; hori gutxi balitz, gero eta zailagoa egiten zaie hilabete amaierara iristea.

Lau urte baino gehiago daramatzagu sektore honetarako hitzarmen bat eskatzen, baldintza duinak bermatzeko. Hilaren amaierara iritsi ahal izateko, beharrezkoa da soldatak igotzea eta gure bizi-baldintza materialak hobetzea.

LABek eta ELAk sektore feminizatu honetako langileak eskertzeko eta baloratzeko premia aldarrikatzen dugu beste behin ere. Funtsezko sektorea da, eta emakume horiek adinekoen bizitzari eusten lan egiten dute. Zaintza-sektore honen lana egiteko baldintzak behingoz behar bezala arautzea eskatzen dugu, egoitza pribatuen eta hirugarren adinekoen etxebizitza komunitarioen sektoreko langileek betetzen duten funtsezko funtzioa duintzeko.

Arabako Foru Aldundia interpelatzen dugu, batez ere Emilio Sola diputatua, Arabako erresidentzien alde ez egiteagatik eta Arabako I. Hitzarmena izatearen garrantzia mahai gainean jartzeko. Askotan aldarrikatu dugunez, zaintzak publikoak izan behar dira, eta ez negozio iturria. Irabaziak lehenesten dituena negozioa da, eta ez zaintza.

Patronala (CREA, CEA EUSKADI, LARES) interpelatzen dugu Arabako I. Hitzarmena negoziatu nahi ez izateagatik. Hitzarmen duin batez ari gara hizketan.

Aurrera egin behar dugu. Maiatzaren 23an eta 24an hitzordu garrantzitsua izango dugu, grebekin bat egin beharko dugu gehiegizko gutxieneko zerbitzuek uzten duten neurrian, indarrak batu eta kaleak betetzeko.

Maiatzaren 23 eta 24rako aurreikusitako mobilizazioak honako hauek izango dira:

-Maiatzaren 23an, manifestazioa. 11:00etan abiatuko da Plaza Berritik eta Diputazioan amaituko da (Probintziako plazan).

-Maiatzaren 24an, 11: 00etan, (Los Desamparados plazan) kontzentrazioa egingo dugu kaleko egoera gizarteratzeko, eta 12:30ean manifestazioa, Los Desamparados plazatik abiatuta, erdialdeko kaleak zeharkatuz eta berriz ere Los Desamparados plazan amaituz.

Horregatik guztiagatik, bada garaia sektore honetako langileak eskertzeko eta baloratzeko, eta probintziako hitzarmena eta baldintza duinak izan ditzaten behingoz.

Aspel patronalaren barruko enpresak interpelatu ditugu, eta eraikin eta lokalen garbiketan hitzarmen duina aldarrikatu

Gipuzkoako eraikin eta lokalen garbiketako hitzarmena berritu gabe dago 2018tik. Otsailaren 9an mahai negoziatzailea berraktibatu zen, baina, momentuz, Aspel patronalak mahai horretan egindako proposamenak ez dira gutxienekora hurbiltzen, eta, gaur-gaurkoz, mahai hori blokeatuta dagoela esan daiteke. Horregatik, LABek protesta ekintza bat egin du patronal horren parte diren Eulen eta Samsic enpresetan. Bi enpresa horiek, beste hainbaten artean, milaka langilek bizi duten prekaritate egoeraren erantzule direla salatu dugu.

Egoera ikusita, LABek otsailean iragarri zuen borrokari berrekiteko asmoa. Izan ere, soldata duina ezinbestekoa da LABentzat eraikin eta lokalen garbiketako langileen kasuan. 2023an 1.300 euroko hamabost ordainsari jasotzea eskatzen dugu, eta, horrez gain, KPIaren araberako soldata igoerak bermatzea.