2025-12-29
Blog Page 223

Erkorekari exijitu diogu hizkuntza eskubideak errespetatzeko

Suhiltzaileei froga psikoteknikoa euskaraz egiteko aukera ukatu zieten.

Gipuzkoako Foru Aldundiko LABek jakinarazi duenez gaur bertan kexa eta eskaera aurkeztu dizkio Barne Sailburua den Josu Erkorekari Arkaute Akademiak hizkuntza eskubideak errespeta ditzan. Eta beraz, horrela eskatzen duten hautagaiek froga euskaraz errepikatzeko aukera izan dezaten. Eskaera berdina egin dugu ELEBIDE eta Hizkuntza Eskubideen Behatokian ere.

Izan ere,  Gipuzkoa eta Arabako suhiltzaileen zerbitzuetarako EPE deialdian ez zen froga psikoteknikoak euskaraz egiteko aukerarik izan. Arartekoak dagoeneko ebazpena egin du eta LABek ebazpen horri bide emateko eskatzen du.

Gasteizko tranbian lan eta segurtasun baldintza duinen alde borrokan ari gara

Maiatzaren 25ean, langileen asanbladak proposamen bat bidali zion enpresako zuzendaritzari greba bertan behera uzteko. Enpresak erantzunik eman ez zuenez, maiatzaren 26an greba-eguna egin zen, %100eko jarraipena izan zuena, eta gutxieneko zerbitzuak soilik atera ziren. Gaur ere lanuztea egin dute goizean, eta arratsaldean beste horrenbeste egingo dute, 16:00etatik 18:00etara. Gainera, hilaren 16ra arte egunero bi lanuzte egingo dira aste barruko egunetan.

Baina orduz geroztik langileek ez dute inolako komunikaziorik izan enpresaren aldetik, nahiz eta grebak arrakasta izan eta proposamen bat egin. Proposamen horretan, gainera, lanegunetako txandetarako enpresaren proposameneko ia baliabide berberak jasotzen ziren.

Harrigarria bada ere, enpresak Lan Harremanen Kontseilura (LHK) deitu zituen langileen ordezkariak atzo, ekainaren 5ean, eta asteburuetako librantza hobetu du, baina bere txanda-eskaintza azken LHKn aurkeztutakoaren berdina da, hau da, lan-karga handiko txandak, gidatze-ordu asko… eta horrek eragin zuzena du bai Euskotreneko langileen egunerokoan, bai erabiltzaileen segurtasunean. Enpresari galdetuta ea langileen asanbladak maiatzaren 25ean egindako proposamena aztertu duten edo balorazioren bat egingo duten, erantzuna ezezkoa izan zen.

Etenaldi baten ondoren, enpresaren proposamena bozkatu zen. Batzorde Iraunkorreko 3 ordezkarik aldeko botoa eman zuten, eta beste hiruk kontrakoa. Gainerakoak ez zeuden, beraz, adostasunik gabe itxi zen.

Ondoren, langileen batzarra egin zen goizez, eta 15:30ean arratsaldez. Bozketetan, parte-hartzaile gehienek enpresaren proposamenaren aurka bozkatu zuten, eta, gainera, lanuzteak bertan behera ez uztea erabaki zen. Beraz, LABek CCOOren babesarekin erregistratutako lanuzteek aurrera jarraitzen dute.

LABek ez du ulertzen zuzendaritzaren jarrera hori, ez baitago prest bere azken eskaintzaren hobekuntzarik eztabaidatzeko edo negoziatzeko. Ostegunean enpresako zuzendaritzarekin Batzorde Iraunkorreko bilera dago deitua, zeinetan Gasteizko egoitzako lan-txandei buruz hitz egingo den. Ikusteko dago negoziazio bat egin daitekeen edo sindikatu batzuek Gasteizko egoitzako langileen gehiengo zabal batek baztertutako lan-txandei onespena emateko besterik ez den.

Gertatzen dena gertatzen dela, Gasteizko tranbiako langileek lan-baldintza hobeak lortzeko borrokan jarraituko dute, eta erabiltzaileen zein langileen segurtasuna hobetzeko asmoa daukate.

Bihar, ekainaren 7an, 9:00etatik 10:00etara, elkarretaratzea egingo dute Legebiltzarraren aurrean, gatazka agerian uzteko.

LAB, Bizkaiko eraikuntzaren hitzarmenean borrokatzeko prest

Bat egingo dugu ekainerako deitutako grebekin, baina planteamendu eraginkorrago baten beharrizana nabarmendu dugu.

CCOOk ekainaren 9 eta 16rako 4 orduko lanuzteak deitu ditu sektorean; ELAk, berriz, 24 orduko grebak deitu ditu egun berberetan. Bada, LABen honako irakurketa hau egin dugu:

Egungo egoeraren erantzule nagusiak CCOO eta UGT sindikatuak dira, 2023. eta 2024. urteetarako soldata igoera negoziatu gabe utzi baitzuten hitzarmena sinatzean. Orduan, LABek ohartarazi zuen horrek zer nolako arriskua zekarren.

Patronalak uko egin dio sektoreko langileen erosahalmena bermatzen duten soldata igoerak aplikatzeari, eta, horren aurrean, lanuzteak eta grebak egiteko bi deialdi desberdin egin dira egun berberetarako.

Bat gatoz greba eta lanuzte horien helburuarekin, hau da, KPIa bermatzearekin, eta horregatik uste dugu beharrezkoa dela borroka eraginkorrerako planteamendu bat. Kasu honetan, baina, deialdiek ez dutela halakorik bermatzen, lanuzteak eta grebak, deitzeaz gain, landu egin behar direlako.

Hala eta guztiz ere, eta sektorean ekainaren 9 eta 16rako deitutako mobilizazioen aurrean, Bizkaiko eraikuntzaren egungo errealitateak eskatzen du LABek 24 orduko greba egunekin bat egitea. Horregatik, sektoreko langile guztiei dei egin diegu ekainaren 9an eta 16an egun osoko greba horietan parte hartzeko.

Labanak Eskuan aurkeztu dugu, Gipuzkoako ostalaritzako langileen defentsarako plataforma berria

Gaur, 2023ko ekainaren 5a, LAB eta ESK sindikatuok agerraldia egin dugu Labanak eskuan plataforma langileei eta herritarrei aurkezteko asmoz.

Zergatik eta zertarako jaio da Labanak eskuan? Bada, 2023ko apirilaren 21ean Gipuzkoako Ostalaritzako Hitzarmen berria sinatu genuen LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok. Negoziaketa eta hitzarmen horren inguruan, LAB sindikatutik gure iritzia argi utzi nahi izan genuen: poztasunez hartu genuen Hitzarmen berriaren sinadura; izan ere, aurreko Hitzarmenak 2010.urtean galdu zuen indarraldia eta, geroztik, sektorea arautu gabe egon da.

Jakin badakigu askotarikoak izan direla sektoreko langileek jasan behar izan dituzten abusuak: askok eta askok lan-kontraturik gabe egin izan dute lan, legezko lanaldia baino ordu gehiago sartuz, lanaldien arteko 12 orduko atsedena errespetatu gabe, behar bezala kobratu gabe, etab. Abusu horren adibide garbienetako bat urte hasieran ezagutu genuen, lan-esplotazio egoera baten berri eman zutenean komunikabideek.

Garai horretan, LAB eta ESK sindikatuak izan ginen egoera hori salatzera irten ginen sindikatu bakarrak eta, oraingo honetan ere, asmo berdinarekin gatoz: Argi dugu ostalaritza, izatez, sektore prekarizatua dela eta urteetan zehar Hitzarmenik ez egon izanak
prekaritate hori betikotu izan duela. Hortaz, Hitzarmen berriagatik poztu arren, jarrera kritikoa ere badugu: hitzarmen berriarekin eta langileen lan-baldintzak egungo errealitatera moldatuz, sektorea nolabait duintzea lortu dugula uste dugu. Aldiz, ezinbestekoa iruditzen zaigu Hitzarmen berriak eskaintzen duen arauketa osotasunean aplikatzen dela ziurtatzea; hau da, hitzarmen berriaren sinadura egitate eraginkorra bilakatu nahi dugu.

Helburu horrekin sortu dugu ‘’Labanak eskuan’’. LAB eta ESK sindikatuok kudeatuko dugun plataforma honen bidez, Hitzarmen berriaren aplikazio ezak sorraraz ditzakeen egoera ilegal eta irregularrak salatu nahi ditugu eta, bide batez, Lan Ikuskaritzaren jardun eraginkorra eskatu nahi dugu.

Egoera ezberdinei modu koordinatuan erantzun ahal izateko, protokolo bat gauzatu dugu. Bertan jaso dugunez, baliabideak sortu ditugu langileek gurera jo ahal izan dezaten: sare sozialak eta harremanetarako kontaktuak erraztuko ditugu eta, kasuan kasu, aproposen iruditzen zaigun irtenbidea eskainiko diogu egoera bakoitzari.

Hau da, Gipuzkoako Ostalaritzan lan egiten duten pertsonek gugan babesa eta euskarria topatu ahal izan dezaten nahi dugu. Edozein motatako egoeraren aurrean, bi sindikatuak eta elkarlanean sortutako plataforma langileak laguntzeko tresna izango
dela azpimarratu nahi dugu.

Beraz, hasieran aurreratu bezala, prentsaurre- koaren helburua horixe da: langileriari eta herritarrei gure plataforma aurkeztea.

Hau eginda, azken mezu bat helarazi nahi diegu sektoreko langileei: aurrerapausoak ematen jarraitzeko, denon parte hartzea ezinbestekoa da. Hortaz, Gipuzkoako ostalaritzan lan egiten duzuen guztioi antolatzeko deia luzatzen dizuegu.

Bilbao Kirolak-eko kirol instalazioez arduratzen diren lorezainen kolektiboak, ENVISER enpresako langilez osatuak, greba mugagabea hasiko du datorren astelehenean

Urte eta erdi igaro da lan-baldintzen hobekuntzak negoziatzeko proposamen bat egin zenetik, horrela udaleko gainerako lorezainekin alderatuta ekiparazioan aurrera egin ahal izateko, 16 urte berritu gabe daramatzan Hitzarmena hobetuz. Enpresaren erantzun bakarra baldintza horiek nabarmen murriztea izan da.

Ondorioz, greba egingo dute langileek, eta horrek arrisku larria dakar Bilbaoko Udalaren mendeko udako igerilekuen irekiera-datako baldintzen egokitasunari dagokionez, eta, beraz, horiek irekitzea bera ere arriskuan jartzen da.

“Sindikatu gisa gai izan behar gara langile migratu edo arrazializatuen eskubideen defentsarako nahiz antolakuntza kolektiborako tresna erabilgarriak sortzeko”

Sindikatuak arrazakeriaren aurkako estrategia aurkeztu du Bilbon, eta bertan parte hartu dute, besteak beste, Idazkaritza Antirrazista sortu berriaren arduradun Josefina Txefi Rocok, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak, Huerta de Peraltako enpresa komiteko presidente eta LABeko ordezkari Houssine Yagoubik, eta Jannet Carmonak, garbiketa sektoreko ordezkaria Bilbon. Azken bi horiek beren lekukotzak partekatu dituzte LAB osatzen duten beste hainbat pertsona arrazializatu edota migratzaileen izenean.

LABek Idazkaritza Antirrazista sortzea erabaki zuen 2022ko ekainean, azken Biltzar Nagusian, sindikalismo berri baten aldeko apustuaren baitan.

Pertsonen administrazio-egoera, arraza edo erlijioa, besteak beste, egunero erabiltzen dira langile migratuen edota arrazializatuen eskubideak urratu, diskriminatu eta xantaia egiteko. Horrela, sistema kapitalista-kolonialak eta patriarkalak lehen, bigarren edo hirugarren mailako subjektuak sortzen ditu, eta desberdintasun horietatik etekinak ateratzen ditu, langileen artean lehia faltsuak sorrarazten dituelarik.

LABek pertsona guztiek eskubide eta aukera berberak izan beharko lituzketela defendatzen du. Beraz, sindikatu gisa, egoera horiek guztiak ondo irakurtzeko gai izatea eta langile migratuen edota arrazializatuen eskubideak eta antolaketa kolektiboa defendatzeko tresna baliagarriak sortzea du helburu. Zor koloniala konpontzen laguntzeko ez ezik, lankide horiek Euskal Herrian ekarpen sozial eta politiko handia egiten dutelako eta hori aitortu eta balioetsi behar dela uste duelako hartu du bide hori LABek.

Bada, aurkezpenean azpimarratu dutenez, LABen sindikalismo berria ez litzateke posible izango Huerta de Peraltako lankideen, etxeko langileen atalekoen, banaketa-plataformetakoen, garbitzaileen eta beste askoren ekarpenik izan ezean.

LAB sindikatuak arrazakeriaren aurkako sindikalismoa jorratzeko plan estrategiko bat dauka jada, prozesu kolektibo baten emaitza izan da eta lau dimentsio nagusi jorratuko ditu modu integralean:

1.- Kontzientzia sindikal antirrazista: Kontzientzia sindikal antirrazista garatzea da aurreiritzien, joeren eta arrazakeriaren presentzia identifikatzen zein eguneroko praktiketan halakoak desmuntatzeko lagungarri diren tresnak izateko lehen urratsa. Horrek LAB osatzen duten pertsona guzti-guztiak inplikatzen ditu. Aldi berean, subjektu politiko gisa migratutako eta arrazializatutako langileek LABen barruan elkartzeko, artikulatzeko eta aitortzeko lekua izan dezatela ahalbidetuko da, sare propioa sortu ahal izateko eta, hala, sektore, lurralde eta borroka guztietan ikusgarritasun eta bozeramailetza handiagoa izateko.

2.- Antirrazismoa sindikatu osoaren baitan: Antirrazismoak gai zehatzetan izan behar du isla: egituran, antolaketan, funtzionatzeko moduetan… Hala, hainbat gai berrikusi eta egokitu beharko dira langile migratuen eta arrazializatuen irisgarritasuna, presentzia eta parte-hartzea errazte aldera. Horretarako, gainera, prestakuntza politiko eta teknikorako prozesuak eta materialak sustatuko dira, antirrazismoa ezarri eta aurreiritziak, pribilegioak, beldurrak eta erosotasun-eremuak detektatu eta desmuntatzeko.

3.- Ekintza sozio-sindikal antirrazista: Ekintza sozio-sindikal antirrazista bultzatzea, langile horien baldintza eta errealitate zehatzetatik abiatuta, beraiek izango baitira protagonista, borroka eta antolaketa kolektiborako modu berriak birsortuz eta esploratuz.

4.- Eragin soziala eta politikoa: LABek ekarpen sozial eta politikoa egin nahi du guztiontzako eskubideak eta aukerak izango dituen Euskal Herria eraikitzeko. Ildo horretan, proposamenak egin eta neurri politikoak exijituko ditu.

Langabeziak behera egin arren, jada afiliazioak ez du gora egiten

Hego Euskal Herrian 137.287 langabetu daude, apirilean baino 1.558 gutxiago. Langabeen artean, emakumeak dira gehiengoa (%58,68), hilabetez hilabete handitzen ari den kopurua. 25 urtetik gorakoen kasuan, proportzioa are eta handiagoa da, %59,74 baitira emakumeak. Beraz, esan genezake, langabeziaren zama emakumeen bizkar handitzen ari dela.

Hilabetez hilabete handitzen ari den beste kolektiboa aurretik enplegurik ez zuten herritarrena da, bereziki migratuen kasuan (apiriletik %2,58 egin du gora aurretik enplegurik gabeko migratuen kopuruak).

Hego Euskal Herrian 4 kontratutik hiru behin behinekoak dira (%74,07a). Mugagabeen artean, aldiz, aldizkako finkoek gora egiten jarraitzen dute, duela urte bete baino %1,39 aldizkako finko gehiago daude. Maiatzean, emakumezkoen artean egin du gora nabarmen, %5,3 baitziren aldizkako finkoak, gizonezkoen artean %2,8a ziren bitartean. Maiatzean 16.573 kontratu gehiago sinatu ziren aurreko hilabetearekin alderatuta, baina afiliazio datuak kontutan izanik, aldizkako finkoen gorakadaren ondorio izan daitekeela esan daiteke, aldizkako prekarioak areagotu direlarik, eta ez kalitatezko enplegua.

Langabeziak izan duen jaitsiera aztertzerako orduan, kontuan hartu behar dugu afiliazioak ere behera egin duela. Izan ere, jende gutxiago dago enplegu bulegoetan izena emanda, arrazoi ezberdinengatik. Beraz, langabe kopuruaren jaitsiera horren atzean, jubilatu diren, lana topatzeko itxaropena galdu duten edota ezkutuko ekonomiara pasa diren herritarrak egon daitezke.

Inskribatuta dauden langabe kopuruak behera egiten jarraitzen du, baina adierazle ekonomiko eta sozial gehienek egoera okertzen ari dela azpimarratzen dute. Izan ere, bizi unitateen kontsumoak behera egiten jarraitzen du eta gero eta herritar gehiago dago egoera zaurgarrian. Bizitza gero eta garestiagoa da, langile zein pentsiodunen erosahalmenak galerak dituen bitartean; arrakala gero eta handiagoak daude eta eremu ezberdinetara zabaltzen ari dira; zerbitzuetan oinarrituriko ekonomia eredu prekario zein ezegonkorra nagusitzen ari da; naturaren mugak errespetatzen ez dituen eredu sostengaezina iraunarazten da… Horiek
guztiak dira egoera estrukturalaren adierazleak, bata bestearen atzetik kateatzen ari garen krisiek gure egunerokoan instalatuta utzi dituzten baldintza berriak.

Azken hilabeteetan areagotu diren mobilizazioek langileen artean dagoen ezinegonaren adierazle dira, indarrean dauden politika publikoen eraginkortasun eza salatzen dutenak, aldaketa sozial, ekonomiko eta politikoa eskatzen dutenak. LAB sindikatuak langile klase osoaren lan zein bizi baldintzak defendatzen jarraituko du nonahi, langileekin eta langileentzat.

Osakidetzako garbiketa zerbitzuko langileek hilaren 30era arte luzatuko dute greba

LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek osatutako gehiengo sindikalak, egungo egoeraren balorazioa egin ondoren, greba deialdia ekainaren 30era arte luzatzea erabaki du. Gaur goizean Gasteizko Legebiltzarraren aurrean mobilizatu dira hitzarmen duina aldarrikatu eta homologazioaren printzipioa defendatzeko.

Guztira 2 hilabete baino gehiago daramatzate greban, baina enpresa esleipendunak eta bezeroa, Osakidetza, ez daude akordio batera iristeko prest. Hiru aste igaro dira sindikatuek beren planteamenduetan mugimendu bat egin zutenetik, Lan Sailburuordetzak (gatazkaren alderdi bideratzaileak) eskatu zuen bezala, elkar ulertzea bilatze aldera, baina beste aldetik ez dute inolako berririk jaso.

Horregatik, hasitako borrokari jarraipena emango diote, eta ildo horretan, gehiengo sindikalak egutegi bat prestatuko du datozen egunetan, ekainean mobilizazioak eta ekintza puntualak uztartuko dituena. Dagokiena defendatzen jarraituko dute: homologazioaren printzipioa.

Azken garraiolariaren heriotza salatu dugu Jaurlaritzaren aurrean

Mobilizazioa egin dugu gaur Gasteizen, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuekin batera, Lakuan Eusko Jaurlaritzak duen egoitzaren aurrean, asteazkenean Agurainen hildako garraio sektoreko langilearen heriotza salatzeko. Urte hasieratik Euskal Herrian hildako 24. langilea izan da hau, garraio sektoreko 5.a.

Gogora ekarri dugu garraioaren sektorea dela laneko ezbehar gehien pairatzen dutenetako bat. Iaz 11 garraiolari hil ziren lan-istripuz. Ez gara nekatuko lan-istripuak lan-baldintza txarren eta prebentzio eta segurtasun-neurri faltaren ondorio direla salatzeaz.

Garraioaren sektorean gertatzen diren lan-istripu gehienak ekidin daitezke, eta horretarako borondate politikoa baino ez da behar, garraiolarien lan-eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak jartzeko, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere. Izan ere, oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan-baldintzak, lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan baldintzek elikadura osasuntsua eramateko sortzen dituen trabak, etab.

Prekaritatearekin amaitu behar da. Patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute jarraitu bete aldera begiratzen, bestela gertatutakoaren konplize izango dira. Lan istripu gehiagorik ez, ez garraioaren sektorean, ez beste inon!