2026-01-08
Blog Page 223

Asuncioneko langileek 14 greba egun gehiago deitu dituzte ekainerako eta irailerako

Asunción klinikako langileak, 3 eguneko lanuzteak eta 10 greba egun burutu eta gero, beste 14 greba egun deitu dituzte ekaina eta irailerako euren lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren alde.

Tolosako Invizako langileek zerbitzu publikoa eskaintzen dute, beste eskualde batzuetan Osakidetzak egiten duena baina lan baldintzak oso urrun daude.

Langileek 2021etik berritu gabe dute hitzarmena eta urte hauetan eman den KPIa kontuan hartuta, %12,2eko eros ahalmena galdu dute. Hitzarmen berriak besteak beste, galdutako eros ahalmena berreskuratu, KPIari erreferentzia egingo dion soldata igoerak eta 35 orduko lan astea lortu nahi dituzte.

Enpresak orain arte ez du erakutsi negoziatzeko inongo borondaterik eta abusuzko zerbitzu minimoak ezartzeko ahalegin guztiak egiten ari da, greba zapuztu nahian.

Hauek izango dira greba egunak:
Ekainak 7,8,9,12,13,19 eta 20
Irailak 13,14,15,18,19,28 eta 29
Elkarretaratzeak eta Kotxe-karabanak egingo dituzte ere egun horietan.
Ekainaren 12 eta 13an, 24 orduko akanpada egingo dute Triangulon.

Sidenor Azkoitian ebentualitatearekin eta lanpostuen suntsiketarekin amaitzea exijitu dugu

Sidenor Azkoitian urte asko daramatzagu enplegua nola suntsitzen den eta egiturazkoak diren zenbait lanpostutan ebentualitate amaigabea nola mantentzen den ikusten.

Azken 5 urteetan:

-110 langile gutxiago daude, 90 finko eta 20 behin-behineko gutxiago.

Langile batzuk, hainbat urte daramatzate behin-behineko kontratuarekin. Gaur egun, 16 langile inguruk 4, 5 edo 6 urte daramatzate aldi baterako kontratuarekin lanean.

Hau ezin dugu inondik ere onartu.

Izatez egiturazkoak diren lanpostuak behin behineko langileekin betetzen dituzte. Izatez egiturazkoak diren lanpostuak kontratekin betetzen dituzte. Azkoitiko lan-zentroko egiturazko lanpostu guztiak langile finkoekin betetzeko ordua da.

Hilabeteak daramatzagu enpresan 4 urte baino gehiago daramatzaten behin-behineko langileei lan-kontratu mugagabeak egiteko eskaera egiten Sidenor Azkoitiako zuzendaritzari, baina, enpresaren erantzuna beti EZEZKO IRMOA izan da, epe laburrean ez baitaukate langile finko gehiago egiteko aurreikuspenik.

Gai honekiko, SIDENOR Azkoitiako zuzendaritzak daukan utzikeria ikusita, egoera salatzeko azkenengo hilabeteetan Langile Batzordetik hainbat kontzentrazio egin ditugu lantegiaren sarreran. Orain, gure lankideek bizi duten egoera bidegabe hori publiko egiteko garaia dela iritzi diogu.

Baionako karriketan izan gara beste behin ere, erretreta erreformaren aurka eta sistema propioaren alde

Nekaezin jarraitzen dugu Macronen politika neoliberalak salatzen, eta mobilizazioekin aurrera jarraitzeko beharra nabarmendu dugu.

Intersindikalean artean ere onartzen ez gaituzten arren, LABeko ordezkari Argitxu Dufauk bere lekua hartu du pankarta nagusiaren aldamenean.

Erretreten erreforma kentzeaz gain, sistema publiko eta duina aldarrikatzen du LAB sindikatuak, Euskal Herrian eta Euskal Herritik eraikiko dena. Bitartean, frantses estatuarekiko konfrontazioaren bidean irmo jarraitzeko asmoa iragarri du Argitxu Dufauk, gaurkoan egin bezala.

Aldebakartasunez inposatu dute langile publikoentzako telelanaren dekretua

Sindikatu guztien kontrako posizioa izan du dekretu proposamenak

Pasa den maiatzaren 30ean Enplegu Publikoaren Euskal Kontseiluaren bilera egin zen. Bertan, administrazioak langile publikoentzat Telelana arautuko duen Dekretu proposamena ekarri zuen, kontseiluak aldeko edo kontrako iritzia eman zezan.

Sindikatu guztiok kontran agertu ginen, baita horrela bozkatu ere, baina Gobernuak, bere botoekin, foru aldundikoekin eta EUDELen ordezkarien beste birekin, Dekretu proposamenaren aldeko posizioa inposatu zuen.

Honek agerian uzten du Kontseilu honen izaera antidemokratikoa. Bertan administrazioak (langile publikoen patronalak) 12 ordezkari ditu. Aldiz langileok, sindikatuen bitartez, 6 ordezkari bakarrik. Hau da, administrazioak langileen ordezkaritzaren bikoitza du, eta horrela nahi dituen erabakiak edo posizioak inposatu ditzake. Urkullu, PNV eta beraiek agintzen duten erakunde guztietako ordezkariei gustatzen zaien formak dira, langileeen gainetik rodilloa pasatzearena.

LABek ezezko botoa eman zion Telelanaren Dekretu proposamenari, bertan plazaratu genituen arrazoi hauengatik:

– Gobernuak ez du Telelana langileen eskubide baten moduan formulatzen, administrazioaren esku geratzen den aukera bat moduan baizik, zeinaren arabera beraien interesaren arabera erabakitzen duten langileok telelanean egon gaitezken edo ez.

– Telelanak langileari sortzen dizkion gastuez (argia, Internet, gasa eta gainerako baliabideak…) ez du ezer aipatzen. Hutsune honek gastu guztiak langileen lepo gelditzeko arriskua dakar, edota gutxienez modu arbitrarioan erabakitzea.

– Kontrol mekanismo zorrotzak ezartzen zaizkigu langileoi; argi dago Gobernua errealitatetik urrun dagoela eta ez dela bere langileez fidatzen

– Langileon ordutegiaz eta honen erregistroaz ez du ezer arautzen, esplotazioa sustatuz.

Gobernuak beste behin aldebakartasunez geure lan baldintzak inposatzen ari da eta Negoziazio Kolektiboaren eskubidea urratzen jarraitzen du. Argi eta garbi izan behar dute egoera hauen aurrean langileok borrokatzen jarraituko dugula, eta LAB oraingoan ere aurrean edukiko dutela.

Nafarroako Gizarteratze eta Laneratze enpresen sektoreko langileen lan baldintzak hobetzea #LortuDugu

LABen ekintza juridiko eta sindikal onari esker, Nafarroako Gizarteratze eta Laneratze enpresen patronalak jakinarazi berri du erabaki dutela Estatuko Esku-hartze Sozialeko hitzarmena enpresa guztietan aplikatzea, salbu eta hitzarmen propioren batek edo jarduera espezifikoren batek arautzen dituen enpresetan. Horrek hainbat hobekuntza ekarriko ditu soldatetan eta eskubideetan (osagarriak, bajak, lanaldia, baimenak, etab.), bai laneratzeko prozesuan dauden pertsonei laguntzen dieten langileentzat, bai pertsona horientzat beraientzat. Lehen urrats hau oso garrantzitsua eta beharrezkoa da lan baldintzak duintzeko, eta hurrengo urratsa izan beharko litzateke Nafarroako hitzarmen sektorial baten negoziazio mahaia irekitzea.

Sektorea ez dago oso sindikalizatua, eta enpresa horiek 500 pertsona inguru enplegatzen dituzte; alde batetik, gizarteratzeko eta laneratzeko prozesuan dauden pertsonak laguntzen eta artatzen dituzten langileak; eta, bestetik, pertsona kalteberak edota gizartean bazterketa egoeran daudenak edo egoera horretan egoteko arriskuan daudenak, prozesua osatu arte gehienez hiru urtez kontratatu daitezkeenak. Orain, LAB sindikatuaren ekintza juridiko eta sindikalari esker, gizarteratzeko eta laneratzeko enpresetako langileek beren lan balditzak hobetuko dituzte.

Laneratzeko prozesuan dauden pertsona gehienek lanbidearteko gutxieneko soldata kobratzen dute modu sistematikoan eta justifikaziorik gabe. Patronalak argudiatzen zuen ez dutela sektoreko hitzarmen kolektiborik haiek arautzeko, eta, gainera, laneratzeko prozesuan dauden pertsonak lanbidearteko gutxieneko soldatari lotuak izango liratekeela, nahiz eta ez zuten argudio handirik. Enpresa batzuek jardueraren hitzarmena aplikatzen zuten, beste batzuek hitzarmen propioa eta askok bat ere ez.

Irmo defendatu izan dugu 2019az geroztik enpresa horiek Estatuko Esku-hartze Sozialeko hitzarmenak arautzen dituela, lanean sartzen ari diren pertsonak ere hala daudela eta gutxienez 4. multzoari dagokiona ordaindu behar zaiela. Hori litzateke enpresa horietan aplikatu beharko litzatekeen gutxieneko soldata, nahiz eta badakigun batzuek baldintza handiagoak aplikatzen dituztela; ados gaude horrekin eta ongi baloratzen dugu.

Hala, 2020an epai aintzindari bat irabazi genuen, eta 2021ean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren errekurtsoa ere irabazi genuen, zeinetan judizialki onartu eta berretsi baitzen LAB sindikatuaren jarrera: berariaz esaten da gizarteratze eta laneratze enpresak Estatuko Esku-hartze Sozialeko hitzarmenaren funtzioen eremuan daudela, eta lanean sartzeko prozesuan dauden langileak ere hitzarmen horren eremu pertsonalaren barruan daudela.

Horren ondoren, betiere lan-baldintzak hobetzeko asmoz, Nafarroako gizarteratze eta laneratze enpresen lehen hitzarmen sektorialaren negoziazio mahaia irekitzen saiatu zen 2023ko otsailaren 9an. Baina EINA patronalak uko egin zion gonbidapenari, eta egun horretan LAB, CCOO eta UGT sindikatuak bakarrik agertu ginen. Egun horretan bertan, LABetik beste sindikatuei proposatu genien bigarren saiakera bat deitzea; CCOOk begi onez ikusi zuen eta UGTk baztertu egin zuen. Beraz, EINA beste bilera batera deitu zen martxoaren 2rako. Egun horretan, LAB sindikatua eta EINA bakarrik bertaratu ginen, baina EINAk uko egin zion negoziazio-mahaia irekitzeari.

Joan den apirilaren 28an, Nafarroako Gobernuko Lan Departamentuarekin bildu ginen, gai horien guztien berri emateko.

Bada, urrats horiei esker eta gure ekintza juridiko eta sindikalaren ondorioz, EINAk jakinarazi berri digu aho batez erabaki dutela Estatuko Esku-hartze Sozialeko hitzarmena aplikatzea enpresa guztietan, salbu eta hitzarmen propioren batek edo jarduera espezifikoren batek arautzen dituenean. Horrek soldata eta eskubideak hobetzea ekarriko du (osagarriak, bajak, lanaldia, baimenak, etab.).

Azpiko koadroak erakusten du laneratze prozesuan dauden pertsonen urteko soldataren konparazioa eta agerian uzten du, dagokion hitzarmena ez aplikatzeagatik, pertsona horiek urteko soldatan zenbateko galera nozitzen duten:


Estatuko Esku-hartze Sozialaren Hitzarmena (4 multzoa )Lanbidearteko Gutxieneko SoldataAldea
201814.452,78€735,9 x 14= 10.302,6€– 4.150,18€
201914.741,83€900 x 14= 12.600€– 2.141,83€
202015.110,38€950 x 14= 13.300€– 1.810,38€
202115.790,35€965 x 14= 13.510€– 2.280,35€
202216.106,16€1.000 x 14= 14.000€– 2.106,16€
202316.589,34€1.080 x 14= 15.120€– 1.469,34€

Uste dugu Nafarroako gizarteratze eta laneratze langileen lan baldintzak hobetzeko lehen urratsa dela eta beharrezkoa dela. Baina ez gaitu asetzen eta ezin gara horrekin konformatu; beraz, hurrengo urratsa izan behar da hitzarmen sektorial autonomikoa negoziatzeko mahaia irekitzea, hau da, negoziazioa Nafarroara ekartzea eta gure errealitate soziolaboralaren arabera negoziatzea. LABe horretan jarraituko dugu, lortu arte.

Erkorekari exijitu diogu hizkuntza eskubideak errespetatzeko

Suhiltzaileei froga psikoteknikoa euskaraz egiteko aukera ukatu zieten.

Gipuzkoako Foru Aldundiko LABek jakinarazi duenez gaur bertan kexa eta eskaera aurkeztu dizkio Barne Sailburua den Josu Erkorekari Arkaute Akademiak hizkuntza eskubideak errespeta ditzan. Eta beraz, horrela eskatzen duten hautagaiek froga euskaraz errepikatzeko aukera izan dezaten. Eskaera berdina egin dugu ELEBIDE eta Hizkuntza Eskubideen Behatokian ere.

Izan ere,  Gipuzkoa eta Arabako suhiltzaileen zerbitzuetarako EPE deialdian ez zen froga psikoteknikoak euskaraz egiteko aukerarik izan. Arartekoak dagoeneko ebazpena egin du eta LABek ebazpen horri bide emateko eskatzen du.

Gasteizko tranbian lan eta segurtasun baldintza duinen alde borrokan ari gara

Maiatzaren 25ean, langileen asanbladak proposamen bat bidali zion enpresako zuzendaritzari greba bertan behera uzteko. Enpresak erantzunik eman ez zuenez, maiatzaren 26an greba-eguna egin zen, %100eko jarraipena izan zuena, eta gutxieneko zerbitzuak soilik atera ziren. Gaur ere lanuztea egin dute goizean, eta arratsaldean beste horrenbeste egingo dute, 16:00etatik 18:00etara. Gainera, hilaren 16ra arte egunero bi lanuzte egingo dira aste barruko egunetan.

Baina orduz geroztik langileek ez dute inolako komunikaziorik izan enpresaren aldetik, nahiz eta grebak arrakasta izan eta proposamen bat egin. Proposamen horretan, gainera, lanegunetako txandetarako enpresaren proposameneko ia baliabide berberak jasotzen ziren.

Harrigarria bada ere, enpresak Lan Harremanen Kontseilura (LHK) deitu zituen langileen ordezkariak atzo, ekainaren 5ean, eta asteburuetako librantza hobetu du, baina bere txanda-eskaintza azken LHKn aurkeztutakoaren berdina da, hau da, lan-karga handiko txandak, gidatze-ordu asko… eta horrek eragin zuzena du bai Euskotreneko langileen egunerokoan, bai erabiltzaileen segurtasunean. Enpresari galdetuta ea langileen asanbladak maiatzaren 25ean egindako proposamena aztertu duten edo balorazioren bat egingo duten, erantzuna ezezkoa izan zen.

Etenaldi baten ondoren, enpresaren proposamena bozkatu zen. Batzorde Iraunkorreko 3 ordezkarik aldeko botoa eman zuten, eta beste hiruk kontrakoa. Gainerakoak ez zeuden, beraz, adostasunik gabe itxi zen.

Ondoren, langileen batzarra egin zen goizez, eta 15:30ean arratsaldez. Bozketetan, parte-hartzaile gehienek enpresaren proposamenaren aurka bozkatu zuten, eta, gainera, lanuzteak bertan behera ez uztea erabaki zen. Beraz, LABek CCOOren babesarekin erregistratutako lanuzteek aurrera jarraitzen dute.

LABek ez du ulertzen zuzendaritzaren jarrera hori, ez baitago prest bere azken eskaintzaren hobekuntzarik eztabaidatzeko edo negoziatzeko. Ostegunean enpresako zuzendaritzarekin Batzorde Iraunkorreko bilera dago deitua, zeinetan Gasteizko egoitzako lan-txandei buruz hitz egingo den. Ikusteko dago negoziazio bat egin daitekeen edo sindikatu batzuek Gasteizko egoitzako langileen gehiengo zabal batek baztertutako lan-txandei onespena emateko besterik ez den.

Gertatzen dena gertatzen dela, Gasteizko tranbiako langileek lan-baldintza hobeak lortzeko borrokan jarraituko dute, eta erabiltzaileen zein langileen segurtasuna hobetzeko asmoa daukate.

Bihar, ekainaren 7an, 9:00etatik 10:00etara, elkarretaratzea egingo dute Legebiltzarraren aurrean, gatazka agerian uzteko.

LAB, Bizkaiko eraikuntzaren hitzarmenean borrokatzeko prest

Bat egingo dugu ekainerako deitutako grebekin, baina planteamendu eraginkorrago baten beharrizana nabarmendu dugu.

CCOOk ekainaren 9 eta 16rako 4 orduko lanuzteak deitu ditu sektorean; ELAk, berriz, 24 orduko grebak deitu ditu egun berberetan. Bada, LABen honako irakurketa hau egin dugu:

Egungo egoeraren erantzule nagusiak CCOO eta UGT sindikatuak dira, 2023. eta 2024. urteetarako soldata igoera negoziatu gabe utzi baitzuten hitzarmena sinatzean. Orduan, LABek ohartarazi zuen horrek zer nolako arriskua zekarren.

Patronalak uko egin dio sektoreko langileen erosahalmena bermatzen duten soldata igoerak aplikatzeari, eta, horren aurrean, lanuzteak eta grebak egiteko bi deialdi desberdin egin dira egun berberetarako.

Bat gatoz greba eta lanuzte horien helburuarekin, hau da, KPIa bermatzearekin, eta horregatik uste dugu beharrezkoa dela borroka eraginkorrerako planteamendu bat. Kasu honetan, baina, deialdiek ez dutela halakorik bermatzen, lanuzteak eta grebak, deitzeaz gain, landu egin behar direlako.

Hala eta guztiz ere, eta sektorean ekainaren 9 eta 16rako deitutako mobilizazioen aurrean, Bizkaiko eraikuntzaren egungo errealitateak eskatzen du LABek 24 orduko greba egunekin bat egitea. Horregatik, sektoreko langile guztiei dei egin diegu ekainaren 9an eta 16an egun osoko greba horietan parte hartzeko.

Labanak Eskuan aurkeztu dugu, Gipuzkoako ostalaritzako langileen defentsarako plataforma berria

Gaur, 2023ko ekainaren 5a, LAB eta ESK sindikatuok agerraldia egin dugu Labanak eskuan plataforma langileei eta herritarrei aurkezteko asmoz.

Zergatik eta zertarako jaio da Labanak eskuan? Bada, 2023ko apirilaren 21ean Gipuzkoako Ostalaritzako Hitzarmen berria sinatu genuen LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok. Negoziaketa eta hitzarmen horren inguruan, LAB sindikatutik gure iritzia argi utzi nahi izan genuen: poztasunez hartu genuen Hitzarmen berriaren sinadura; izan ere, aurreko Hitzarmenak 2010.urtean galdu zuen indarraldia eta, geroztik, sektorea arautu gabe egon da.

Jakin badakigu askotarikoak izan direla sektoreko langileek jasan behar izan dituzten abusuak: askok eta askok lan-kontraturik gabe egin izan dute lan, legezko lanaldia baino ordu gehiago sartuz, lanaldien arteko 12 orduko atsedena errespetatu gabe, behar bezala kobratu gabe, etab. Abusu horren adibide garbienetako bat urte hasieran ezagutu genuen, lan-esplotazio egoera baten berri eman zutenean komunikabideek.

Garai horretan, LAB eta ESK sindikatuak izan ginen egoera hori salatzera irten ginen sindikatu bakarrak eta, oraingo honetan ere, asmo berdinarekin gatoz: Argi dugu ostalaritza, izatez, sektore prekarizatua dela eta urteetan zehar Hitzarmenik ez egon izanak
prekaritate hori betikotu izan duela. Hortaz, Hitzarmen berriagatik poztu arren, jarrera kritikoa ere badugu: hitzarmen berriarekin eta langileen lan-baldintzak egungo errealitatera moldatuz, sektorea nolabait duintzea lortu dugula uste dugu. Aldiz, ezinbestekoa iruditzen zaigu Hitzarmen berriak eskaintzen duen arauketa osotasunean aplikatzen dela ziurtatzea; hau da, hitzarmen berriaren sinadura egitate eraginkorra bilakatu nahi dugu.

Helburu horrekin sortu dugu ‘’Labanak eskuan’’. LAB eta ESK sindikatuok kudeatuko dugun plataforma honen bidez, Hitzarmen berriaren aplikazio ezak sorraraz ditzakeen egoera ilegal eta irregularrak salatu nahi ditugu eta, bide batez, Lan Ikuskaritzaren jardun eraginkorra eskatu nahi dugu.

Egoera ezberdinei modu koordinatuan erantzun ahal izateko, protokolo bat gauzatu dugu. Bertan jaso dugunez, baliabideak sortu ditugu langileek gurera jo ahal izan dezaten: sare sozialak eta harremanetarako kontaktuak erraztuko ditugu eta, kasuan kasu, aproposen iruditzen zaigun irtenbidea eskainiko diogu egoera bakoitzari.

Hau da, Gipuzkoako Ostalaritzan lan egiten duten pertsonek gugan babesa eta euskarria topatu ahal izan dezaten nahi dugu. Edozein motatako egoeraren aurrean, bi sindikatuak eta elkarlanean sortutako plataforma langileak laguntzeko tresna izango
dela azpimarratu nahi dugu.

Beraz, hasieran aurreratu bezala, prentsaurre- koaren helburua horixe da: langileriari eta herritarrei gure plataforma aurkeztea.

Hau eginda, azken mezu bat helarazi nahi diegu sektoreko langileei: aurrerapausoak ematen jarraitzeko, denon parte hartzea ezinbestekoa da. Hortaz, Gipuzkoako ostalaritzan lan egiten duzuen guztioi antolatzeko deia luzatzen dizuegu.