2026-01-11
Blog Page 206

Nafarroako Esku-hartze Sozialeko bigarren hitzarmenaren negoziazio mahaia sustatu dugu, baina behin-behinean ireki da patronal baten trabengatik

Nafarroako Esku-hartze Sozialeko bigarren hitzarmena negoziatzeko mahaia gaur zen irekitzekoa, baina, azkenean, behin-behinekoz egin behar izan da, OEIS patronal estatalak paraturiko traba tamalgarriengatik. Gaur goizean Iruñean egin den bilerara lau sindikatu nagusietako ordezkariak joan dira, bai eta sektorean dauden bi patronalak ere, ANEIS nafarra eta OEIS delakoa; azken horrek behartu du mahaiaren behin-behinekotasuna.

Hain zuzen ere, OEIS Esku-hartze Sozialeko Erakunde Estatala izan zen Nafarroako Esku-hartze Sozialeko lehen hitzarmena inpugnatu zuena eta arriskuan jarri zituena LABeko jendea buru zela urte askoan eginiko borroken ondorioz lorturiko aurrerapen laboral handiak. OEISen barnean daude Gurutze Gorria, Caritas, Secretariado Gitano, Acción contra el Hambre eta Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea. Zorionez, horiek guztiek epaiketa galdu zuten eta egungo hitzarmenak indarrean jarraituko du aurten eta heldu den urte osoan.

Gaur behin-behinean ireki den mahaiak aztertu beharko ditu 2025etik aitzinera indarrean egon behar liratekeen hobekuntzak. Sektorearen nolakotasuna ezagututa, bigarren hitzarmenaren negoziazioa lehenengoaren indarraldia bukatu baino lehen hastea erabaki zen, 2025eko urtarrilaren 1erako hitzarmena Aldizkari Ofizialean argitaraturik eta ondorio guztietarako martxan egon dadin.

Baina gaur gertaturikoa ikusita, argi dago OEIS patronala ez dagoela helburu horrekin sobera engaiatua: mahaia eratzera etorri da dagokion etxerako lana egin gabe; bere ordezkaritza egiaztatu gabe; ordezkaritza hori egiaztatzea eskatu ez zitzaiolako gezurra erranez —deialdian berariaz eskatzen zitzaien—; Nafarroan zenbat enpresa biltzen dituen jakin gabe; Nafarroan zenbat langile dituen kontrataturik jakin gabe; LABek emaniko datu ofizialak zalantzan jarriz eta, areago, ontzat ez emanez; eta mahaiaren behin-behineko irekitzea behartuz.

LABen ustez, Nafarroako Hitzarmenaren inguruan OEISek eragin duen guztiaren ondoren, jarrera horrekin gaurko bilerara etortzeak are penagarriagoa egiten du bere portaera. Baina sindikatu hau ez da bere bidetik desbideratuko; LABek borrokan jarraituko du sektoreko langile guztien lan-baldintzak berriz hobetzeko. Dena joan behar den bezala badoa, irailaren 27an negoziazio mahaia behin betiko irekiko da.

Langileen inplikazioa

Urte honetan, Nafarroako Esku-hartze Sozialak erronka handia izanen du, hurrengo urteetarako lan baldintzak negoziatu eta adostuko baitira, lehenbiziko hitzarmena oinarri harturik. Alde horretatik, LABek langileen parte-hartze handia nabarmendu nahi du, sindikatu honek proposamenak egiteko egin zuen deialdian 80tik goiti jaso baitziren. Horiekin, eta sindikatutik planteatutako bertze batzuekin, LAB hitzarmenaren proposamen berria egiten ari da, dauden beharretara gehiago eta hobeki hurbiltzeko.

Asunción klinikako langileek mobilizazioei eta grebei ekin diete berriro

Maiatzean eta ekainean 3 eguneko lanuzteak eta 17 eguneko grebak egin ondoren, Asunción klinikako (Inviza) langileek, enpresak negoziatzeko inolako borondaterik erakutsi gabe jarraitzen duela ikusita, 7 greba egun gehiago egingo dituzte irailean, lan-baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren alde. Gainera, bihar hasita, 24 orduko kanpaldia egingo dute.

Tolosako Invizako langileek zerbitzu publikoa eskaintzen dute, beste eskualde batzuetan Osakidetzak ematen duena, baina lan-baldintzak oso urrun daude.

Langileek 2021etik berritu gabe dute hitzarmena eta urte hauetako KPIa kontuan hartuta, % 12,2ko erosteko ahalmena galdu dute.

Hitzarmen berriak, besteak beste, galdutako eros ahalmena berreskuratu, KPIari erreferentzia egingo dion soldata igoerak eta 35 orduko lan astea lortu nahi dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak LABeko eta ELAko enpresa-batzordeak ekainaren 29an egindako eskaerari ez dio erantzunik eman; izan ere, osasun-batzordean, negoziazioan duten blokeo-egoera azaltzeko eskatu zuten baita Eusko Jaurlaritzak prestatutako plan funtzionala salatzeko, ez baitu ospitale berrirako aldarrikatutako hiru eskaeretako bat bera ere betetzen:

  • Ospitale publikoa izatea, %100ean.
  • Hurbileko eskualdeko ospitale batek ematen dituen zerbitzu guztiak ematea.
  • Ospitale publiko bat, klinikan lan egiten duten langile guztiak hartuko dituena.

GREBA-EGUNAK HONAKO HAUEK IZANGO DIRA: Irailak 13,14,15,18,19,28 eta 29. Kontzentrazioak eta Auto Karabana ere egingo dira.
14 eta 15ean 24 orduko kanpaldia egingo da Klinikaren aurrean.

EHUren prekarizazioa salatu eta ordezkoentzako baldintza duinak eskatu ditugu

Ikasturte hasierako ekitaldiaren egunean elkarretaratzea egin dugu Arabako Letren Fakultatearen aurrean, 180 langile inguru bertaratu garelarik. Aldebakarrez erabakitako ordezko irakasleen politika berriak are murrizketa gehiago dakartzanez, aurrerantzean ere mobilizazioekin jarraitzeko asmo irmoa agertu dugu.

2023/2024 ikasturtearen zabaltze ekitaldian, ohi bezala, agintariek unibertsitate publikoaren alde egindakoak azpimarratuko dituzte, dena ondo bidean dagoelakoan edo.

Baina ez da horrela, EHUko langile guztien lan-baldintzen prekarizazioa geroz eta larriagoa da; ezin ditugu ahaztu azken ikasturteetan eman diren murrizketa eta aldebakarreko erabakiak, erretiro akordioa bertan behera uztea edo kanpusen itxiera kasu. Unibertsitate publikoak duen finantziaketa falta da langileen eskubideen gainbeheraren arrazoi nagusia.

Azken ikasturteetan salatu ditugun aldebakarreko erabakiei, beste murrizketa bat gehitu behar zaio. Ikasturte bukaeratik EHUko zuzendaritzak ordezko kontratuen egoera larritzen ari da Irakasle-Ikertzaileen arloan. Izan ere, USLOren (Unibertsitate sistemaren Lege Organikoa) ezarpena UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileen lan baldintzak okertzea ekarri du. Ordezkoen egoera jada gogorra bazen ere, orain gehiago okertu dute ordezko irakasle politika berriarekin.

Hartara, UPV/EHUk erabaki du arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkoak lanaldi partzialekoak izango direla nahiz eta irakasle-ikertzaileen lan-hitzarmenak eta 41/2008 dekretuak arduraldi osokoak izan daitezela ahalbidetzen duten. Beraz, arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezko berriei askoz jota soldata osoaren % 34,29 ordainduko zaie (kasurik onenean, hau da, beraien irakaskuntza zama % 75ekoa denean) eta gizarte segurantzan proportzio berdinean kotizatuko dute, plaza hutsak betetzen dituzten irakasleak salbu. Beraz, ordezkoen urteko soldata gordina 7.584 € eta 11.360 € artean egongo da, astean emandako klase kopuruaren arabera. UPV/EHUko zuzendaritza pasa den ikasturte bukaeran hasi da gurasotasun baimen zein bajen ordezkapenak era horretan egiten. Are gehiago, sailetatik jaso ditugun kexengatik, ordezkapen asko ari dira ukatzen behar argia dagoenean.

Jokabide hau guztiz onartezina da eta gure indar guztiarekin aurre egingo diogu. Areago, uste dugunean badirela irtenbideak berme juridikoarekin ordezkapenak osokoak izaten jarraitzeko borondate politiko eta negoziaziorako prestutasuna baino eskatzen ez dutenak.

Ordezkapen politika honek irakasle-ikertzaile GUZTIEN lan-balditzetan eta sailen irakaskuntza ahalmenean izango du eragina, eta gainera lan-hitzarmena eta lanpoltsen akordioa larriki urratzen ditu, zeintzuetan partzialtasuna murrizteko neurriak adostu ziren. Aldaketa honek haserre handia sortu du langileen artean, asteburuan argitaratutako 1.200 irakasle eta ikertzaile baino gehiagok sinatutako gutuna irakurtzea besterik ez dago.

Ordezkapen politika berriak ondorio larriak izango ditu:

  • Lanaldi partzialean jardungo duten irakasleen kopurua handituz, arduraldi osoko irakasle baten herena kobratuz, alegia, soldata 800 €tik beherakoa izango da,
  • Ordeztu eta estali gabeko kreditu kopuruak handituz, irakasle guztion irakaskuntza zama ere gogortuz,
  • Irakaskuntzaren antolaketa lana zailduz Sailei, irakaskuntzaren beraren kalitatearen kontura zenbait kasutan (handituko dira, besteak beste, ikasgai batean hainbat irakasle edukiko dituzten ikasgaiak, irakasleek denborarik gabe prestatu beharko dituzte irakasgaiak, eta gainera askotan, gaian adituak ere ez direnak izango).

Honen atzean EHUk egiten duen Ordezko irudiaren interpretazio hertsia eta mugatua dago, baina baita Eusko Jaurlaritzaren Unibertsitate Publikoa finantzatzeko politika murritza ere, oso urruti dagoena Estatuko Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak berak agintzen duen ortzimugatik: BPGren %1a, 2030 urterako. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren ekarpena % 0,4an dago.

Honen aurrean, LAB, STEILAS, CCOO eta ELA sindikatuok ondorengoa exijitzen dugu:

  1. Lanaldi osoko Irakasle eta Ikertzaileen lanpostu guztien ordezkapen guztiak (baimenak, bajak, nahitaezko eszedentziak, zaintzarekin lotutako eszedentziak…) lanaldi osoko kontratuekin betetzea.
  2. Lanaldi partzialeko kontratu kopurua murriztea, lan-hitzarmenean eta lanpoltsen akordioan kontratu horiek metatzeko lanaldi osokoak sortzeko mekanismoak aplikatuz.
  3. Lanaldi partzialeko kontratuei soldata duina ezartzea klaseen prestakuntza eta zuzenketa lanak, oinarrizko koordinazioa eta kudeaketa, formakuntza eta irakaskuntzari loturiko ikerketa kontuan hartuz.
  4. Eusko Jaurlaritzari, zehazki, eskatzen diogu, eman diezaiola EHUri USLOk ezarritako ordezko irakasleen irudi berria aurreko baldintzen arabera interpretatzeko behar duen babes politiko-juridikoa. Baita, modu esanguratsuan gehitzeko ere EHUri bideratutako finantziazioa langile guztientzako lan baldintza duinak bermatu eta zerbitzu publiko egokia emateko modua izateko. UPV/EHUko zuzendaritzak ere finantzazio gehigarri horren alde publikoki irmoago lan egin beharko lukeela uste dugu.

Horregatik guztiagatik eta baita urtez urte jasan dugun eros ahalmenaren galera eta lan baldintzen okertzea salatzeko (erretiroen hitzarmena bertan behera uztea, zentroen itxierak, ….), ikusita UPV/EHUko zuzendaritzak duen jarrera itxia, LAB, STEILAS, CCOO eta ELA sindikatuok, adierazten dugu mobilizazio dinamika abiatuko dugula, zuzendaritzak negoziatzeko borondate eta planteamendu argirik agertu arte.

Laster plazaratuko dugu mobilizazioen egutegia.

Garbi daukagu kimikoen sektorean ere lan baldintzak negoziatzeko euskal marko propioa behar dugula

Kimiketako sektorean Hego Euskal Herri osoan gertatzen den estatalizazio eta prekarizazio egoerarekin amaitzeko unea da.

LABetik beti defendatu ditugu euskal eremuetan erabakitzeko markoak, modu kolektiboan hemengo errealitateari hobekiago erantzun ahal izateko eta Euskal Herrian dagoen errealitate sindikalak lan baldintza hobeagoak lortzeko aukera ematen dituelako.

Kimiketako Hitzarmenean dauden langileak, Hego Euskal Herrian 20.000 inguru, Espainar Estatu mailako hitzarmenaren pean daude, eta horrek prekarietate handiagoa dakar berekin. Hitzarmen hau bereziki nahasgarria da, eta beste eremu batzuetan baldintzak erregulatzea zailtzen du.

Hemengo hitzarmen bat egotearen beharra garbia da, eta zailtasunak zailtasun, LAB hitzarmen hori lortzeko borroka azken muturreraino eramateko prest dago. Bide horretan pausuak ematen hasi gara dagoeneko, Madrilgo negoziazio mahaiari asmo hori adierazita, EAE-n ordezkaritza gehien duten sindikatuen artean bilduz eta sektoreko patronalak irailaren 26an egingo den bilera batera deituz. Nafarroan, berriz, gaur sindikatuen arteko lehendabiziko bilera egingo da.

Oraingoa momentu erabakigarria da borroka honetan, estatuko hitzarmena urte bukaeran indargabetzen delako. Aurkezten zaigun aukera eta indar sindikal desberdinen konpromisoa ezinbesteko baldintzak dira borroka honetan, baina are ezinbestekoagoak dira langileon inplikazioa eta aktibazioa. Horregatik, dei egiten diegu Hego Euskal Herriko Kimiketako sektoreko langileei borroka honetara batzeko, ibilbide honetan denok batera aritzeko, asko dugulako irabazteko eta sektoreko langilerik gabe ezinezkoa izango delako.

Basogintzako sektorean dagoen hilkortasun handiaren aurrean, erakundeek duten pasibotasuna salatu dugu eta langileen osasuna bermatzeko neurriak exijitu dizkiegu

LAB sindikatuko kideok, ESK, STEILAS, HIRU eta EHNEkoekin batera, elkarretaratzea egin dugu, Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, Elorrion gertatutako azken lan-istripu hilgarria salatzeko. Bertan, administrazioari eta erakundeei eskatu diegu neurriak har ditzatela baso-ustiapeneko lanak egiten dituzten langileen lan-segurtasuna bermatzeko.

Zehazki, baso-ustiapenaren sektorea da, langile kopuruaren arabera, hilkortasun handiena duen sektorea, eraikuntzaren aurretik. Langile gutxi izan arren, lan-istripu asko gertatzen dira basogintzan, eta urtero hiltzen dira langileak.

Plantilla murritzak, basoko bakarkako lana, prebentzio-baliabiderik eza, prestakuntzarik eza, lan-tresna desegokiak, malda handiko eremuetako lanak, lan-erritmo oso altuak horrek eragiten duen nekearekin, oso lanaldi luzeak eta abar daude istripuen atzean. Horiek, jakina, jarduerak berak dituen arriskuei gehitutako faktoreak dira.

Etekinak lan intentsiboaren bidez lortzen diren sektore batean, baliabideetan eta segurtasunean aurrezten da.

Egoera horren aurrean, Foru-Aldundiek, Eusko Jaurlaritzak, Osalanek eta Lan Ikuskaritzak bermatu behar dute baso-lanetan ere prebentzio-neurriak betetzen direla, are arreta handiagoz, jardueraren arriskugarritasunagatik eta haren hilkortasun handiagatik.

Nahikoa da pasibotasunaz eta beste alde batera begiratzeaz. Basogintzako langileek ere bizirik iritsi behar dute etxera. Langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko zer neurri hartuko dituzten adierazteko eskatzen diegu administrazioei. Neurririk hartu ezean, sektorean gertatzen diren heriotzen konplize izango dira.

Basoko lanetan heriotza gehiagorik ez!

Hezkuntzak euskara gehiago behar duela aldarrikatzeko sinadura bilketarekin bat egin dugu

Euskalgintzaren Kontseiluaren eskutik aurkeztu dugu ekimena ikasturtearen eta urte politikoaren hasieran murgildu berri garen honetan. Gasteizko Legebiltzarrean Hezkuntza Lege berriaren testuari buruzko eztabaidari berrekingo diote aurki, eta LAB sindikatutik argi diogu ezinbestekoa dela euskara ardatz izatea. Hori dela eta, hezkuntza komunitatea osatzen duten guztiei dei egiten diegu esteka honetan beren sinadura utzi eta ekimenarekin bat egiteko.

Hezkuntza funtsezko elementua da geure hizkuntzaren normalizaziorako bidean, eta hizkuntza eskubideak bermatzeko gakoa ere bada. Hala, hezkuntzak euskara gehiago behar du, eta horixe aldarrikatzeko langileon bultzada ezinbestekoa da. Sinadura bilketa honen bidez, 16 urtetik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar guztiek izango dute aldarri horrekin bat egiteko aukera, epea urriaren 15ean amaituko delarik. Zehazki, hiru puntu hauek lege berrian berariaz jaso daitezen eskatuko zaie Eusko Legebiltzarreko kideei:

1. Euskara ikas- eta irakats-hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa.
2. Euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma.
3. Hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea.

Euskalgintzaren kontseiluaren komunikatua eta sinadura bilketari buruzko informazio zehatza hemen kontsulta daiteke.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren kontinuismo zitala salatu dugu

LAB sindikatuak Nafarroako herritarrei jakinarazi nahi die aurre eginen diola eta salatzen duela Carlos Gimeno buru duen Hezkuntza Departamentuak legegiltzaldi honetan praktikatuko duen politika kontinuista. Behin baino gehiagotan eskatu dugu kontseilari honen kargu-uztea, eta eskatzen jarraituko dugu, eta salatu nahi dugu departamentuaren euskarafobia, negoziaziorik eza, gizarteratzeko baliabide errealik eza, bere engainuak, lege-zabarkeriak… Azken batean, hezkuntza-kalitatea benetan hobetzeko asmorik eza.

Konparazio batera, Lezkairuko ikastetxean gertaturikoa da, zalantza izpirik gabe, Gobernu honek eraman nahi duen politika kontinuista eta penagarriaren isla, zonifikazioa mantenduko duena eta D eredua borondate politikoaren arabera mugatuko duena. Argi ikusi da sinatu berri duten 2023-2027ko akordio programatikoan.

Lezkairu-Paderborn ikastetxe berriak ateak ireki ditu duela gutxi. Ikastetxe berria Iruñeko auzo gazte batean dago, PALE ereduarekin (gaztelaniaz eta alemanez), baina euskarazko eredurik eskaini gabe. Ikastetxeko zuzendaritzak eta Maria Txibite lehendakariak berak eskaera faltagatik dela dioten arren, auzoko familiek argudiatu dute ikastetxe horretan D eredua eskainiko zela ezkutatu dela eta ezin izan dutela haren alde egin. Gainera, informazioa eskatzeko deitu zutenean zuzendaritzak berak esan omen zien haiengatik balitz ez zela D eredua ezarriko; horren ondorioz, auzokide horien seme-alabak D ereduan benetan matrikulatzeko aukerarik gabe gelditu ziren. LABetik salatzen dugu Hezkuntza Departamentuaren zein ikastetxeko zuzendaritzaren okultismoa eta fede txarra zentroaren benetako eskaintza ezagutarazteko garaian, eraso euskarafobo honekin herritarrei iruzur egin baitzaie.

Akordio programatikoarekin jarraituz, eta Gimenok Hezkuntza Departamentuko buru izaten jarraituko duela kontuan hartuz, Hezkuntza kalitatea hobetzeko iragarpenak ez dira onak. Hilabeteak daramatzagu irakasleen lan-baldintzak negoziatzeko premia larria dagoela esaten, baina negoziaziorako ateak itxita izan ditugu dirurik ez dagoela argudiatuta. Gezurra da. Administrazioko beste kolektibo batzuek dirua izan baitute beren baldintzak hobetzeko. Beste adibide bat da ikastetxeetako zuzendarien biziarteko osagarria, IZE elkarteak sustatutakoa eta klaustroei aldez aurretik galdetu gabe emandakoa. Osagarri horrek kolektibo bati bakarrik egiten dio mesede, gainerako hezkuntza-komunitatea alde batera utzita.

Praktika txarren beste adibide bat da Gimenok abuztuan iragarri zuen Inklusiorako Foru Agindua, non, besteak beste, taldekatze malguak, ikaskuntza kooperatiboa eta curriculuma aberastea aipatzen baitira; baina ez du ezer esaten ikastetxeei baliabide erreal, ekonomiko eta pertsonalak emateaz. Kontuan hartuta Nafarroan 36.500 ikaslek baino gehiagok dutela hezkuntza-laguntzaren berariazko premia (ikasleen % 26k), oso larria da behar ekonomiko horiek inon jasota ez egotea. LABek ez du propaganda hutsa onartuko.

Jar dezagun orain arreta Lanbide Heziketan. Nahiz eta Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak Nafarroa Garaiko Hezkuntzaren harribitxi gisa jarri, irakasleei galdetzen badiegu, oso bestelako errealitatea aurkituko dugu. Kezka handia dago Lanbide Heziketa Duala aplikatzearen inguruan (hala adierazi dute Virgen del Camino IPPko irakasleek prentsari bidalitako gutun baten bidez). Halaber, ez da errespetatzen zuzeneko eskola-orduen ordutegia, ratioak gainezka dituzten ikastetxeak ditugu, bikoizketa saioen falta dago eta irakasleek lan-gainkarga izugarria dute. Nekazaritza eta Basogintza eskolan, esaterako, faktore psikosozialen azken ebaluazioak dio irakasleek lan-gainkarga eta gabezi psikologikoak dituztela, askotan, ikastetxeko zuzendaritzari lotuak.

LABek salatu nahi du, halaber, Lanbide Heziketari buruzko Lege berriaren aplikazioak sortu duen nahaste-borrastea. Soldata-diskriminazioa egiten die unibertsitateko gradurik ez duten irakasle funtzionarioei. Diskriminazio hori sektore berezietako espezialisten kidegoan kontratatutako irakasleek ere bizi dute; izan ere, nahiz eta ikaskide funtzionarioen titulazio bera izan eta lan bera egin, gutxiago kobratzen baitute. Are gehiago, gradua lortu eta Bigarren Hezkuntzako kidegora pasatuko diren pertsonek ez dute atzeraeraginezko hobekuntzarik jasoko. Lardaskeria hutsa, berriz ere

Azken finean, LABek salatzen ditu Departamentu honen euskarafobia, negoziaziorik eza, inklusiorako benetako baliabide falta eta lege-zabarkeriak. Ikusten baitugu legegintzaldi berri honetan Hezkuntza Departamentuak politika kontinuistarekin jarraituko duela, hezkuntza-kalitatea hobetzeko batere asmorik gabe.

El Vivero adingabeen zentroa ixteari ez eta langileen kaleratzeari ez

Beharginek aldundiaren zein Landalan enpresaren jokabide onartezina salatu dute, azpimarraturik ematen duten zerbitzua behar-beharrezkoa dela, kaltebera den kolektibo baten oinarrizko beharrak asetzera bideratuta baitago.

Jarraian, egoera azaltzeko prentsa agerraldian irakurritako komunikatua:

“Komunikatu honen bidez, EL VIVEROko adingabeen zentroko langileok, gure haserrea adierazi nahi dugu azken urteotan administrazio publikoak, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak hain zuzen ere, tratatu gaituen moduagatik. Honekin batera, adingabeen ardura eta langileon kontratazioaren ardura izan duen Landalan elkartearen utzikeria salatu nahi dugu ere. Aldundiak zein Landalanek mespretxatu egin ditu bi hamarkadatan zehar egindako sakrifizio guztiak, eta EEE -Enplegu Erregulazioko Espediente batekin erantzun digute, 19 lagun kalean utziz. Urte hauetan Inoren Kargura ez dauden Adingabe Atzerritarrak (MENAk )deituriko adingabeen kolektiboarekin lan egin dugu, izen horrek dakarren karga negatibo guztiagatik eta gizartearen aldetik pairatzen duen estigmarengatik asko gustatzen ez zaigun izena bada ere. Izan ere, kolektibo kaltebera da, eta arreta eta babes handiagoa eskatzen du. Beraz, gure helburua adingabe horiei harrera-gizartean integratzen laguntzea izan da beti, helburu hori betetzeko beharrezko tresnak ematen saiatu gara alegia. Kolektibo horrekin dugun lan esperientzia 2006 urtean hasi zen Zornotzako Lehen Harrerako Zentroan (CPA), Emankor Sarea taldeko Landalan elkarteak kudeatuta. Adingabe bakoitzaren heziketa-ibilbidean jarraitu beharreko ildo orokorrei buruzko lehen balorazioak egiten genituen zentroa da, beste heziketa baliabide batera bideratu aurretik.


Urte guzti hauetan , adingabe kopuru handi bati lagundu ahal izan diogu beren egunerokotasunari dagokion guztian, betiere harrera-gizarte berrira egokitzeko prozesuan laguntzen saiatuz, haien integrazioa sustatzeko tresnak emanez, bi norabideko prozesuan; hau da, adingabe horiek gizarteratzeko bidean, aurrera egiteko erantzukizuna harrera-gizartearena zein kolektiboarena berarena da ere.


Urte askotan zehar, langileok eta adingabeek egoera nahiko gogorra eta tamalgarria bizi izan dugu, eta nahiz eta Aldundiak; adingabe horien arduraduna eta tutorea, arazo horien berri izan, ikuskapenak ere egin dira, guztia Landalan elkarteari jarritako isun soil batean eta gomendio zerrenda batean geratzen zen, arazoak konpontzeko bidean aurrera egin gabe. Adibidez, harreran hartutako adingabeen kopurua batzuetan baimendutakoa baino bost aldiz handiagoa izan da, eta langileon ratioa ere ez da errespetatu gehienetan, eta horrek, jakina, adingabeen arteko gatazkak sortu izan ditu eta ondorioz hezitzaile taldearen lan osasunari eragin izan dio. Tentsio une horietan, tamalez, kontrola lehenetsi behar izan dugu babes lanaren gainetik, eta asistentzia lana berriz, heziketa lanaren gainetik.


2021eko abenduaren amaieran, EL VIVEROko Galdakako Lehen Harrerako Zentrora lekualdatu behar izan genuen behin-behinean, Zornotzako zentroan eraberritzeko obrak egin zitzaten. Izan ere, zentroaren instalazioak hondatu egin zirenez, lehen harrera egiten jarraitu behar izan genuen EL VIVERO zentroan, 2023ko otsailaren 23ra arte, hau da, Zornotzako Lehen Harrerako Zentroa (orain Elguezabal CPA deritzona) berriro ireki arte, orain Adaka-Agintzari kooperatibaren kudeaketapean. Baina ez da subrogaziorik gauzatu eta kalean utzi nahi gaituzte.


Bai Landalaneko zuzendaritzarekin, bai zerbitzuaren titularra den Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako arduraduna den Sergio Murillorekin, sindikatuek hainbat bilera egin zituzten batzordeko kideekin batera. Bilera horietan, Landalanek esan zuen ez zuela ikusten zerbitzua emateko aukerarik, eta iragarri zuen utzi egingo ziola zerbitzua emateari Aldundiarekin hitzarmena amaitzean, eta agindu zuen subrogaziorako datu guztiak emango zizkiola enpresa berriari, Agintzariri, hitzarmen kolektiboak adierazten duen bezala. Baina hori ez dute bete, eta subrogazioa ez da gauzatu.

Harrezkero, zerbitzua emateko hitzarmena behin baino gehiagotan luzatu da, eta langileen lan-baldintzak okertu dira; ratiorik eza, itundutako plazak baino erabiltzaile gehiago, etab. Langileen lan-osasuna hilero jokoan jartzeraino. Gogoratu behar da Landalan enpresa urteetan sektoreko hitzarmen kolektiboa errespetatu ez duen enpresa dela, eta Bizkaiko Foru Aldundiak, hori guztia jakin arren, beste alde batera begiratu duela.

Egoera zaila izango delakoan, ekainean sindikatuek bilera eskatu zioten Amaia Antxustegi Ziardari, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako arduradunari, baina ez dugu erantzunik jaso. Batzordeak gutun bat bidali dio diputatu berriari, gertatutakoaren kronologia azalduz eta horri buruzko erantzun zentzudunak eskatuz. 2023ko abuztuaren 1ean erregistratutako gutun horrek ere ez du erantzunik izan. Baina erantzun bakarra zentroa ixteko iragarkia eta 19 langileri aplikatutako EEEa izan dira.

Bizkaiko Foru Aldundia eta Amaia Antxustegi Ziarda dira horren guztiaren arduradunak, baita Landalan enpresa ere, ia 20 urtez lan baldintza oso gogorretan lan egin duten langileak kalean utzi nahi baitituzte. Egoera ezagutu eta langileei zentroa irekita mantentzeko emandako hitza ez betetzeagatik errudun dira. Errudunak, pixkanaka lantokia desegin dutelako. Eta langileek zein egoiliarrek salatu dituzten bizitza- eta lan-egoera negargarriak, langileen lan- eta bizi-proiektuekin jolastuz, urteetan zehar egoera zein zen jakin arren, beste aldera begiratu izanaren errudunak dira ere.
Beste behin ere argi geratu da publikoak izan beharko luketen eta aldundiaren mende dauden zerbitzuen pribatizazioak langileen miseria dakarrela. Horregatik, langileok mobilizazio-ziklo bat hastea erabaki dugu, langileen eta egoiliarren lan- eta bizitza-baldintza duinen alde, lanpostuen alde eta kaleratzeen aurka. Horretarako, greba mugagabea deitu dugu irailaren 12tik aurrera, eta ekintza ezberdinak egingo ditugu gaurtik aurrera”.

Azken bederatzi egunotan lau langile hil dira beren lanpostuetan

LABek jakin du irailaren 8an 54 urteko F.T. langilea hil zela, irailaren 5ean izan zuen lan-istripu oso larri baten ondorioz. Dirudienez, Elorrioko baso-eremu batean lanean ari zela zuhaitz batek buruan jo zion langileari. Beharginak Gueñeseko Explotación Forestal Zaldupe S.L. enpresan egiten zuen lan

Heriotza horrekin, gutxienez 36 dira aurten lan-istripuz hildako langileak. Nabarmentzekoa da oporren ondoren ohiko lan-jarduera berrabiarazita, 9 eguneko epean 4 langile hil direla beren lanpostuetan.

LABetik elkartasun osoa adierazi nahi diegu hildakoaren senideei, lankideei, lagunei eta hurbilekoei.

Era berean, salatzen dugu basogintza sektorea langile gutxi dituen sektorea izanda ere, urtero egoten direla hildakoak sektore honetan. Bizkaiko eta Gipuzkoako kasuetan, basogintza enpresen bideragarritasuna mugatua da, nahiz eta eurentzako ad hoc eginiko foru arauak eduki. Egur ustiapen intentsiboa lan harreman prekarizatuetan oinarritzen da etekinak lortu ahal izateko. Honela, lan segurtasuneko baliabideak ipini beharrean, hauetan aurrezten da. Plantilla murritzak, basoan bakarka lanean aritzea, errekurtso prebentiborik eza, formakuntza eza, lan tresna desegokiak, malda handiko eremuetan, lan erritmo oso altuak, lanaldi oso luzeak (honek eragiten duen nekearekin) eta abar luze bat daude istripuen atzean. Jakina, jarduerak berak barnebiltzen dituen arriskuei erantsitako faktoreak dira hauek.

Jakina da, inspektoreek ere badakitelarik, une honetan bertan Euskal Herrian baso sektorean lanean dirauten enpresa gehienak ez direla lan osasuneko betebeharrak betetzen ari. Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiari, Osalani eta Eusko Jaurlaritzari basogintza sektorearentzako neurri bereziak eskatu dizkiegu, haiek eta lan ikuskaritzak badutelako egoera aldatzen hasteko giltza.