2025-04-30
HomeEkintza SindikalaNafarroako Hezkuntza Departamentuaren kontinuismo zitala salatu dugu

Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren kontinuismo zitala salatu dugu

LAB sindikatuak Nafarroako herritarrei jakinarazi nahi die aurre eginen diola eta salatzen duela Carlos Gimeno buru duen Hezkuntza Departamentuak legegiltzaldi honetan praktikatuko duen politika kontinuista. Behin baino gehiagotan eskatu dugu kontseilari honen kargu-uztea, eta eskatzen jarraituko dugu, eta salatu nahi dugu departamentuaren euskarafobia, negoziaziorik eza, gizarteratzeko baliabide errealik eza, bere engainuak, lege-zabarkeriak… Azken batean, hezkuntza-kalitatea benetan hobetzeko asmorik eza.

Konparazio batera, Lezkairuko ikastetxean gertaturikoa da, zalantza izpirik gabe, Gobernu honek eraman nahi duen politika kontinuista eta penagarriaren isla, zonifikazioa mantenduko duena eta D eredua borondate politikoaren arabera mugatuko duena. Argi ikusi da sinatu berri duten 2023-2027ko akordio programatikoan.

Lezkairu-Paderborn ikastetxe berriak ateak ireki ditu duela gutxi. Ikastetxe berria Iruñeko auzo gazte batean dago, PALE ereduarekin (gaztelaniaz eta alemanez), baina euskarazko eredurik eskaini gabe. Ikastetxeko zuzendaritzak eta Maria Txibite lehendakariak berak eskaera faltagatik dela dioten arren, auzoko familiek argudiatu dute ikastetxe horretan D eredua eskainiko zela ezkutatu dela eta ezin izan dutela haren alde egin. Gainera, informazioa eskatzeko deitu zutenean zuzendaritzak berak esan omen zien haiengatik balitz ez zela D eredua ezarriko; horren ondorioz, auzokide horien seme-alabak D ereduan benetan matrikulatzeko aukerarik gabe gelditu ziren. LABetik salatzen dugu Hezkuntza Departamentuaren zein ikastetxeko zuzendaritzaren okultismoa eta fede txarra zentroaren benetako eskaintza ezagutarazteko garaian, eraso euskarafobo honekin herritarrei iruzur egin baitzaie.

Akordio programatikoarekin jarraituz, eta Gimenok Hezkuntza Departamentuko buru izaten jarraituko duela kontuan hartuz, Hezkuntza kalitatea hobetzeko iragarpenak ez dira onak. Hilabeteak daramatzagu irakasleen lan-baldintzak negoziatzeko premia larria dagoela esaten, baina negoziaziorako ateak itxita izan ditugu dirurik ez dagoela argudiatuta. Gezurra da. Administrazioko beste kolektibo batzuek dirua izan baitute beren baldintzak hobetzeko. Beste adibide bat da ikastetxeetako zuzendarien biziarteko osagarria, IZE elkarteak sustatutakoa eta klaustroei aldez aurretik galdetu gabe emandakoa. Osagarri horrek kolektibo bati bakarrik egiten dio mesede, gainerako hezkuntza-komunitatea alde batera utzita.

Praktika txarren beste adibide bat da Gimenok abuztuan iragarri zuen Inklusiorako Foru Agindua, non, besteak beste, taldekatze malguak, ikaskuntza kooperatiboa eta curriculuma aberastea aipatzen baitira; baina ez du ezer esaten ikastetxeei baliabide erreal, ekonomiko eta pertsonalak emateaz. Kontuan hartuta Nafarroan 36.500 ikaslek baino gehiagok dutela hezkuntza-laguntzaren berariazko premia (ikasleen % 26k), oso larria da behar ekonomiko horiek inon jasota ez egotea. LABek ez du propaganda hutsa onartuko.

Jar dezagun orain arreta Lanbide Heziketan. Nahiz eta Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak Nafarroa Garaiko Hezkuntzaren harribitxi gisa jarri, irakasleei galdetzen badiegu, oso bestelako errealitatea aurkituko dugu. Kezka handia dago Lanbide Heziketa Duala aplikatzearen inguruan (hala adierazi dute Virgen del Camino IPPko irakasleek prentsari bidalitako gutun baten bidez). Halaber, ez da errespetatzen zuzeneko eskola-orduen ordutegia, ratioak gainezka dituzten ikastetxeak ditugu, bikoizketa saioen falta dago eta irakasleek lan-gainkarga izugarria dute. Nekazaritza eta Basogintza eskolan, esaterako, faktore psikosozialen azken ebaluazioak dio irakasleek lan-gainkarga eta gabezi psikologikoak dituztela, askotan, ikastetxeko zuzendaritzari lotuak.

LABek salatu nahi du, halaber, Lanbide Heziketari buruzko Lege berriaren aplikazioak sortu duen nahaste-borrastea. Soldata-diskriminazioa egiten die unibertsitateko gradurik ez duten irakasle funtzionarioei. Diskriminazio hori sektore berezietako espezialisten kidegoan kontratatutako irakasleek ere bizi dute; izan ere, nahiz eta ikaskide funtzionarioen titulazio bera izan eta lan bera egin, gutxiago kobratzen baitute. Are gehiago, gradua lortu eta Bigarren Hezkuntzako kidegora pasatuko diren pertsonek ez dute atzeraeraginezko hobekuntzarik jasoko. Lardaskeria hutsa, berriz ere

Azken finean, LABek salatzen ditu Departamentu honen euskarafobia, negoziaziorik eza, inklusiorako benetako baliabide falta eta lege-zabarkeriak. Ikusten baitugu legegintzaldi berri honetan Hezkuntza Departamentuak politika kontinuistarekin jarraituko duela, hezkuntza-kalitatea hobetzeko batere asmorik gabe.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lakuak proposatu zuen negoziazio egutegia bete ez duenez, irakasleek grebara joko dute berriro maiatzean

Hezkuntza Sailak ez du negoziaketarako benetako borondaterik. Izan ere, nahiz eta sailburuak medioetan adierazi apirila negoziaketarako hilabetea izango zela, hilabetea amaitzear dagoen honetan, sailak negoziaketa guztiak etenda mantentzen ditu. Beraz, beste behin ere, sailburuak propaganda eta iritzi publikoan eragiteko nahia beste helbururik ez du izan.

Metro Bilbaok I-SEC enpresarekin egindako kontratua salatzen du LABek

Metro Bilbaoko zuzendaritzak eta langile-batzordeak Bilbo Palestina Herri Ekimenaren eta Bilbo- Nodo BDZ-Bizkaiaren (Israeli Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak) jaso zuen. Salatzen zuten Metro Bilbaok I-SEC Aviación Security enpresa israeldarra kontratatu duela Lutxana eta Plentzia arteko linea-zatiaren eta instalazioen segurtasunerako, eta eskatzen zioten kontratu hori eteteko.

EAEko Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak bulego judizialaren egungo eredua desegin du, eta betearazpen-zerbitzuak ezabatu ditu

Urtarrilaren 3an argitaratu zen 1/2025 Lege Organikoa, urtarrilaren 2koa, Justizia Zerbitzu Publikoaren eraginkortasunaren arloko neurriei buruzkoa. Arau horrek hainbat aldaketa dakartza justizia administrazioan. Lege hori gainerako autonomia-erkidegoek eta Justizia Ministerioak baliatuko dute bulegoen euskal eredu judiziala kopiatzeko, dagoeneko 15 urte inguru dituena.