2024-05-19
Blog Page 2

Erosahalmena bermatzeko aukera salduta uzten du Bilbobuseko aurreakordioak

UGT, CCOO eta USO sindikatuek enpresarekin sinatutako proposamenak indarraldiko urte bakar baterako ere ez ditu lotzen soldata igoerak KPIarekin. LABen uste dugu akordioan jasotako hobekuntzak eskasegiak direla, aintzat hartuta langileek urte erdi baino gehiago daramatela kalean gogor borrokatzen.

Aurreakordio hori azkenean berresten bada, Bilbobusen historikoki negoziazio kolektiboaren oinarri izan den puntu nagusia, ordainsarien igoera KPIari lotuta mantentzea, alegia, behin betiko lurperatuta geratuko da eta etorkizuneko negoziazioetan berreskuratzea ezinezkoa izango da. LABen argi daukagu soldatak KPIarekin lotzea dela langileak ez pobretzeko bidea. Izan ere, aurrerantzean soldata-igoeretarako erreferentzia-indizea funtzionarioen igoera izango bada, eros-ahalmena pixkanaka galduko dute Bilbobuseko beharginek; izan ere, funtzionarioek haiek hamarkada bat baino gehiago daramate salatzen etengabe ari direla eros-ahalmena galtzen.

Akordioa babestu duten sindikatuen jarrera gaitzetsi dugu; izan ere, orain, ia zazpi hilabeteko mobilizazioen eta hilabete baino gehiagoko greba mugagabearen ostean, gehiengo sindikalak esku-eskura jarri die enpresari eta udalari KPIarekiko lotura hori galtzea. Hala, hemendik aurrera, Madrilen unean-unean dagoen gobernuak ezarriko dizkie Bilbobuseko langileei beren baldintza ekonomikoak.

2023ko azaroan, enpresak 2022-2026 aldirako indarraldiko hitzarmen bat eskaini zuen, urte horietarako funtzionarioen igoerarekin. Orduan ezetz esan bazitzaien, zergatik igaro behar izan dira sei hilabete greban, azarokoaren hain antzeko zerbait adosten amaitzeko? 2022. eta 2023. urteetarako % 1,5eko hobekuntza (hasierako eskaintzarekin alderatuta) lortu izana argi eta garbi urriegia da, aintzat hartuta borrokaldia zazpi hilabetez luzatu dela.

Gainera, lanaldiaren %62an kontratatutako langileei dagokienez, 2022ko otsailean lan-poltsan zuten hurrenkeraren arabera igaroko dira beharginak %100ekoen taldera, oraingoz 5 pertsona baino ez. Are gehiago, kontratu-modalitate hori ez da desagertuko, eta geratzen diren lanpostu hutsak lan-poltsako behin-behinekoek beteko dituzte. Ondorioz, %62koen taldeak existitzen jarraituko du, baina beste pertsona batzuekin. Hau ez da arazo bat konpontzea, kronifikatzea baizik, eta gogorarazi du kolektibo horiek sortzearen onuradun bakarra enpresa dela, plantillaren zatiketa, langileen frustrazioa eta prekaritatea baino ez baitakarte.

Horrez gain, gogorarazi behar dugu Bilbobuseko beharginek ematen dutena funtsezko zerbitzua dela, Bilboko Udalak nahitaez eskaini beharrekoa. Hala, kontratua suntsiarazteko ultimatum-a langileen kontra erabiltzen ari diren presio-arma zikina baino ez da.

Nafarroako itunpeko ikastetxeetako eta ikastoletako langileak mobilizatu egin gara, benetako negoziazio eraginkorra lortzea xede

LAB, SEPNA-FSIE, UGT eta ELA sindikatuok jakinarazi nahi dugu, Nafarroako Hezkuntza Ituna duten ikastetxeetako langileen lan baldintzak arautzen dituen akordioa laster amaituko den honetan, ez dugula ez aurrerapenik ikusten eta ez dugula berririk akordio horren balizko negoziazioari buruz. Horrek Hezkuntza Departamentuaren eta sektoreko patronalen borondate eza adierazten du.

Hori dela eta, atzera ere, gure ezinegona adierazi nahi izan dugu kontzentrazio honetan. Ez dago akordioa hobetzeko aurrekontu-zuzkidurarik, ezta benetako negoziazio-esparrurik ere, nahiz eta Hezkuntza Departamentuarekin eta sektoreko patronalekin bildu garen; Hezkuntza kontseilariarekin eta Nafarroako lehendakariarekin ere saiatu garen arren, ez dugu ezer lortu.

Ezinbestekotzat jotzen dugu hobekuntzak lortzea langileen lana duintzeko, hobekuntza horiek zuzeneko eragina izanen bailukete Nafarroako Hezkuntza zerbitzuaren kalitatean. Sektoreko profesionalok merezi dugu lan baldintzetan aurrera egitea, ikastetxeetan egunez egun egiten dugun lana duinduz.

Egoera horrekin batera, ia bi urte igaro ondoren, lana mantentzeko akordioa blokeatuta daukagu, zeinak aukera emango lukeen lanpostua galtzen duten lankideek beste zentro itundu batean lanean segitzeko.

Deitoratzen dugu Patronalek eta Administrazioak Nafarroako Itunpeko Ikastetxeetako eta Ikastoletako langileen baldintzak hobetzeko duten inmobilismoa eta borondate eskasa.

Departamentuaren, Patronalen eta ordezkari sindikalen arteko negoziazio bateratu eta eraginkorraren alde egiten jarraituko dugu. Aldaketarik gertatu ezean, ekintza irmoagoei ekingo diegu.

Nafarroako Hezkuntza Departamenduak benetako negoziazioa ahalbidetu behar du behingoz

Aurreko ikasturtean (2022-23), sindikatuok premiazkotzat jotzen ditugun eskari batzuk planteatu genituen, ikasgeletako hezkuntza-kalitatea eta irakasleon lan-baldintzak hobetzeko: ratioak jaistea, lan-gainkarga murriztea, interinitatea arintzea eta galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea; Administrazioak berak % 15ean aitortu eta tasatu egin du.

Hezkuntza Departamentuak isiltasunaren aurrean, 2023ko otsailaren 15ean eta apirilaren 3an bi greba-egun deitu behar izan genituen. Milaka irakaslek bat egin bazuten ere, Departamentuak ez zien eskaerei jaramonik egin, eta nahiago izan zuen egutegi politikoari begira jardun maiatzeko hauteskunde autonomikoetara iristeko, inolako hobekuntzarik egiteko konpromisorik hartu gabe.

2023ko irailean, Hezkuntzako kabinete berria eratu zenean, ia deus ez dela aldatu ikusi genuen, eta luzapen-estrategiek joera orokorra izaten jarraitu dute; izan ere, lehenik eta behin, ez zitzaien sindikatuei jaramonik egin Nafarroako Aurrekontu Orokorrak itxita egon ziren arte, hezkuntzaren arloan hobekuntzarik egin ez zedin. Eta, bigarrenik, Administrazioarekin lan egiteko “lantalde” batzuk antolatu dituzte. Horietan, hobekuntza eraginkorrak lortzeko maniobra-marjina hutsaren hurrengoa da, argi baitago ezin direla gauzatu euro bakar bat ere inbertitu nahi ez bada. Horregatik, etsipena adierazi nahi dugu lantalde horietatik lortzen ari diren emaitza eskasekin.

Baina, gainera, gogoratu behar dugu, duela gutxi, apirilaren 26an, Nafarroako Parlamentuak ebazpen bat onartu zuela aldeko 34 botorekin (UPN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin), sindikatuok eskatzen ari garen hobekuntzekin bat datorrena. Bertan, Hezkuntza Departamentuari eskatzen zaio urrats esanguratsuak eman ditzala hezkuntza-arloko langileen lan-baldintzak hobetzeko, eta horretarako beharrezko negoziazioak egin ditzala, hartutako neurriak datorren ikasturtean eta 2025eko aurrekontuetan islatzeko:

  • Gehiegizko ratioak murriztea eta errefortzu-orduak luzatzea.
  • Burokrazia-zeregin gehiegizkoak arintzea.
  • Langileen prestakuntza egokitzea.
  • Langileen egonkortasuna sustatzeko neurriak hartzea: lanpostuak sendotzea, lan-eskaintza publikoa handitzea, lekualdatze-lehiaketak egokitzea, destinorik gabeko irakasle finkoen problematikari irtenbidea ematea, behin-behinekotasuna murriztea, etab.
  • Hezkuntzako langileek galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea.
  • […]

Horregatik guztiagatik, Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu ekin diezaiola benetako negoziazioari, edukiarekin eta baliabide ekonomikoekin eskaerei erantzun ahal izateko. Izan ere, erakunde sindikalek eta parlamentuko alderdi politikoek 10.000 irakasle eta Nafarroako gizartea ordezkatzen ditugu hurrenez hurren. Hala ez bada, mobilizazioetara deitu beharko dugu datorren ikasturtearen hasieratik.

Bide batez, dei egiten diegu irakasleei -eta baita hezkuntza-komunitate osoari ere- bizikleta eta patineteekin egingo den errebindikazio-martxa batera.

Maiatzaren 23an, 18:00etan, Navarro Villoslada BHIn hasiko da, eta Carlos III.aren etorbidean amaituko (Nafarroako Jauregia).

Enplegu publikoa eta lan-baldintzak hemen erabaki daitezen, emendakinak aurkezteko eskatuko diegu sindikatuok alderdi politikoei

LABek, ELAk, CCOOk, STEILASek eta ESK-k alde biko bilerak deitu ditugu Espainiako Estatuko azken hauteskundeetan EAEn ordezakaritza lortu zuten alderdi politikoak, maiatzaren 20an. Bilera horietan sindikatuok proposamen bat aurkeztuko diegu alderdiei, Espainiko Diputatuen Kongresuan zuzenketa bat aurkez dezaten. Zuzenketa hori onartzeak euskal langile publikoen enplegua eta soldatak erabakitzea ahalbidetuko luke.

Bi hilabete baino gehiago igaro dira sektore publikoko azken greba egunetik; milaka langile publikok politika publikoak aldatzea, zerbitzu publikoak indartzea, enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea, lan-baldintzak hobetzea eta Madrilek ezarritako betoak ezabatzea eskatu zuten. Deialdiak arrakasta izan zuen arren, sindikatu deitzaileok salatu dugu ez direla urratsak ematen ari norabide horretan aurrera egiteko. Gasteizen zein Madrilen gobernatzen duten alderdi politikoen erabakiak kontrako norabidean doazela ohartarazi dugu.

Esate baterako, Gasteizko Legebiltzarrean, EAJren eta PSEren aldeko bozkekin, 2024rako onartutako EAEko Aurrekontuen Legearen 19. artikuluan berariaz jaso da soldaten eta enpleguaren arloan Madrilek hartzen dituen erabakiekiko menpekotasuna. Hau da, nahiz eta estatu mailan oinarrizko legerik ez egon gai horretan eskumen horiek mugatzen dituenik, Jaurlaritza osatzen duten alderdiek behartu dute Eusko Legebiltzarra mugatzera bere autogobernu-ahalmena sektore publikoan, eta Madrilen etorkizunean hartzen diren erabakien mende jartzera.

Bestalde, Madrilgo Diputatuen Kongresuan ez dago aurrekontu legerik. Hala ere, 8/2023 Lege Proiektua negoziatzen ari dira, Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazketatik eratorritako neurri ekonomiko eta sozialak hartzeko eta lehortearen ondorioak arintzeko. Bada, PSOE eta Sumar taldeek zuzenketa bat aurkeztu diote proiektu horri, Madrilek ezarritakoez bestelako soldata-igoerak negoziatzea eragozten duena. Euskal alderdi politikoek ez dute lege-proiektu horri zuzenketarik aurkeztu aurkeztu muga hori eragozteko, eta LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuek argi daukagu langile publikoek beren lan-baldintzak hemen erabakitzea ahalbidetuko duten ekimenak aurrera eraman behar dituztela.

Hori dela eta, sindikatuok alde biko bilera-sorta batera deitu ditugu alderdi politikoak, lege horretan zuzenketa bat sar dezaten. Zuzenketa horrek Madrilek ezarritako betoa kentzea ahalbidetuko luke, eta sektore publikoko langileen enpleguaren eta lan-baldintzen arloko beharrak hemen erabakitzea ahalbidetuko luke.

Bestalde, deialdia egin dugun sindikatuok elkarretaratzeak egingo ditugu maiatzaren 27an, EUDELen aurrean 10:30ean eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean 11:30ean, euskal erakundeei eskatzeko Espainiako Gobernuaren azpiordezkaritza huts gisa funtzionatzeari utz diezaiotela, beren eskumenak erabil ditzatela, zerbitzu publikoak indartu ditzatela, pribatizazioak alde batera utz ditzatela, enplegu publikoa sor eta finka dezatela eta euskal herritarrei kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak bermatzen dizkieten langile publikoen lan-baldintzak hobetu ditzatela.

Azkenik, deialdia egin dugun sindikatuok lehen aipatutako Legea Diputatuen Kongresuan bozkatu bezperetan ere mobilizatzeko asmoa dute.

Protestek jarraitzen dute Miñaoko Guascor R&D lantegian

Ikerketa eta garapenerako lantegiko langileek protestekin jarraitzen dute, joan den urrian enpresak 63 langileetatik 7 kalera botatzea erabaki zuenetik.

Enpresa-batzordeak (2022an eratu zen) salatu duenez, jabeak aldatu arren (lehen Siemens-Energy, gaur egun Mutares, Alemaniako inbertsio-funtsa), enpresak jarrera ez-negoziatzailea eta mehatxagarria erakutsi du, eta langileengan desanimo- eta segurtasun-eza sentimendua eragin du, eta horrek pertsona-kopuru handi batek enpresetatik alde egitea eragin du, orainaldi lasaiagoa eta, ziurrenik, etorkizun itxaropentsuagoa bilatzeko. 2022an Mutares iritsi zenetik, Miñaoko langileen kopurua %20 murriztu da. Horrek eragin negatiboa du Guascor markaren irudian, bere osotasunean, lanpostu horiek ez baitira berritzen. Gainera, murrizketek langileen segurtasunari ere eragiten diote.

Guascor R&Dko langileek enpresa-itun eguneratu bat sinatzeko eskatu dute, indarrean dagoena berrikusi gabe eta 2011tik iraungita baitago. Langileek soldata izoztuta dute, eta ez dirudi datozen urteetan hori aldatuko denik.

Apirilean, Guascor R & Dko langileak beren egoera agerian jartzen saiatu dira, hainbat protesta-ekintzaren bidez. Batzarrak markatutako ibilbide-orria Enpresa Batzordea motor gisa hartuta gauzatzen jarraituko da datozen egunetan, aurreikusitako helburuak lortu arte.

Lan istripuan zendu den garraiolari nafarraren kasuaren aurrean, sektorean prebentzio neurriak ezartzea premiazkoa dela azpimarratu dugu

Atzo, maiatzak 13, 51 urteko Lizarrako garraiolari bat hil zen lan-istripuan Valareñan (Zaragoza), gidatzen ari zen kamioia iraulita. Cerio Ensilados enpresako behargina zen. Heriotza honekin 23 dira jada aurten lan-istripuz hil diren langileak, eta horietatik 8 garraiolariak. Datu honek esan nahi du aurten Euskal Herrian lan-istripuak eragindako heriotzen %35 garraioaren sektorean gertatu direla.

LAB sindikatutik, lehenik eta behin, elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu hildako langilearen senideei eta lagunei. Denbora asko daramatzagu garraio sektoreko lan istripu-tasa altuaz ohartarazten, urtero garraiolari ugari hiltzen baitira horrela. Hainbat faktore daude ezbehar-tasa altu horren atzean, baina bat nabarmentzen da besteen gainetik: sektorean gero eta prekaritate handiagoa dago. Garraio-sektoreko lan baldintzak oso eskasak dira, eta salgaien garraiorako Nafarroako azken hitzarmena 2008koa dela salatu du LABek.

Lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan-baldintzen eraginez modu osasuntsuan elikatzeko zailtasunak… Horrek guztiak lan istripuak izateko aukerak areagotzen ditu, eta, zehazki, arazo kardiobaskularrak izateko aukerak.

Garraioaren sektorean gertatzen diren lan-istripu gehienak saihets daitezke, baina neurriak hartu behar dira sektoreko prekaritatearekin amaitzeko, bai patronalaren aldetik, bai Nafarroako Gobernuaren aldetik. Hala, hildako garraiolarien kopuru onartezinak premiazko neurriak exijitu ditu LABek, eta azpimarratu du premiazkoa dela lan baldintza duinak izango dituen sektoreko hitzarmen berria negoziatzea.

Sokoa enpresan mobilizazioei ekingo diegu

2024ko Urteko Derrigorrezko Soldata Negoziazioen baitan langileen Biltzar Nagusiak hartutako erabaki baten berri emateko agerraldia egin dugu gaur LAB eta CFDT sindikatuok bulego-aulkien lantegiaren aurrean. Biltzar Nagusi horretan erabaki zen Soldata Negoziazioen blokeoa ematen bazen blokeo horren berri ematea gizarteari eta, aldi berean, gure aldarrikapen nagusiaren alde engaiatzea gaurtik bertatik mobilizazio bat antolatuz.

Bestalde, gaurko prentsaurrekoa ere baliatu nahi genuke 2017ko ekainean osatutako zuzendaritza “berri” honek dituen egiteko manerak eta dituen jarrerak jakin arazteko. 

Urteko Derrigorrezko Soldata Negoziazioei dagokienez, aipatu nahi dugu “negoziazio” hauek 2024ko apirilaren 28an abiatu zirela eta hiru bilera egin ondotik zuzendaritzak desadostasun-akta egin duela eta horren ondotik alde bakarrez %2,5eko emendaketa orokorra egitea erabaki duela %3ra mugatua izango den INSEE klausularen aplikapenarekin eta antzinatasun primaren baremoak %10ean birbaloratuko dituelarik.

Guk gure aldetik, lehenbiziko bilkuratik lehentasun garbi bat izan dugu 13. hilabete-osagarri baten nahiarekin. Jakin behar da gure hitzarmen kolektiboak aurreikusten duela “13. hilabeteko” deituriko prima bat soldata erdi baten baliokidea dena eta 5 urtetako antzinatasuna lortzean izaten ahal dena. Gure eskaera beraz prima hau osatzea litzateke, Sokoako soldata ertainen gainean kalkulua egin eta urteko prima finko bat ezarriz.

Gure aldarrikapena bultzatzeko honako argudio hauek ipini ditugu mahai gainean:

      1. Gure herriak eta batez ere kostaldeak neurrigabeko inflazioa jasan duela azken urte hauetan eta beraz bazela ordua langileen ongizatea egungo errealitate lokalarekin lotzeko “hamairugarren” deitutako prima bat ezarriz.

       2. Azken urte hauetan Salmenten Xifrak modu adierazgarrian handitu diren arren, gure interesamenduak beheranzko joera nabarmena izan du. Adibidez 43 milioiko Salmenten Xifrekin 4000 euroko interesamendua bagenuen 2007. zein 2008. urtean; aitzitik 2022an eta  2023an 933 euro eta 1834 euro baino ez ditugu izan lehenbiziko urtean 54 milioiko Salmenten Xifrak eta bigarrengoan 56 milioiko Salmenten Xifrak egin arren.

       3. Zuzendaritzak, bere betiko diskurtsoa erabiliz, esaten digu ezin dituela karga pertsonalak gehiago emendatu. Baina, izan dugun informazio gutxirekin baieztatzen ahal dugu hain justu soldatarik handienek izan dituztela emendaketarik handienak azken urte hauetan. Haientzat posible bada emendaketa hori, zergatik ezin du izan langile soil batentzat?

Gure “hamairugarren” hilabetearen aldarrikapena zilegia dela jakinik, azpimarratu nahi dugu gaurtik aurrera aldarri honen alde borrokatzeko prest garela eta ziklo berri batean sartuko garela “hamairugarren” hilabete hau lortzeko asmoz. Hori dela-eta, jakin arazi nahi dugu ere ostiral honetan, maiatzaren 17an 4etan langileen Biltzar Nagusia antolatu dela eman beharreko mobilizazioen segidari buruz hitz egiteko eta egun berean 5etan Sokoako Administrazio Kontseilua delarik berau ere interpelatzeko asmoz.

Soldata Negoziazio hauez gain, zuzendaritzaren egiteko manera eta jarrera desegokia dela-eta jakin arazi nahi dugu kezka hori aski zabaldua eta partekatua dela enpresako bestelako eragileen artean ere.

Batez ere honako hauek aipatu nahi genituzke:

       1. Gardentasun falta nabarmena. Zuzendaritzak ez dizkigu eman Soldata Negoziazioen baitan eskatu ditugun informazio guztiak, esate batera. Beste batzuen artean, adibidez kategoria sozioprofesionaleko soldata handienak eta ttikienak ez dizkigu transmititu. Horrez gain urteetan zehar Batzorde Sozial eta Ekonomikoan eskatzen ditugun informazioak ere ez dizkigu komunikatzen, hala-nola akziodunen Biltzar Nagusietako presentzia-orriak zein bertako aktak.

       2. Boterearen kontzentrazioa. Gero eta nabarmenago boterea pertsona baten gainean murrizten ari dela ohartzen gara. Adibidez argi ikusten da Zuzendari Orokorrak ez diola bertako Giza Baliabideetako Zuzendariari inolako erabakitzeko edo negoziatzeko botererik ematen Batzorde Sozial eta Ekonomikoko bilkuretan edota Soldata negoziazioen bilkuretan. Bilkura horietan gero eta nabarmenago ikusten dugu erabakiak aurretik hartuak direla eta grabaketa-gela batean baino ez gaudela egiazki negoziatzeko aukerarik gabe eta erabaki kolektiboen gainean eztabaidatzeko posibilitaterik gabe. Enargiaren afera kudeatzeko orduan ere nabarmen gelditu da. Batzorde Sozial eta Ekonomikoa informatua eta kontsultatua izan zen Enargiaren kapitalean parte hartzeko orduan, baina afera hau dagoenetik ez dugu inolako informaziorik. Gauzak horrela, prentsaren bidez jakin dugu Sokoak justiziaren bidea hartu duela eta bide beretik jakin dugu ere Enargiako kapitaletik irteteko asmoa badagoela. Itxuraz, erabaki hau Zuzendari Orokorrak bakarrik hartuko du. Duen garrantzia kontuan hartuta ez al litzateke eztabaidatu edota erabaki behar beste eragileekin batera, hala-nola langileen ordezkariekin edo akziodunekin?

       3. Ordainsarien desberdintasunerako eboluzioa. Argi ikusten dugu, alde batetik, soldaten 2000. urteko 1etik 3rako tartea nola pasatu den 1etik 5era 2024an eta, bestalde, Zuzendari Orokorrari dagokion eta bere soldatari gaineratzen zaion mandatu sozialaren ordainsaria ere nola hirukoiztu den azken hamar urte hauetan.

       4. Enpresarekiko atxekimendu gero eta txikiagoa. Langileen joatea ere gero eta handiagoa dela ohartu gara eta bertakoen atxekimendua ez dela garai batekoa bezalakoa eta neurri handi batean zuzendariaren egiteko manera eta jarrera honi lotuak dira. Azpimarratu nahi dugu lehenbiziko aldiz ez dela Sokoako Administrazio Kontseilurako azken bozetan koadroen aldetik hautagairik aurkeztu. Eta hau ez da ohikoa gure ustez.

Zuzendaritza honek kanpora begira erregularki bidaltzen duen irudiaren lekukoak gara eta ez dugu ukatzen gauza positiboak ez direnik ezartzen gure enpresan, baina tamalez ez da prentsan agertzen den enpresa eredugarri hori ere, izan ere ez da ahaztu behar epaitegiek Sokoa zenbait aldiz zigortu dutela batez ere lan kodea eta hitzarmen kolektiboa ez errespetatzeagatik edota gehiegizko kaleratze zein sindikatu diskriminazioagatik!!

Polizien kidegoak Iruñeko ospitalean egindako erakustaldia gaitzesten dugu

LAB sindikatuko kideok salatu nahi dugu, Ospitaleratutako Haurraren Eguna dela eta, polizia-indarrek ospitaleetako zabalgunean egindako erakustaldia. Propagandarako ekintza honen aitzakia izan da goizean zezen-plazara joaterik izan ez duten haurrei ikuskizun hau eskaintzea.

Gure irudikoz, erabat desegokia eta lekuz kanpokoa da polizia-agente asko egotea ospitaleetako eremuan; izan ere, eragozpen handiak eragin diete profesionalei eta erabiltzaileei, esaterako, zarata eta nahasmendua Ama-Haurren eraikinean ingresatuta dauden haurrei eta emakumeei.

Horrez gain, LAB sindikatuak Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko gerentziaren jarrera ere salatu nahi du, baimena emateagatik pazienteen osasunari inolako ekarpenik egiten ez dioten eta polizia-kidegoen propagandarako ekintza baino ez diren ekitaldiak egiteko.

LAB sindikatuaren ustez, ospitaleratutako haurren egoerarekin bat datozen ekitaldi askoz ere esanguratsuagoak egin daitezke eta egin behar dira, baina lekuz kanpo daude ospitaleetako eremuan bizitutako erakustaldia eta osasunaren zaintzarekin zerikusirik ez duten indarkeriazko bestelako ekintzak.

Bizkaiko esku-hartze sozialeko zortzigarren greba egunean patronalak eta aldundia interpelatu ditugu

Zerbitzu publikoa ematen dutenez gero, hitzarmen duina premiazkoa dute sektoreko beharginek, eta horregatik dihardute borrokan azken hilabeteotan. Gaur goizean 24 orduko itxialdiari amaiera eman diote eta manifestazioa egin dute Bilboko kaleetan zehar, Gizardatz patronalaren aurrean geldialdia egin dutelarik, blokeoa behingoz eten dezala exijitzeko oihuekin. Ibilbideak Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean izan du amaiera, eta bertan instituzio publiko horren jarrera salatu dute, bere ardurapeko zerbitzuan lan-baldintza kaskarrak onartu eta gatazkan duen ardurari iskin egiten baitio.

Hala, gaurko greba egunaren ostean ere mobilizatzen jarraitzeko asmo irmoa agertu dugu, baldin eta patronalak eta aldundiak ez badute beren jarrera aldatzen. Esku hartze sozialeko langileok boluntariotzan, makurturik eta eskubiderik gabe nahi gaituzte, baina ez dute lortu eta ez dute lortuko, kaleak langileonak dira!