2026-01-01
Blog Page 193

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IUrekin bilera egin dugu zerbitzu publikoetako grebara deitu dugun sindikatuok

EAEtik Madrilgo kongresuan ordezkaritza duten bost alderdi politikoekin bilerak eskatu ostean, gaur aukera izan dugu eskaera onartu zuten EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IUrekin batzartzeko.

Bilerei dagokienez, sindikatuok urriaren 25ean eta abenduaren 19an deitutako bi greba egunen atzean dauden aldarrikapen nagusiak azaldu dizkiegu. “Esan dezakegu nolabait ere diagnostikoa partekatzen dugula eta bi alderdi hauen aldetik jaso dugula beren agenda politkoetan ere badaudela gure deialdien atzean dauden aldarrikapen nagusi horiek”, azaldu du LABen ordezkari Jonan Altubek.

Beraz, bilerei buruz balorazio ona egin dugu. Beti esan izan dugu prest gaudela marko ezberdinak irekitzeko, eta saiakera egiten ari gara erakunde eta alderdi politiko guztiekin egoteko. Izan ere, behin eta berriz diogun bezala, borondate politikoa behar da, negoziaketarako borondatea behar da, eta horixe da adierazi duguna.

Trapagarango Amazoneko azpikontrata batek 23 langile kaleratu eta enpresa itxi du

Amazonentzat Bizkaiko logistika-gunean banaketa-lana egiten duen Vayven Delivery SL-k 2022ko ekitaldian 423.339,51 euroko etekin garbiak lortu zituen.

Abuztuaren 14an, Vayven Delivery SLk Enplegu Erregulazio Espediente bat iragarri zion plantillaren legezko ordezkaritzari, Amazonek haiekin kontratua alde bakarrez ez berritzea erabaki zuela argudiatuta. Vayvenek Amazonentzat lan egiten du 2019ko ekainean Trapagaranen zentro logistikoa ireki zenetik.

Hasiera-hasieratik, enpresa honek sistematikoki urratu ditu langileen eskubideak. Egoera horren ondorioz, 2020ko urrian, langileek beren lan-baldintzak duintzeko antolatu eta borrokatzea erabaki zuten, LAB sindikatuaren bidez hauteskunde sindikalak egitea sustatuz.

LABek Vayvenen duen ordezkaritzak behin baino gehiagotan salatu ditu egondako urraketak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren aurrean, hala nola lan-egutegirik ez izatea, egunean 11 ordu baino gehiagoko lanaldiak izatea, lanaldien artean 12 orduko atsedenik ez izatea, azpikotizazioak…

Enpresa honek Estatuko Mezularitzako Hitzarmen Kolektiboa aplikatzen du. Horren ondorioz, LABek gatazka kolektiboa abiatu zuen, Bizkaiko Errepideko Garraioaren Hitzarmen Kolektiboa aplikatzeko eskatuz. Lehen auzialdian langileen alde emandako epaia errekurritu egin zuen enpreak EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, eta honek sindikatuaren aldeko ebazpena berretsi zuen.

Enpresa-prozedura horrek (epaiaren errekurtsoak) berretsi egiten du enpresak plantillari dagozkion lan-baldintzak baino txikiagoak aplikatzeko asmoa duela. Izan ere, epaiak hilean 800€ gordin baino gehiagoko soldata-igoera dakar langile bakoitzarentzat.

Prozesu horretan guztian zehar (bi urte baino gehiagoko borroka judiziala), Vayvenek uko egin dio elkarrizketari edo gatazkari alternatiba bat bilatzeari, eta itxierarekin mehatxu egitera mugatu da.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuak argi dauka enplegu-erregulazioko espedientea epai judizial bidez langileei dagokien hitzarmena aplikatzera behartuta dagoen enpresa baten mendekua dela.

Vayven Amazonentzat bakarrik lan egiten duen azpikontrata bat dela jakinda, LAB sindikatuak bilera bat eskatu zion Amazoni, eta honek ukatu egin zien. Eskuak garbitu nahi dituzte, kaleratze horiekin zerikusirik ez duten aitzakian.

Amazonek bere neurrira egindako azpikontratazio-estrategia du: urtero azpikontratekin sinatzen du kontratua, eta horrela, zerbait gustatzen ez bazaio, ez berritzearekin paretik kentzen ditu. Ez da kasualitatea ekintza sindikala garatzen den azpikontratekin kontratua deuseztatzea. Badirudi langileen antolakuntza dela Amazoni gustatzen ez zaiona.

Vayvenen kasuan, langileek beren lan-baldintzen alde antolatzea eta borrokatzea lortu bezain laster, Amazonek Vayvenekin zuen lan-harremana amaitu du (gauza bera gertatu da Kantabrian eta Asturiasen). Esku-lan merkearen bidez negozioa egiten jarraitu ezin dutenez, ez da errentagarria.

Banaketa-zerbitzua ezinbestekoa da Amazonek bere jarduera garatu ahal izateko, eta, beraz, LABek uste du banatzaileek egiturazko langileak izan behar dutela, baldintza duinetan eta lanpostu egonkorretan. Bien bitartean, banatzaileen subrogazioa bermatu behar da.

Sindikatuak gogorarazi du, enpresen estrategia gorabehera, aurrean izango dituztela, antolatuz eta dagozkien eskubideen alde borrokatuz. LABek prozedura judizialak hasiko ditu kaleratze kolektiboaren espedientearen deuseztasuna bilatzeko, langileak Amazonek edo Bizkaian zerbitzua ematen duten beste bost banaketa-enpresek beregana ditzaten.

Hezkuntza Legean hurrengo belaunaldiak euskalduntzeko bermeak jasotzeko beharra azpimarratu dugu Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera

Kontseilua eta hezkuntzako eragileak aspalditik esaten ari dira hezkuntzak euskara gehiago behar duela, eta Hezkuntza Lege berriak hori ahalbidetu eta bultzatu behar duela uste du LABek ere. Hala, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta eta beste hainbat eragilerekin batera gaur Donostian agerraldia egin dugu, politikariei eskatzeko euskararen normalizazioarekiko benetako konpromisoak jaso ditzatela testuan. Sindikatuko ordezkari gisa Irati Tobarrek parte hartu du.

Euskalgintzaren Kontseiluak, euskararen normalizazioaren aldeko gizarte erakundeen bilgune nagusiak, hurbiletik jarraitu du azken bi urte eta erdian Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Hezkuntza Lege berria eratzeko prozesua. Hurbiletik jarraitu du argi duelako hezkuntza euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan aurrera egiteko giltza nagusietako bat dela. Argi dago, orain arte bide horretan egin diren aurrerapauso asko hezkuntzatik egindako ekarpenari esker gertatu direla. Baina argi dago, baita ere, normalizazioan eta biziberritzean aurrera egiten jarraitzeko eta euskarak eta euskal hiztunen komunitateak aurrera begira dituzten erronkei behar bezala heldu ahal izateko berrikuspen sakona behar duela hezkuntzak, ezinbestekoa dela orain 40 urte, oso bestelako testuinguru batean sortutako tresneria berritzea.

Hori dela eta, Kontseiluak hurbiletik segitu du prozesua, eta, gainera, ez behatzaile huts gisa, baizik eta hezkuntzako eragile nagusi eta adituekin batera ekarpena eginez. Egiaz, hurrengo belaunaldiak euskaraz jabetzea bermatuko duen proposamen zehatza jarriz mahai gainean, euskarazko ikasteredu orokortu eta inklusiboa ardatz duena. Hizkuntzaren gaineko korapiloa askatzeko proposamena izan da, eta gaur hemen islatzen den bezala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza komunitatearen adostasun zabala du.

Lege berriaren onarpen prozesua azken txanpara heldu da. Aste batzuen buruan jakingo dugu proiektu berriak aurrera egingo duen edo ez, eta zein eduki zehatzekin egingo duen. Une kritikoa da.

Joan den apirilean lege proiektua aurkeztu zenean balorazio gazi-gozoa egin genuen. Egitasmoan ikusi genituen euskararen normalizazioari dagokionean noranzko egokian jartzen gintuzten urrats batzuk, hala nola, derrigorrezko hezkuntza amaitzean ikasle guztiek hizkuntza ofizial bietan B2 maila iristeko helburua zehaztea. Begi onez ikusi genuen, halaber, ikastetxe bakoitzak hizkuntza proiektua landu eta garatu beharra. Zoritxarrez, ordea, hutsune asko ikusi genituen ere, baleko elementuak baino gehiago. Esate baterako, hizkuntza proiektuen
abiaburuko ebaluaziorik ez aintzat hartzea edota azken helburuen inguruan kanpo ebaluaziorik ez ezartzea. Hau da, orokorrean, erabateko lausotasunean uztea legean bertan hizkuntza arloan jasotzen diren helburuak bete ahal izateko ibilbidea. Iragan ekainean Eusko Legebiltzarrean, Hezkuntza Batzordean, egin genuen agerraldian horixe izan zen gure eskari nagusietako bat: Hezkuntza Lege berriak zehaztasuna behar zuela baldin eta euskaren normalizaziorako eta gizarte kohesiorako tresna izango bada. Zehaztu behar zirela ikastetxeen hizkuntza proiektuen nondik norakoak, proiektu horien zein emaitzen ebaluazio moduak, eskura izango ziren baliabideak. Beste eskaera zehaztasun horien nolakotasunaren ingurukoa zen: azken batean, euskara gehiago behar duela Hezkuntza Legeak; hain zuzen
ere, euskara gehiago, gutxien duenari gehiago emateko.

Hau da, azaldu genuen zaurgarritasun sozioekonomikoa identifikatzen den bezala identifikatu behar dela zaurgarritasun soziolinguistikoa ere, tamalez, hainbatetan elkarrekin eta elkar indartuz gertatzen baitira. Eta horren araberako baliabideak jarri behar direla ikastetxeen,
hezkuntzako langileen, eta, oro har, hezkuntza komunitateko kideen esku. Halaber, curriculumaren ardatza euskal kultura izatea ezinbestekoa delako euskararen ikaste- eta erabiltze-prozesuak zentzua izan dezan, hizkuntza minorizatua dela aintzat harturik.

Laburbilduz, horiek lege proiektuari ikusten genizkion gabeziak, eta horiek bide egokira ekartzeko indar politikoei egindako eskaerak. Arestian aipatu dugu, honenbestez, legearen eztabaida eta onarpen prozesua azken txanpan dela. Eta, hain justu, hona iritsi garenean, une kritikora, ezustekoa hartu dugu aurkeztu diren hainbat zuzenketa justu kontrako noranzkoan doazelako. Ezustekoa hartu dugu, datozen hamarkadetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sistemaren bizkar hezurra izan daitekeen legea jada zaharkituak dauden hizkuntza-ereduen gainean eraikitzeko aukera zabaltzen dela ikusita. Kezka sakona eragin digu, atzerapauso handia litzatekeelako.

Izan ere, hizkuntza-ereduetan oinarritutako sistema hori jada iraungita dago. Ez dugu guk esaten: orain arteko esperientziak eta ibilbideak, eta gaur egungo ikasgeletako errealitateak, frogatu du ereduak zaharkitutako tresnak direla. Hezkuntza komunitatean adostasun zabala
dago horren inguruan; Jaurlaritza beretik ere adierazi da errealitateak berak utzi dituela atzera.

Finean, hizkuntza-ereduak gaindituta daude eta ez dira eragingarriak ikasleek hezkuntza itunean zein lege egitasmoan bertan ezartzen diren hizkuntza helburuak lor ditzaten.

Ereduen mantentzeak ondorengo belaunaldietan milaka ikasle euskaldundu gabe uztea eragingo du, ateak itxiz. Hau da, milaka haur eta gazteri euskara menderatzeko aukera eragotziko zaie, haiei kalte nabarmena eraginez, aukera sozial eta profesionalak areagotzeko tresna garrantzitsua ukatzea den heinean. Eta, orokorrean, euskararen normalizazioa kaltetuz, eta horrenbestez, gizarte kohesioa eta bizikidetza.

Horregatik deritzogu duela 40 urte sortutako hizkuntza-ereduen sistema sakonki diskriminatzailea dela, milaka ikasleri bertako hizkuntzaren gaitasuna lortzea galaraziko baitzaie, ofizialtasunak ezartzen duen euskara ezagutzeko eskubidearen eta botere publikoen betebeharraren kontra. Gaur egungo esperientziak eta datuek erakusten dutelako ereduak segregaziorako tresna ere izaten direla, eta zaurgarritasun sozioekonomikoari zaurgarritasun soziolinguistikoa erantsiz, milaka haurren etorkizuneko garapen soziala eta profesionala baldintzatzen duela. Ereduen sistemak sarritan euskara gutxien dutenei are eta gutxiago ematen die, gizarte kohesioa indartzea eragotziz. Eta, era berean, beste milaka herritarrek hizkuntza eskubideak egikaritzea zailduko du, bizikidetzan sakontzea trabatuz.

Halaber, kezkagarria deritzogu, gurasoen erabakitzeko ahalmenarekin argudioarekin, etorkizuneko belaunaldien aukera berdintasuna baldintzatzea. Ereduen sistemak milaka haur benetako monolinguismo edo elebakartasun batera kondena ditzake, gaztelera soilik menderatzera, bertako hizkuntzaren ezagutza nahikorik izan gabe. Izan ere, erabat jakina da gaur egungo gure gizartean gaztelera menderatzea erabat bermatuta dagoela, biztanleriaren ia %100ak ezagutzen duela, eta gaur egun elebakar bakarrak gaztelera hiztunak direla.

Kontseiluak epe luzeko begirada proposatzen du, hamarkada batzuk barru euskal gizartea euskaldun eta eleaniztuna izan dadin. Hau da, belaunaldi berriek bi hizkuntza ofizialak eta gutxienez atzerriko bat menderatu dezaten, Hezkuntza Itunean adostu zen bezala. Jakin
badakigu ere, euskarazko ikastereduak ez dituela bere kabuz bakarrik ikasle guztiak euskalduntzen eta ezinbestekoak direla berrikuntza pedagogikoa, euskal kulturaren transmisioa, hezkuntza ez-arautua eta eskolako ingurunea euskalduntzea, eta euskara
gutxien dutenei baliabide gehiago zuzentzea, besteak beste.

Hau ez da egun batetik bestera egikaritu daitekeen zerbait, trantsiziorako denbora beharko duen prozesu bat baizik. Euskal gizartearen kohesioan eta berdintasunean sakontzeko apustua da, eta une honetan hartuko diren erabakiek erabat baldintzatuko dute datozen
hamarkadetako euskararen normalizazio prozesua.

Horregatik, eta eztabaidaren une kritikoan gaudenez, Kontseiluak eta hemen batutako beste eragileok, elkarrekin, arduraz jokatzeko eskatzen diegu alderdi politikoei, eta iraganeko hizkuntza-ereduak atzera utzita hel diezaiotela etorkizunari, Hezkuntza Legea datozen
belaunaldiak euskalduntzeko berme eta giltza izan dadin behar diren eduki eta zehaztasunekin hornituz, euskara ardatz duen ikasteredu orokortua eta euskal curriculuma erdigunean jarriz.

Gipuzkoako esku-hartze sozialean hitzarmena behar dugula eta, ekintza sindikala aktibatu eta mobilizazioak deitu ditugu

10 hilabete igaro dira jada Esku-hartze sozialari buruzko Gipuzkoako IV. Hitzarmen Kolektiboa negoziatzeari ekin genionetik. Egungo egoeraren berri emateko agerraldia egin dugu LAB, ELA eta CCOO sindikatuok.

Hedatzen patronalak sindikatuekin izandako bigarren bileran eragin ekonomikoa zuten gai guztiak irailean negoziatuko genituela adierazi zigun arren, iraila pasa da eta Hedatzenek orain aurreratu digu Gipuzkoako Foru Aldundiaren (GFA) onespenik gabe ezingo duela inolako proposamen ekonomikorik ekarri; gainera, jakin badakigunez GFAk gaur gaurkoz ez duela KPIa bermatzeko inolako konpromisorik adierazi. Horregatik, Esku-hartze sozialeko enpresetako komiteek, gauza hauek aldarrikatzen ditugu:

Alde batetik, administrazio publikoak sektoreko negoziaketan eragin zuzena duen heinean, langileen eros ahalmena bermatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak har ditzala. Ez, ordea, eros ahalmena bermatuko duten neurriak soilik, baizik eta langileen lan baldintzak hobetzeko beharrezkoak diren neurri oro. Adibidez, lan-kargak gutxitzeko neurriak hartzea, lana eta bizitzaren kontziliaketa hobe baterako neurriak ezartzea, ratioak aldatu eta hobetzea edota klasifikazio profesionala eguneratzea. Horretarako, LAB, ELA eta CCOO sindikatuekin hitzartutako bileran, konpromisoak hartzeko eskatu nahi diogu Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiken departamentuari.

Bestetik, Hedatzen patronalari bere hitza betetzeko eskatzen diogu. Ez dugu ahaztu behar bera dela mahaian alderdi sindikalarekin batera esertzen dena, eta ondorioz, edukiak negoziatzeko ardura duena. Horregatik, KPIa bermatu eta sektoreko langileen lan baldintzak hobetzen dituen proposamena ekartzeko eskatzen diogu.

Esku-hartze sozialeko langileei adierazi nahi diegu, aurrera pausorik egon ez denez, Ekintza Sindikala martxan jarriko dugula, blokeo egoera honi irtenbide eman eta lan baldintzak hobetuko dituen Hitzarmen Kolektiboa erdiesteko. Horregatik, hitzarmenaren aldeko sinadura bilketa martxan jarri eta datorren azaroaren 17ko mobilizazioan parte hartzera animatzen zaituztegu

Azkenik, Gipuzkoako herritarrei ere gure borrokara batzeko deialdia egiten diegu, patronalaren aldetik aurrera pausurik egon ez denez, Ekintza Sindikala martxan jarri baitugu, blokeo egoera honi irtenbide eman eta lan baldintzak hobetuko dituen Hitzarmen Kolektiboa erdiesteko. Azken finean, jokoan dagoena ez baita gure eros ahalmena edo gure lan baldintzen hobekuntza soilik, kalitatezko zaintza eta gizarte zerbitzuak jasotzeko Gipuzkoar herritar guztiok dugun eskubidea baizik.

Berriz ere mobilizatu gara Nafarroako zahar egoitzen hitzarmenaren negoziazioak desblokeatzeko eskatzeko

Gaur goizean, LAB sindikatuko kideok elkarretaratzea egin dugu Iruñean, Nafarroako Jauregiaren aitzinean, berriz ere exijitzeko Nafarroako zahar egoitzetako lehen hitzarmen sektoriala izanen denaren negoziazioa desblokea dezaten. LABek Gobernua eta patronala interpelatzen jarraituko du, beren jarreretatik mugi daitezen eta hitzarmen duina lortzen lagunduko duten urratsak egin ditzaten, benetako edukiekin, langileen lan baldintzak nabarmen hobetuko dituztenak.

Ia hiru urteko borrokaren ondoren, hitzarmenaren negoziazioak bere hartan segitzen du. Bistan da patronalak ez duela interesik langileei lan baldintza hobeak emateko, baina kezkagarria da, halaber, Nafarroako Gobernuak duen pasibotasun jarrera, erakunde publikoen baimenarekin pribatizatuta dagoen zerbitzu publiko batean. Gobernua ez da desblokeoa modu aktiboan bilatzen ari, eta horrek negoziazioaren paralisi integrala eragiten du.

Sektoreko hirugarren sindikatua izan arren, iragan ekainean LABek mahai gainean kolpe bat eman zuen negoziazio mahaia bil zedin, eta lortu zuen. Orain, bertze urrats bat egin du negoziazio hau ezerezean ez gelditzeko. Betiere, langileen lan baldintzak duinduko dituen hitzarmen sektorial propioa lortzeko helburuarekin.

Horregatik guztiagatik, kalera atera gara berriz, sektore feminizatu eta prekarizatu horretako langileekin batera, Gobernua eta patronala interpelatzeko, bajak absentismoarekin lotu ez daitezen, gehiegizko klausularik ez onartzeko, ezein kontzepturen izozketarik ez onartzeko, bizitza bateratzea ahalbidetuko duten soldata eta lanaldi duinen alde… Azken finean, lan baldintza duinak eskatzeko.

Greba feminista orokorretik hurbil egonik, sektore honek kalera ateratzeko arrazoi asko ditu, ez bakarrik hitzarmenagatik, baita egiten duten zaintza lan honen aitortzagatik ere. Hitzarmen hau lehen pausoa izanen da zaintza sistemaren publiko eta komunitario baten aldeko borrokan, gizartearendako zein langileendako hain beharrezkoa dena.

Jangelako langileei funtzio gehiago inposatu izana salatzen dugu

Duela bi urte, gutxi gorabehera, Eusko Jaurlaritzak eskola publikoetako kudeaketa zuzeneko jangelak kudeatzeko plegu berriak argitaratu zituenean, LAB sindikatuak publikoki salatu zuen Hezkuntza Sailaren asmoa zela hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei jangelako langileek arreta ematea, eta, beraz, eskola publikoa pribatizatzen eta prekarizatzen jarraitzea.

Bada, Lucia Torrealday Berrueco Hezkuntza Saileko Hezkuntza Aniztasun eta Inklusiorako zuzendariak, 2023ko urriaren 2an, jarraibide berri bat argitaratu zuen, honako hau adieraziz: “Jangelako begiraleek lankidetzan jardungo dute, kualifikaziorik gabe, ikasleen arreta, zaintza eta zaintzako lanak eginez jantokian eta atsedenaldietan, bai bazkaldu aurretik bai ondoren, behar bereziak izan edo ez”. Horren ondorioz, orain arte, hezkuntza-premia bereziak zituzten ikasleen autonomia pertsonaleko edo sozialeko programa egiteko orduan kodetzea (ikaslee beharrizanen arabera eginkizun bakoitzerako behar dituzten baliabideak zehazten dituena) bakarra zen. Orain, jarraibide berri horren ondorioz, kodetze hori bikoitza da: bazkaltzeko ordua eta/edo patioko denbora.

Joan den ikasturtera arte, Hezkuntza Saileko langile publiko kualifikatuek betetzen zituzten eginkizun horiek, eta goi-mailako prestakuntza zuten, gutxienez. Orain nahi dutena zera da: eskoletako jangeletako langileek, funtzio horietarako kualifikaziorik ez dutenek eta hezkuntzarekin zerikusirik ez duten enpresek azpikontratatutakoak direnek, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen ardura hartzea.

LABek honako galdera hau plazaratu du: Lehen Hezkuntzako 37 haur esleituta dituen jangelako langile batek nola bete ditzake arreta eta zaintza lanak bazkalorduan eta jolastokiko orduan, gelako ratioa 23 ikasleko tutore batekoa denean?

Hala, sindikatuak Hezkuntza Saileko Hezkuntza Aniztasun eta Inklusiorako Zuzendaritzari eskatzen dio hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen arretarako figura berri bat sor dezala, publikoa eta behar besteko kualifikazioarekin, bai bazkaltzeko ordurako, baita jolastokian edo denbora horretan egiten den beste edozein jardueratarako ere. Horrez gain, aipatu jarraibideetatik begirale kolektiboaren aipamen oro ken dezatela exijitu du.

Bizkaiko Foru Aldundiak hitzarmena adosteko negoziazioa ahalbidetu behar du

Bizkaiko Foru Aldundiko beharginek mobilizazio-asanblada gauzatu dute Foru Jauregiaren aurrean eguerdian, hitzarmena adostu ahal izateko negoziazioa ahalbidetu dadin eta administrazioak ezarritako blokeoa amaitu dadin.

Aurreko ikasturtea amaitzeko, Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunei eskatu zieten blokeoa amaitzeko eta benetako negoziazio bat abian jartzeko, lan-baldintzak hobetuko dituen eta langileen erosteko ahalmenari eutsiko zaiola bermatuko duen akordio/hitzarmen berri bat adosteko.

Maiatzeko foru-hauteskundeen ondoren, gobernu berri bat eratu da Aldundian, eta negoziazio-mahaian esertzeko exijitzeko unea da, akordioak lortzeko benetako borondatearekin. Blokeoaren aurrean, inoiz baino beharrezkoagoa da langileak mobilizatzea, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzeko negoziazio-mahaian aldarrikapen zehatzak negoziatu eta adostu ditzatela zerbitzu publikoak indartzeko eta lan-baldintzak hobetzeko.

  • Soldata-igoera, azken urteetako erosteko ahalmenaren galera berreskuratzeko eta 2024koa bermatzeko.
  • Zerbitzu publikoak indartzea eta kalitatea hobetzea, gero eta hedatuago dagoen ikuspegi merkantilistaren aurrean.
  • Kudeaketa publikoa gizarte-zerbitzuetan.
  • Enplegu publikoa sortzea, zerbitzu publikoak garatuz eta sendotuz, plantillak gaztetuz.
  • Zaintza publikoa, politika feministak
  • Berdintasunean eta euskaraz funtzionatuko duen Sektore Publikoa nahi dugu. Horretarako, plangintza eraginkorrak aldarrikatzen dituzte langileek.

Joan den astean, eta Funtzio Publikoaren berririk ez zegoenez, mahaian ordezkaritza dugun sindikatu guztiek idazki bat aurkeztu genuen erregistroan, akordio/hitzarmeneko negoziazioak hasteko, blokeoa amaitzeko eta hemen erabaki ahal izateko negoziatzeko borondate argia izateko eskatuz.

LABek uste du Nafarroako Volkswagenen hitzarmenerako proposaturiko aurreakordioak prekarizatzeko eta ziurgabetasun-egoera areagotzeko baino ez duela balio

LAB sindikatuak salatu du Volkswagen Nafarroako zuzendaritzak eta UGT eta CCOO sindikatuek lortu duten hitzarmenaren aurreakordioa plantillaren beharrei erantzutearen aurkakoa dela. Era berean, LABek salatu du bi sindikatu horiek erreferendum lotesle batekin lotu nahi dutela sinadura. LABek aurreakordio hau baztertu du plantillaren etorkizun duinerako ezinbertzeko edukia ez duelako eta zehaztugabetasunez josita dagoelako.

Zoritxarrez, oraingo egoera iragarritako heriotza baten kronika baino ez da. Batez ere, UGTk eta CCOOk plataforma bateratuaren planteamendua ezarri zutenetik, planteamendu hori, bere garaian erran bezala, Enpresa Batzordeak batera egiten zituen aldarrikapenei uko egitez josita zegoen, eta, zalantzarik gabe, oso urruti gelditzen zen plantilla gutxieneko baldintza duinetan babestuko zuen planteamendua izatetik.

LABek proposamen zehatz batzuk paratu zituen negoziazio mahaiaren gainean (lanaldia astean 32 ordura murriztea, plantilla gaztetzeko neurriak, mutualitateak desagertzea…), baina inon ez dira ageri enpresak proposaturiko aurreakordioan. UGTk eta CCOOek ontzat ematen duten aurreakordioa da, eta gainontzeko indar sindikalak behartu nahi dituzte erabat baldintzaturiko erreferendum lotesle baten bidez.

LABek, erreferendum bidez edo gabe, ezin du inola ere ontzat eman aurreakordio hori, ez baitu plantillaren etorkizun duinerako nahitaezkoak diren edukiak, zehaztugabetasunez josita baitago, etorkizunean lan egiteko “konpromisoarekin”, eta positibotzat har daitezkeen neurriak, hala nola Osasunbideak kontingentzia arruntak kudeatzea, makillaje hutsa direlako eta etorkizunean desagertzera bideratuta daudelako (mutualitatea desagertzeko neurriaren kasu zehatzean, absentismoari buruzko datuak urtez urte hobetzearen mende baitago).

LABen ustez, bereziki kaltegarria idan daitekeen bertze neurri bat 400 langilerentzako irteera-planari buruzkoa da; izan ere, elementu hori hitzarmenean erregulatzeak neurri horren aurkako mobilizazioak baldintzatu edo bideraezin bihur ditzake etorkizunean, egin daitezkeen grebak legez kontrakoak izanen bailirateke.

LABek argi du zein izan den, zein den eta zein izanen den bere jarrera. Hura defenditzen ari da, eta, aurreakordio horren ondoren, defenditzen jarraituko du, edozein esparrutan.

CAFen 300 langile egon dira amiantoaren eraginpean, ekoizpena pertsonen osasunaren gainetik jartzen duen enpresa-kultura baten ondorioz

Enpresa-batzordearen deialdiari erantzunez, batzarra eta manifestazioa egin dituzte gaur Beasainen CAFeko langileek, eta argi hitz egin dute: “Ez, hau ez da istripua izan, ezta ustekabekoa ere. 300 langile baino gehiago amiantoaren eraginpean egon gara, ekoizpena pertsonen osasunaren gainetik jartzen duen enpresa-kultura baten ondorioz”.

Adierazi dute hori dela, hain zuzen ere, 2023. urtean 300 pertsona baino gehiago 2002. urteaz geroztik debekatuta dagoen produktu baten eraginpean egoteko arrazoi bakarra. Salatu dute CAFeko 60 langile baino gehiago hil direla amiantoaren ondorioz, baina benetan askoz gehiago izango direla seguraski.

CAFeko Zuzendaritzak adierazi du amiantoa kentzeko enpresak egindako lan-plana jarraitu eta Osalanek ezarritako protokoloak bete dituela. Baloiak kanpora. Baina prebentzioko ordezkarien iritziarekin kontra, CAFek erabaki zuen izugarri zikinak ikusten ziren nabeak langilez betetzea.

CAFek zaindu behar du bere langileen osasuna, eta, beraz, hain prozesu korapilatsuan zalantzarik txikienaren aurrean, zuhurtasun-printzipioa nagusitu behar zen. Non geratzen den hainbeste gorapaitutako “prebentzio kultura”?

Enpresak behin eta berriz esan du ahal duen guztia egin duela egoera aldatzeko, baina langileen ordezkariek argi dute zuzendaritzak neurri gehigarriak hartu baditu langile eta Enpresa Batzordearen presioagatik izan dela. Egoera honen hasieratik, enpresa-batzordeak bultzatu ditu neurri gehienak, eta horri esker esposaketa ez da handiagoa izan. Ez zuzendaritzaren jarrerak ez Osalanenak ez lukete gertatutakoa saihestuko.

Beraz, argi geratu da, halaber, administrazioak ezarritako protokoloek huts egin dutela eta ez dutela bermatzen amiantoa kentzea segurtasun osoz, ez CAFen ez beste edozein lekutan, ingurumen-neurketak egiteak ez baitu balio amiantoarekin kutsatutako inguruneak detektatzeko. Baina badirudi Osalanek ere ez duela kritikarik onartzen. Abuztuaren 25ean prebentzioko ordezkariek egoeraren berri emateko deia egin ondoren, astebete behar izan zuten enpresara joateko eta prebentzioko ordezkariekin biltzeko.

Horregatik guztiagatik, CAFeko langileek egoera horren aurrean erantzukizunak argitzea eskatu dute. Gertatutakoa saihestu zitekeen, eta honaino ekarri gaituzten erabakiak hartu dituztenek aurpegia eman behar luketela adierazi dute.

Era berean, 4DIBko 7- 8-9 nabeetan (azpikontratak barne) amiantoa kentzeko egoera horretan egon ziren pertsona guztiak amiantoaren eraginpean egon daitezkeen langileen zerrendan sartzea exijitu dute. Aurreko urteetan desamiantatzea egin den eremuetan egon diren langile guztiak zerrenda horretan sartzea ere eskatu dute.

Azkenik, enpresa-batzordeak eskerrak eman dizkie gaurko batzar eta mobilizazioan parte hartu duten langileei. Era berean, kaltetutako nabeetako langileek erakutsitako jarrera kritikoa nabarmendu dute, haien erreakzioa izan baitzen gerora gertatutakoari bide eman ziona. “CAFeko langileok eta enpresa batzordeak borrokarako erreferente izaten jarraitu behar dugu”, amaitu dute euren hitzartzea.