2026-11-03
HomeEkintza SindikalaBizkaiko ikuztegietako eta tindategietako langileek mobilizazioa egin dute hitzarmen duinaren aldarria kalera...

Bizkaiko ikuztegietako eta tindategietako langileek mobilizazioa egin dute hitzarmen duinaren aldarria kalera eramateko

Bilboko Plaza Eliptikoan eta Guggenheim museoaren aurrealdean elkartu dira izarak eseki eta herritarrei beren egoeraren berri emateko. Turismoaren igoerak garbitegi handiei mesede egiten dien bitartean, beharginei lan-karga areagotu eta baldintzak kaskartu baino ez dizkiete egiten.

Langileen oharra

 Turismoa gora, enpresen irabaziak gora… baina labanderietako soldata eta lan baldintzak behera!

Joan den urtean, turisten etorrerek %82 egin zuten gora Bizkaian, igarotako gau kopurua handiagoa da eta hotelen presentzia, handiagoa. Gainera, turismoa dagoeneko ez da soilik udara mugatzen.

Horrek eragin zuzena du ikuztegien eta tindategien lan-bolumenean, hotelen sektoreak zerbitzu horiek azpikontratatzen baititu. Beraz, turismoak mesede egiten die garbitegi handiei, baina aberastasun hori ez da plantilletara iristen.

Bizkaiko ikuztegietako eta tindategietako langileek 2007tik ez dute sektoreko hitzarmenik. Hainbat negoziazio-saio egin ditugu, baina ez dugu emaitzarik eman, patronalaren blokeoa dela eta, sektoreak bizi dituen zailtasun ekonomikoetan oinarritzen baita. Denbora horretan, erosteko ahalmenaren galera izugarria izan da: LGSaren %30 baino gehiago kobratzetik azpitik egotera igaro da, bizitza asko garestitu den garaietan, hain zuzen ere. Lanaldia ez da murriztu, ez da hobekuntzarik izan lizentzietan, ezta kontziliazioan ere, ez da jarduerarako plus egokirik sortu…

Apirilean, sektorean ordezkaritza duten sindikatuok negoziazio-mahaia deitu genuen berriro, hitzarmen honi beste aukera bat emateko asmoz: lan- eta soldata-baldintzak eguneratzea eta hobetzea premiazkoa da.

Aldiz, CECOBI-ATILAVI patronala premisa argi batekin etorri da mahaira: soldatak desizoztea beste eskubide batzuei uko egitearen mende egotea nahi dute. Besteak beste, honako helburu hauek dituzte: antzinatasuna mugatzea, bajak ez osatzea, soldata-igoera negargarriak, tindategietako asteburuko librantzak kentzea, etab.

Guk argi daukagu, jarrera hauen aurrean, kalera irtengo gara!

18 urte daramatzagu hitzarmenik gabe…

Miseriazko soldatei, EZ! Bizitza duinen alde borrokan!

Tindategiak eta garbitegiak hitzarmen duin baten alde zutik!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioko plantillak bertan behera utzi ditu greba eta mobilizazioak, Osasun Departamentuak jakinarazitako aurrerapausoak direla-eta

Joan den ostegunetik, gure hitzarmen kolektiboaren aplikazioaren inguruan Osasun Departamentutik jakinarazi zizkiguten aurrerapausoak eta albisteak ezagutu ondoren, Navarrabiomed - Miguel Servet Fundazioko langileok erabaki dugu garatzen ari ginen greba eta mobilizazioak bertan behera uztea.

Udaltzain batzuk Intxaurrondon jasotako formakuntza ikertzeko eta berriro halakorik ez dadin gertatu eskatzen dugu

Gipuzkoako hainbat udaltzaingotako agenteek Intxaurrondoko kuartel nagusian, Gipuzkoako Guardia Zibilaren Komandantziaren egoitzan, egindako prestakuntza-ikastaro batean parte hartu izana salatzen dugu.

Etxebizitzarako eskubidea bermatu dadin, hiru eraldaketa eta sei ekintza lerro proposatu ditugu

Etxebizitza langileen eta herritarren beharren arabera antolatzeko, parke publikoa ardatz duen planifikazioa egin behar da; etxebizitza politiketan eman beharreko eraldaketak kapitalaren irabazi espekulatiboen bidez ordaindu behar dira; eta, jarduera espekulatiboak debekatuz, negoziorako erabiltzen diren etxebizitzak berreskuratu behar dira.