2025-12-26
Blog Page 180

Estatuko ordezkari instituzionalei eskatu diegu Celsa taldeko lantegien gardentasuna bermatzeko

Euskal Herriko Laminaciones Arregui edota Nervacero lantegiak biltzen dituen taldean enplegua ziurtatzeko beharra azpimarratu dugu. Jarraian irakur daiteke LAB, LEKU, ELA, CSI eta ESK sindikatuon komunikatu bateratua, joan den astean Madrilen izandako bilerari buruzkoa:

«Joan den ostegunean, azaroaren 23an, goian aipatutako sindikatuek bilera bat izan zuten Manuel de la Rocharekin, Jaurlaritzaren Lehendakaritzarako Ekonomia Gaietarako idazkari nagusiarekin, eta José Marino García Garcíarekin, Jaurlaritzaren Lehendakaritzako Ekonomia Gaietarako Idazkaritzako aholkulariarekin.

Erakundeek sindikatu horiei informazio gutxi eman zietenez, bilera hau eskatu zen Celsa Taldearen jabetza-aldaketaren egungo egoera argitzeko eta, horrela, taldeak Euskadin eta Asturiesen dituen lantegietako plantillen ziurgabetasuna murrizteko.

Dagokien informazioa jasotzeaz gain, zentral sindikal horiek eskatu dute bai Estatuko Gobernuak, eragiketa hori guztia kudeatzen duenak, bai jabetza berriak zentral sindikal GUZTIEKIN komunikazio handiagoa izan dezatela. Halaber, lurralde horietako lantegiei eragiten dien edozein negoziazio enpresa-batzordeen barruan egin behar da, eta, beraz, langileekin. Gainera, agerian geratu da lantegi bakoitzean industria-plan bat landu behar dela bideragarritasuna bermatzeko.

Sindikatu horien kezka nagusia da enplegu-bermea eta lan-baldintzak ez errespetatzea eta taldeko enpresen jarduera eta etorkizuna bermatzea, bereziki Nervacero, Moreda eta Laminaciones Arregui enpresena. Sentitzen dugu estatuaren eta jabetza berriaren arteko akordioak administrazio-kontseiluan ordezkaritzarik ez jasotzea eta ez aurreikustea, ezta egoera horretan taldearen kudeaketaren gaineko kontrol handiagorik ere. Jabetza berria jabetzan hartu denez, eta haren helburu ekonomikoak zein diren jakinda, 18 hilabeteko enplegu-bermea oso eskasa iruditzen zaigu. Gure beldurra da epe hori igarota funtsak, etorkizuneko administrazio-kontseiluarekin batera, kaleratzeak gauzatzeko eta, beraz, taldea desegiteko beharrezko adostasuna bilatuko duten.

Bilera horrez gain, helburu horiek lortzeko behar diren erakunde eta organismoetara joko dugu. Erakundeak dira horrela beteko dela bermatu behar dutenak, eta hala egiteko eskatuko diegu».

Enpresaren immobilismoaren aurrean, Amazon Trapagaran enpresako langileak grebara itzuliko dira Gabonetan

Duela urtebete, AMAZONeko langileok 24 orduko lehen greba-eguna egin genuen Cyber Monday egunarekin batera. Eta urtebete geroago, gure aldarrikapenak berdinak dira: HITZARMEN PROPIOA NEGOZIATZEA.

Egun historiko hartatik 365 egunera, borrokara itzuli behar izango gara, enpresak negoziatzeko borondaterik ez duelako.

Pazienteak izan gara, elkarrizketarako borondatea izan dugu, nahiz eta denbora galtzea besterik ekarri ez duten bilerak izan. Hala ere, lortutako erantzuna beti berdina izan da: ez dute negoziatzeko inolako asmorik.

Enpresak langileen eskaerei jaramonik ez egitea enpresa-batzordearekiko eta plantillarekiko errespetu falta izugarria da.

Langileen ordezkaritza legitimoari eta gure eskubideak defendatzeko funtsezko tresna den NEGOZIAZIO KOLEKTIBOAri adarra jotze horren aurrean, argi diogu: nahikoa da! nazkatuta eta haserre gaude.

Ukiezinak direla uste dute, baina oso oker daude. Borroka desorekatua da, badakigu; multinazional bat dugu parean, gure prekarietatearen eta osasunaren kontura etekinak etengabe handitzeko irrikaz dagoena, baina ez dugu amore emango.

Elkarrizketa eta negoziazioari dioten mespretxuak, hori bai, adeitasunez mozorrotuta, konfrontazioa beste irtenbiderik ez digu uzten.

LABek eta ELAk adierazi nahi dugu aurten ere ez dela normaltasunik egongo AMAZONen Gabonetan. Eta jendarteari dei egiten diogu zilegi den borroka hau babesteko. Izan ere, ERRALDOIAri egiten diogun eskaria oinarri-oinarrizkoa da: geure errealitatera egokitutako hitzarmen propio bat.

Azaroak 25: Zaintza lanetan emakumeenganako* indarkeria ekonomikoa borrokatu!

Gaur, Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Egunean, zaintza lanak gutxietsiak, prekarizatuak eta feminizatuak egotea ere indarkeria dela salatu nahi dugu, indarkeria estrukturala.

Zaintza lanei aitortza soziala, politikoa eta ekonomikoa emateko beharrezkoa da zaintza sistema publiko komunitarioa eratzea, eta horixe aldarrikatuko dugu Greba Feminista Orokorrean.

Urtero bezala, bat egiten dugu Mugimendu Feministak gaur deitutako mobilizazioekin eta euretan parte hartzeko deia zabaltzen dugu.

Donostiako Udalak irizpide politikoz izendatu ditu euskaraz ez dakiten bi arduradun

Azken hilabeteotan zalaparta ugari sortu da administrazioaren euskalduntzea bultzatzeko Udalek hartu izan dituzten hainbat neurrien aurka Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak plazaratu dituen ebazpenak direla eta. Izan ere, gehienetan euskararen aurkakoak izan baitira epaileek emaniko erabakiak. Inboluzio juridiko hori salatzeko Euskararen Gizarte Kontseiluak Bilbon antolatu berri duen manifestaldian 70.000 euskal herritarrek parte hartu zuten, epaileen irakurketa salatu eta euskararen normalizazioari oztoporik ez jartzeko eskatuz. Mobilizazio erraldoi horretan, beste hautetsien artean Donostiako Udaleko alkatea den Eneko Goia ikusteko parada izan genuen.

Baina Eneko Goia alkatearen jokabidea ez da borobila. Izan ere, Kontseiluak oldarraldi juridikoaren aurka antolatutako manifestazioan parte hartzen duen bitartean, berak zuzentzen duen Udalean, Donostian, euskararen hirian, Udalak irizpide politikoz zuzenean hautatutako bi arduradun politikoek ez baitakite euskaraz, eta biak, euskaraz funtzionatzeko gaitasuna duten bi departamendu buru gisa izendatu dituzte, bata, Ingurumenean, zuzendari moduan, eta, bestea, Hezkuntza eta Gizarte Sustapeneko zinegotzi arduradun moduan. Azken hau, larriagoa da, Hezkuntza eta Gizarte Sustapeneko: Berdintasuna, Gazteria, hezkuntza, lankidetza eta kultur aniztasuna Udaleko Euskara Atalak baitira.

Bi kasutan, izendapen politiko zuzenaz bi arduradun politiko elebakar erdaldunak proposatu dituena Udal Gobernuko kidea den PSOE izan da, baina Eneko Goiak, eta baita PNVk ere, euskaraz funtziona dezaketen zuzendaritza hauetan zuzendari eta zinegotzi arduraduna elebakarrak izendatzea isil-isilik onartu dute, zerbitzuaren kalitatearen eta euskararen normalkuntza prozesuaren kaltetan. PNVko Jon Insausti zinegotziak zuzentzen duen Udaleko Euskara Zerbitzuak ere ez du txintik ere esan izendapen hauen inguruan… Lotsagarria eta salagarria da, zalantzarik gabe.

Bere egunean, LABek gogor salatu zuen Donostiako Udalak, PNVk eta PSOEk, bertako arduradunak zuzenean hautu politiko libreaz izendatzeko aukera egin zezaten hartu zuten erabakia. Egun hartan, zuzendari kargurako karrera funtzionarioen eskubidea zapuztu zutela salatzeaz gain, zuzendari eta zinegotzi postu horiek eskuratzeko hainbat baldintzak ez betetzeko aukera zabaltzen zutela azpimarratu genuen, besteak beste, euskararen ezagutzarena. Eta, hori guztia, bi alderdi hauek beren sokako jendea ardura postu horietan sartzeko egin zutela ozenki salatu genuen. Legezkoa izan zen egin zutena, baina ez zuzena.

Tamalez, denborak arrazoia eman digu. Azken izendapen hauek argi utzi dute arrazoia genuela. Ingurumenean izendatu duten Marrero jauna, hauteskundeetan PSOEren zerrendan joan arren hautatu izan ez zen pertsona da. Hau da, Donostiako Udalean hautatua izatea ez zuen lortu, baina irizpide politikoa erabiliz Donostiako Udaleko Ingurumeneko zuzendari bihurtu dute, modurik lotsagabeenean. Eta gainera, ez du lanpostu horretarako behar den kualifikaziorik, ez baitaki euskaraz.

Eta, antzeko gauza gertatzen da Cristina Lagerekin, larriagoa agian, ez baita zuzendaria, Euskara Atalak diren Berdintasuna, Gazteria, hezkuntza, Lankidetza eta Kultur Aniztasun saileko zinegotzi arduradun elebakar erdalduna baizik. Nola da posible euskaraz funtzionatzen duten Euskara Atalen zinegotzi arduradun gisa Eneko Goiak Cristina Lage onartzea, lana behar bezala garatzeko oinarrizko ezaugarria den euskaradun izatea betetzen ez badu?

Horrela jokatuz, alferrikakoa da Euskaraldian, Euskararen Nazioarteko Egunean ala Kontseiluaren manifestaldian parte hartzea, Alkate jauna.

Arabako aniztasun funtzionalaren sektorean lurraldeko lehenengo hitzarmena sinatzea #LortuDugu

Hiru urtez luzatu den negoziazio prozesuari amaiera eman diogu hala.

Gaur, 2023ko azaroaren 24ean, LAB sindikatuak iragarri du Arabako aniztasun funtzionaleko herrialdeko lehen hitzarmena sinatu duela Lan Harremanen Kontseiluan egin duten bileran. Aurreko uztailaren 28an, sektore honetarako hitzarmenaren aurreakordioa sinatu genuen eta gaur, 3 urteko negoziazio prozesu baten ostean, behingoz testu osoa sinatu dugu eta epe laburrean argitaratua izango da.

Aniztasun funtzionala duten pertsonak artatzeko herrialdeko lehen hitzarmen honek duen garrantzia azpimarratu du LABek. Sektore honetako herrialdeko langileen beharrezko aitortza dakar, EAEn lehenengo herrialdeko hitzarmena izanik.

Ospatzekoa da Arabako aniztasun funtzionaleko lehen hitzarmen honek arautzen dituen lan baldintzak Arabako esku-hartze sozialeko III. Hitzarmenarekin alderatzen dituela. Aurrera pausu honek bi sektore horietako langileen lan-baldintzak parekatzea dakar, biek ala biek azpikontratatuko gizarte zerbitzuetan ematen dutelarik arreta. Aurrerapen honek herrialdeko aniztasun funtzionaleko sektoreko langileentzat dakarren errekonozimendua aurrekaririk gabekoa da.

Bide batez, LAB sindikatuak adierazi nahi du sinadura honek zaintza lanak burutzen dituzten langileak langile publikoak izan behar direla dioen aldarrikapenaren alde egiten duela. Izan ere, sektoreko lan baldintzak behingoz arautu eta bide horretan urratsak ematen ditu.

Azkenik, LABentzako funtsezkoa da adieraztea sektoreko langileen antolakuntza erabakigarria dela, kasu honetan negoziazio kolektiboa, aurrera egin ahal izateko.

Antolakuntza horri esker, bultzatu eta sostengatu da urte guzti hauetako negoziazioa. Hori dela eta, gaur berriro ere helarazi nahi izan duten mezurik garbiena da langileen antolakuntzak merezi duela, eta zorionak eman dizkie langile guztiei.

Mecanerren itxieraren aurrean, alternatiba ekosoziala

Urdulizko automozio-lantegiko beharginek beren etorkizunaren jabe izan nahi dute. Horrenbestez, Mecanerrentzako bideragarritasun-plan bat osatzeko prozesua abiarazi dute, egungo erronkei helduko diena. Jarraian irakur daiteke enpresa batzordearen komunikatua:

“Irailaren 1ean, Mecaner enpresak jakinarazi zigun Stellantis multinazionalak Urdulizko Mecaner lantegia ixteko erabakia hartu zuela, ekoizpena deslokalizatu eta 148 pertsona kalean utzita.”Irailaren 1ean, Mecaner enpresak jakinarazi zigun Stellantis multinazionalak Urdulizko Mecaner lantegia ixteko erabakia hartu zuela, ekoizpena deslokalizatu eta 148 pertsona kalean utzita.

Bi hilabete hauetan, antolatu egin gara eta itxieraren albisteari erantzun diogu. Multinazionalarekin bide bat irekitzen saiatu gara, fabrika honen jarduera diruz lagundu duten erakundeetara jo dugu, eta Urdulizko eta eskualdeko bizilagunekin batera mobilizatu gara, gure eskualdea desegiten ari denaren kezkarekin eta ehun industriala eta lanpostuak defendatzeko beharrarekin bat gatozelako.

Bi hilabete hauetan, ahalik eta ate gehien jo ditugu Mecaner ixteko prozesua geldiarazteko eta soluzio bat bilatzeko. Oraingoz, Stellantisek uko egin dio elkarrizketarako bide bat irekitzeari, eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik, hitz politak esan arren, ez dugu inolako laguntzarik jaso.

Langileok ez gaude prest besoak gurutzatuta izateko, gure etorkizunaren protagonista izan nahi dugu eta gara eta, beraz, lantegiaren bideragarritasuna bermatuko duen eta eskualdeko beharrezko trantsizio ekosozialari ekarpena egingo dion alternatiba baten alde borrokatzea erabaki dugu. Etorkizuneko industria baten alde borrokatzea erabaki dugu.

Horregatik, Urdulizko Udalaren laguntzari esker, langileok prozesu bat hasi dugu Mecaner-erako bideragarritasun-plan bat proposatzeko.

Badakigu automobilgintzaren sektorearen egoera zein den: Klima-aldaketaren errealitateak, egungo energia-ereduaren mugek eta ibilgailuak fabrikatzeko lehengaien gero eta urritasun handiagoak ekonomia deskarbonizatzea eta mugikortasun sozialki justuago eta
iraunkorrago baterako trantsizioa egitea eskatzen dute. Beraz, sektorea eraldatu egin behar da, zalantzarik gabe.

Izan ere, automobilgintzaren sektorea eraldatzen ari da, baina Stellantis bezalako multinazionalak zuzentzen ari dira, helburu bakartzat enpresa-irabaziak dituztenak, industriasarea deslokalizatzen dutenak eta langabeziara eta prekaritatera kondenatzen gaituztenak. Zoritxarrez, erakundeek diru publikoarekin laguntzen dute estrategia hori.

Ezin dugu eta ez dugu onartu nahi. Borrokarako prest gaude. Ixteko mehatxua etorkizun hobe baterako aukera bilakatu nahi dugu.
Prozesu bat prestatzen ari gara automobilgintzan eta eraldaketa ekologiko eta sozialetan adituak diren pertsonek osatutako talde batekin.

Helburua produkzio-aukerak bilatzea da, Mecanerren bideragarritasuna bermatzeko, lanpostuak bermatzeko eta etorkizuneko mugikortasun-ereduaren eta beste alternatiba batzuen alde egiteko. Mecanerren, ildo horretan lan egiteko azpiegitura, kualifikazioa eta, batez ere,
borondatea ditugu.

Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzari eta erakundeei eskatzen diegu ez dezatela gure herriaren industria-subiranotasuna multinazionalen esku utzi, etorkizuneko industria jasangarriaren alde egin dezatela eta kalitatezko enplegua berma dezatela, langileok hasitako prozesuan modu aktiboan lagunduz eta parte hartuz.

Amaitzeko, dei egiten dizuegu Urdulizko eta Uribe Kostako bizilagunoi, bai eta eragile sozialei eta insitutuzioei ere, gurekin batera bide hau egin dezazuen, parte har dezazuen Mecanerren, eskualdeko industriaren eta ekologikoki eta sozialki justuagoa den trantsizio baten alde. Etorkizuna gurea da eta horren alde borrokatuko dugu.

Gasteizko Michelinen inor ere ez dago soberan

Salatu nahi dugu enpresak, bere iritziz, 150 langile soberan dituela jakinarazteko duen funtsa eta modua.

Ez da lehen aldia enpresak garrantzi handiko albisteak filtratzen dituela, eta kasu honetan, gainera, batzordea enpresarekin bilduta zegoenean egutegia aztertzeko. Errespetu falta izugarria iruditzen zaio LABi, bai langileenganako eta bai ordezkatzen duen batzordearekiko, horrelako iragarpen bat komunikabide batean argitaratzea barne mailan aurkeztu aurretik. Matrizeak asko hitz egiten du “konfiantzarik ezaz”. Galdetu beharko litzateke ea jokabide horrek plantillak zuzendaritzarekiko duen pertzepzioa eta konfiantza hobetzen dituen.

Iragarpen hau, LABek adierazi duenez, aspalditik hauspotzen ari den prozesu baten hasiera besterik ez da. Hilabete hauetan, enpresak lan-kargaren galera, plantilla gaindimentsionatua, soberan dagoen jendea eta, berriz ere, konfiantza galera aldarrikatu ditu Gasteizko lantegian. Eta hori guztia aurten bizitzen ari diren prozesua baldintzatzen saiatuz. LABek gogorarazten du langileek egin duten gauza bakarra beren eskubide demokratiko oinarrizkoenak defendatzea izan dela: lan-baldintzen alde mobilizatzea eta erreferenduma antolatzea langileei horiek non negoziatu behar diren galdetzeko. Badirudi hori ez zaiola gustatu bere balioak eta pertsonak erdigunean jartzea hainbeste aldarrikatzen dituen zuzendaritzari. “Penagarria” dela dio sindikatuak.

Gainera, LABek aste honetan bertan salatu duen bezala, enpresa deriba autoritario batean murgilduta dago, zigor gehiago aplikatuz, gero eta larriagoak, eta azken 5 hilabeteetan 2012-2018 urteetan baino kaleratze gehiago eginez.

Enpresari filtrazioari buruz galdetu diotenean honek emandako erantzunaren arintasuna ere salatzen du sindikatuak; zan ere, aditzera eman die ez dutela horrekin zerikusirik. Langileen ordezkariak tenteltzat hartu izana salatu du LABek, eta informazio gehiago eskatu du. Bada, erantzuna izan da ez dagoela beste ezer gehitzekorik. “Enpresak zifra bat bota du airera, besterik gabe? Kontuan hartuko dugu”, adierazi du LABek.

Horregatik guztiagatik, LABek uste du batzordea premiaz bildu behar dela azken albiste hau eta azken
gertakariak aztertzeko, merezi duen erantzuna emateko. Frogatuta geratu denez, indarrak batzea eta
antolatzea da multinazional honen aurrean daukaten berme bakarra.

Glavista eta Microdeco enpresen konkurtso-administratzailearen kudeaketa aldatzeko eskatu dugu

Laudioko eta Ermuko enpresek hainbat hilabete daramatzate beren etorkizunaren alde eta itxiera eta lanpostuen suntsiketa saihesteko borrokan. Bi plantillak batuta 290 langile inguru dira.

Helburu bera partekatzeaz gain, bakoitzak bere borrokan, konkurtso administratzailea partekatzen dute, bi enpresak Hartzekodunen Konkurtsoan baitaude. Gogorarazi behar da konkurtso-administratzaile baten eginkizun nagusia dela enpresaren egoera aztertzea eta alderdi guztien onurarako kudeatzea.

Bada, gaur, Glavistako (Laudio) eta Microdecoko (Ermua) plantillak konkurtso administratzailearen bulegoen aurrean mobilizatu dira, bi prozesuetako batean ere ez delako ari plantillen interesen alde, lanpostuen defentsaren alde eta, azken batean, bi enpresentzako etorkizuna bermatzearen alde.

Microdecoren kasuan, konkurtso-administratzaileak enpresaren proposamena onartu eta bultzatu du, hau da, 35 pertsona kaleratzeko proposamena, Enpresa Batzordeak proposatzen dituen aukerak kontuan hartu gabe. Glavistaren kasuan, informazio eta gardentasun faltak, gai garrantzitsuetan ez eragiteak eta jarrera pasiboak, oro har, langileen egoera larriagotzen du.

LABek berretsi du borroka dela bidea Glavistako eta Microdecoko plantillek etorkizuna izan dezaten eta beren lanpostuei eutsi diezaieten, lan- eta bizi-baldintza duinekin. Borroka denbora guzti honetan herrietan mobilizatu dira, baita erakundeen aurrean ere, eta gaur, berriz, 290 familiari eragiten dien erantzukizun garrantzitsua duen horren aurrean.

Tolosa hiribidean bide mozketa egin dugu, zaintza duinak aldarrikatu eta arlo horren bueltako negozioa amai dadila exijitzeko

Goizeko 8:45ak inguruan, hainbat autoren joan-etorria oztopatu eta txaleko moreak, pankartak nahiz ke poteak hartuta, LABeko kideok, pikete feministaren bitartez, zaintzaren inguruko negozioak salatu eta datorren osteguneko Greba Feminista Orokorrerako deia zabaldu dugu Donostian.

Ordu laurden inguruz trafikoak aurrera egin zezan galarazteaz gain, Donostiako inguru hartan Eulen taldeak dituen bulegoetako atea zintaz itxi dugu, halako enpresek zaintzen merkantilizazioan daukaten erantzukizuna ikusarazi nahian.

Hala, gaurko ekimenean bi aldarrikapen nagusi egin nahi izan ditugu.

Alde batetik, argi utzi nahi izan dugu premiazkoa dela zaintzaren negozioarekin behingoz bukatzea. Gogoratu zaintzaren bueltako enplegurik gehien-gehienak pribatizatuta daudela gaur egun Euskal Herrian, administrazio publikoak enpresa pribatuen esku uzten baititu. Horrek, noski, zerbitzua bera kaltetzen du eta, zer esanik ez, baita langileen lan-baldintzak ere. Hala, langileon bizitzen kontura poltsikoak betetzeko iturri paregabea aurkitu du patronalak, instituzioen konplizitatea baliatuta. Egoera horren aurrean, LABen eskatzen duguna da zerbitzuotan diharduten langileak langile publiko bilakatzea eta administrazio publikoaren kudeaketa zuzena ezartzea, zerbitzua bera nahiz lan-baldintzak duintze aldera.

Bestalde, gaurko mobilizazioaren bidez azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrarekin bat egiteko deia zabaldu nahi izan dugu lau haizetara. Izan ere, herritar guztion ardura da bizitzak eta zaintzak erdigunean jarri eta, beraz, aurrera eramatea zaintza eskubide unibertsalaren eta zaintza hori modu duinean eman ahal izatearen aldeko borroka.

Horrenbestez, datorren ostegunean kaleak hartu behar ditugu, Euskal Herria geldiarazi, lantokiak hustu eta kaleak bete, bereziki greba egin ezin duten horien guztien izenean. Euskal Herrian Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa lortu bitartean, segi dezagun borrokan!