2025-12-30
Blog Page 176

Zerbitzu publikoetako langileen elkarretaratzeak deitu ditugu grebaren atarian

Abenduaren 12an egingo dira kontzentrazioak. Urriko grebak aurrerapen txikiak ahalbideratu dituen arren, sindikatuok ziurtatu dugu mobilizatzen jarraitu behar dela enplegua, soldatak eta zerbitzu publikoen egituraketa hemen erabakitzeko. LAB, ELA, CCOO, STEILAS, SATSE eta ESK sindikatuok dei egiten diegu EAE-ko sektore publikoko langileei abenduaren 12an lantokietan Zerbitzu publikoak indartzeko, soldata eta enplegua hemen adostu lelopean elkarretaratzeak aurrera eramatera.

Elkarretaratze horiek abenduaren 19rako deitutako grebaren atarikoak izango dira, eta joan den urriaren 25eko grebari jarraipena emango diete. Greben helburua da Euskal Herriko erakunde eta alderdi politikoek politika publikoak aldatzea zerbitzu publikoen alde, eta bertako langile publikoen enplegua, soldatak eta lan baldintzak hemen erabakitzea.

Urriko greba arrakastatsua egin eta hilabetera, sindikatuek uste dute helburu horiek lortzeko aurrerapauso txikiak eman direla, hala nola, hainbat esparruetan mahai negoziatzaileak deitu dira,eta EAJk PSOErekin lortutako inbestidura akordioan jasotzen da euskal langileen enplegua eta soldata igoerari buruzko atal bat.

Deitutako mahaiei dagokionez, ez dituzte oraindik barneratzen greban plazaratutako aldarrikapenak. EAJ eta PSOEren akordio testuari zehaztasuna falta zaio, eta ez du bermatzen enplegua eta soldatak hemen erabaki ahal izatea. Hala ere, sindikatuek uste dute greben eta mobilizazioen jarraipen zabalak lortu duela hamarkada baino gehiagotik itxita zegoen bidea zabaltzea. Denbora horretan, Estatuak, Euskal Herriko erakunde eta alderdi politiko batzuen bermearekin, bertako langile publikoen lan baldintzak inposatu ditu, eta horrek ondorio larriak izan ditu bai langileentzat, bai euskal zerbitzu publikoen kalitatearentzat. Behin eta berriz sindikatuek adierazi bezala, borondate kontua da zerbitzu publikoen egituraketa eta nondik norakoak hemen erabakitzea, eta hori lortzeko unea iritsi da.

Hori honela, sindikatuek dei egiten diete langileei kontzentrazioetan eta grebetan parte hartzeko, erakunde eta alderdi politikoek negoziatu behar dituzten aurrekontuetan eta EAJ eta PSOE akordioaren balizko garapenean Estatutik datozen mugak eta beto guztiak kentzeko eta negoziazio mahaietan irailean aurkeztutako aldarrikapenak errealitate bilakatzeko. Zehazki, honako hauek:

  • % 10eko soldata-igoera eta aurretik hartutako zorra berreskuratzeko konpromisoa.
  • Pribatizazioei atea ixtea eta publifikazio planak adostea.
  • Enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea , behin-behinekotasuna % 8ra jaitsiz.
  • Lan-kargak arintzea, plantillen osasuna bermatuz.
  • Politika feministak, berdintasunerako plan erreal eta eraginkorrak adostea.
  • Administrazioak eta langileak euskaraz, iruzurrik gabe.
  • Jardunaldiaren murrizketa 32 orduko lan astearen norabidean

Luzaro borroka egin ostean hitzarmen berria #LortuDugu Tolosaldeko Asunción Klinikan

Gaur arratsaldean langileen batzarrean bozkatu da enpresaren azken proposamena, baiezkoak irabazi duelarik. Hala, KPIa bermatzen duten igoerak izango dituzte langileek beren soldatetan, eta beste hainbat aurrerapen ere adostu dituzte. Lorpen honek borrokak merezi duela erakusten du.

Inviza enpresa jabe duen Tolosaldeko Asunción Klinikako langileek, borroka ziklo luze baten ostean, ontzat eman dute enpresak mahai gainean jarritako proposamena. Borroka luze bezain gogorra eraman dute aurrera hainbat hilabetetan zehar; izan ere, lehenengo grebekin udaberrian hasi ziren, eta bestelako mobilizazioekin are lehenago.

Hala, greba egun, mobilizazio, pikete, elkarretaratze eta manifestazio ugari egin dituzte Asunción klinikako langileek, enpresako lan hitzarmena berriztu nahian. Tolosaldea goitik behera astindu duen borroka izan da. Gaur, LABek aukera eman die langileei bozkaren bitartez akordioaren aldeko edo kontrako bozka emateko; izan ere, negoziazio hasieraz geroztik oraingoa izan da enpresaren aldetik aldaketarik garrantzitsuenak jasotzen zituen proposamena.

Bada, langileek proposamena bozkatu dute eta baiezkoa eman diote. Gauzak horrela, honako hobekuntza hauek jasoko ditu hitzarmen berriak:

> 2024ko urtarrilaren 1an %11ko igoera izango dute langileek beren ordainsarietan

> Kontzertazio berriekin, enpresak 2022-2023ko atzerapenak ordainduko ditu

> Enpresak 2024ko KPIa hurrengo urtean negoziatzeko konpromisoa hartu du

> 38 orduko murrizketa lan-orduetan, lau urtetan 1592 ordutara helduko delarik orduen kopurua

> Langileek egunero ordaindu beharreko aparkaleakuak %50eko beherapena izango du

Borrokarik gabe akordio hau ez litzateke posible izango. Greben eta mobilizazioen bitartez enpresa estutzea lortu dugu, eta KPIa bermatzen duen eta bestelako hobekuntzak dakartzan akordioa mahai gainean jarrarazi diogu zuzendaritzari.

LABetik Asunción klinikako langile guztiak zoriondu nahi ditugu borroka eredugarria aurrera eraman dutelako, eta inoiz baino indartsuago bukatzen dugu gatazka hau, hurrengo negoziazioan ere onena emateko prest.

Mecaner-eko enpresa-batzordea Eusko Jaurlaritzarekin batzartu da, enpresarentzat eta bere langileentzat alternatiba bat bilatzeko jarrera aktiboa eskatzeko

Gaur Mecanerreko langileek beste greba egun bat egin dute. Enpresaren eta bere lanpostuen etorkizunaren alde borrokatzeko egun berri bat. Greba-egun hori enpresa-batzordeari Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin zuen bilerara laguntzeko deitu da. Gaurko bilera, batzordea erakundeekin (tokikoak, eskualdekoak, probintziakoak eta autonomikoak) egiten ari den errondaren barruan kokatzen da, haien egoera gizarteratzeko eta Mecanerrentzat etorkizuna bilatzeko lankidetza eskatzeko.

Hiru hilabete igaro dira Stellantis multinazionalak lantegia ixteko asmoa eta 144 lan-kontratuak bertan behera uzteko prozesua hasteko asmoa zuela jakinarazi zienetik. Harrezkero, Stellantiseko zuzendaritzarekin zuzeneko komunikazioa izateko enpresa batzordeak egindako ahalegin guztiak alferrikakoak izan dira.

Horregatik, batzordeak, gaur Eusko Jaurlaritzarekin egindako bileran, lantegiari etorkizuna ziurtatuko dioten alternatiben bila lan egiteko asmoa azaldu du, Stellantisek dituen asmoak alde batera utzita. Batzordeak Eusko Jaurlaritzari azaldu dio ez dagoela prest geldirik geratzeko kaleratzeen zain, eta, horregatik, bideragarritasun-plan bat aztertzeari ekin dio, etorkizuna ziurtatuko duen irizpide ekosozialekin. “Ez da onargarria gure herriaren etorkizun industriala multinazionalen esku egotea”, adierazi dute enpresa-batzordearen ordezkariek.

Honetaz gain, Eusko Jaurlaritzari exijitu diote batzordeari aktiboki laguntzeko Mecaner-entzat alternatiba bat bilatzeko. Interpelazio horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak adierazi du batzordearen proposamena aztertzeko prest dagoela. Batzordeko ordezkariek adierazi dutenez, “dena hitz politetan ez geratzea espero dugu”.

Bitartean, Mecanerreko langileek borrokan jarraitzen dute, eta datorren astelehenean Gasteizko Legebiltzarrera joango dira alderdi politikoen aurrean Stellantisen asmoen berri ematera eta Mecaner itxi ez dadin ahal duten guztia egiteko eskatzera.

EAJk atea itxi dio EAEko hezkuntza sistemak behar dituen aldaketak egiteko legeari

Elkarretaratzea egin dugu Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, EAJk eta PSEk adostutako Hezkuntza Lege berriari ezetz esateko, ez baitio erantzuten egungo ereduak behar duen eraldaketari. “Euskal Herriaren zati honetan, Hezkuntza Sistemak behar dituen sakoneko aldaketarik ez da izango. Horretarako aukera emango lukeen legeari ateak itxi dizkio EAJk”, adierazi du Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak.

“EAJ eta PSEk onartu asmo duten hezkuntza legearen kontrako jarrera azaltzen dugu”, gaineratu du LABeko ordezkariak, “kontrako jarrera daukagu, hezkuntza eredua aldatzeko LABek eginiko ekarpenak ez direlako jasoak izan”.

Jarraian, LABek ortzimugan duen Euskal Eskola Publiko komunitario burujaberako trantsizioari ateak irekiko dizkion legea izateko egindako ekarpenak zerrendatu ditu:

  • Trantsizioa egin behar da, hezkuntza eskumen mugatuetatik, hezkuntza sistema burujabera. Euskal Herria badela aintzat hartuko duena eta Euskal Curriculuma egiturazko bilakatuko duena.
  • Trantsizioa, bi saretan oinarritutako hezkuntza sistema dualetik, sare publiko bakar, burujabe eta deszentralizatu berrira, eskola publikoa erdigunean jarriko duena.
  • Trantsizioa, euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduetatik euskaldunduko duen murgiltze eta mantentze eredura.
  • Trantsizioa segregazioa eragiten duen eredutik inklusiboa izango den eredura.

Aranburuk gogoratu du, ekainean, Hezkuntza Sistema Publiko euskaldun eta burujaberantz jotzeko proposamenak egin zituen LABek, bi kontutan azpimarra jarriz. Batetik, euskalduntzean urratsak emateko zehaztasun handiagoak eskatu zituen, B2raino iristeko, EAJren arabera, lege honekin lortu nahi duen mailara. Horretarako gainditu egin behar dira hizkuntza ereduak, eta ez mantendu, Urkullu eta PSEk nahi duten moduan. “Euskara ikasteko eredu orokortu bat ere zehaztu behar da”, zehaztu du LABeko ordezkariak. Bigarrenik, egungo sistema duala gainditzeko proposamenak. Zuzenketak aurkeztu zizkion LABek Euskal Hezkuntza Zerbitzuari, bakarra eta deszentralizatua izango den sare publiko bakarreranzko trantsitzioa ahalbidetzeko.

Horretarako, funts publikoak jasotzen dituztenen eginbeharrak arautu behar dira, eta batez ere, eginbehar hauek ez betetzearen ondorioak zehaztu.

Beste neurri batzuk ere beharrezkoak dira, adibidez, titulartasun pribatuko zentro gehiago ez kontzertatzea plaza publiko nahikoak baldin badaude. Titulartasun partekatua arautzea, udal edo mankomunitateeen partehartzea ahalbidetuz zentroen titulartasunean, sare publiko bakarreranzko trantsiziorako tresna bezala.

“Ematen digu Hezkuntza Legearen inguruan gertatu den guztia ezin dela deslotu momentuko joko politikotik”, gaineratu du Araburuk, “EAJk lehentasuna eman dio PSErekiko duen aliantza eta honen botoak ziurtatzeari”.

Eta hain kaltebera eta garrantzitsua den hezkuntza bezalako gai batean egin du. “Hezkuntza Legea babesteko behar zuen garaikurra eman dio PSEri”, zehaztu du LABeko ordezkariak, “eta hori oso larria iruditzen zaigu, are gehiago egungo testuinguruan, euskararen normalizazioaren kontrako ofentsiba oso bat dagoen garaiotan”.

“EAJk arazo bat dauka. Ez du ulertu nahi patronalaren aldeko politika neoliberalen aldeko apostu bat egitean desgaste bat dakarrela berarekin. Hemen ez dago azpijokorik, hemen dagoena da jendea gogaituta dagoela”, zehaztu du.

Koordinatzaile orokorrak gaineratu du langileak ez datozela bat zerbitzu publikoak ahultzearekin. “Jendeak gero eta barneratuago dauka zaintza sistema publikoa behar dugula, antolatu egin behar garela aberastasunaren banaketa bidezkoagoa lortzeko, borrokan egin behar dugula soldata eta lan-baldintzak hobetzeko”.

EAJ eta PSEk EAEko Hezkuntza Legea urtea baino lehen onartuko dutela ere aipatu du, aldaketarik ez bada behintzat. “Amaiera ez da guk nahiko genukeena izan”, gaineratu du. “Hilabete intentsoak izan dira, mobilizazioak, ekarpenak, barne mailako bilerak, sindikatuen arteko eta hezkuntza komunitatea osatzen dugunon arteko ikuskera desberdinak etab. Hala ere, ez dugu zalantzarik, berriro ere berdina egingo genuke”.

Egindako lan eskergak utzi du emaitzarik. “Legeak ez ditu hezkuntza sistemak behar dituen aldaketak bermatuko. Edozein kasutan, horrek ez du hezkuntzako langileen lan baldintzak hobetzeko erdietsitako akordioaren garapena mugatzen” zehaztu du LABeko ordezkariak.

Eremu laboralean Hezkuntza Sailak, LABek eta Interinok taldeak egindako akordioa ere mintzagai hitz du, “LABek berau negoziazio mahai bakoitzean zehaztu eta garatu dadin Eusko Jaurlaritza interpelatzen jarraituko du. Sukaldari eta garbitzaileen eremuan lehen lorpen garrantzitsuak eskuratu ditugu eta beste mahaietan negoziazioak irekita daude”.

Hori bai, greba eta mobilizazioen aukera beti mahai gainean egongo da. “Guk argi dugulako, edozein akordio betearazteko eta zer esanik ez EAJrekin, praktikatzen dugun ekintza sindikal borrokalariak ematen digula indarra”, ohartarazi du.

Eskola jangeletako egoera ere aipatu du Aranburuk, pribatizazioaren ondorioak zeintzuk diren ikusi dugula zehaztuz. “Pribatizazioaren eraginez, guztiz feminizatua den sektore horretako emakumeen lan baldintzak prekarizatzen dira”.

“Eta onartezina da, gure haurren osasunarekin horrela jolastea, Hezkuntza Sailak, kalitatezko jana eta osasuntsu jaten dutela bermatu behar du. Hau, pribatizatua dagoen zerbitzu publikoa da, ez luke negozio egiteko lekua izan behar. Hezkuntzarekin eginiko akordio laboralean jasotzen zen moduan, jangelen aferari lehen bait lehen heltzeko konpromisoari eutsi behar zaio”, gaineratu du LABeko ordezkariak.

“Prozesu honetan guztian, batzuen berez betetzen den profeziara jolasteko joeraren aurrean, LABek gogor lan egin du ahalik eta legerik onena ateratzen saiatzeko. Mobilizatu egin gara eta eragiteko proposamenak egin ditugu”, adierazi du Aranburuk.

“Oso lan akordio garrantzitsua lortu dugu, negoziazio-mahaietara eramaten ari dena, eta dagoeneko fruituak ematen dituena. Lortu dugu lehen akordio handia sinatzea sukaldarien mahaian. Gainera, ziur gaude, lehenago edo geroago, gainerako sindikatuek bat egingo dutela bide horretan”, gaineratu du.

Amaitzeko, adierazi du “ez dugu lortu nahiko genukeen guztia hezkuntza-lege on bat izateko. Hezkuntza-sistemak behar duen eredu-aldaketari dagokionez, proposamen garrantzitsuenak hautsita geratu dira. Baina ez dugu zalantzarik, ahalegin bera, lan bera eta estrategia bera egingo genuke”.

“Argi daukagu, galtzen diren gudu bakarrak egiten ez direnak dira. Galtzen den borroka bakarra egiten ez dena. Jarraituko dugu, lantokietan, kalean eta instituzioetan borrokatzen, proposamenak egiten eta eragiten, hezkuntzan eta bestelako politika publiko eta soziolaboraletan”, amaitu du bere hitzartzea.

23. Korrikarekin bat egin dugu, euskaraz lan eta bizitzeko eskubidearekiko LABek duen konpromisoari jarraikiz

Ttipi-ttapa badator hurrengo Korrika. Gaur AEKko eta LABeko ordezkariak bildu gara 2024an ospatuko den 23. Korrika aurkezteko. Euskararen aldeko bi urteroko hitzordu erraldoia bertan dugu eta AEKk datorren Korrikaren nondik-norakoen berri eman dizkio LABi. Sindikatuaren izenean Urko Aierbe Euskara idazkariak eta Nazio Komiteko kide Josune Eroak egin diete harrera antolatzaileei.

Duela lau hamarkada Korrikak lehenengo urratsak eman zituenetik edizioz edizio egin dugun bezala, LABek bere atxikimendu eta laguntza osoa emango dio hurrengo Korrikari. Bai herrietako antolaketan zein Korrika igarotzean, bai Korrikaren berri enpresa eta lan-tokietara eramanez eta langileak Korrikan inplikaraziz, Euskal Herri euskaldunarekin eta helduen euskalduntzearekin LABek duen konpromisoa berretsi dugu gaurkoan.

Abenduaren 21 eta 28rako greba egun bi deitu dituzte Bizkaiko Esku Hartze Sozialeko langileek

Gaur, Bizkaiko esku-hartze sozialeko sektoreko langileek agerraldia egin dute Bilbon, Gizardatz patronalaren egoitzaren aurrean, greba egunak iragartzeko. Gizardatz eta Geroan patronalei exijitu diete hurrengo negoziazio mahaian euren aldarrikapenak erantzun ditzatela:

– KPItik gorako soldata igoerak.

– Erosteko ahalmenaren % 15 baino gehiagoko galera berreskuratzea.

– Asteko 35 orduak lanaldia.

– Bajak %100ean osatzea.

– Ordezkapenak lehenengo egunetik.

– Enpleguaren egonkortasuna.

– Hobekuntzak kontziliazioan eta berdintasun-planak adostea.

– Lan-baldintzen aldaketak bereizi gabe erabiltzearekin amaitzea.

– Arrisku psikosozialen eta babes bereziko jarduera/zentroetan

Halaber, EUDELi eta Bizkaiko Foru Aldundiari, arduradun gisa, eskatzen diete aurpegia emateko eta gatazkari irtenbidea emateko beharrezko urratsak emateko.

“Ez dugu onartuko gure soldatak murriztea, eta ez dugu onartuko lanera joatea gure laneko segurtasuna eta osasuna bermatu gabe”, adierazi dute.

“Ezinbestekoa da gure eguneroko lanaren balio produktiboa erdigunean jartzea aurrera jarraitzeko eta eskubidez dagokiguna aldarrikatzen jarraitzeko”, gaineratu dute.

Correoseko garbiketako langileek mobilizazio bateratua egin dute Bilbon, zor dietena behingoz ordain diezaieten

Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako beharginak Asturiastik eta Galiziatik etorritako kideekin batera atera dira manifestazioan. Correoseko bulegoetan lan egiten dute, J. Cordoba garbiketa enpresak azpikontratatuta. Bada, gehienek urte erdi daramate beren soldata jaso gabe.

Hala, Correosi exijitu diote berehala ordain dezala zor duen guztia, eta horixe oihukatu dute guztiek batera eta horiz jantzita Bilboko erdiguneko kaleetan barrena. Goizean Correosen Etxebarriko logistika gunean abiatu dituzte protestak, eta ondoren, eguerdian, manifestazioa egin dute Bilbon. Urkijo zumarkaleko bulegotik hasi dute ibilbidea, eta Areatzakoaren aurrean beste geldialdi bat egin dute, eserialdia egiteko eta nazkatuta daudela argi uzteko.

Prekaritateak ez du etenik langile hauen egunerokoan, eta oraingo egoera muturrekoa da jada. Gaur argi adierazi dutenez, egoerak berehalako konponbidea eskatzen du, eta langileek beren bizitza aurrera eramateko ezinbesteko duten soldata berehala jaso behar dute.

Enplegu Zentro Berezietako langileak Gasteizen mobilizatu dira, merezi duten aitortza aldarrikatzeko

Ez da lehen aldia LAB sindikatua Enplegu Zentro Berezietako langileen egoera salatzeko mobilizatzen dena eta langile horien aitortza aldarrikatzen duena, gainerako langileen baldintza berberetan enplegua lortzea exijituz.

Administrazio publikoak aniztasun funtzionala duten pertsonen esplotazioa bultzatzen eta ahalbidetzen du, eta eskulan merkea izatera bultzatzen gaituzte. Erritmo jasangaitzetan lan egiten dugun bitartean, enpresek irabaziak lortzen dituzte, gure lan indarraz baliatuta.

Diotenez, enplegu zentro bereziak aniztasun funtzionala duten pertsonek beren autonomia garatzeko guneak dira, enplegu arrunta lortzeko aukera duten bitartean, baina LABek salatzen du hori ez dela horrela. Erakundeek ez dute inolako jarraipenik egiten, ezta lan egiten dugun baldintzen benetako kontrolik ere; sektoreko enpresak diru publikoarekin finantzatzen dituzte; eta enpresa horiek, berriz, miseriazko lan-baldintzetara kondenatzen gaituzte. Kolektibo zaurgarria gara, baina horrek ez du esan nahi eskubide guztiak ditugun langileak ez garenik.

Enplegu Zentro Bereziak gutxi batzuen negozioa dira, eta patronalen etekin ekonomikoei ematen zaie lehentasuna. Langileak lan-baldintza
eskasetan egotera kondenatzen dituzte, enplegu arrunterako benetako trantsiziorik egin gabe.

Hala, gaur manifestazioa egin dugu Lanbidetik Gasteizko Legebiltzarrera, erakundeei eta alderdi politikoei honakoak helarazteko:

  • Indarrean dagoen legeria diskriminatzailea dela, eta, gainera, hori gutxi ez, eta ez duela kontrolik eta ez dela bete ere egiten. Horregatik, aniztasun funtzionala duten langileentzako lan-baldintza duinak bermatzeko neurri erreal eta eraginkorrak hartzea eskatzen dugu.
  • Gure sektorerako hitzarmen kolektibo orokorra behar dugu. Beharrezkoa da, oro har, gure sektoreko lan-baldintzak arautzea. Erakundeei Hitzarmen Kolektibo hau garatzeko eta lortzeko konpromisoa eta inplikazioa eskatzen diegu.
  • EZBen finantzaketa gehiago kontrolatzea. Zentro horiek finantzatzeko diru publikoaren kontrol eta jarraipen zehatza eskatzen dugu.
  • Laneko arriskuen eta arrisku psikosozialen etengabeko ebaluazioa enpresa guztietan. Kolektibo zaurgarria gara, eta, horregatik, ezinbestekoa da jasaten ditugun arriskuak behar bezala ebaluatzea eta horiei aurre egiteko neurri eraginkorrak sustatzea eta ezartzea.
  • Aniztasun funtzionala duten pertsonen errealitatera egokitutako prestakuntza erreala. Gure beharretara egokitzen diren eta benetako garapena eta sustapena bermatzen duten benetako prestakuntza-planak.

Gasteizko Michelinen aurtengo egutegiaren negoziazioekin izan den antzerki tamalgarria salatu nahi dugu

Batzordea eta enpresa bilduta zeuden bitartean 150 pertsonako ustezko “soberakina” filtratzearekin hasi zen guztia, eta horrek batzordearekiko eta ordezkatzen duen langileriarekiko errespetu falta erakusten ditu. Iragarpenaren ondoren, enpresak Lan Baldintzen Funtsezko Aldaketa bat jarri zuen abian, eta bertan ez da aurkeztu alde sozialak eskatutako dokumentazioa, ustezko soberakina justifikatzeko.

Gaur egun, enpresak ez du 150 pertsona soberan daudela argudiatzen duen dokumentu bakar bat ere jarri mahai gainean, baieztapenetatik harago. Ez eskaera-jaitsierei, kantzelazioak, aurreikuspenei eta abarri buruzko txostenik. Are gehiago, sistema-aldaketekin, pertsona asko urtean 164 eta 237 ordu gehiago lan egitera igaroko dira (21 eta 30 egun bitartean). Beraz, ez dago produkzio-jaitsierarik, lan bera pertsona gutxiagorekin egin nahi ez bada. Tamalez, beste sindikatu batzuek, hala nola CCOOk eta UGTk, ez dute inoiz zalantzan jarri zifra hori.

Bere isatsari hozka egiten dion arraina da: enpresak egutegi murriztaileak aurkezten ditu, eta sindikatu batzuek zalantzarik gabe bermatzen dituzte. Jarraian, jendea soberan dago, adostutako egutegietan soberakina baitago. Bitartean, iaz baino gehiago zerbitzatu diogu Valladolid. Orain egutegiaz hitz egin behar zen, eta multinazionalaren interesei erantzunez, CCOOk eta UGTk beren burua eskaini dute plantilla murrizteko ustezko premia hori bermatzeko. Korrika azkarregi egin dute.

Berriro diogu Michelinek mendeku hartu duelako gertatu dela hau, bere lan-eskubideen alde antolatu den plantilla zuzentzeko. Mobilizazio horiek CCOO eta UGT jokoz kanpo harrapatu zituzten, eta enpresaren eskutik orain posizioak berreskuratu eta salbatzaile gisa geratu nahi izan dute. Nola ulertu behar da, bestela, enpresak inbertsioak eta plantillako soberakinak geldiarazteko mehatxua egiten duenean, sindikatu horiek zifra horiek zalantzan jarri ez izana eta hasiera hasieratik “irtenbideak bilatzeko” prest egotea? Gainera, ez dute inolako bermerik jasotzen ematen ari diren diziplinazko kaleratzeen uholdeari buruz, eta akordio-proposamenak jasotzen du enpresak ez betetzeko aukera izango duela, baldin eta enpresari “kalte argia” eragiten badio, inolako kontrol mekanismorik gabe. Berriz diogu kontsulta-aldian ez dutela soberakin hori frogatu, eta gainerakoek eskatu dugula etengabe enpresak egin dezala. Logikoa denez, enpresak ez du halakorik egin, ez baitu behar. Horregatik azpimarratu nahi dugu aldez aurretik idatzitako gidoia duen antzerki baten aurrean gaudela, eta uste dugu akordioa aldez aurretik idatzita egongo daitekeela.

LAB, ELA eta ESK sindikatuok zentzugabekeria hori geldiarazteko hartu beharreko ekintzak aztertuko ditugu, bai judizialki, bai sindikalki. Orain, inola ere justifikatu ez diren arrazoi batzuk onartzeak atea irekitzen du, etorkizunean, arrazoi berberei buruz, enpresak neurriak hartu ahal izateko, batzordea babesik gabe utzita. Lanpostuak suntsitzeaz ari gara, horrek dakarren guztiarekin, nahi duten bezala makillatu nahi badute ere, irteera ez-traumatiko gisa, mugikortasun geografiko gisa. Behar beste aldiz errepikatuko dugu: Michelinen ez dago inor soberan.