2025-12-25
Blog Page 174

Abenduaren 19an ere sektore publikoko lantokiak hustu eta kaleak beteko ditugu

Urriaren 25erako LAB, ELA, CCOO, STEILAS, SATSE eta ESK sindikatuok bat egin, eta «zerbitzu publikoak indartzeko soldata eta enplegua hemen adostu» lelopean eta aldarrikapenak adostuta, milaka langile lan zentroak hustu eta hiru hiriburuetako kaleak bete genituen. Datorren asteartean, 19an, berriro egingo dugula adierazteko mobilizazioak egin ditugu gaur EAEko administrazio eta enpresa publikoetako lantokietan: haurreskolak, eskolak, institutuak, unibertsitatean, ospitaleak, osasun zentroak, udalak, aldundiak, Jaurlaritza, enpresa publikoak…

Arduradun instituzional eta politiko batzuk, lehendakaria buru, greba zapuzten eta egoeraren erantzukizuna gainetik kentzen saiatu ziren, eta halaxe jarraitzen dute. Urriaren 25eko grebaren arrakastak, eta sektore publikoan etengabe dauden mobilizazioek EAJ mugimenduak egitera eraman dute. Mugimenduetako bat Madrilen PSOErekin langileon baldintzez negoziatzera behartuta ikusi duela bere burua izan da, mugimendu eskasa, baina mugitu behar izan da. Honek argi uzten du grebek eta mobilizazioek borondate politikoak aldatzeko gai direla. Horregatik jarraitu behar dugu mobilizatzen, eta datorren 19an berriro lantokiak hustu eta kaleak beteko ditugu.

Greba berriro ere arrakastatsua izango da, alderdiak eta instituzioak astindu behar ditugulako langile publikoon beharrak kontuan har daitezen: erakundeen aurrekontuetan lehenik, bestela negoziazio mahaietan ez da egongo zer negoziatu, inposizioak izango dira. Eta hau da aldarrikatzen jarraitzen duguna:

  • Estatutik datozen mugak ez onartzea, ez inposiziorik, ez betorik
  • %10eko soldata igoera dagoeneko jasotzea, eta aurreko zorra berreskuratzea
  • Enplegua sortzea eta egonkortzea, eta behin-behinekotasuna %8tik behera jaistea
  • Publikoa indartzea, pribatizaziorik ez, publifikatzeko planak adostea
  • Lan kargak arindu eta langileon osasuna bermatzea
  • Politika feministak, berdintasun-plan erreal eta eraginkorrak adostea
  • Administrazioak eta langileak euskaraz aritzea, iruzurrik ez
  • Jardunaldiaren murrizketa, 32 orduko lan astearen norabidean

Berriro diogu, borrokatzeko garaia da, eta datorren asteartea 19an berriro egingo dugu sektore publiko osoan!

Amazonen immobilismoaren aurrean, 5 eguneko greba deitu dugu Gabonetan Trapagarango lan-zentroan

2022ko Ciber Monday egunean (azaroaren 28an) lehen greba egin eta hamahiru hilabetera, Trapagarango Amazonen logistika zentroko 125 langileak nazkatuta daude, eta erabaki dute 5 eguneko greba deitzea, 2023ko abenduaren 17an eta 18an eta 2024ko urtarrilaren 3an, 4an eta 5ean, zentroko hitzarmen bat negoziatzeko eta prekaritatearen aurka.

2022ko abenduan, merkataritza elektronikoaren erraldoiaren zuzendaritzak mobilizazioei uztea eskatu zien langileei, elkarrizketari ekiteko eta enpresa batzordearekin esertzeko, zentroko hitzarmen bat negoziatzeko. Langileek 2022ko amaieran erabaki zuten mobilizazioak etetea, baina azken urtean, enpresa batzordearen eta Amazonen arteko hamar bilera baino gehiagoren ondoren, ez da aurrerapausorik eman.

Amazonen indarra laneko prekaritatetik dator; lanaldi luzeak, ordu gehigarrien gehiegizko erabilera, lan erritmo oso altuak, APPen etengabeko kontrola, plantillaren osasun fisiko edo/eta psikologikoari eragiten diona, eta ABLEen kontratazioen ondoriozko ezegonkortasun handia, banatzaileek subrogazio eskubiderik ez izatea, Garraioko Hitzarmena banatzaileen kolektiboari ez aplikatzea… gai horiek guztiak ez dira konpondu 2022ko urritik abendura bitartean egindako 4 greba egunen ondoren.

Amazonek lan prekaritatearen esker finantza egoera oso ona izaten jarraitzen du. 2023ko lehen hiruhilekoan, Amazonek 3.200 milioi dolarreko mozkin garbiak izan zituen mundu mailan, eta bigarren hiruhilekoan, % 11 hazi ziren bere diru-sarrerak. Irabazi garbia 6.700 milioi dolarrekoa izan zen. 2023ko laugarren hiruhilekorako, 160.000 milioi eta 167.000 milioi dolar arteko diru sarrerak aurreikusten ditu, 7.000 milioi eta 11.000 milioi dolar arteko mozkinekin zergen aurretik. Egoera ekonomiko horrekin, Trapagarango langileen lan-baldintzak hobetu gabe jarraitzen du Amazonek.

Egoera horren aurrean, Trapagarango Amazongo langileen batzarrak, LAB eta ELA sindikatuekin batera, erabaki du 5 eguneko greba deitzea, abenduaren 17an eta 18an eta urtarrilaren 3an, 4an eta 5ean.

Trapagarango Amazon zentro logistikoak, non 125 langile inguru ari baitiren, Bizkaia osoko merkataritza elektronikoaren erraldoiaren bezeroei banatzen dizkie paketeak, baita Araba, Gipuzkoa, Burgos eta Kantabriako zati handi bati ere.

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako bigarren greba eguna ere milaka langilek babestu dute

Bihar Bilboko kaleetan bilduko dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileak manifestazio zentralizatu batean.

Gaur Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako bigarren greba eguna izan da. Gaur ere milaka langilek hartu dute parte LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek EAEko hiru hiriburuetan antolatutako kotxe karabana, ekintza eta mobilizazioetan. Grebaren jarraipena ere atzokoaren oso antzekoa izan da, %65 eta %70 bitartekoa.

Sindikatuok arduraz jokatzeko eta Hitzarmena sinatzea ahalbideratuko duten edukiak mahai gainean jartzeko eskatzen diegu Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei. Eta Hezkuntza Sailari gatazka bideratzeko esku har dezala, beste aldera begiratu ordez.

Bihar hiru lurraldeetako langileak Bilbon egingo den manifestazio zentralizatu batean batuko dira. Manifestazioa goizeko 11:30ean hasiko da Eusko Jaurlaritzaren aurrean (Kale Nagusia, 85).

Tuvisako langileek nazkatuta daudela erakutsi dute erabateko jarraipena izan duten lanuzte eta mobilizazioetan, eta borrokan jarraituko dute datozen asteetan ere

Hilabete hasieran mobilizazioak abiatuta, atzo, hilak 11, deitutako lehenengo lanuzte partziala egin zuten Gasteizko Tuvisa autobus zerbitzuko beharginek, %100eko jarraipena izan zuelarik. Bihar, abenduak 13, mobilizazioa egingo dute Santiago ospitalean, eta egun osoko grebak ere iragarri dituzte.

Tuvisako beharginen gatazka ez da ezer berria; aldiz, luzarotik datorren kontua da, eta langileak kokoteraino daude beren baldintzak gero eta eskasagoak direla, zerbitzuaren kalitatea nabarmen murriztu dela eta zuzendaritzak eskakizunei entzungor egiten diela ikusteaz.

Greba eta mobilizazioetara jotzeko arrazoiak honakoak dira: lanpostuen galera metatua, erabiltzaileentzako zerbitzua prekarizatu izana, flotaren egoera negargarria, alderdi sozialarekiko mespretxuzko jarrera etengabea, lan-baldintzak okertu izana eta Tuvisaren baitako baliabideen pribatizazioa.

Gauzak horrela, langileek eskatzen dute, alde batetik, autobus-lineen galera ekiditea, pandemiaz geroztik galdu diren horiek berreskuratzea eta beharrezko izan daitezkeen linea gehiago ezartzea, lan-baldintzak zein herritarrei ematen dieten zerbitzuaren kalitatea hobetze aldera.

Horrez gain, Tuvisan azkenaldian egin diren pribatizazioak desegitea eta parkineko, gruetako eta garajeetako gauak berreskuratzea, horrek zerbitzua indartuko baitu.

Beste puntu garrantzitsu bat da hitzarmenaren negoziazioa aurrera eraman ahal izateko solaskide egokia izatea aurrean. Izan ere, orain arte langileen ordezkariek zuzendaritzarekin eginiko bilera guztietan erantzun bat eta bakarra jaso izan dute: Ez, ez eta ez. Langileek negoziaziorako eta hitz egiteko prestutasun osoa azaldu duten arren, horma zurrunarekin egin dute topo bestaldean.

Azkenik, lansaioaren erregistro eraginkorra ezartzea ere bada beste eskakizun bat, eta alderdi sozialarekin adostutako akordio guztiak Arabako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela ere bai.

Tuvisako langileen ordezkariek nabarmendu dute borroka hau ez dela plantillarena soilik; aldiz, Gasteiztar guztiei eragiten die, eta lanuzte eta grebek eragozpenak sor baditzateke ere, uler ditzatela eskatu diete herritarrei, guztien onurarako egiten baitute borroka.

Datozen hitzorduak

Hala, Tuvisako langileen borrokaren baitako hurrengo hitzordu nagusiak zerrendatu ditugu jarraian:

  • Abenduak 13: Mobilizazioa Santiago Ospitalean
  • Abenduak 18: Lanuzte partzialak 09:00etara arte
  • Abenduak 19: 24 orduko greba
  • Abenduak 21: 24 orduko greba

Mecanerreko enpresa-batzordeak EAEko Legebiltzarrean mahaigaineratu du eskualderako trantsizio ekologiko eta justuko plan bat abian jartzeko beharrizana

Saio horretan, bizi dugun egoera eta Euskal Herritik milaka kilometrora dagoen multinazional batek hartutako erabakia azaldu ditugu berriro, deslokalizazio prozesu bat gauzatzeko plan estrategiko baten barruan kokatzen dena eta helburu argia duena: mozkin-marjinak handitzea, kostuak murriztuz.

Hori dela eta, gobernuei, eta kasu honetan erakunde publikoei, bereziki Eusko Jaurlaritzari, eskatu diegu horrelako kasuetan jarduteko tresnak izan eta erabili behar dituztela.

Premiazkoa da mekanismoak aktibatzea, halakoak gertatzen direnean enpresek nahitaez itzuli behar izateko baliatu duten diru publikoa, eta, aldi berean, industria-birmoldaketa bati ekin ahal izateko, jasangarritasun ekologiko eta sozialeko irizpideen arabera, lanpostuak mantentzen direla bermatuz.

Era berean, adierazi dugu Mecanerreko langileok etorkizunerako aukera bat sortu nahi dugula itxiera-proposamenetik.

Horregatik, plantillak hasi duen trantsizio-planaren prozesua azaldu dugu. Trantsizio-planaren helburu nagusia Mecanerren industria-jardueraren jarraitutasunerako alternatiba bat bilatzea da.

Azken batean, prozesu hau industriaren, eskualdearen eta herrialdearen orainaren eta etorkizunaren aldeko apustu garbia da.

Baina ezin dugu aurrera eraman administrazioen eta gizartearen ekarpenik eta parte-hartzerik gabe. Horregatik, fabrika berreskuratzeko, alternatiba bideragarri bat proposatzeko eta eskualdearentzat trantsizio ekologiko eta sozial justua lortzen laguntzeko, ezinbestekoa da alde guztien borondatea eta konpromisoa.

Horrela, Eusko Jaurlaritzari eta alderdi politikoei honakoak eskatu dizkiegu:

  • Bideragarritasun-plan hau egiten aktiboki laguntzea, dituzten baliabide guztiak eskainiz, bai teknikoak, bai politikoak.
  • Uribe Kostako eskualdean eta lurraldean dauden mugikortasun-beharren (eskualdeko autobusak, metroa) inguruko aukerak aztertzea eta partekatzea.
  • Lantegiaren egungo ekoizpenari alternatibak bilatzeko konpromisoa hartzea, eskualdeko eta inguruetako behar sozialei erantzuteko; lehenbailehen esku-hartze publikoa behar duen industria baten birmoldaketaren alde egitea.
  • Era berean, galdegin diegu konpromiso aktiboa hartzeko Mecanerren jabetzari nahiz kudeaketari loturiko irtenbideak bilatzeko. Stellantisek fabrika uztea erabakitzen badu, Urdulizetik Stellantis bakarrik joan dadila: instalazioak (sobera amortizatuta) eta langileek bertan geratu behar dute. Izan ere, instalazio eta langile horiek dira produktiboak direnak eta industria-jarduera garatzeko gai direnak.

Horregatik, erakunde publikoek babesa eman behar dute hori guztia desegin ez dadin, kaleratzeak eta itxiera gerta ez daitezen.

Jabetzan eta kudeaketan parte hartzea da plantaren etorkizunerako bermerik handiena.

Bederatzi dendatik sei itxita, Gipuzkoako Lidleko langileak indartsu daude borrokan jarraitzeko

Abenduaren 7an eta 9an egindako grebak jarraipen handia izan du. Ostegunean zein larunbatean egindako mobilizazioetan parte hartze handia izan zen eta langileak prest daude borrokarekin segitzeko.

Ostegunean, goizeko piketeen ostean, Donostiako erdigunea zeharkatu zuen manifestazio bat egin zuten langileek, eta larunbatean berriz, Arrasate, Eibar eta Azkoitiko dendetan piketeak egin zituzten Gipuzkoa zeharkatu zuen kotxe karabana batekin.

LAB sindikatutik salatu behar dugu enpresak langileen greba eskubidea urratu zuenaren zantzuak ditugula eta, horregatik, Lan Ikuskaritzan salaketa bat jarriko duela. Izan ere, Groseko eta Hernaniko dendetako langileen gehiengoak greba egin bazuen ere, enpresak zentro horretako plantillaren parte ez den jendea eraman zuen, txandak aldatu edo lanaldiak luzatu zituelarik, goizez behintzat, denda ireki ahal izateko.

Aipagarria da, halaber, greba egunetan inoiz ez bezalako segurtasun neurriak izan zirela dendetan. Jarrera erabat hipokrita da, langileek etengabe segurtasun gehiago eskatzen dutenean eta enpresak aurrekonturik ez dagoela adierazten duenean, baina bai antza langileen aurka egiteko.

Jarrera hauek ondo islatzen dute enpresari greba egun hauek min handia egin diotela; izan ere, urteko salmenta handienak egiten dituen garaia da, aste santuarekin batera. Horregatik, greba aurreko asteetan ere, plantilla zatitzen saiatu dira.

LAB sindikatutik zinez txalotzen dugu grebalarien jarrera. Denbora asko, gehiegi, daramate iristen ez diren ekintzen esperoan eta beraz, grebara jo eta kaleak hartzeko langileen erabakia sindikatu bezala babestu eta hauspotu behar dugu.

Larunbatean grebalariekin egindako asanbladan argi adierazi zuten borrokan jarraitzeko konpromisoa. Haiekin egongo gara eta bidelagun izango gaituzte. Zentzu honetan, Lidleko gainerako langileei borrokara batzeko deia luzatzen diegu, batasunean baitago indarra eta guztion soldata eta baldintza duinen alde ari baikara lanean.

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako lehen greba egunean urrikoek izandako jarraipena gainditu dugu

Langileen %70 baino gehiagok babestu dute greba oro har. Aste osorako dago greba deituta dago esparru horretan.

Gizarte Ekimeneko itunpeko ikastetxeetako 9.000 langile inguru daude gaurko grebara deituak. 200 ikastetxe baino gehiagotan 130.000 ikasle ingururi ematen diote hezkuntza.

Greba egunak oso jarraipen zabala izan du; apirilaren 25ekoak eta urriko hiru egunek izandako jarraipena gainditu du. Lan zuzendaritzak gehiegizko zerbitzu minimoak ezarri dituen arren, sindikatuek batu ahal izan dituzten datuen arabera geldialdia %70 ingurukoa izan da. EAEko hiru hiriburutan egindako kalejira, pikete, ekintza eta manifestazioetan 5.000 langile inguru batu dira.

Helburua 2021eko abendutik iraungita dagoen hitzarmena lehenbailehen berritzea da. Aurreko Hitzarmena 10 urtez berritu gabe egon zen eta 29 greba egun egin behar izan zituzten langileek hitzarmen berria lortzeko.

Azken mahaitik 9 hilabete igarota zirela, azaroaren 27rako mahai negoziatzailea deitu zuten Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek. Mobilizazioek behartutako mahai honetara ez zuten ordea inolako proposamenik ekarri.

Hezkuntza Sailak ere sindikatuon eskaera birritan jaso ondoren bilera batera deitu zituen sindikatuak. Pasa den astean, abenduaren 5ean izandako bilera hura ere aurrerapausorik gabe amaitu zen ordea.

Sindikatuok aurreko gatazkaren bide berdinetik ez joateko borondatea adierazi dugu, eta Hitzarmena lehenbailehen adostea ahalbidetuko duten proposamenak mahaira ekartzeko eskatu diegu patronalei. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari ere gatazkaren irtenbidean esku har dezala galdegin diogu.

Aste osorako dago greba deituta. Eta bihar ere hiru hiriburuetan izango dira mobilizaizoak. Goizeko lehen orduetan kotxe karabanak egingo dituzte grebalariek eta 11.30ean manifestazioa izango da Bilbon Eskolapios ikastetxetik hasita, eta elkarretaratzeak Donostian eta Gasteizen, Kristau Eskolaren egoitza aurrean eta San Viator ikastetxe aurrean, hurrenez hurren.

Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak abordatzeko planak ere jomugan ditugu sindikatuok.

Borroka fase bat hasiko dugu EAEko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jangelaren egungo eredua alda dezan

Negoziazioa ahalbidetu ezean urtarrilaren 23an eta 30ean grebara joko dugu.

Duela egun batzuk, LAB sindikatutik publikoki adierazi genuen egungo jangela-eredua agortuta zegoela, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatzen geniola eragile sindikalekin eta sozialekin esertzeko, jangela-eredua aldatzeko prozesuari ekiteko.

Jangela-eredu berri bat nahi dugu, ikastetxean langileen lan-baldintzak eta elikaduraren kalitatea hobetuko dituena. Horretarako, ezinbestekoa da 2000ko Agindua eta jangelen zirkularra langileekin negoziatzea. Sukalde-officeko eta begiraleen ratioak hobetu behar dira. Beharginak nazkatuta daude ez dagozkien funtzioak hartu beharraz. Ikastetxearen erabakietan parte hartu nahi dute, egiten duten hezkuntza-lana aitortzea eta jangela zerbitzua publiko bihurtzea, besteak beste.

Ez dute nahi Hezkuntza Sailak beren lan-baldintzekin ez eta ikasleen elikadurarekin merkantilizatzen ere jarraitzea, kolektibitateetako enpresek langileen eta ikasleen kontura dirua irabazten jarrai dezaten.

Ordua da langile guztiek urrats bat eman eta Hezkuntza Sailari nahikoa dela esateko.

LAB sindikatuan ez dugu zalantzarik: jangela-eredua aldatzeko unea da, eta horretarako ezinbestekoa da mobilizazioa. Datozen egunetan jangelaz jangela, langileekin, eskuz esku arituko gara kezkak konpartitzen eta borrokarako elkar antolatzen. Hezkuntza Sailari adierazi nahi diogu jangeletako langileak nazkatuta daudela, eta jangelaren eredu berri baterako negoziazio-prozesua hasi ezean, urtarrilaren 23an eta 30ean grebekin topo egingo duela.

Hala, beste jangela eredu bat posible dela adierazi dugu gaur eginiko agerraldian.

Lizarran erditzeko zerbitzua itxi izana Osasun Departamentuaren aurreikuspenik ezari egozten diogu, haren utzikeria eskualdeko osasun zerbitzu publikoak desegiten ari baita

LAB sindikatuan hilabeteak daramatzagu Lizarrako Osasun Barrutiko osasun zerbitzu publikoen egoera larria salatzen, eta duela aste batzuk informazio kanpaina bat egin genuen datu ofizialen bidez frogatzen zuena Estellerriko herritarrak sufritzen ari direna egiazkoa dela, eta ez sentsazio hutsa. Orain, aurreko gerentearen kudeaketa tamalgarriak eta Osasun Departamentuaren ekimenik ezak eskualdeko ospitalea erditzeko zerbitzurik gabe utzi dute, zerbitzua berreskuratzeko datarik gabe, bere garaian etxeko ospitalizazioarekin gertatu zen bezalaxe.

LABen ustez, faktore askok eraman dute Lizarrako Osasun Barrutia egungo zenbaki onartezinetara, bai itxaron zerrendetan, bai profesional kopuruan. Azken lau urteetan, sindikatuak salaketa ugari egin ditu PSNk politikoki baimendutako kudeaketari buruz. Aurreko gerentziak nekez konpon daitezkeen kopuru batzuk utzi dizkio gerentzia berriari; ez dira konponduko baldin eta premiazko neurriak aplikatzen ez badira eta gainontzeko osasun barrutien oso azpitik dagoen aurrekontuari buelta ematen ez bazaio.

Estellerrian osasun estaldura jasotzeko 62.000 pertsona egonagatik ere, azken urteetan ez dute euro bakar bat ere inbertitu itxaron zerrendak murrizteko, eta are gutxiago arreta sendotzeko eta hobetzeko egiturazko neurriak ezartzeko. Plantilla finkoa, batez ere langile fakultatiboena, izugarri murriztu da, bai Lehen Arretan bai Arreta Espezializatuan.

Ginekologiako zerbitzuburu ohiaren erantzukizuna

Arreta ginekologikoaren kasua da nabarmenenetako bat, alderdi guztietan duen eraginagatik. Duela hilabete batzuetatik plantilla erabat murriztua dagoen arren, ez dute neurri zuzentzailerik hartu. Alde horretatik, erantzukizunaren zati bat zerbitzuburu ohiari egotzi behar zaio, hark interes partikularrak lehenetsi baitzituen kalitatezko osasun zerbitzu publikoa eskaintzeko interes orokorraren gainetik.

Garai bateko zerbitzuburu horri buruz, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren apirilaren 21eko 1387/2023 Ebazpenaren bidez adierazi zen bateraezina zela pertsona horrek jarduera pribatuak egitea Lizarrako García Orcoyen Ospitaleko Obstetrizia eta Ginekologiako Laguntza Zerbitzuko buruaren lanpostuarekin 2018ko ekainaren 9tik 2020ko ekainaren 18ra bitartean. Gainera, ebazpenak nabarmendu zuen ez zuela bete funtzionario gisa zuen lanpostua ez den bertze edozein jardueratarako bateragarritasun-baimena eskatzeko betebeharra, eta Osasunbideari diziplina-espedientea irekitzeko eskatu zion, bateraezintasunen araubidea ez betetzeagatik oso hutsegite larria egiteagatik. Ondorioz, LAB sindikatuari erabat onartezina iruditzen zaio orain pertsona hori berriz “fitxatu” nahi izatea, konpondu beharreko arazoaren muinean baitago bera.

Aurreko legegintzaldian PSNk hartu zituen neurriak eta Geroa Baik orain errepikatu dituenak ez dira batere eraginkorrak izaten ari medikuen eskasia arintzeko. Hileko 400 euroko soldata igoerak eta ohiz kanpoko jardueraren ondoriozko diru zorrotada etengabeak desberdintasunak handitzeko baino ez dute balio izan. Nafarroako Sindikatu Medikoa buru duen lobby-aren eta Osasun Departamentuaren artean adosturiko neurri horiek UPNk bere garaian sortutako egiturari bide ematen ari dira, eta begi onez begiratzen diote zerbitzu publikoa negozio pribatura bideratzeari.

Arazo bat dago eremu publikoan eta eremu pribatuan jarduten duten ginekologoekin eta bertze espezialista batzuekin (ginekologiako, traumatologiako, kirurgia plastikoko… klinika anitzetan); izan ere, interes batzuen arabera, Osasunbideko medikuek ateak zabalik izan behar dituzte enpresa pribatuei eskulana emateko osasun arreta publikoa arriskuan jartzearen kontura. LABek jarraituko du arlo publikoaren kalterako diren ekintza guztiak salatzen eta, beraz, Nafarroako Gobernuari exijitzen dio berehalako neurriak har ditzan Lizarrako Osasun Barrutiaren gabezia larriak konpontzeko.