2026-05-04
Blog Page 1294

LABek lanaldi partzialetan jubilazio pentsio duina exijitu du Gasteizen

LABek, pasadan otsailaren 7an Bilbo, Iruñea eta Donostian egin bezala, lanaldi partziala duten langileen artean espainiar araudiak eragiten duen diskriminazio salatzeko mobilizazioa egin zuen atzo Gasteizko Gizarte Segurantzaren bulegoen aurrean.

LABek lanaldi partziala duten langileen artean sinadura bilketa kanpaina bat jarri berri du martxan. Ekimenak bi helburu ditu, Gasteizko zein Iruñeako Parlamentuei diskriminazio egoera honekin amaituko duen araudi propioa garatzeko eskatzea eta hori lortu bitartean, aurrekontuen partida bat bideratu dezatela pentsio horiek izan beharko luketenerako tartea osatzeko exijitzea eta espainiar Gobernuari aldarrikapen hauei erantzungo dien jubilazio legedia onar dezala eskatzea.

Kanpainari hasiera otsailaren 7an eman zion sindikatuak Iruñea, Donostia eta Bilboko Gizarte Segurantzaren eraikinen aurrean egindako elkarretaratzeetan.

Pasa den urtean, Europako Justizia Auzitegiak epai bidez jubilazio pentsio eskubidea izateko kotizazioen zenbatekoaz aritzen zen espainiar araudiak emakumeekiko diskrimazioa eragiten zuela adierazi zuenean, LABek lanaldi partzialean aritzen diren emakumeengana jo zuen, informatu eta 7.000 eskaera baino gehiago jaso eta bideratu zituen gizarte segurantzara.

Eskarietan aldarrikapen argia eta zehatza egiten zen: pentsioa jasotzeko baldintzak berriz arautzean, lanaldi partzialean lan egindako egun bakoitza kotizatutako egun bezala kontuan izatea.

Aipatutako eskaerek ez dute Gizarte Segurantzaren aldetik inolako erantzunik izan. Eta Gobernuak, gaiari heldu beharrean, emakumeoi iruzur berri bat egin digu, partxeo neurrien alde eginez.

Atzo, otsailaren 13, Gasteizko Gizarte Segurantzan izan zen LAB aldarrikapen berekin.

 

 

 

“Estatuen zain egon gabe, gure bide propioa erabaki eta eraikitzera goaz, Euskal Bidea eginez”


Sortu, LAB eta Ernai antolakundeen ordezkariek agerraldia eman dute Ezker Abertzaleak bere oinarri sozialarekin batera datozen asteotan garatuko duen hausnarketaren berri emateko.
Hausnarketa hau Zutik Euskal Herria ebazpenaren segida da. Bertan azken hilabeteotako bilakaera kontutan hartuta, burujabetzaren norabidean sakontzeko premia ikusi da.


Horrela bada, hausnarketa honen helburua eta mamia esaldi bakar batean laburtuko bagenu, hauxe litzateke emaitza: Estatuen zain egon gabe, gure bide propioa erabaki eta eraikitzera goaz, Euskal Bidea eginez.

Ezker Abertzaleak bere oinarriarekin batera partekatu eta eztabaidatu nahi du azaldu berri dizuegun hausnarketa eta horretarako herri batzarrak antolatuko ditu datozen asteotan Hego Euskal Herriko herri eta auzo guztietan. Gure gonbitea beraz, Ezker Abertzaleko oinarriari herri batzarretan parte har dezan.

Era berean, Ezker Abertzalearen hausnarketa honetan euskal preso politikoen ekarpena eta parte hartzea bermatzeari begira, hausnarketarako dokumentuak Euskal Preso Politikoen Kolektiboa osatzen duten kideei helaraziko zaiela iragarri nahi dugu.

Esan bezala, Estatuen zain egon gabe, gure bide propioa erabaki eta eraikitzera goaz, Euskal Bidea eginez. Horixe da garatzera goazen hausnarketaren oinarria eta orain azalduko ditugunak, hausnarketa honen edukiak:

Estatu espainiarrak ez du gatazkaren konponbidearekin ez eta demokraziarekin inolako borondaterik erakutsi eta etorkizunean ezin dugu ekarpen positiborik espero. Euskal Herria, ordea, trantsizio batean murgilduta dago: agortutako marko ez demokratiko honetatik eskubideak guztiz errespetatuak izango dituen berri batera. Egoera honetan, Ezker Abertzaleak ardura berezia du herri honen aurrean, eta bereziki soberanista eta independentista guztien aurrean: trantsizio hau burutzeko eta euskal estatu libre bati ateak alderik alde zabaltzeko ibilbide bat eskaintzea.

Ezker abertzalearen estrategia:

Hauek dira Euskal Herria independente, sozialista, euskalduna eta feminista eraikitzeko Ezker Abertzaleak garatzen duen estrategiaren oinarriak:

Aldebakartasuna:
• Estatuek ez dute konponbide demokratikorik nahi. Aldebikotasunaren zain gelditzeak politikoki gure burua kateatzea suposatuko luke.
• Beraz, aldebakartasunak etengabeko tresna aktiboa izan beharko du Ezker Abertzalearen estrategian. Konponbidearen alorrean ez ezik, Euskal Herriaren nazio eraikuntzan eta eraldaketa sozialean ere. Gure estrategia osoa busti behar du, gure herriarekiko ahalegin eskuzabal eta ausardiaz betea erakutsiz.

Konfrontazio demokratikoa
• Gure proiektu politikoa, herri eta klase ikuspegitik, ez da ezkontzen, ezta ezkonduko ere, espainiar proiektuarekin.
• Ondorioz, eraldaketa politiko eta soziala bideratzekotan, Euskal Herriak aldebakarreko erabakien bitartez egin beharko du aurrera eta erabaki horiek lehenago edo beranduago talka egingo dute legedia espainiarrarekin eta frantziarrarekin.

Herri aktibazioa
• Herri prozesua burutuz, herri aktibazioan inoiz ezagutu ez ditugun sinergia eta atxikimendu mailak erdietsiz egin beharko diogu aurre bi estatuen inposaketei.. Herri aktibazioa konfrontazio demokratikoaren eta aldebakartasunaren bermatzailea da. Herri aktibaziorik gabe ezin ditugu beste bi oinarriak behar bezala garatu.

Indar metaketa
• Estrategia garailea eraiki nahi badugu, ezinbestean gure proiektu politikoaren norabidean gehiengo sozialak sortzea eta eraginkor bilakatzea izango da gure arrakastarako gako nagusia. Ildo berean, etorkizunean herri prozesu burujabeak aliantza politiko sendoa beharko du, baita aliantza sindikal eta soziala ere. Instituzioetan ez ezik, bestelako esparruetan ere elkarlan taktikoa, eta ahal den neurrian estrategikoa, sustatzea ezinbestekoa da.

Euskal Bidea:

Lau oinarri hauek dituen estrategiaren garapenerako eredua da Euskal Bidea.

Ezker Abertzaleak ibilbide bat proposatzen die euskal herritarrei, gure bide propio eta partekatua egiteko, estatuen zain egon gabe, aldebakartasunetik, arazoei errotik helduz, gutxieneko demokratikoen baitan, herri gisa beharrezkoak zaizkigun tresnak eta zutabeak erabakiz eta eraikiz. Gu bagoaz, erabaki eta eraikitzera.

Hauek lirateke Euskal Bidea osatzeko zutabeak:

Neoliberalismoaren krisiari irtenbide propio eta demokratikoa: Euskal herritarren eskubide sozialak bermatzea. Politika ekonomikoak oro har eta politika fiskal zein finantzarioak erabakitzeko dugun eskubidea irmoki aldarrikatzeko eta aldarrikatzeaz gain, erabaki propioak hartzeko unea iritsi da.

Hizkuntza eta kultura: Euskal Herriak berezko hizkuntza eta kultura biziberritu, normalizatu eta garatzea ahalbidetuko duten politika burujabeak eraikitzeko eskubidea dauka. Hizkuntza-politikak eta kultura-politikak euskalgintzan eta euskal kulturgintzan ari direnekin eskuz esku, elkarlanean, eztabaidatu, adostu eta gauzatu beharra dago.

Hezkuntza: Euskal Herriak bere beharretara egokitutako Hezkuntza Sistema eraikitzeko eskubidea dauka. Horretarako, Estatuen inposizioei aurre egin eta gure hezkuntza-eredua garatzea ahalbidetuko dizkiguten tresnak eskuratzera joan behar dugu.

Nazio ikurrak: Espainiar eta frantziar estatuek sinbologiaren indarra baliatzen dute beren nazio kohesioa sendotzeko. Egoera horri buelta ematen hastea ezinbestekoa da.

Lurralde batasunaren eraikuntza:

• Lurralde batasunerako korapiloak askatzeko proposamenak eta bideak eskaintzeko unea heldu da. Planteamendu malgua eta egokitzeko aukera ematen duena izan behar du, baina, anbiguotasunik gabekoa.

• Lehen erronka, egungo hiru eremu administratiboetan estatus politikoari buruzko eztabaida sustatu eta proposamen zehatzak egitea izango da. Hartara, estatus berri horiek orube beraren gainean egitea planteatuko dugu, hau da, Euskal Herriaren aitortzaren gainean.

• Horrek, Estatus Berri horien ardatz nagusia zehaztera garamatza: erabakitze eskubidea, hain zuzen ere. Euskal Herria entitate politikoa izango bada, herritarrek horretarako borondatea izan eta horixe erabakitzen dutelako izango da. Herritarrek erabaki behar dute eta beraien borondatea errespetarazi behar da. 
 

 

 

Incoesako Enpresa Batzordeak enpleguaren defentsan eta ehun produktiboaren aldeko borrokan langileak bakarrik daudela salatu du

0

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailarekin hainbatetan bilerak eskatu ondoren, atzo, batzartu ziren Incoesako langileak sail horretako kabinete tekniko batekin. Batzordearen arabera, greba mugagabean 262 egun daramatzatelarik, ez da nahikoa iraganean Incoesari eman zitzaion 2.000.000 euroko diru laguntzaren inguruko azalpen teknikoak ematea, baina lantegian enplegua mantendu ahal izateko helburuz biltzea erabaki zuten.

INCOESAKO ENPRESA BATZORDEAREN OHARRA

"Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailarekin hainbatetan bilerak eskatu ondoren, gaur, azkenean, batzartu dira Incoesako langileak sail horretako kabinete tekniko batekin.

Zoritxarrez, greba mugagabean 261 egun bete ditugun honetan, eta Bediako lantegiko langile guztientzat enplegu etete espedientearen tramitazioa abian delarik, langileontzat ez da nahikoa iraganean Incoesari eman zitzaion 2.000.000 euroko diru laguntzaren inguruko azalpen teknikoak ematea. Gaur, uste dugu, azalpen hori gehiago beharko lukeela herritar zergadunei zuzendua, eurak direlako diru laguntza horiek, kaleratzeak egin eta ehun produktiboa suntsitzeko erabiliak direnak, ordaintzen dituztenak.

Edonola ere, langileok greba hasi genuenean egiten genuen apustuari eusten diogu: enplegua eta industria Bedian mantentzea. Eta helburu horrekin kabinete horretako arduradun politikoekin bilera bat egitea eskatu dugu, premiazko bilera, gure lantegian enplegua mantendu ahal izateko helburuz. Gerta daitekeen okerrena litzateke enpresa itxi, langileak kaleratu eta enpresak diru publikoak jasotzen jarraitzea. Honek agerian uzten du Jaurlaritzako kabinete desberdinetatik eman ditzaketen lerroburuetan esaten dutena esan, enpleguaren defentsan eta ehun produktiboaren aldeko borrokan langileak bakarrik daudela."

 

 

 

LABen iritziz UPNren Gobernuaren erorketa herri garaipena da

Sektore herrikoiek, langileriak, herri mugimenduak zer esan handia izan dute UPNren Gobernu neoliberal eta espainolista hondoratzeko orduan. Horregatik, bere erorketa, ospatu beharra dagoen herri garaipena da LABen iritziz. Orain erregimen ustelarekin amaitu eta aldaketa sozialari ateak irekitzeko herri presioa egiten jarraitzearen beharra nabarmendu du sindikatuak.

Alabaina, aurretik dugun erronka ez da nolanahikoa. Nafarroan 30 urtez indarrean egondako Erregimena eraitsi beharra dago. Txiringito foralean askok hartu dute parte: UPN-PSNk maila politikoan, Opus Deik botere faktiko moduan, Patronalak bere botere ekonoarekin eta UGT-CCOOek kobertura soziala emanez. Horien oztopoen gainetik, aldaketa sozialari ateak ireki beharra dago, erabakitzeko eskubidean eta langileriaren eskubide sozialetan oinarritutako eredu ekonomiko eta sozial berria eraikitzen hasteko. Gaur hasitako herri mobilizazioek jarraipena izan behar dute datozen egunotan, ezinbesteko aldaketa sozial eta politiko hori sustatuz.
 

 

 

LAB promueve elecciones sindicales en Mediterránea de Catering

0

La privatización de las cocinas hospitalarias ha supuesto un grave deterioro de la alimentación de los pacientes, así como un retroceso en las condiciones laborales. La lista electoral presentada esta semana por LAB tiene como objetivo defender los derechos de las personas que en estos momentos trabajan, en penosas condiciones laborales, en las cocinas hospitalarias.

Se trata de dos caras de la misma moneda, la privatización; dos consecuencias de la avaricia empresarial. Se recorta del servicio, se recorta de las condiciones laborales, para generar beneficios que engorden aun más las grandes fortunas agrupadas en el fondo de capital riesgo Portobello Capital, propietario de Mediterránea. LAB ha dado un nuevo paso frente a estas prácticas empresariales, promoviendo elecciones sindicales en Mediterránea de Catering.
 

 

 

LABek UPNren Gobernuaren dimisioa exijitu eta kalera irteteko deia egin du

Hainbat enpresen alde Ogasunaren gainean Lourdes Goicoecheak egindako presioen berri jakin ostean, LAB sindikatuak UPNren Gobernuak berehala dimisioa eman eta hauteskundeak deitu ditzan exijitzen du.

Ildo honetan, LABek aipatutako helburuarekin antolatzen diren mobilizazio guztiekiko babesa adierazten du, hala nola une hauetan sare sozialetan dabilenari (gaur asteazkena 19:00etan UPNren egoitzaren parean). Era berean, sektore publikoko langileen asanblada bat antolatu du ostiral honetarako, hilak 14, 12:00etan Ogasunaren parean. Mobilizazioa beharrezkoa da.

Gaurkoa bezalako berriek, CANen dieten afera iceberg-aren tontorra besterik ez zirela erakusten dute: Nafarroako ondare publikoaren harpilaketaren aurrean gaude, Nafarroako Kutxan, Herri Lanetan, Osasungintzan edota Ogasunean bertan gauzatu dena. Ez dira gertakari isolatuak, lapurren mozkorraldia baizik. Lotsarik gabeko elite politikoa (UPN, PP eta PSN alderdiez osatutakoa) baliabide publikoen kontura aberastu da, elite enpresarialari mesede eginez, langileriari murrizketak inposatzen zizkion bitartean.

Goicoecheak dimisioa eman behar du: Ogasunaren buru izatea, otsoa ardien zaindari jartzea bezalakoa da. Baina hau ez da nahikoa: Gobernu osoak eman behar du dimisioa, Yolanda Barcinarengandik hasita, CAN eta dirukutxa publikoak hustutzeagatik, langileriaren kontura aberasteagatik, Nafarroa bankarrotaren ertzeraino eramateagatik.

Aldaketa bikoitza premiazkoa da Nafarroan: Gobernu aldaketa eta eredu aldaketa. Ustelkeria kasu ugariak iraganaren parte izan daitezen, Errenta Aitorpena egin ahal izan dezagun lapurtzen digutela sentitu gabe. Nafarroa hainbeste urtez odolustu duen Erregimen nafar-espainolarekin amaitu eta benetako demokrazia ezarri beharra dago, non geure etorkizunaren eta baliabide publikoen jabe izango garen, non langileriaren eskubide sozialak bermatuko diren.

Geure esku dago, usteleriaren kontra eta aldaketaren alde mobiliza gaitez!
 

 

 

6 dira jadanik Euskal Herrian lan istripuan hildako langileak 2014an

2014ko urtarrilaren 30ean, Alduntzar enpresako langile batek lan istripu larria izan zuen Usurbilgo Fagor Victorio Luzuriagan. Langilea, 38 urteko errrumaniarra, makinen prebentzio lanetan ari zela lubaki batera erori zen, eta horren ondorioz atzo hil egin zen. Luzuriagako Enpresa Komiteak elkarretaratzea deitu du biharko azken lan heriotz hau salatzeko.

LAB sindikatuak bere senide eta gertukoei eta oro har langile klaseari bere babesa eta elkartasuna adierazi nahi die.

Heriotza honekin gutxienez 6 dira Euskal Herrian aurten hil diren langileak. Eta Gipuzkoan dagokionean, heriotza eragin duen 2. lan istripua da aste honetan.

Langileok, bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez, saiakera horretan bizia galtzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Ez, lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira. Beste behin ere hildakoa langile gazte bat da, etorkizun ta lan baldintza hobeagoen bila etorria zena gure herrira.

Horregatik guztiagatik, langileok laneko gaixotasun eta lan istripuekiko TOLERANTZIA ZERO ohiukatu behar dugu. Arazo horiekin bukatzeko eredu aldaketa bultzatu behar dugu, gure osasun eskubidea egiazkoa izan dadin aldaketa politikoa, ekonomikoa eta soziala aldarrikatuz.

Baina aldaketa hori ez da etorriko Gasteiz, Iruñea edo Baionatik; patronalak eta legeek ez digute ezer oparituko. Aldaketa langileok ekarriko dugu, lantoki, herri eta auzo bakoitzean hartutako gure konpromisoen ondorioz, hori bait da gure osasuna eta bizia defendatzeko modu bakarra.

LAB sindikatuak bihar Luzuriagako komiteak goizeko 13.00etatik 15.00etara deitutako lanuzte eta elkartaratzearekin bat egiten du.

 

 

 

LABek positibotzat jotzen ditu Bizkaia eta Arabako eragin mugatuko hitzarmenen indarraldia aitortzen dituen epaiak

0

Epai hauek berriro ere agerian utzi dute FVEM eta SEA patronalen estrategia. Hauek, PPren lan erreformak sortutako uztailaren 7ko amildegiaz eta mehatxuaz baliatu nahi izan zuten, lan eskubideen galera zein lan erreforma aitortuko dituen hitzarmenak lortu ahal izateko. Epai hauek estrategia horri zaplasteko bat dira, eta batez ere, Euskal Herriak behar duen lan harremanetarako eredu propioa izateko beharra berresten digu.

Hala ere, epaitegiek negoziazio kolektiboaren arazoa ez dute konponduko. Konponbidea ere ez da hemengo errealitatetik at dauden estatuko hitzarmenak sinatzea, ezta bakarrik enpresaz enpresa egindako negoziazioa ere. Metalgintzako hitzarmen berriak eta eguneratuak behar ditugu. Horretarako, LAB sindikatua buru belarri dabil sektore hitzarmenaren defentsarako estrategiaren garapenean. Hilabete honetan zehar gure militantziarekin adostuko dugu eta langile guztientzat metalgintzako hitzarmen duinak lortzeko bidean inflexio puntu berri bat bilakatuko dela ziur gaude.

Epai hauek langileek behar dituzten hitzarmenak lortzeko apustuan aurrera egiteko balio behar dute, ez patronalaren neurrikoak.
 

 

 

Mobilizazioak Crown Embalajes enpresan lan baldintzak okerragotzeko erabakiaren aurrean

0

Crown Embalajes lantegiko langileak 13 hilabete eman dituzte hitzarmen kolektiboa negoziatzen eta denbora horretan enpresak akordioetara irisiteko inolako borondaterik ez du azaldu. Hori horrela, zuzendaritzak atzo deskuelge espedientea aurkeztu zuen, urteko lanaldia 24 ordu igo eta %10eko malgutasuna ezarri nahian.

Erabaki honen aurrean eta hitzarmen justu baten alde eta enplegu galeraren aurka, Crowm embalajes enpresako langile batzordeak mobilizazioak deitu ditu lantegian bertan, otsailaren 12, 21 eta 24ean, hain zuzen ere deskuelgerako espedientearen kontsulta aldiari dagokioen bilera egunetan.

Ugao-Miravalleseko Crown embalajes enpresako langile batzordearen (LAB, CCOO, UGT eta USO) salaketa

1. Azken urteetan milioika eurotako irabaziak izan dituen enpresa dele Crowm, akzionisten artean dibidentotan milioika euro banatu dituena, 30.000.000 euro krisi garai bete-betean, 2008tik 2011. urtera.

2. Egun lan zama handia du, horren adierazle, fabrikako langileen %20 behin-behineko kontratazioek osatzen dutela.

3. Milioika euro irabazi badituzte, ez dago malgutasunean sakondu edo lanaldia luzatu beharrik.

4. Neurri honekin enpresak bere irabaziak handitu nahi ditu, enplegua suntsituz eta langileen lan baldintzak kaxkartuz.

5. Beraz, negoziazio kolektiboaren baitan adostu ez dela inposatzeko ahalegina da honakoa, eta horren aurrean, komiteak negoziazioei berriro ekiteko deia egiten du, lan baldintza justuak jasoko dituen hitzarmena lortze aldera.