2024-04-20
HomeEkintza Politikoa"Estatuen zain egon gabe, gure bide propioa erabaki eta eraikitzera goaz, Euskal...

“Estatuen zain egon gabe, gure bide propioa erabaki eta eraikitzera goaz, Euskal Bidea eginez”


Sortu, LAB eta Ernai antolakundeen ordezkariek agerraldia eman dute Ezker Abertzaleak bere oinarri sozialarekin batera datozen asteotan garatuko duen hausnarketaren berri emateko.
Hausnarketa hau Zutik Euskal Herria ebazpenaren segida da. Bertan azken hilabeteotako bilakaera kontutan hartuta, burujabetzaren norabidean sakontzeko premia ikusi da.


Horrela bada, hausnarketa honen helburua eta mamia esaldi bakar batean laburtuko bagenu, hauxe litzateke emaitza: Estatuen zain egon gabe, gure bide propioa erabaki eta eraikitzera goaz, Euskal Bidea eginez.

Ezker Abertzaleak bere oinarriarekin batera partekatu eta eztabaidatu nahi du azaldu berri dizuegun hausnarketa eta horretarako herri batzarrak antolatuko ditu datozen asteotan Hego Euskal Herriko herri eta auzo guztietan. Gure gonbitea beraz, Ezker Abertzaleko oinarriari herri batzarretan parte har dezan.

Era berean, Ezker Abertzalearen hausnarketa honetan euskal preso politikoen ekarpena eta parte hartzea bermatzeari begira, hausnarketarako dokumentuak Euskal Preso Politikoen Kolektiboa osatzen duten kideei helaraziko zaiela iragarri nahi dugu.

Esan bezala, Estatuen zain egon gabe, gure bide propioa erabaki eta eraikitzera goaz, Euskal Bidea eginez. Horixe da garatzera goazen hausnarketaren oinarria eta orain azalduko ditugunak, hausnarketa honen edukiak:

Estatu espainiarrak ez du gatazkaren konponbidearekin ez eta demokraziarekin inolako borondaterik erakutsi eta etorkizunean ezin dugu ekarpen positiborik espero. Euskal Herria, ordea, trantsizio batean murgilduta dago: agortutako marko ez demokratiko honetatik eskubideak guztiz errespetatuak izango dituen berri batera. Egoera honetan, Ezker Abertzaleak ardura berezia du herri honen aurrean, eta bereziki soberanista eta independentista guztien aurrean: trantsizio hau burutzeko eta euskal estatu libre bati ateak alderik alde zabaltzeko ibilbide bat eskaintzea.

Ezker abertzalearen estrategia:

Hauek dira Euskal Herria independente, sozialista, euskalduna eta feminista eraikitzeko Ezker Abertzaleak garatzen duen estrategiaren oinarriak:

Aldebakartasuna:
• Estatuek ez dute konponbide demokratikorik nahi. Aldebikotasunaren zain gelditzeak politikoki gure burua kateatzea suposatuko luke.
• Beraz, aldebakartasunak etengabeko tresna aktiboa izan beharko du Ezker Abertzalearen estrategian. Konponbidearen alorrean ez ezik, Euskal Herriaren nazio eraikuntzan eta eraldaketa sozialean ere. Gure estrategia osoa busti behar du, gure herriarekiko ahalegin eskuzabal eta ausardiaz betea erakutsiz.

Konfrontazio demokratikoa
• Gure proiektu politikoa, herri eta klase ikuspegitik, ez da ezkontzen, ezta ezkonduko ere, espainiar proiektuarekin.
• Ondorioz, eraldaketa politiko eta soziala bideratzekotan, Euskal Herriak aldebakarreko erabakien bitartez egin beharko du aurrera eta erabaki horiek lehenago edo beranduago talka egingo dute legedia espainiarrarekin eta frantziarrarekin.

Herri aktibazioa
• Herri prozesua burutuz, herri aktibazioan inoiz ezagutu ez ditugun sinergia eta atxikimendu mailak erdietsiz egin beharko diogu aurre bi estatuen inposaketei.. Herri aktibazioa konfrontazio demokratikoaren eta aldebakartasunaren bermatzailea da. Herri aktibaziorik gabe ezin ditugu beste bi oinarriak behar bezala garatu.

Indar metaketa
• Estrategia garailea eraiki nahi badugu, ezinbestean gure proiektu politikoaren norabidean gehiengo sozialak sortzea eta eraginkor bilakatzea izango da gure arrakastarako gako nagusia. Ildo berean, etorkizunean herri prozesu burujabeak aliantza politiko sendoa beharko du, baita aliantza sindikal eta soziala ere. Instituzioetan ez ezik, bestelako esparruetan ere elkarlan taktikoa, eta ahal den neurrian estrategikoa, sustatzea ezinbestekoa da.

Euskal Bidea:

Lau oinarri hauek dituen estrategiaren garapenerako eredua da Euskal Bidea.

Ezker Abertzaleak ibilbide bat proposatzen die euskal herritarrei, gure bide propio eta partekatua egiteko, estatuen zain egon gabe, aldebakartasunetik, arazoei errotik helduz, gutxieneko demokratikoen baitan, herri gisa beharrezkoak zaizkigun tresnak eta zutabeak erabakiz eta eraikiz. Gu bagoaz, erabaki eta eraikitzera.

Hauek lirateke Euskal Bidea osatzeko zutabeak:

Neoliberalismoaren krisiari irtenbide propio eta demokratikoa: Euskal herritarren eskubide sozialak bermatzea. Politika ekonomikoak oro har eta politika fiskal zein finantzarioak erabakitzeko dugun eskubidea irmoki aldarrikatzeko eta aldarrikatzeaz gain, erabaki propioak hartzeko unea iritsi da.

Hizkuntza eta kultura: Euskal Herriak berezko hizkuntza eta kultura biziberritu, normalizatu eta garatzea ahalbidetuko duten politika burujabeak eraikitzeko eskubidea dauka. Hizkuntza-politikak eta kultura-politikak euskalgintzan eta euskal kulturgintzan ari direnekin eskuz esku, elkarlanean, eztabaidatu, adostu eta gauzatu beharra dago.

Hezkuntza: Euskal Herriak bere beharretara egokitutako Hezkuntza Sistema eraikitzeko eskubidea dauka. Horretarako, Estatuen inposizioei aurre egin eta gure hezkuntza-eredua garatzea ahalbidetuko dizkiguten tresnak eskuratzera joan behar dugu.

Nazio ikurrak: Espainiar eta frantziar estatuek sinbologiaren indarra baliatzen dute beren nazio kohesioa sendotzeko. Egoera horri buelta ematen hastea ezinbestekoa da.

Lurralde batasunaren eraikuntza:

• Lurralde batasunerako korapiloak askatzeko proposamenak eta bideak eskaintzeko unea heldu da. Planteamendu malgua eta egokitzeko aukera ematen duena izan behar du, baina, anbiguotasunik gabekoa.

• Lehen erronka, egungo hiru eremu administratiboetan estatus politikoari buruzko eztabaida sustatu eta proposamen zehatzak egitea izango da. Hartara, estatus berri horiek orube beraren gainean egitea planteatuko dugu, hau da, Euskal Herriaren aitortzaren gainean.

• Horrek, Estatus Berri horien ardatz nagusia zehaztera garamatza: erabakitze eskubidea, hain zuzen ere. Euskal Herria entitate politikoa izango bada, herritarrek horretarako borondatea izan eta horixe erabakitzen dutelako izango da. Herritarrek erabaki behar dute eta beraien borondatea errespetarazi behar da. 
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.