2026-07-15
Blog Page 1241

LABek dei egiten die Bizkaibus-eko langile guztiei planteatutako lanuzte eta greben bitartez erantzun irmoa eman dezaten

0

LABek gaur Bizkaiko Diputazioarekin izandako batzarraren balorazio negatiboa egiten du. Diputazioak ez du sartu nahi izan Bizkaibusen dagoen sakoneko arazoan, ezta beraiek sortutako konfliktoari irtenbideak bilatu, batzar guztian konfliktoa konpontzeko sindikatuak exigitzen ditugun puntuen dokumentua baino ez baitu eskatu.

Urte bat geroago Diputazioak arazoari irtenbidea aurkitzeko duen ezgaitasun eta borondate politiko ezak bizirk dirau. Diputazioak hartu duen konpromezu bakarra aurkeztuko zaien idatzia aztertzean datza.

Diputazioak erakutsitako pasibitatearen aurrean, LABek dei egiten die Bizkaibus-eko langile guztiei sindikatu guztiek planteatutako lanuzte eta greben bitartez erantzun irmoa eman dezaten, ostiral honetarako planteatutako 2 orduko lanuztean (07:30tatik 09:30tara; 18:00tatik 20:00tara; 22:30tatik 00:30tara) eta 24 orduko grebetan: 6, 9, 13, 15, 17, 20, 21, 23, 24 eta 27tik aurrera mugagabeki.
 

 

 


LABek Eusko Jaurlaritzari larrialdietarako diru-laguntzak bermatu ahal izateko partida ekonomikoa zabaltzea exijitzen dio

Prekarietatea eta pobrezia zabaldu baino ez dira egiten euskal herritarren artean. Kalitateko eskaseko enplegua %25koa da, egiturazko langabezia %15en bueltan, 10 langiletik 4-k bi urte baino gehiago darama langabezian, etxe kaleratzeak egunero gertatzen ari dira,… Bistan da gure herrian bizitza duin bat eramatea ezinezko dela milaka eta milaka pertsonentzako.

Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak, beste behin ere, onartzen du larrialdietarako diru-laguntzen partida agortu egin zaiola. Eta horren aurrean, beldur gara Eusko Jaurlaritzak, beste behin ere, uko eginen diola diru gehiago jartzeari larrialdi sozialetarako kasuak atenditzeko. Joan zen urtean gauza bera egin zuen, eta berriki ikusi dugu kontziliazio laguntzekin gertatu dena.

Erabat onartezina da Eusko Jaurlaritzak bere burua ezkutatzea esanez ez dagoela derrigortuta laguntza hauek ematera, eskubide subjektiboak eta galdagarriak ez direlakoan. Onartezina oinarrizko beharraz ari garelako (alokairua, hipotekak, elektrotresnak,…), jendea bete ezin dituztenak diru-sarrerak ez edukitzeagatik.

Enpleguaren suntsiketa, zerbitzu publikoen eraispena, berrordainketa, etxebizitza eskubidearen ukazioa sustatzen duenak, aldi berean, uko egiten badio baliabide ekonomikoak jartzeari beharrizan oinarrizkoenak atenditzeko, ozen eta argi esan beharra dago: soberan dago. Bai, Eusko Jaurlaritza honen politika soziala soberan dago.

LAB-ek exigitzen du lehentasuna pertsonentzat, eta beraz, Eusko Jaurlaritzari berehala larrialdi sozialetarako partida ekonomikoa zabaltzea eskatzen diogu. Eta horrekin batera, mobilizazioaren beharra aldarrikatzen dugu prestazio sozial duinen eta politika koherente baten alde, pobreziaren ondorio lazgarrienak gainditu ahal izateko eskubide sozialen onarpena, kalitateko enpleguaren sortzea eta fiskalitate justu baten eskutik.

 

 

 

Konponbidea exijitzeko lanuzteak Condesa Taldean

0

Egun, Condesa Taldeko lan zentro guztiak pasa den uztailetik hartzekodunen aurrekonkurtsoan daude. Ondorioz, 800 langiletik gora ziurgabetasun handiko egoera baten aurrean aurkitzen dira. Egoera salazeko eta Autonomi Erkidego ezberdinetako Gobernuei dagokien erantzunkizuna asumitzeko eskatzeko mobilizazio ezberdinak iragarri dituzte.

Condesa Taldeko Enpresa Batzordearen irakurketa
CONDESA TALDEA, KONPONBIDEA ORAIN!

«Gaur, urriak 1, Condesa Taldeko enpresa batzorde guztien ordezkaritza bat komunikabideen aurrean azaltzen gara pairatzen dugun egoera zuekin partekatzeko eta egoera honi aurre egiteko antolatu diren mobilizazioak jakinarazteko.

Egun, Condesa Taldeko lan zentro guztiak, sei orotara, bi Legutio-Gasteizen, eta bana Lesaka, Berrioplano, Mieres eta Sagunton, pasa den uztailetik hartzekodunen aurrekonkurtsoan daude. Ondorioz, 800 langiletik gora eta gure senideak ziurgabetasun handiko egoera baten aurrean aurkitzen gara.

Hasieratik, bai aurrekonkurtsoan sartu aurretik zein gerora ere, Condesaren jabeen aldetik jasotako informazio eza erabatekoa izan da, enpresa batzordeek behin eta berriro informazioa eskatu diegun arren.

Gardetasun eta informazio eza dira Condesako Zuzendaritzaren aldetik jasotzen duguna. Zuzendaritza berak langileak beldurtzeko eta banatzeko ongi diseinatutako estrategia da. Baina ez gaude hau gehiago jasaten jarraitzeko prest.

Hemen ordezkatuta gauden Condesa Taldeko enpresa batzordeek enpresa erabat bideragarria dela deritzogu. Zuzendaritzak egindako kudeaketa txarraren ondorioz soilik, gaude egoera honetan. Beraz, Zuzendaritzari Condesa Taldeko lantoki guztietarako enplegua eta lan baldintzak bermatuko dituen bideragarritasun plan bat, alegia, industria plan bat, aurkezteko exijitzen diogu.

Condesako langileak informazioa eta etorkizunerako plan bat aldarrikatuz mobilizatzen jarraituko dugu. Condesako Zuzendaritzak jakin behar du ez garela geldirik egongo, 800 familia baino gehiago kale gorrian utzi nahi dituzten bitartean eta merkatua daukan enpresa bideragarri bat itxi nahi duten bitartean.

Honela, Autonomi Erkidego ezberdinetako Gobernuei deia egiten diegu bere erantzunkizuna asumitzeko eta ez dezatela baimendu, zuzendaritzak egindako kudeaketa txar baten ondorioz bideragarria den enpresa bat ixtea, horrek ekarriko duen enplegu suntsiketarekin . Gure aldarria haiei ere helaraziko diegu.

Hau guztiagatik, Condesako enpresa batzordeak Zuzendaritzari konponbide bat exijitzen diogu orain.

Hauek dira datozen egunetan lantoki guztietan “Condesa solución ahora, konponbidea orain” lelopean egingo ditugun mobilizazioak:

– Urriaren 3an lantoki guztietan batzar informatiboak.
– Urriaren 8an 13:00tatik-15:00tara bi orduko lanuztea eta lantoki guztietan konzentrazioak.
– Urriaren 15ean egun osoko greba eta lantoki guztietako langileekin manifestazioa Gasteizen enpresak dituen bulego nagusien aurrean amaituz.

Gasteizen, 2014ko urriaren 1ean»
 

MOBILIZAZIOAK

Urriaren 3an lantoki guztietan batzar informatiboak.

Urriaren 8an 13:00tatik-15:00tara bi orduko lanuztea eta lantoki guztietan konzentrazioak.

Urriaren 15ean egun osoko greba eta lantoki guztietako langileekin manifestazioa Gasteizen enpresak dituen bulego nagusien aurrean amaituz.

 

FSMko metalgintzako saila Donostian elkartu da Europa mailan sindikalgintza alternatibo bat nola artikulatu aztertzeko

0

Munduko Sindikatuen Federazioko (FSM) hainbat kide Euskal Herrian dira metalgintzako langileak batzen dituen UISMMa Europa mailan nola artikulatu aztertzeko. Bilera hauen zergaitiak zehazteko prentsaurrekoa eskaini dute LABek Donostian duen egoitzan.

2008an sortu zen UISMM Donostian, orduan LABeko Nazioarteko Idazkari zen Jesus Maria Getek hartu zuen Idazkaritza Nagusia. Rion egin zen UISMMaren II kongresuan, estruktura erregioten banatzea erabaki zen eta Euskal Herrian burutu den bilera europako taldeak egiten duen lehenengoa da.

Elkarrizketa hauen helburua FSMko Metaleko saila indartzea dela adierazi dute prentsaurrean. Honetarako metaleko langileen arteko elkarlana bultzatzea eta metaleko sindikatuen arteko aliantzak indartu behar direla proposatu dute. Beti ere sindikalgintza alternatibo bat eraikitzeko bidean urratsak emanez.

 

 

 

LAB: «Espainiar Gobernuak kontsulta prozesuaren aurrean hartu duen erabakia Kataluniaren eta Euskal Herriaren aurkako eraso argia da»

LABen adierazpena Kataluniako Gobernuak azaroaren 9ko galdeketarako egindako deialdiaren aurrean, deialdiaren dekretua eta Kataluniako Kontsulta Legea baliorik gabe uzteko Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hartu duen erabakiaren aurrean.

Galdeketa prozesuaren aurrean Espainiako Gobernuak hartu duen jarrera eta erabakia Kataluniaren aurkako eraso zuzena da eta aldi berean, Euskal Herriaren kontrako eraso argia ere bada, euskal jendartearen gehiengoak egiten duen erabakitzeko eskubidearen aldarriaren aurrean Estatuaren jarrera berresten duen neurrian.

Estatu erreforma baten testuinguruan eman da erabakia; Espainiar Gobernuak egin duen hautuaren adierazle da Kataluniari emandako ezezkoa, herrien erabakitzeko eskubidearen egikaritzari bizkar emanez, oinarri adostua duen prozesu orori ateak ixten dizkiona. Estatu erreformaren nolakotasuna definituz Madrilgo Gobernuak egiten duen dekantazioa agerian geratzen da erabaki honekin: prozesu demokratiko baten baitan erabakitzeko eskubidearen aitortza eta egikaritza adostutako bideorri baten gainean eraikitzeko aukerak baztertuz.

Momentua da euskal eragileon aldetik erantzun bateratu bat emateko, eremu politiko, sozial nahiz sindikaletik onarrizko eskubide zibil eta politikoen aurkako eraso honi aurre egiteko eman beharreko urratsak eztabaidatu eta adostuz. Euskal Herriak behar eta eskatzen duen neurriko erantzuna hor kokatzen dugu; erantzun hori emateko adostasunik ez badugu nekez kokatuko gara herri honek eskatzen duen mailan. Zentzu honetan, EAJk argitu beharko du non kokatzen duen estatus politikoaren eztabaida eta non kokatzen duen bidelaguna, Madrilgo Gobernuaren kudeaketa antidemokratikoan, ala euskal eragileon arteko adostasunean.

LAB sindikatutik erantzun bateratuaren mesedetan adostasunak eraikitzeko gure prestutasuna adierazi nahi dugu. Honez gain, Kataluniaren eta Euskal Herriaren aurkako azken eraso honen salaketa eta erabakitzeko eskubidearen aldeko borroka lantokietara eramango du LABek. Dei egiten diegu gure afiliatu eta militante guztiei lantokietan, eta lan zentruetatik kanpo, erabakitzeko eskubidearen aldeko borrokarekin bat egiteko.
 

 

 

Lanpostuak mantentzea eta Bretxako zineak Donostian geratzea exijitzen dio LABek Ocine enpresari

Krisiaren ondorioak berriro ere langileriak ordain ditzala nahi dute tamalez, oraingoan Oncine enpresak arrazoi ekonomikoetan oinarrituz aurkeztutako EREaren bidez Bretxako zineetan dauden 15 langileen kontratuak deuseztuko ditu.

Bretxako kontzesionarioak, fondo aleman batek, ez du Bretxako merkatal gunea behar bezala kudeatu, hustu egin du, basamortu bihurtu, Donostiak nahi eta behar duen merkataritza eredutik hurrun dagoen eredu bat inposatu nahi izan du, Zara, Corte Ingles,.. edo horrelako kate haundi baten esku guztia utziz. Honek merkatari txikien kontrako eraso zuzen bat izateaz gain, kalitatezko ehundaka lanposturen suntsitzea ekarriko luke. Gutxi batzuen aberastasuna bilatzen duten eta langileriaren lan baldintzak okerragotzen dituzten Merkataritzako kate haundiei laguntza ematea bultzatzen duen ereduaren aurka azaltzen da LAB Sindikatua.

Era berean, ez gaude prest PPk bankuekin egin bezala, diru publikoarekin enpresa pribatuak erreskatatzea. Baina era berean Ocine enpresari eskatzen diogu Bretxako kontzesionarioak ezartzen dion alokairua ordaintzeko arazoak badauzka, udaletxeak beste toki bat bilatzeko eskainitako laguntza onartu eta arrazoizko alokairu baten truke eta lanpostuen mantentzea bermatuz, Donostian gera dadila.

Ezin dugu ahaztu urte askotan zehar Ocinek Bretxako alokairua ordaindu duela eta Bretxan egon ahal izan dela, baina krisia, PPk egindako BEZaren igoerak eta kontzesionarioak ezarritako alokairu altuak izan dira nagusiki arrazoi ekonomikoetan oinarritutako EREa aurkezteko arrazoia.

Zineak Donostian geratzea eta lanpostuak mantentzea nahi dugu. Horregatik, Ocine enpresari arduraz jokatu eta arazoa konpon dezala eskatzen diogu, 15 langileen lanpostuak bermatu eta enpresaren aukera ekonomikoen araberako toki berri batean kokatuz.

Ez dugu kaleratzerik egotea nahi, zineak Donostian geratzea nahi dugu, Bretxan edo beste toki batean.

 

 

 


LABek argiaren prezioaren igoera salatzen du: pobrezia handiagoa espekulatzaileen eskutik

Ezagutu berri dugu argiaren prezioak %11 gora egin duela azken hiruhilekoan. Igoera honekin, argiaren prezioa bikoiztu egin da azken hamarkadan. Energia oinarrizko ondare dugu, eta zerbitzu publiko batek bermatu beharko luke haren erabilera eta kudeaketa. Hala ere, gobernu ezberdinen erabakiek eta konplizitateek energia jarri dute enpresa gutxi batzuen eskuetan, merkatua nolanahi manipulatuz haien irabazien mesedetan.

Ohartarazi beharra daukagu argiaren prezioaren igoerek ondorio kaltegarriak dituela sektore pobretu eta prekarizatuetan. Argia edo berogailua ez erabiltzeak, tenperatura egokia ez izateak pertsonen osasun fisiko zein mentalari eragin egiten die, bazterketa eta diskriminazioak areagotuz. Ez dugu ahaztu behar pasa den urteko datuak: Hego Euskal Herrian biztanleen %4 pobrezia energetikoan zegoen. Ziurrenik aurten jende gehiago izanen da. Gasteizko zein Iruñeko Gobernuek udaberrian iragarri zuten pobrezia energetikoaren aurka borrokatuko zirela. Hala ere, inork ez du ikusi haiek onartutako neurri eraginkor eta zehatzik pertsonek ikus ez dezaten nola mozten dieten argia eta gasa arrazoi ekonomikoak tarteko. Alderantziz, haien politikek eta erabakiek jendearen diru-sarrerak gutxitu dituzte (laneko pobrezia, apenas konpentsatutako pentsio baxuak,…) eta diru-sarrerak bermatzeko programetan izandako murrizketak eta erasoek babes eza handiagoa eragin dute.

LABen ustez energia eta horren erabilera oinarrizko eskubide bat da. Beharrezkoa da Euskal Herrian energia burujabetzaren dinamikari heltzea, eredu berri baten oinarriak jarri ahal izateko (eraginkorra, gardena, aurreztailea, berriztagarria, demokratikoa), pertsona guztien erabilera bermatu behar duena. Halaber, neguaren atarian gauden honetan, instituzioei galdegiten diegu berehala neurri zehatzak har ditzaten Euskal Herrian pertsona bakar bat ere ez elektrizitate eta gasik gabe gera ez dadin arrazoi ekonomikoengatik. Ari gara eskubide sozialez, osasunaz eta bizitza duinaz.
 

 

 

LAB: «Espainiako Curriculuma euskaraz inposatuko digutela da adostu duten gauza bakarra»

0

LABen irakurketa EAJ eta Gobernu Espainolak LOMCEarekin lortutako akordioaren aurrean

Lehenik eta behin, esan beharra dugu LOMCEk suposatzen duen erasoa, Hego Euskal Herria osoan pairatzen dugula. LOMCEk suposatzen duen erasorik larriena, besteak beste hizkuntzen trataerarekin batera, curriculumari eta bere ebaluazioari eragiten dio.

Oraingoan LOMCE dugu, baina lehenago LOE (PSOE-2006), LOCE (PP-2002), LOGSE (PSOE-1990), LODE (PSOE-1985), LOECE (UCD-1980), LGE (Franco-1970), … izan ziren. Bistan da Euskal Herrian, berdin Hego zein Iparraldean, ez dugula inoiz, gure hezkuntza sistema propioa sortu, garatu edota kudeatzeko aukerarik izan. Beti Madril zein Parisek arautzen zituzten esparruei atxikitu behar izan dugu gure jarduna; eta hauek utzitako zirrikituak osatzera mugatu behar izan dugu betidanik. Legetik Legera marko autonomikoek utzitako zirrikituak mantentzearen truke, bidean zerbait uztera derrigortuak izan gara.

Gaurko agerraldiak hori finkatu nahiko luke. Atzokoan ezagututako akordioak euskara pegatina modura erabiltzen du. Hau da, hizkuntza eredua aukeratzeko aukera mantenduta, espainiako curriculuma inposatuko digutela da adostu duten gauza bakarra. LABentzat euskararen ezagutza eskolaren bitarteez mantentzea funtsezkoa da, eta akordio honek ez du albideratzen. Ezta euskal kulturaren ezagutza ere Akordio honek irakastereduen eskema behin betikotu nahi du (A, B, D, X, G, …). Benetan gai larria honakoa, 2005etik eredu honek erabat euskalduntzen ez duela frogatu zenean. Baieztapen hau, Hezkuntza Sailak berak egin zuen 2005ean bertan. A ereduko batere ikaslerik ez zuen euskararen ezagutza maila nahikorik lortzen, B ereduko ikasleen erdiak soilik eta D ereduaren bi herenak soilik. Hezkuntza Sailak berak 2005ean irakastereduen porrota frogatutzat utzi zuen. Hain justu oraingoan, Hezkuntza Saila honek, garaipen gisara saldu nahi diguna. Akordio honek etorkizunari begira euskararen ezagutzaren sakontzeari ere muga sendoa jarri dio, finean, eleaniztasuna bermatzen duen murgiltze ereduaren aurkako akordioa baita.

Euskal Herriak dagoeneko bere bidea egitearen aldeko hautua egin du jada. Hezkuntza Komunitate osoak salatu du LOMCEk ekarriko dituenak, baina baita Hezkuntza arautuko duen Euskal Lege berri baten beharra ere. Aipatu Hezkuntzarako Euskal Legeak Euskal Herritik eta Euskal Herrirako hausnarketa, nahi eta asmoei eman beharko zien bidea eta ez espainiar kultura euskaraz irakasteari.

Akordio honek ez dio erantzuten Euskal Herriarentzat benetan larriak diren curriculumen inguruko aferei, ezta zuzendaritza markoetan eman beharreko partaidetzaren inguruko bestelakoei ere. Gogoratu beharko genuke, puntu honetara iritsita, LOMCEk irakasgaiak hiru bloketan banatzen dituela: tronkalak (estatuak edukiak eta ebaluazio irizpideak erabaki), espezifikoak (estatuak edukiak erkidegoak ebaluazio irizpideak) eta espezialitatekoak (erkidegoaren esku edukia eta ebaluazio irizpideak). Ikusten denez, orain arte Madriletik edukien %55a arautzen zuen bitartean oraingo eskemarekin portzentaje hori gainditu dezake. Bereziki larria den eraso honi Lakuak ez dio erantzunik eman.

Legeak joan Legeak etorri EAE zein Nafarroatik geroz eta aldagai gehiagori amore ematera derrigortu gaituzte erasoa “saiheste” aldera. Euskal Herriak jada ez ditu Espainiar zein Frantziar estatuetatik eratortzen diren Legeen zirrikituak bete nahi. Euskal Herriak bere bideari ekin nahi dio! Bide horretan, Heziberri tresna izan daiteke ala oztopo. Hori Hezkuntza Sailaren esku egongo da eta hurrengo asteotan bere burua berriro erretratatu beharko du, Heziberri egitasmoaren baitan aurreikusitako dekretu curricularren aurkezpenarekin. Gogoratu behar dugu azken hilabeteotan Hezkuntza Saila hezkuntza eragile ezberdinekin hartu-emanetan egon dela erkidego honetan irakatsi beharreko marko pedagogikoaren lanketa eginez, aipatutako dekretu curricularrak osatze aldera. Zer nolako emaitza erakutsiko digu oraingoan Uriarte sailburuak? Wert ministroaren legearen araberako curriculuma izango da gure ikasleek landuko dutena? ala bertako hezkuntza komunitateak planteatzen dionaren araberakoa? Atzokoa etorriko zaigunaren aurreikuspen txar bat baino ez delakoan gaude.

Akordio hau EAJ eta estatuaren artean egin dute, hezkuntza komunitatea gabe, edo hobe esanda hezkuntza komunitateari bizkar emanda. Uda aurretik akordiorik ez zegoela esaten zuten bitartean berau erdiesten zeuden. Hau al da egunotan PNVk planteatu duen aldebikotasun edota ko-subirautzaren ereduaren emaitza? Madrilen erabaki eta bertako hezkuntza komunitateak goitik behera errefusatzen duen legea %95ean aplikatu behar izatea?
Berriro diogu, ekin beharreko bidea Euskal Herrian dagoela, euskal eragileon eskutik etorriko da, hortaz LABek legea bertan behera uztearen beharra aldarrikatzearekin batera bide hori zirriborratzen hasteko deia luzatzen dugu.

Badugu garaia handira jokatzekoa! Herri honek bere etorkizunaren jabe egitekoa! Badugu garaia Euskal Herrian Hezkuntza Sistema Propioaren bila joateko. Bide horri ekiteko ezin ditugu gauza gehiago bidean utzi. Hezkuntzan tresna berriak sortu behar ditugu, hezkuntza antolatzeko sistema berri bat, euskal herriak erabakitzen dituen jakintzagaiak irakatsiko dituena, munduari irekia, eta euskaldun eleanitzak sortuko dituena, besteak beste. Europatik subiranotasunaren haizeak datozen honetan ausartak izan gaitezen eta Euskal Herriko Hezkuntza birsortu dezagun!

Bide honetan datorren, urriaren 11ean Hego euskal Herrian burutuko diren kalejiretan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu.

 

 

 

LAB: «Estatua ez dago prest aldaketak ekarriko dituen prozesu demokratiko batean sartzeko»

0

LAB sindikatutik irmoki salatu nahi dugu Rafa Diezi, aurretik harekin batera BATERAGUNE auzian epaitutako Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguezen kasuan egin bezala, ezarritako zigorra berresteko Epaitegi Konstituzionalak hartu duen erabakia.

Eskandalu hutsa da Bateragune auziaren inguruan espainiar botere judizialak eman duen azken epaia; erabaki honek, eta aurretik eman izan direnek, ez lukete tokirik botere banaketaren gutxieneko nozio bat duen estatu batean. Espainiar auzitegiek beren aurpegirik zekenenarekin kudeatu dute auzia, hartutako erabaki bakoitzarekin berretsiz Espainiar Estatuan botere banaketa hutsaren ondokoa dela. Bateraguneren sustatzaileak espetxeratzearen bosgarren urteurrenarekin batera ezagutarazi dute epaia; askatasuna bahiturik eta eskubide zibil eta politikoak urraturik izan dituzte denbora honetan guztian.

Espainiako botere judizialean ez dago justiziarik. Auzitegiak Madrilgo Gobernuak kudeatutako ordainleku politikoak dira, botere exekutiboren morrontza lanetan dihardutenak. Euskal Herrian gatazka politikoa gainditzeko bost lagun hauek jokatutako papera eta egindako ekarpena kontuan hartuta, are larriagoa da zigorra. Aski ezaguna dugu Diez, Otegi, Jacinto, Zabaleta, eta Rodriguezek bake eta konponbide prozesuak aurrera egin dezan bete duten papera. Haiek espetxean mantentzean mendekuzko politikaren emaitza ankerra dela, probokazio hutsa, eta iseka, euskal gizartearen inteligentzia kolektiboari.

Estatua ez dago prest aldaketak ekarriko dituen prozesu demokratiko batean sartzeko. Neurririk zitalenekin, egun hauetan ikusten ari garen moduan, euskal herritarren aurkako epaiketa politikoak abiaraziz, eskubide zibil eta politikoen kontrako erasoaldian jarraitzen du.

Euskal eragile politiko, sozial eta sindikalon eskutik eta euskal jendartearen mobilizazioarekin lortu behar dugu, eta lortuko dugu, bake prozesuan aurrera egitea. Beraz, epaia salatzearekin batera deia bat ere egin nahi dugu LABetik: datorren urriaren 11rako Elgoibarren deitu den manifestazioan parte hartzeko deia egiten diegu langile eta herritar guztiei.

Bateragune auzian zigortutako bost lagunak baldintzarik gabe lehenbaileen aske uztea eskatzen dugu LABetik. Rafa Diezi, Arnaldo Otegiri, Sonia Jacintori, Miren Zabaletari, Arkaitz Rodriguezi, eta haien senitarteko guztiei, gure babesa eta elkartasunik beroena helarazi nahi diegu.

Donostian, 2014ko irailaren 27an