2026-09-26
HomeHerriak du hitza eta erabakiaLAB: «Espainiar Gobernuak kontsulta prozesuaren aurrean hartu duen erabakia Kataluniaren eta Euskal...

LAB: «Espainiar Gobernuak kontsulta prozesuaren aurrean hartu duen erabakia Kataluniaren eta Euskal Herriaren aurkako eraso argia da»

LABen adierazpena Kataluniako Gobernuak azaroaren 9ko galdeketarako egindako deialdiaren aurrean, deialdiaren dekretua eta Kataluniako Kontsulta Legea baliorik gabe uzteko Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hartu duen erabakiaren aurrean.

Galdeketa prozesuaren aurrean Espainiako Gobernuak hartu duen jarrera eta erabakia Kataluniaren aurkako eraso zuzena da eta aldi berean, Euskal Herriaren kontrako eraso argia ere bada, euskal jendartearen gehiengoak egiten duen erabakitzeko eskubidearen aldarriaren aurrean Estatuaren jarrera berresten duen neurrian.

Estatu erreforma baten testuinguruan eman da erabakia; Espainiar Gobernuak egin duen hautuaren adierazle da Kataluniari emandako ezezkoa, herrien erabakitzeko eskubidearen egikaritzari bizkar emanez, oinarri adostua duen prozesu orori ateak ixten dizkiona. Estatu erreformaren nolakotasuna definituz Madrilgo Gobernuak egiten duen dekantazioa agerian geratzen da erabaki honekin: prozesu demokratiko baten baitan erabakitzeko eskubidearen aitortza eta egikaritza adostutako bideorri baten gainean eraikitzeko aukerak baztertuz.

Momentua da euskal eragileon aldetik erantzun bateratu bat emateko, eremu politiko, sozial nahiz sindikaletik onarrizko eskubide zibil eta politikoen aurkako eraso honi aurre egiteko eman beharreko urratsak eztabaidatu eta adostuz. Euskal Herriak behar eta eskatzen duen neurriko erantzuna hor kokatzen dugu; erantzun hori emateko adostasunik ez badugu nekez kokatuko gara herri honek eskatzen duen mailan. Zentzu honetan, EAJk argitu beharko du non kokatzen duen estatus politikoaren eztabaida eta non kokatzen duen bidelaguna, Madrilgo Gobernuaren kudeaketa antidemokratikoan, ala euskal eragileon arteko adostasunean.

LAB sindikatutik erantzun bateratuaren mesedetan adostasunak eraikitzeko gure prestutasuna adierazi nahi dugu. Honez gain, Kataluniaren eta Euskal Herriaren aurkako azken eraso honen salaketa eta erabakitzeko eskubidearen aldeko borroka lantokietara eramango du LABek. Dei egiten diegu gure afiliatu eta militante guztiei lantokietan, eta lan zentruetatik kanpo, erabakitzeko eskubidearen aldeko borrokarekin bat egiteko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.