2024-11-10
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaLAB: «Espainiako Curriculuma euskaraz inposatuko digutela da adostu duten gauza bakarra»

LAB: «Espainiako Curriculuma euskaraz inposatuko digutela da adostu duten gauza bakarra»

LABen irakurketa EAJ eta Gobernu Espainolak LOMCEarekin lortutako akordioaren aurrean

Lehenik eta behin, esan beharra dugu LOMCEk suposatzen duen erasoa, Hego Euskal Herria osoan pairatzen dugula. LOMCEk suposatzen duen erasorik larriena, besteak beste hizkuntzen trataerarekin batera, curriculumari eta bere ebaluazioari eragiten dio.

Oraingoan LOMCE dugu, baina lehenago LOE (PSOE-2006), LOCE (PP-2002), LOGSE (PSOE-1990), LODE (PSOE-1985), LOECE (UCD-1980), LGE (Franco-1970), … izan ziren. Bistan da Euskal Herrian, berdin Hego zein Iparraldean, ez dugula inoiz, gure hezkuntza sistema propioa sortu, garatu edota kudeatzeko aukerarik izan. Beti Madril zein Parisek arautzen zituzten esparruei atxikitu behar izan dugu gure jarduna; eta hauek utzitako zirrikituak osatzera mugatu behar izan dugu betidanik. Legetik Legera marko autonomikoek utzitako zirrikituak mantentzearen truke, bidean zerbait uztera derrigortuak izan gara.

Gaurko agerraldiak hori finkatu nahiko luke. Atzokoan ezagututako akordioak euskara pegatina modura erabiltzen du. Hau da, hizkuntza eredua aukeratzeko aukera mantenduta, espainiako curriculuma inposatuko digutela da adostu duten gauza bakarra. LABentzat euskararen ezagutza eskolaren bitarteez mantentzea funtsezkoa da, eta akordio honek ez du albideratzen. Ezta euskal kulturaren ezagutza ere Akordio honek irakastereduen eskema behin betikotu nahi du (A, B, D, X, G, …). Benetan gai larria honakoa, 2005etik eredu honek erabat euskalduntzen ez duela frogatu zenean. Baieztapen hau, Hezkuntza Sailak berak egin zuen 2005ean bertan. A ereduko batere ikaslerik ez zuen euskararen ezagutza maila nahikorik lortzen, B ereduko ikasleen erdiak soilik eta D ereduaren bi herenak soilik. Hezkuntza Sailak berak 2005ean irakastereduen porrota frogatutzat utzi zuen. Hain justu oraingoan, Hezkuntza Saila honek, garaipen gisara saldu nahi diguna. Akordio honek etorkizunari begira euskararen ezagutzaren sakontzeari ere muga sendoa jarri dio, finean, eleaniztasuna bermatzen duen murgiltze ereduaren aurkako akordioa baita.

Euskal Herriak dagoeneko bere bidea egitearen aldeko hautua egin du jada. Hezkuntza Komunitate osoak salatu du LOMCEk ekarriko dituenak, baina baita Hezkuntza arautuko duen Euskal Lege berri baten beharra ere. Aipatu Hezkuntzarako Euskal Legeak Euskal Herritik eta Euskal Herrirako hausnarketa, nahi eta asmoei eman beharko zien bidea eta ez espainiar kultura euskaraz irakasteari.

Akordio honek ez dio erantzuten Euskal Herriarentzat benetan larriak diren curriculumen inguruko aferei, ezta zuzendaritza markoetan eman beharreko partaidetzaren inguruko bestelakoei ere. Gogoratu beharko genuke, puntu honetara iritsita, LOMCEk irakasgaiak hiru bloketan banatzen dituela: tronkalak (estatuak edukiak eta ebaluazio irizpideak erabaki), espezifikoak (estatuak edukiak erkidegoak ebaluazio irizpideak) eta espezialitatekoak (erkidegoaren esku edukia eta ebaluazio irizpideak). Ikusten denez, orain arte Madriletik edukien %55a arautzen zuen bitartean oraingo eskemarekin portzentaje hori gainditu dezake. Bereziki larria den eraso honi Lakuak ez dio erantzunik eman.

Legeak joan Legeak etorri EAE zein Nafarroatik geroz eta aldagai gehiagori amore ematera derrigortu gaituzte erasoa “saiheste” aldera. Euskal Herriak jada ez ditu Espainiar zein Frantziar estatuetatik eratortzen diren Legeen zirrikituak bete nahi. Euskal Herriak bere bideari ekin nahi dio! Bide horretan, Heziberri tresna izan daiteke ala oztopo. Hori Hezkuntza Sailaren esku egongo da eta hurrengo asteotan bere burua berriro erretratatu beharko du, Heziberri egitasmoaren baitan aurreikusitako dekretu curricularren aurkezpenarekin. Gogoratu behar dugu azken hilabeteotan Hezkuntza Saila hezkuntza eragile ezberdinekin hartu-emanetan egon dela erkidego honetan irakatsi beharreko marko pedagogikoaren lanketa eginez, aipatutako dekretu curricularrak osatze aldera. Zer nolako emaitza erakutsiko digu oraingoan Uriarte sailburuak? Wert ministroaren legearen araberako curriculuma izango da gure ikasleek landuko dutena? ala bertako hezkuntza komunitateak planteatzen dionaren araberakoa? Atzokoa etorriko zaigunaren aurreikuspen txar bat baino ez delakoan gaude.

Akordio hau EAJ eta estatuaren artean egin dute, hezkuntza komunitatea gabe, edo hobe esanda hezkuntza komunitateari bizkar emanda. Uda aurretik akordiorik ez zegoela esaten zuten bitartean berau erdiesten zeuden. Hau al da egunotan PNVk planteatu duen aldebikotasun edota ko-subirautzaren ereduaren emaitza? Madrilen erabaki eta bertako hezkuntza komunitateak goitik behera errefusatzen duen legea %95ean aplikatu behar izatea?
Berriro diogu, ekin beharreko bidea Euskal Herrian dagoela, euskal eragileon eskutik etorriko da, hortaz LABek legea bertan behera uztearen beharra aldarrikatzearekin batera bide hori zirriborratzen hasteko deia luzatzen dugu.

Badugu garaia handira jokatzekoa! Herri honek bere etorkizunaren jabe egitekoa! Badugu garaia Euskal Herrian Hezkuntza Sistema Propioaren bila joateko. Bide horri ekiteko ezin ditugu gauza gehiago bidean utzi. Hezkuntzan tresna berriak sortu behar ditugu, hezkuntza antolatzeko sistema berri bat, euskal herriak erabakitzen dituen jakintzagaiak irakatsiko dituena, munduari irekia, eta euskaldun eleanitzak sortuko dituena, besteak beste. Europatik subiranotasunaren haizeak datozen honetan ausartak izan gaitezen eta Euskal Herriko Hezkuntza birsortu dezagun!

Bide honetan datorren, urriaren 11ean Hego euskal Herrian burutuko diren kalejiretan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Patronalak absentismoari buruz egindako jardunaldien hurrengo egunean hil da urteko 52. langilea

Gaur goizean, A.S.O. 57 urteko langilea hil da Tubacexeko Amurrioko Aceralava enpresan, istripu ez traumatikoan. Hildakoa Construcciones Jagoba Zamalloa SL enpresako langilea zen. Gaurkoarekin, gutxienez 52 dira urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak. LABek bere elkartasuna adierazi nahi die hildakoaren senide, inguruko eta lankideei.

Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektua: bidea zabalik pribatizatzeko

LAB sindikatutik, Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektua zehatz-mehatz aztertu ondoren (une honetan ekarpenak egiteko fasean dago), egiaztatu dugu ezen, onetsiz gero, zailtasun asko egon daitezkeela osasun zerbitzu publikoari eusteko eta herritar guztiei osasun arreta egokia emateko, bai eta langileek gaur egun dituzten lan baldintzak eta eskubideak mantentzeko ere.