2026-01-10
Blog Page 1124

LABek Pasaiako Udaleko hauteskunde sindikalak irabazi ditu

Pasadan asteartean Pasaiako udal langileek beren ordezkari sindikalak aukeratu zituzten. Bost ordezkari lortuta LABen zerrenda izan zen boto gehien jaso zituen sindikatua. Pasaiako LABek bere hautagaiengan jarritako konfiantza eskertu die udal langileei, eta programan zabaldu dituzten konpromisoei helduko dietela esan dute.

PASAIAKO UDALEKO LABen OHARRA
«Pasaiako Udaleko LABek eskerrak eman nahi dizkizue gure hautagaiengan jarri duzuen konfiantzagatik; pertsonetatik haratago, proiektu batean sinisten dugu.

Azkeneko lau urteak oso gogorrak izan diren arren, botoei eustea lortu dugu, eta botorik gehien lortu duen zerrenda izan gara. 

Gure hauteskunde-propagandan adierazten genuen moduan, behin-behinekotasunarekin bukatzeko ahaleginak egingo ditugu, legediak aukera ematen digun neurrian. LEPak egin daitezen borrokatuko gara, lanpostuei egonkortasuna eman nahi diegulako. Gure eskubideen alde borrokatzeko konpromisoa ere agertu genuen, bai esparru sektorialean eta bai gure Udalean dauzkagun hobekuntzei eutsiz.

Udalean gure hizkuntzan, euskaraz, normaltasunez lan egin ahal izateko borrokatuko gara; eta dagokionari eskatuko diogu euskararen erabilera eta zabalpenerako udal ordenantza betetzeko.

Ez dira makalak aurretik dauzkagun erronkak, baina arduraz eta konpromisoz egingo diegu aurre.

Ordu Sindikalak etikoki eta arduraz erabiltzeko konpromisoa berresten dugu

Azkenik, ezin dugu ahaztu LAB ezinbesteko tresna dela aldaketarako, eta hala erakutsi duela koherentziaz jardunez.

INDARRAK BILDU ETA ALDAKETA ERAGIN!»
 

 

 

Soldaten inguruko akordio hau ez da nahikoa erosahalmena berreskuratzeko

Madrilen hitzartu duten soldaten inguruko akordioaren aurrean, lehenik eta behin LABek azpimarratu nahi du akordio hau ez dela loteslea. Horrez gain, eta nahiz eta letra txikia ezagutzen ez dugun arren, sindikatuak argi utzi nahi du ez dela erreferentzia bat izango hemengo negoziaketetan.

Azken urteetan, inposatutako erreforme bide emanda eta krisi aitzakia hartuta, soldatek erosahalmena izugarri galdu dute. Soldatak sortzen den aberastasunean, BPGan pisua galtzen ari dira urtez urte, 2010 eta 2013 urteen artean soldaten pisuak behera egin du 2 puntu galduz. Langileok eros ahalmena galtzen ari gara, eta hala ere, soldaten kontrako erasoak sakontzen ari dira. Ondorioz, pobreziaren etengabeko hedapena ari da ematen, desberdintasun sozial gero eta handiagoak, sortzen den aberastasuna gero eta okerrago banatzen baita, gero eta esku gutxiagotan pilatuz. LABen ustez bada, egoera irauli eta erosahalmenaren berreskurapena bermatuko duten soldata igoerak negoziatzeko unea da eta akordio honek ez du inondik inora hori bermatzen.

LABek soldata igoerak KPIarekiko lotura mantendu behar dutela defendatzen jarraitzen du. Soldatak igotzeko momentua da eta horregatik negoziazio mahaietan KPItik gorako soldata igoerak eskatuko ditugu negoziazio mahaietan.

Langile pobreak gero eta gehiago dira, eta hori konpontzeko modua da langile bakar batek ere 1200€tik beherako soldatik ez kobratzea da. Hau izango da LABen aldarrikapen nagusietako bat datozen hilabeteetan.

 

 

LANGILEOK BORROKAN GAZTEAK LIBRE

0

LABek dei egiten die Euskal Herriko langile guztiei, eta herritarrei orohar, gure herriaren, gure gazteriaren kontrako azken bidegabekeria hau salatu eta Estatuaren estrategia errepresiboaren aurrean, Euskal Herria libreago bat eskatzeko datorren astebururako deituak izan diren mobilizazioetan parte hartzera eta salaketa hori bera lantokietara ekarri eta ikusgai egitera.

LANGILEOK BORROKAN
GAZTEAK LIBRE

Euskal gazteriaren kontrako jazarpen politikoak ez dauka etenik. Espainiar estatuak muntai polizial-judizialak eraikitzen jarraitzen du euskal gazteria kriminalizatzeko. Gazte independentistak zigortzea da espainiar Estatuak aro politiko berri honetarako duen eskaintza bakarra. Mugimendu bakar bat ere ez, galga jarri eta atzera egiteko ez bada.

Gazte independentisten kontrako azken makroepaiketaren sententziak gazteak ezezik, haien familiak eta Euskal Herri oso zigortzen ditu. Larriak dira epaiketa honen aurrekariak eta larria azken ebazpena, zazpi gazteren espetxeratzearekin. 2009an, atxilotuak izan zirenetik, gazteok benetako amesgaiztoa pasatu dute: inkomunikazioa, zirko mediatikoa, epaiketak dakarren kalte ekonomikoa, espetxean emandako denbora. Tortura bidez lortutako aitorpenak izan dira auziaren oinarri bakarra eta hasieratik azkeneraino oinarrizko giza-eskubideen etengabeko urraketa eman da.

Funtsik gabeko akusazioa izan da, eta hala ere, helburu politikoarekin hasitako prozesua izanik, zigor politikoa ekarri du azkenean. Zoritxarrez espainiar estatuaren aldetik euskal herritar guztien aurkako jokabide arrunta da, baina ezin dugu ahaztu gazteak bereziki kolpatuak direla, disidentzia politikoa errotik mozteko estatuaren obsesioaren ondorioz. Gazteria otzan eta esanekoa nahi dute, baina ez dute lortu, ezta lortuko ere.

Ez dugu kondena politikorik onartzen. Euskal gazteriaren kontrako erasoak behin betiko amaitu behar dira. LABek gogoan ditu gazte independentisten moduan auzi judizialetan prozesaturik dauden euskal herritar guztiak. Espetxeak bete ez, espetxeak hustutzeko garaia da. Estatuak, bere botere ezberdinetatik, gatazkari eta errezeta zaharrei heldu nahian jarraitzen duen arren, konponbide garaia da.

Euskal gazteria libre nahi eta behar du Euskal Herriak. Gazteak dira gure oraina eta etorkizuna, eta bake eta konponbide aroaren eraikuntzan haien ekarpena ezinbestekoa dugu.

Herri harresia gero eta sendoagoa izan dadin lanean jarraitu behar dugu, eskubide zibil eta politikoen aldeko defentsan. LABetik dei egiten dizuegu Euskal Herriko langile guztiei, eta herritarrei orohar, gure herriaren, gure gazteriaren kontrako azken bidegabekeria hau salatu eta Estatuaren estrategia errepresiboaren aurrean, Euskal Herria libreago bat eskatzeko datorren astebururako deituak izan diren mobilizazioetan parte hartzera -maiatzaren 17an Gasteizen manifestazioa egingo da- eta salaketa hori bera lantokietara ekarri eta ikusgai egitera.
 

 

14 pertsona hil dira urtea hasi denetik Euskal Herrian, 6 Nafarroan

Atzo, hilak 11, lan istripu berri bat gertatu zen Funeseko Ultracongelados Vitro enpresan. Istripu honen ondorioz bi pertsona hil dira. Bi langile hauek plataforma jasotzaile baten gainean ari ziren montaia lanetan. Plataforma hau irauli egin da eta langileen heriotza eragin du. Bertan zeuden pertsonen arabera langileak 50 metroko alturan zeuden. LAB sindikatuak eta ELA eta beste sindikatuekin batera elkarretaratzea egingo dugu gaur, maiatzak 12, 12.30etan Iruñeako Lan Delegaritzaren aurrean.

Developp enpresako langileak ziren, Dematic konstruktorak subkontratatuak. Azken hau silo automatiko bateko obran ari zen lanean Ultracongelados Vitro enpresarentzat, erriberan daukan lan zentro batean.

Lehenik eta behin, elkartasuna eta sostengua adierazi nahi diegu senide zein lankideei. Horrez gain salatu nahi dugu subkontratazioa eta prekarietatea izan direla gertaera tamalgarri honen eragile. Ezagunak dira enpresa hauetan izaten dituzten lan baldintzak, gehiegizko erritmoak, jornada luzeak lanak ahalik eta azkarren amaitzeko, gainbegiratu gabeko lanak ez subkotrataren partetik ezta enpresa nagusiaren partetik ere, segurtasun neurri eza —kolektibo zein indibidualak—…

Nafarroako alderdien (UPN, PP, PSN) hipokrisia ere agerian utzi eta salatu nahi du LABek. Hauteskunde kanpaina parentesi artean jartzen dute itxurak egiteko, baina orain arte geldirik egon dira gertatzen ziren lan istripuen aurrean. Antzespen hutsa da. Langileentzat desgrazia besterik eta dakarren eta patronalari aberastasun gehiago izateko bide ematen dien enplegu politiken aldaketa bat exigitzen du LABek.
 

 

 

Pausoka Entertainment SLKo delegatuek EEE berri baten aplikazioa salatzen dute

0

PAUSOKA ENTERTAINMENT SL enpresako delegatuek, Euskal Telebistan (ETB) —enpresaren sostengatzaile eta bezero bakarra— izan diren aurrekontu murrizketen ondorioz aspaldi honetan sufritzen ari diren enplegu suntsiketa salatu nahi dute. Empresa honek programa audiobisualen produkzioan egiten du lan, Goenkale, Vaya Semanita edo Irrikitown programak adibidez.

Tantaz tanta aurrera eramandako enplegu suntsiketa baten aurrean gaude: 2011-2012 urteetan hainbat kaleratze eman ziren, 2013an suspentsioko Enplegu-Erregulazioko Espediente (EEE) bat aplikatu zitzaien eta kaleratze bat izan zen eta 2014ean beste langile bat kaleratu zuten. Enpresak bide honi eutsi nahi dio, aurtengo apirilaren 30ean Bilboko lan zentroa itxi zuten, honekin hiru pertsona kaleratu zituzten eta beste zortzi Donostiako lan zentrora eraman, gainera gutxi gora behera urte bete iraungo duen beste suspentsiozko EEE bat aplikatuko diete 12 langileri (plantilla 34 langilek osatzen dute).

Delegatuek PAUSOKA ENTERTAINMENT SL enpresako zuzendaritzari eta ETBri exigitzen diote EEEa bertan behera utziz enplegu suntsiketarekin amaitu dezatela. Zuzendaritzak enpresa politika argia du, benefizioak beren poltsikoetara eraman enplegua suntsituz, prekarietatea zabalduz eta lan baldintzak desregulatuz. Langileak ez daude prest hau onartzeko eta beren eskubideak defendatuko dituzte.

 

 

 

Osakidetzak berriro deitu du mahai sektoriala gaurko, osteguneko gai-orden berarekin

0

Egoera ezin da kafkianoagoa izan. Pasa den osteguneko Mahai Sektorialaren ostean, zeinetan sindikatu guztiok EPE kopurua jasotzen ez zuen gai orden inposatua kritikatu genuen, eta eduki zein forma eskasengatik LAB sindikatua altxatu zen, berriro ere sindikatuok osteguneko gai-orden berarekin izan gara deituak gaurko.

Logikoa denez, LABek ez du parte hartuko itxura ere zaintzeko asmorik ez daukan negoziazio fartsa horretan. Dirudienez, Darpon jaunaren PNV alderdia datorren 24ko hauteskundeen harira oso urduri omen dabil, urteotan egindako murrizketa guztiak EPE-tranpa batekin estali nahian.
Osakidetzak egindako adierazpenen aurrean, argitu nahi dugu:

• 2014-2015 EPEko plaza kopurua ezin bada aldatu, 2016koa negozia dezagun.
• Honako EPE inposatua da. Ez dezatela irudikatu hemen ezer negoziatu denik.

Osakidetzako gatazka bideratzeko modu bakarra sindikatuok adosturiko gutxienekoak betetzea baino ez da: 3000 plazatik gorako kategoria guztientzako EPEa; aurreko lanaldira bueltatu eta lapurtutako lizentziak berreskuratu; ordezkapenak 1. egunetik; eta 2011 Garapen Profesionala amaitu.
Bitartean, bide bakarra borroka eta mobilizazioak biderkatzea da. Adar jotze gahiagorik ez. Negoziazio erreala orain!.

 

 

 

Suhiltzaile-etxeak ala iraganeko hondarrak (Balmaseda eta Gernikako

BALMASEDAN ETA GERNIKAN etorkizunean izango diren suhiltzaile-etxeen inguruko erabakiak lehenbailehen hartzeko eskatzen du LABek. Sindikatutik ENKARTERRI ETA BUSTURIALDEAN suhiltzaile-etxe berriak eraikitzeko erabakia lehenbailehen hartzeko eskatzen dugu. Suhiltzaile Zerbitzuko langileen bat egiten dute eskaerarekin.

LAB sindikatuak behin eta berriro salatu du, Segurtasun eta Osasun Batzordean eta Negoziazio Mahaiaren bileretan, Gernikako eta Balmasedako suhiltzaile-etxeen egoera txarra eta deitoragarria, zaharkituta baitaude.

Baina arazoa ez dira bakarrik langileen segurtasun eta osasuna; ESKUBIDEAK ere kolokan daude.

Suhiltzaile-etxe horietan lan egiten duten Bizkaiko Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuko langileek murriztuta dituzte gainerako lankideek instalazioak eta espazioa izateko dituzten eskubideak.

70eko urteetan eraiki ziren, garai hartako materialekin eta kuarteletako estiloarekin (uralitazko teilatuak, amiantoa dutenak, eta kalitate eskaseko materialak); orain dituzten erabilerekin zerikusirik ez duten erabileretarako diseinatu eta eraiki ziren, eta horrek arazo larriak sortzen ditu eguneroko lanean (ibilgailuen maniobrak, parkeko lanak, espazio falta, ez daude gaituta langileentzat), eta, ondorioz, lan hori ezin da era egokian gauzatu. Langileen osasuna arriskuan dago, eta, batzuetan, inguruan bizi diren herritarrena ere. Hala da Gernikan, kamioiak sartzeko eta irteteko gunea adin guztietako oinezkoek erabiltzen duten leku batean baitago, eta kontuan hartu behar da sartzeko maniobra atzerako martxan egin behar dela (erabat irregularra da egoera hau).

Aurreko guztiari duela bi legegintzalditik hona langileek ekipamenduetan jasan behar izan dituzten erdizkako konponketak gehitu behar zaizkio: aldagelak arauz ezarritakoa betetzen ez duten obra-txaboletan daude duela zortzi urtetik; itoginak dituzte; zorua usteldu eta hondoratu egiten da hezetasunaren ondorioz; sabaiak erori egiten dira, eta zutoinez eutsi behar zaie; karraskariak daude; sabai aizunak dituzte, edozein haizeterekin hauts bihurtzen den beira-zuntza dutenak; ur beroaren eta berogailuaren instalazioak ez du ondo funtzionatzen; putzu beltzaren kiratsa; euliak, etab. Hau da, sakoneko arazoa konpondu ez duten konponketa-lanen zerrenda luzea.

BALMASEDAN ETA GERNIKAN etorkizunean izango diren suhiltzaile-etxeen inguruko erabakiak lehenbailehen hartzeko eskatzen dugu.

Suhiltzaile Zerbitzuko arduradunek argudiatu dute aurrekontuan ez dagoela dirurik eta ez dituzte onartu proposatu diren kokapen berriak. Ez dute inolako interesik erakutsi konponbide bat bilatzeko; haien helburu bakarra justua eta premiazkoa den aldarrikapena isilaraztea izan da.

Balmasedako parkearen kasuan, Zallako Udalaren aldetik eten gabeko eskaintzak egon dira. Azkena, 2014ko otsailaren 5ean: 5.000 m2-ko orubea, aurreko bileretan ezarritako irizpideak betetzen dituen, bete beharreko tramite guztiekin, eta gainera DOHAN.

Gernikakoaren kasuan, askotan salatu dugu dagoen egoera. Beharrezko kokapenaren aldaketa planteatu zaie azken 10 urtetan egon diren udal talde ezberdinei eta ez dugu inolako erantzunik jaso.

Ez dago dirurik suhiltzaile-etxe berriak egiteko, baina bai milioi askoko errentamenduak ordaintzeko, eta behargabeko lekualdatzeak egiteko, kaltegarria izan arren (FAEA).

LABek eskatzen du ENKARTERRI ETA BUSTURIALDEAN suhiltzaile-etxe berriak eraikitzeko erabakia lehenbailehen hartzeko, eta Suhiltzaile Zerbitzuko langileen bat egiten dute eskaerarekin.

 

 

 

LABek proposamen zehatzak egin ditu udal langileen kontrako erasoak saihesteko

Aurreko ostiralean, hilaren 8an, Errekaldeko Udal bulegoan udal langile baten kontrako eraso saiakerari buruz Bilboko Udaleko LAB sindikatuak zera adierazi nahi du: Ez da lehenengo aldia, horrelako gertakizunak iaz ere gertatu ziren Udal Bulego honetan eta LABek langileei elkartasuna adierazteaz gain honelako egoerak saihesteko neurriak bilatu behar zirela adierazi zien arduradunei.

Zentzu honetan LABek proposamen zehatzak egin zituen, besteak beste, kontratazioa handitzea ordezkapenak egiteko eta erabiltzaileak denbora gehiegi itxaroten egon ez daitezen; une problematikoetan udaltzaingoaren presentzia ziurtatzea erronda programatuekin edo Lan Arriskuen Prebentzioaren Komiteak Udal Bulego honen egoera aztertu eta behar diren neurriak hartzea langileen segurtasuna bermatzeko, kanpoko indarkeriaren aurkako protokoloa martxan jarriz.

Ez da lehenengo aldia ere udalak honelako gertaeren aurrean oso jarrera motela eta leuna hartzen duela. LABek ez du batere egoki ikusten udalaren jarrera langileen segurtasuna bermatzeko orduan ezta erasoen ostean eman beharreko babesa eta laguntzaren aurrean ere. Bada garaia udalak bere langileak behar bezala zaindu eta babesteko

 

 

 

Hezkuntza sistema eta curriculumak bertan eztabaida ditzagun eskatzen dio LABek Hezkuntza Sailari

0

Egun hauetan bada gai bat EAEko ikastetxeetan ahoz-aho dabilena: Hirugarren mailako ikasleek egin beharreko proba. LABek argi ikusten du hezkuntza sistemaren ebaluazio eta jarraipena beharrezkoa dela. Hala ere, hezkuntza sistemaren ebaluazio eta jarraipen hau egiterako garaian euskal hezkuntza komunitatearen baitan eman beharreko eztabaida eta adostasunen ondorioz egituratu beharrekoa litzateke.

Ikasturte honetan EAEko ikastetxeetako 4. mailan ebaluazio diagnostikoa burutu da jada. Zertara dator hortaz, 3. mailan ere azterketa bat pasaraztea gure seme-alabei? Erantzuna oso sinplea da: LOMCEk horrela esaten duelako.

“Ez du ikaslearen ibilbideari begirako eraginik izango”, “ez du EAEtik kanpoko inork kudeatuko”, “EAEn ezarritako aldagai eta edukien arabera egingo dira”, … eta horrelakoak entzun ditugu Hezkuntza Sailetik aferari garrantzia kentze aldera. Dagoeneko, ebaluazio diagnostiko bat egina badago zertara dator bigarren hau?

Guzti honek gauza bat uzten du oso argi: Euskal Herrian, ez Iparraldean, ez Hegoaldean, EAEn zein Nafarroan, ez dugula hezkuntza sistema propiorik. Ez dugu lege marko propiorik eta hortaz, Madrilek ezartzen dituen parametroetan sartu beharra izaten dugu hezkuntzan ere. Estatutismoaren mugak agerian.
LABek une honetan Hezkuntza Sailari egiten dion eskaera garbia da: Euskal Herrian eztabaidatu eta erabaki dezagun Euskal Herrirako egokiena izango den hezkuntza sistema eta curriculumak.

Azkenik, gure babesa eta laguntza eskeini nahi diegu 3.mailako froga hau inposatu zaien familia eta eskola guztiei.