2026-09-27
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaLANGILEOK BORROKAN GAZTEAK LIBRE

LANGILEOK BORROKAN GAZTEAK LIBRE

LABek dei egiten die Euskal Herriko langile guztiei, eta herritarrei orohar, gure herriaren, gure gazteriaren kontrako azken bidegabekeria hau salatu eta Estatuaren estrategia errepresiboaren aurrean, Euskal Herria libreago bat eskatzeko datorren astebururako deituak izan diren mobilizazioetan parte hartzera eta salaketa hori bera lantokietara ekarri eta ikusgai egitera.

LANGILEOK BORROKAN
GAZTEAK LIBRE

Euskal gazteriaren kontrako jazarpen politikoak ez dauka etenik. Espainiar estatuak muntai polizial-judizialak eraikitzen jarraitzen du euskal gazteria kriminalizatzeko. Gazte independentistak zigortzea da espainiar Estatuak aro politiko berri honetarako duen eskaintza bakarra. Mugimendu bakar bat ere ez, galga jarri eta atzera egiteko ez bada.

Gazte independentisten kontrako azken makroepaiketaren sententziak gazteak ezezik, haien familiak eta Euskal Herri oso zigortzen ditu. Larriak dira epaiketa honen aurrekariak eta larria azken ebazpena, zazpi gazteren espetxeratzearekin. 2009an, atxilotuak izan zirenetik, gazteok benetako amesgaiztoa pasatu dute: inkomunikazioa, zirko mediatikoa, epaiketak dakarren kalte ekonomikoa, espetxean emandako denbora. Tortura bidez lortutako aitorpenak izan dira auziaren oinarri bakarra eta hasieratik azkeneraino oinarrizko giza-eskubideen etengabeko urraketa eman da.

Funtsik gabeko akusazioa izan da, eta hala ere, helburu politikoarekin hasitako prozesua izanik, zigor politikoa ekarri du azkenean. Zoritxarrez espainiar estatuaren aldetik euskal herritar guztien aurkako jokabide arrunta da, baina ezin dugu ahaztu gazteak bereziki kolpatuak direla, disidentzia politikoa errotik mozteko estatuaren obsesioaren ondorioz. Gazteria otzan eta esanekoa nahi dute, baina ez dute lortu, ezta lortuko ere.

Ez dugu kondena politikorik onartzen. Euskal gazteriaren kontrako erasoak behin betiko amaitu behar dira. LABek gogoan ditu gazte independentisten moduan auzi judizialetan prozesaturik dauden euskal herritar guztiak. Espetxeak bete ez, espetxeak hustutzeko garaia da. Estatuak, bere botere ezberdinetatik, gatazkari eta errezeta zaharrei heldu nahian jarraitzen duen arren, konponbide garaia da.

Euskal gazteria libre nahi eta behar du Euskal Herriak. Gazteak dira gure oraina eta etorkizuna, eta bake eta konponbide aroaren eraikuntzan haien ekarpena ezinbestekoa dugu.

Herri harresia gero eta sendoagoa izan dadin lanean jarraitu behar dugu, eskubide zibil eta politikoen aldeko defentsan. LABetik dei egiten dizuegu Euskal Herriko langile guztiei, eta herritarrei orohar, gure herriaren, gure gazteriaren kontrako azken bidegabekeria hau salatu eta Estatuaren estrategia errepresiboaren aurrean, Euskal Herria libreago bat eskatzeko datorren astebururako deituak izan diren mobilizazioetan parte hartzera -maiatzaren 17an Gasteizen manifestazioa egingo da- eta salaketa hori bera lantokietara ekarri eta ikusgai egitera.
 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.