2025-12-18
Blog Page 1106

Confebask-ek langabezia eta prekarietatea pairatzen ari diren langileen ahotsa ez du entzun nahi

Confebaskek uztailaren hiruko bilera bertan behera uzteko erabakia hartu du. Badirudi Confebaskek ez duela gustoko izan guk egun horri eman diogun izaera. Argi geratu da langabezia eta prekarietatea pairatzen ari diren langileen ahotsa entzun ere ez duela egin nahi. LABen garaipena da prekarietatearen zabalkunderako bilera bertan behera uztea.

LABen garaipena da prekarietatearen zabalkunderako bilera bertan behera uztea

Confebaskek uztailaren hiruko bilera bertan behera uzteko harturiko erabakiaren aurrean LABek honakoa adierazi nahi du:

− Bileraren helburua, Madrilgo akordioa hona ekarriz, prekarietatean sakontzea zen. LABek akordio hori ezagutu orduko esan zuen oztopatu egingo zuela hemen aplikatzea, eta horrela egin dugu.

− Confebaskek ez zuen bilera deitu negoziazio kolektiboaren egoera desblokeatzeko. Mahaiez mahai akordio aukerak blokeatzen dituen bitartean, itxurazko negoziatzeko borondatea erakutsi nahi zuen. Hori bai espektakulua, hori bai errespetu falta. Confebaskek berak instrumentalizatu du deialdia, euskal langileon gehiengoaren babesik izango ez duela jakinda ere, bilera konbokatu zuen unetik bertatik. Langileon eskubideekin jolas egin nahi izatea ez da serioa.

− Bileraren berri izan genuenean erabaki genuen uztailaren 3ko eguna langabezia eta prekarietatea salatzeko eguna izango zela guretzat, kanpoan mobilizatuz eta barruan ere egoera hori salatuz. Horrela iragarri genuen hasieratik eta horrela mantendu dugu.

− Badirudi Confebaskek ez duela gustoko izan guk egun horri eman diogun izaera. Argi geratu da langabezia eta prekarietatea pairatzen ari diren langileen ahotsa entzun ere ez duela egin nahi. Larria da hori, "ekarpen positiboak" egin nahi omen dituen patronalaren aldetik. Jarrera horren zantzurik ikusi gabe jarraitzen dugu; kontrakoa, beste behin ere aurpegirik ilunena erakutsi du Confebaskek. Bere benetako asmoak argi geratu dira.

− Gure helburua lortu dugu, LABen garaipena da prekarietatearen zabalkunderako bilera bertan behera geratu izana, eta argi geratu da Confebaskek hemen ez duela gehiengo nahikorik prekarietatea hedatzen jarraitzeko. Ez du gure babesik izango horretarako. Oztopo izango gara.

− Prekarietatearen kontrako borroka ez da hemen amaitzen. Hitzarmenak blokeatuta daude eta guk, esan bezala, badugu desblokeorako proposamen argia. Datorren UZTAILAREN 10ean erregistratuko dugu LHK-CRLk herrialde bakoitzean dituen egoitzetan.

− Ekimenez beteta amaituko dugu ikasturtea eta indar berarekin abiatuko dugu hurrengo kurtsoa. Ekintza sindikaleko dinamika berriarekin, prekarietatearen kontra eta lan eskubideen defentsan iniziatiba berriak sustatuz, alegia.

Euskal Herria, 2015eko uztailak 1

 

 

 

Mozal legearen aurkako mobilizazioak Euskal Herrian

0

Gaur Mozal Legea indarrean ezarri da. Eragile ezberdinek deituta atzo eta gaur mobilizazioa ezberdinak burutu dira Espainiako Parlamentuak dagoeneko onartu duen Herritarren Segurtasunerako Lege Organikoa salatzeko. 

LABek irmotasunez eta argitasunez arbuiatu nahi du Herritarren Segurtasunerako Lege Organikoa, Mozal Legea izenez ezagutzen duguna, nahiz Zigor Kodearen erreforma. PPk ezarri duen lege berriak eskubide zibilak, sozialak eta oinarrizko askatasunak mugatuko ditu; era berean, hiritargo oro erreprimitzeko modu berria eta gizarte zibil ororen aurkako erasoa ekarriko du berekin.

Alderdi Popularraren gehiengo osoari esker, urgentzia tramite bidez, Espainiako Parlamentuak dagoeneko onartu duen Herritarren Segurtasunerako Lege Organiko berri honek hiritarren oinarrizko askatasunei eraso egin nahi die. Legea zuzenarazi behar da, aurre egin behar zaio, Euskal Herrian ezarriko ez denaren konpromiso argia eta garbia lotu behar da.

PPren gobernuak egin dituen azken astinaldiekin eskubideak desagerrarazi eta murriztu nahi ditu, banakako eta taldeko askatasunak ito nahi ditu, legearen mehatxuaz, alor guztietan, lanekoan nahiz gizartegintzan, hiritarrek jasan ohi dituzten erasoen aurka jardun eta protestatu nahi dutenak isilarazi nahi dituzte. Etsitzen ez direnen eta eskubide guztien alde eta askatasun beraren alde dihardutenekin bat ez datorren ahots erantzunkorra deuseztatu nahi dute.

Mozal Legea lan erreformaren osagarria da, non haren bidez, patronalaren erabateko boterea ezarri nahi duten, beti ere, langileen lan baldintzen lepotik. Negoziazio kolektiborako eskubiderik gabe, oraingo honetan, patronalen erasoen eta gizarte-eskubide murrizketen aurka gauza litekeen erantzun oro isilarazi nahi dute, elkartzeko eskubidea, manifestatzekoa, grebakoa, adierazpen eskubidea ukatuz, sare sozialen bidez egindakoak ere.

Nagusi den ordena neoliberalak zalantzan jar lezakeen guztia zigortuko eta erreprimituko du: arau-hauste motak eta zigorren munta izugarri handitzen dira, egungo isunak garestituz, kartzela-zigorrak gogortuz, etengabeko espetxeratzea ahalbidetuz edota estradizioa are gehiago erraztuz… Honek guztiak Giza-Eskubideen urraketa argia eta nabarmena dakar.

Rajoyren Alderdi Popularrak, isilduko ez garenok, langileak eta hiritarrak izanik, dagozkigun Giza-Eskubideak, Gizartearenak eta eskubide Politikoak babesten iraungo dugunok gaizkile bilakatu nahi gaitu. Ez gaituzte isilaraziko honen antzeko Lege ez-demokratikoekin mehatxuka iraungo balute ere. LABek hiritar guztiak deitzen ditu, eta batez ere, langileria, mehatxuekin kikildu ez daitezen eta langileak, hiritarrak eta Herria izanik, dagozkigun eskubide guztiak babes ditzagun aurrerantzean ere, nahiz eta PP-k eta haren legeek gu isilarazten saiatu.
 


 

 

Gomendio edo praktika onen zerrendaketa huts batean geratu da EAEko Berdintasunerako Legea

Euskal Herrian emakumeok pairatzen dugun zapalketa eta diskriminazioa gainditzeko LABek beti egin du emakumeen eskubideak legez babestu eta bermatzearen alde. EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak 10 urte bete ditu. Urteurrenaren harira, LABek, Legearen eta bere emaitzen gaineko balorazioa egin du. Mozal Legea indarrean jarri den eguna izaki, sindikatuak berau salatu nahi izan du.

EAEko Berdintasun Legeak 10 urte 
LABen Balorazioa

LABek beti egin du emakumeen eskubideak legez babestu eta bermatzearen alde, Euskal Herrian emakumeok pairatzen dugun zapalketa eta diskriminazioa gainditzeko. Ez dugu inoiz zalantzan jarri berdintasunerako lege baten beharra, baina Berdintasunerako Legeak bi kezka nagusi eragin izan dizkigu: 

– Legeak ez zion egoeraren oinarriari heltzen, ez zuen auzitan jartzen sistema kapitalista patriarkala. 

– Bestalde ez zen benetako apusturik egiten legean ezarritakoa, berdintasun edo parekidetasunaren aldeko gomendio sorta huts batean gera ez zedin. Gai honen inguruan egon ohi den subjektibotasuna eta zehaztapen falta ez zen ekiditen, eta legea betetzeko baldintzak eta bitartekoak ez ziren zehazten. 

Legea onartu zenetik 10 urte pasa direnean, ezin dugu balorazio positiborik egin. Aurrera pausoak eman dira, baina legea eskutan, egin zitekeenaren erdia ere ez da gauzatu. 

Tamalez, badirudi legeen artean ere maila ezberdinak daudela, batzuk derrigor bete beharrekoak, eta beste batzuk, aldiz, paper hutsean geratzen direnak. Denborak arrazoi eman digu, eta gure aurreikuspenak bete dira, bete beharreko lege bat izan beharrean, gomendio edo praktika onen zerrendaketa huts batean geratu da EAEko Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legea. 

Egungo argazkia, baloraziorik argiena 
Legeak atal ezberdinak baditu ere, sindikatua garen neurrian, legearen III. Tituluan jarri nahi dugu arreta, bertan jasotzen baitira lan merkatuan berdintasuna lortzeko neurriak, besteak beste. 

Lanaren ikuspegi integralari erreparatuz, legea indarrean izan den 10 urteotan emakumeon bizi baldintzak ez dira hobetu, are gehiago, okertu egin direla esan genezake, eta argi dago emakumeon bizi baldintzak hobetzen ez diren bitartean berdintasuna fikzioa izango dela. 

Etxeko lan eta zaintza lanei dagokionez, legeak aipatzen du administrazioek lan hauek duten balio ekonomikoaren inguruko ikerketak, estimazioak egin, eta lan honen balioa kontuan izango dutela beraien politika ekonomiko eta sozialak diseinatzerakoan. Araututakoa gutxiegi da, eta gainera, hori ere ez da betetzen. Lan hauei ez zaie administrazioen aldetik inolako aitortza ekonomiko, sozial ezta politikorik ematen. 

Ikerketak eta estimazioak egiteaz aparte neurri zehatzak behar dira, bai etxe barruan egiten den lanarekiko, eta batik bat kanpora ateratzen den lan horrekiko, ahaztu gabe azken hori gehienetan merkatu beltzean egikaritzen dela. 

Bestalde, lan hauek emakumeoi egozten jarraitzen zaizkigu modu sistematikoan, ez da neurri ezta politika berezi eta eraginkorrik gauzatu lan hauek gizonezko eta emakumezkoen artean modu orekatuan banatzen joan daitezen. Eta instituzioek ere, zaintza lanekiko duten erantzunkizuna saihestu eta gainera prestazioak eta zerbitzuak murriztu dituzte. 

Ez da lortu lanaren ikuspegi eta definizio integral bat jendartean txertatzea, esparru pribatuan eta publikoan egiten den lana bereizten jarraitzen da. Eta esparru pribatuko lan hori, ikusten ez dena, ordaintzen ez dena, aitortzen ez dena, oraindik ere emakumeoi egozten zaigu. Horrek emakumeon lan merkaturatzea oztopatzen du, eta lan merkatu horretan bigarren mailako langile bihurtzen gaitu. 

Lan merkatuari edo enpleguari begiratuta, legeak ezartzen du instituzioek emakumeon benetako berdintasun eraginkorra gauzatzeko neurriak eta baldintzak ezarri beharko dituztela; lanerako sarbidean, lan baldintzetan, formazioan, promozioan, soldatan eta lan kontratua iraungitzean. Gaurko egoera ikustea besterik ez dago, arlo honetan aurrera egin ez dugula ondorioztatzeko: 

– Emakumeok lan merkatuan parte hartzeko gizonezkoek dituzten aukera berdinak izan gabe jarraitzen dugu, hein handi batean etxeko lanak zein zaintza lanak oraindik ere gure gain erortzen direlako. 

– Lan baldintza prekarioenak guk pairatzen ditugu: 

• Behin behinekotasun tasa handiagoa: %24,9koa gizonezkoen %19,2ren aldean. 

• Burutzen diren lanaldi partzial guztien %81,6a emakumeek betetzen dute. 

– EAEko gizonezkoen urteko soldata gordina emakumezkoena baino 7.625 euro gehiagokoa da, hau da emakumeek %33,6a gehiago irabazi beharko lukete gizonezkoen soldata berdina jasotzeko (INEko 2013ko azken datuen arabera).

-2015eko maiatzean, EAEn, 85.422 emakume zeuden langabezian (SEPEko datuen arabera). 

Datuak argiak dira, emakume eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzetik urrun gaude oraindik. 

Eta larriena da emakumeon lan baldintzen prekarizazioan eta enplegu duinaren suntsiketan Eusko Jaurlaritza betetzen ari den papera. Legeak administrazioak behartu egiten ditu emakumeentzako enplegu finko eta kalitatekoa eskaintzeko programak martxan jartzera, baina praktikan ikusten duguna kontrako norabidean doa. Adibidez, Osakidetzan zein Hezkuntzan suntsitu den enplegua gehienbat emakumeek betetzen zuten kalitateko enplegua zen. 

Enpresetako Aukera Berdintasun Planak lan munduan berdintasuna lortzeko bitartekoak 
Legeak lantokietako berdintasun planak aurreikusten ditu, lan merkatuan emakumeok pairatzen dugun diskriminazioari aurre egin eta berdintasunean aurrera egiteko. Zentzu berdinean, Estatu espainiarreko martxoaren 22ko 3/2007 Berdintasunerako Lege Organikoak, 250 langiletik gorako enpresetan, berdintasun planak egikaritzeko beharra ezarrita du. 

Hori horrela, berdintasun planei dagokienez, argazkia hurrengoa da: 

Eremu publikoan, udalerriei erreparatuta, herri gehienetan kanpora edo herriari begirako planak dira diseinatuak daudenak, baina oraindik ere, barrura begira, eta instituzio horren langileei begirako planik ez dago edo hastapenetan daude, kasu gehienetan. Instituzioek eredu izan beharko lukete gai honetan, eta beraiek ere langileak dituzten neurrian, barne mailako aukera berdintasun planak martxan jarri beharko lituzkete. 

Eremu pribatuan, berriz, patronalaren utzikeria nabarmena da. Enpresen gehiengoak ez du inolako planik ez diseinatu ezta martxan jarri. 250 langile baino gehiago dituzten enpresek soilik dute plana (espainiar legeak hala behartuta), eta ez guztiek. Arazoa da plana izatea bera bilakatu dela helburua, eta ondorioz, plana ez da izan aukera berdintasunean aurrera urratsak emateko bitartekoa edo tresna eraginkorra. Paper hutsean geratu da. 

Aukera berdintasun planak tresnak dira, tresna baliagarri eta eraginkorrak izan daitezke, eta sindikatu honek horien defendatzaile eta bultzatzaile izan da lantokietan. Horretarako, ordea, borondate politikoa behar da patronal ezberdinetan, baita administrazioak patronal gisa jokatzen duenean ere. Eta ez dugu borondate politiko hori topatu. 

Bateragarritasuna; emakumeok kudeatu beharreko beste ezinezkoa 
Legeari tiraka segiz (III. Tituluaren VI. Kapituluan) lana eta bizitza bateragarri egiteko neurriez hitz egiten da. Bateragarritasuna helburu, besteak beste, enpleguaren egitura bizitza pertsonal eta familiarraren beharretara moldatzearen beharraz, zerbitzu sozio-komunitarioen sorreraz eta egokitzapenaz, eta diru laguntzez edo bestelako neurri fiskalez dihardu. 

Legeak hori esan arren, gaur ematen ari den prozesua guztiz kontrakoa da; enpleguaren egitura aldatzen ari da bai, baina ez bateragarritasuna bermatze aldera. Kapitalaren beharrak asetzeko moldatzen ari da, eta aldaketa hauek egun pairatzen dugun ezinezko bateragarritasunean sakondu baino ez dute egiten. 

Bateragarritasun-neurrien hartzaileak emakumeok gara ehuneko handi batean, eta neurri hauek, epe batez bada ere, emakumeak lan merkatutik atera eta esparru pribatura berbidaltzeko pentsatuak daude, honek geroko gure prestazioetan duen eraginarekin. Bateragarritasun-neurrien hartzaileak gizonezkoak izango balira oso bestelakoak izango lirateke neurriok. 

Bestalde, zerbitzu sozio-komunitarioak murrizten ari dira, gehiago sortu eta egokitu beharrean, egun daudenak alditik aldira murritzago bihurtzen alegia. Joera da zaintza lan hauek, berriz ere, esparru pribatura bideratzea. Diru laguntzak erabili beharko lirateke zerbitzuok familientzat dakartzaten gastuak konpentsatzeko, baina ez, zaintza lanak familiak bere gain hartzeko erabiltzen ari dira diru laguntzak. Hala, emakumeak gara berriro lan hauen erantzule. 

Eusko Jaurlaritzari interpelazioa 
Legeak galga nagusi bat du: ez du auzitan jartzen egungo eredu sozio-ekonomikoa, eta hortaz, egungo lan harreman eredua eta honek ezartzen duen sexuen araberako lan banaketa. Gaur egungo eredua irauli gabe ez dugu berdintasunean aurrera egiterik. Emakume eta gizonen arteko harreman justu eta parekideetan oinarritutako eredu sozio-ekonomiko berria behar dugu. Egungo menpekotasunezko harremanak gaindituz, lanaren ikuspegi integrala bermatu eta sexuen araberako lan banaketarekin bukatuko duen lan harreman eredu berria ezinbestekoa dugu. 

LABek eragile aktibo izaten jarraituko du emakumeok pairatzen dugun diskriminazio eta zapalkuntzaren aurka eta parekidetasunaren aldeko borrokan, eta gure erantzukizunari helduz, ildo hau gure ekintza sindikalaren baitan kokatzeko determinazioan berresten gara. 

Zentzu berean, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu, gai honetan duen erantzunkizunari helduz, determinazioz jokatu eta Berdintasun Lege hau benetan eraginkorra izan dadin hurrengo neurriak har ditzala: 

– Legearen egungo hutsuneak identifikatzeko eta hauei irtenbideak bilatzeko, eztabaida/ hausnarketa/ balorazio… gune partekatu bat zabaldu dezala mugimendu feministarekin zein gainontzeko eragile sindikal eta sozialekin. 

– Bien bitartean, egun indarrean dagoen legea bete dadin beharrezkoak diren bitarteko eta baliabideak ezar ditzala.
  

 

 

Pasaiako Portuan lan-baldintza duinen alde

0

LAB, UGT eta CCOO sindikatuok “krisi” deitutakoa hasi zenetik portu eremu guztian ezarri den enplegu politikaren lan-prekarietatea albora utziz lehenbailehen langile eta enpresen arteko elkarrizketa berreskura dadin exijitzen dugu.

PASAIAKO PORTUAN LAN-BALDINTZA DUINEN ALDE
LAB, UGT eta CCOO sindikatuon irakurketa

Behean sinatzen dugun zentral sindikalak, Pasaiako Portuan ordezkaritzaren gehiengoa, behartuta sentitzen gara “krisi” deitutakoa hasi zenetik portu eremu guztian ezarri den enplegu politikaren lan- prekarietatea albora dadin eskatzera, eta lehenbailehen berreskura dadila langile eta enpresen arteko elkarrizketa, biltzen gaituzten hitzarmen kolektiboak berraktibatu daitezen. 

Era batera edo bestera, portuko enpresa guztietan, publiko zein pribatu, zamaketari, karga eta deskarga, portuko zerbitzu, garraio, garbiketa… atzera egin dugu lan-baldintzei dagokienean. Soldatak izoztuta edo balio gutxituta daude, lanaldiak eta flexibilitatea igo egin dira, eskubidedun lanei prekarietateak, aldi baterakotasunak, irregulartasunak… hartu die lekua. Hau guztia azken urteotan gobernu desberdinek bultzatu eta martxan jarri dituzten lege antisozial eta antisindikalek lagunduta. 

Hain modu arrakeroan laneko lege erregresibo bat erabiltzea ez da soilik lan-kalitatearen hobekuntzarako oztopo: zuzenean eragiten dio bere flotazio-marrari. Behin eta berriz ematen dute aditzera ustezko krisia gainditzen ari garela eta, kasu askotan, krisi horri aurre egiteko neurriak ziren hartutakoak. Susperraldi eszenatoki berri honetan neurriokin jarraitzeak betikoei baino ez die mesede egiten eta, bidegabekoak eta kaltegarriak diren heinean, salatu beharreko bihurtzen ditu. Pasaiako Portu lehiakor, profesional, kalitatezko eta etorkizunera begirako bat nahi badugu, hori lortzeko bide bakarra dago: 

pertsonalaren formakuntza egokia eta langile guztiontzako lan-baldintza eta soldata duinen eskaintza. Mugagabe bihurtu den aldi baterakotasuna edo behin-behinekotasunen eta ABLEn gehiegizko erabilera, askotan egunez eguneko kontratazioak ondorioztatuz, portuko langile berrien jardueraren kalitatearen, konkurrentziaren, lehiakortasunaren eta segurtasun fisikoaren kaltetan doa, eta ez genuke ahaztu behar eurok direla etorkizuna. 

Egoera hori langileria finkoak dituen baldintzak gehitu behar zaizkio. Iraungitako hitzarmenak, ultra aktibatuak eta, zenbait kasutan, berariaz eta sistematikoki partzialki urratuak arau dira, eta ez salbuespen. Enpresek langileen ordezkariekiko erakusten duten egoera hauek zuzentzeko asmoa hutsaren hurrena da eta, portu eredugarri izan beharrean, gainbehera kroniko batean dagoen eta zenbaitzuk bertara kateatu nahi gaituzten portu bihurtzen gaitu. 

Susperraldi fase horretan bagaude, izan dadila guztiontzat. Pasaiako Portuko langileok jasan ditugu era guztietako murrizketak eta kaleratzeak. Heldu da garaia lan-prekarietatearekin bukatzeko, enplegu egonkorra sortzeko, hitzarmenak eguneratzeko eta soldatak duin bihurtzeko!!! 

Hau guztia kontuan hartuz, portuan ordezkaritza dugun eta behean sinatzen dugun sindikatuok portuko enpresa guztiei egiten diegu dei onar dezaten, ziurgabetasun eta eskubide, soldata eta lan-baldintzen murrizketa urteen ostean, iritsi dela garaia langileokin izan beharreko erlazioa modu zentzudunean bide onera ekartzeko, denon artean lan eginez Pasaia puntako portu, lehiakor eta emankor bihurtzeko, ekonomia alorrean baina baita alor sozial eta lanekoan ere. 

Deialdi hau babesteko, SAGEP- Estiba Pasaia, Sobrinos de Cámara, Algeposa, Toro y Betolaza, UECC, Urbaser, TAGE, Amarradores, Remolcadores, Portuko Agintaritza, Coexpe, Cooperativa de Transportes enpresetako ordezkaritza sindikalok Pasaiako Portuko langile guztiak deitzen ditugu, edozein delarik bere enpresa eta/edo afiliazio sindikala, maiatzaren 22an, goizeko 10etan, Trasatlantiko Eraikinaren aurrean egingo den agerraldi bateratura. 

LAN-PREKARIETATEAREN AURKA
ENPLEGU FINKOA SORTZEAREN ALDE
SOLDATEN BERRESKURATZEAREN ALDE
HITZARMENEN EGUNERATZEAREN ALDE

LAB, UGT eta CCOO 

 

 

Euskaltelen operazioarekin egin den negozioa eskandalagarria da

Gaur Euskaltel burtsara irtengo da behin kutxabanken esku zeuden akzioak salduta. Operazio honekin egin den negozio hau eskandalagarria da, Konpainiaren kudeatzaileek pribatizazioari esker 50 milioi euro boltsikoratu dituzte akzioen %70 kapital finantzieroari saldu eta gero.

Euskaltel inbertitzaile pribatuen esku uztea posible egiteagatik emandako “opari” hau akzio bilakatzeak, Gasteizko Jaurlaritzak eskatu bezala, ez dio operazioari ilegitimitatea kentzen.

Operazio hauek posible egin dituzten alderdi politikoak, PNV, PSE eta PP, hau horrela egitea erabaki dute bai Euskaltelen zein Kutxabanken. Hauek dira ekonomikoki zein sozialki justifika ezin daitezkeen erabaki hauen arduradunak, erabaki hauek espekulatzaileen onura besterik ez dakarte.

Burtsako kanpain hotsarekin publikoa izan den enpresa baten atzeraezintasuna hasten da, eta aurrerantzean, merkatu finantzierorako errentagarritasun gehiagorako inbertsore pribatuentzat izango da. Euskaltel gure sare produktiborako enpresa garrantzitsua izan beharko litzateke, eta publikoa izan beharko litzateke guztiok bere zerbitzuen onuradunak izan gaitezen, eta ez gutxi batzuk bakarrik.

Enpresa eta zerbitzu publikoen pribatizazioak espekulatzaileen eta kudeatzaileen negozioak dira, hartzen dituzten erabakietatik aberasten direnenak.

 

 

 

La Palmako langileek mobilizatzen jarraitzen dute euren lanpostuen defentsan

0

Calzados La Palmako langileek aste honetan mobilizatzen jarraitzen dute euren lanpostuen defentsan. Lehiaketaren barruan epaileak kaleratzeko kolektiboa kudeatzeako kontsulten aldiaren hasiera noiz onartuko duenaren zain, oraingoan enpresaren likidazioaren inguruan. Gaur, bihar eta etzi elkarretaratzeak egingo dituzte arratsaldeko 18:30etatik 19:30etara.

¡Por un futuro digno para la plantilla de Calzados La Palma!

La plantilla de Calzados La Palma queremos hacer público nuestro más absoluto rechazo a las medidas adoptadas por la dirección de la empresa, la familia Lobato.

Tenemos motivos más que suficientes para manifestar nuestra razonable sospecha de la mala gestión deliberada que se ha venido llevando a cabo durante los últomos años, dirigida al cese de la actividad.

Es por ello que vemos necesario responder a las mal inencionadas insinuaciones que han vertido sobre nuestro compromiso respecto a la continuidad de la empresa, pues si para la familia Lobato es su vida, para nosotras y nuestras familias es el sustento por el que llevamos más de 40 años trabajando, y por el que seguiremos luchando.

Queremos decir BASTA DE MENTIRAS. Queremos pedirles que den la cara. Queremos que demuestren su iinterés en la continuidad del negocio e inviertan en el mismo con sensatez los incalculables beneficios que durante muchísimos años han recogido, fruto de nuestro trabajo también.

Que dejen de recurrir a asesores para que les ayuden a buscar herramientas con las que eludir sus responsabilidades y hagan un esfuerzo real por dar fin dignamente a nuestra vida laboral.

¡Por un futuro digno para la plantilla de Calzados La Palma!

LAB, CNT
 

 

 

LABek demokratizazioaren eta sektore publikoaren aldeko apustu irmoa eskatu du

Gaur egindako prentsaurrekoan, gehiengo sozialak eskatzen duenari entzun eta eremu guztietan interes publikoen alde egin dezaten eskatu die LABek Aldaketaren aldeko indar politikoei. Geroa Bairi aldaketari muga fiskalik ez jartzea eskatu dio.

Nafarroako bozeramaile Igor Arroyoren ustez, "herritarren eskaria oso argia da: Erregimenaren praktika klientelarren parean, jendeak demokrazia eta parte hartzea eskatzen du; elitearen interes pribatuen parean, jendeak herritargoaren interes orokorra bermatu dadin eskatzen du. Sektore publikoak ardatz behar du izan, Nafarroan ireki den garai berriaren motorra, eremu guztietan: osasungintza, hezkuntza, babes soziala, etxebizitza eta baita enplegu politika aktiboetan ere". Ildo honetan, UGT, CCOO eta Patronalaren aitzaki kontraesankorrak arbuiatu ditu LABek: "beren monopolioari eusten saiatu baino, kudeaketa publikoan eta bazterketarik gabeko parte hartzean oinarritutako garai berrira egokitu beharko lukete".

"Sektore publikoaren aldeko apustua paperean gera ez dadin, baliabideak jarri beharra dago", LABek adierazi duenez. Barne Produktu Gordinari dagokionean, Nafarroa Europako 52. lurralde aberatsena da. Alabaina, BPG gehiago dutenek babes sozialean BPG horren portzentaia gehiago inbertitzen duten bitartean, Nafarroan kontrakoa gertatzen da. 2011an Europako azken postuetan zegoen Nafarroa babes sozialean (osasungintza, zerbitzu sozialak, pentsioak e.a.) egindako BPGaren portzentaiari dagokionean; Errumaia eta herrialde baltikoak baino ez zituen atzetik. Egoerari buelta emateko, erreforma fiskal sakona beharrezkoa da, gehien dutenek gehiago ordain dezaten, baita AHT bezalako makroproiektuak geratu eta diru hori sektore publikora bideratzea ere. Ildo honetan, "aldaketari muga fiskalik ez jartzea" eskatu dio LABek Geroa Bairi.

Isabel Artiedak, bere aldetik, UPN-PSNren murrizketen ondotik zerbitzu publikoak berreraikitzeko beharra planteatu du, besteak beste honako neurrien bidez: 2.000 lanposturen Enplegu Eskaintza Publikoa, burutzen ezabaketa, langileen erosmen-ahalmena berreskuratzea, errelebo kontratua ezartzea, pribatizatutako zerbitzuak berriz publifikatzea, lan osasunaren kudeaketa ere publifikatzea edota hizkuntza normalkuntzan aurrera egitea. "Gobernu berriak udazkenean Mahai Orokorra dei dezan espero dugu, afera hauen guztien inguruko negoziaketari ekiteko", aipatu du Artiedak.
 

 

Denok kalera. Mozal Legeari ez! #mozalikGabe

0

Gaur, hilak 30 eta bihar, uztailak 1, mobilizazio ezberdinak burutuko dira Euskal Herrian herritarrak isilaraztea bilatzen duen Mozal Legea salatzeko. LABek euskal langileria eta hiritargoari dei egiten dio Mozala Legea arbuiatu eta eskubide guztien alde aritu dadin.

LABek irmotasunez eta argitasunez arbuiatu nahi du Herritarren Segurtasunerako Lege Organikoa, Mozal Legea izenez ezagutzen duguna, nahiz Zigor Kodearen erreforma. PPk ezarri duen lege berriak eskubide zibilak, sozialak eta oinarrizko askatasunak mugatuko ditu; era berean, hiritargo oro erreprimitzeko modu berria eta gizarte zibil ororen aurkako erasoa ekarriko du berekin.

Alderdi Popularraren gehiengo osoari esker, urgentzia tramite bidez, Espainiako Parlamentuak dagoeneko onartu duen Herritarren Segurtasunerako Lege Organiko berri honek hiritarren oinarrizko askatasunei eraso egin nahi die. Legea zuzenarazi behar da, aurre egin behar zaio, Euskal Herrian ezarriko ez denaren konpromiso argia eta garbia lotu behar da.
PPren gobernuak egin dituen azken astinaldiekin eskubideak desagerrarazi eta murriztu nahi ditu, banakako eta taldeko askatasunak ito nahi ditu, legearen mehatxuaz, alor guztietan, lanekoan nahiz gizartegintzan, hiritarrek jasan ohi dituzten erasoen aurka jardun eta protestatu nahi dutenak isilarazi nahi dituzte. Etsitzen ez direnen eta eskubide guztien alde eta askatasun beraren alde dihardutenekin bat ez datorren ahots erantzunkorra deuseztatu nahi dute.

Mozal Legea lan erreformaren osagarria da, non haren bidez, patronalaren erabateko boterea ezarri nahi duten, beti ere, langileen lan baldintzen lepotik. Negoziazio kolektiborako eskubiderik gabe, oraingo honetan, patronalen erasoen eta gizarte-eskubide murrizketen aurka gauza litekeen erantzun oro isilarazi nahi dute, elkartzeko eskubidea, manifestatzekoa, grebakoa, adierazpen eskubidea ukatuz, sare sozialen bidez egindakoak ere.

Nagusi den ordena neoliberalak zalantzan jar lezakeen guztia zigortuko eta erreprimituko du: arau-hauste motak eta zigorren munta izugarri handitzen dira, egungo isunak garestituz, kartzela-zigorrak gogortuz, etengabeko espetxeratzea ahalbidetuz edota estradizioa are gehiago erraztuz… Honek guztiak Giza-Eskubideen urraketa argia eta nabarmena dakar.
Rajoyren Alderdi Popularrak, isilduko ez garenok, langileak eta hiritarrak izanik, dagozkigun Giza-Eskubideak, Gizartearenak eta eskubide Politikoak babesten iraungo dugunok gaizkile bilakatu nahi gaitu. Ez gaituzte isilaraziko honen antzeko Lege ez-demokratikoekin mehatxuka iraungo balute ere. LABek hiritar guztiak deitzen ditu, eta batez ere, langileria, mehatxuekin kikildu ez daitezen eta langileak, hiritarrak eta Herria izanik, dagozkigun eskubide guztiak babes ditzagun aurrerantzean ere, nahiz eta PP-k eta haren legeek gu isilarazten saiatu.

MOBILIZAZIOAK
EKAINAK 30
Bilbo, Plaza Biribila. 19:00etan

UZTAILAK 1
Bilbo, Plaza Eliptikoan 10.45etan
Iruñea, Merindades. 19:00etan
Donostia, Bulebar. 19:00etan
 

 

 

Zaintza partekatuaren lege aldaketa ikuspegi partzial batetik egina dago

Lege aldaketa honek, egun, emakume eta gizonen artean ematen diren bereizkeria eta desoreka egoerak ez dituela kontuan hartzen. Berdintasun egoera batetik abiatuko bagina bezala jorratzen da legea, emakumeok bizitzen dugun zapalkuntza egoera estaliz, eta beraz, arazoaren muinari heldu gabe.

Zoritxarrez errealitatea oraindik oso bestelakoa da. Datuek horrela baieztatzen dute, gaur egun zaintza lanak betetzeko lanaldia murriztua dutenen %93a eta zaintzarako eszedentziak eskatzen dituzten %95a emakumeak dira.

Egoera hau gertatzen da besteak beste, enplegua eta bizitza bateragarriak egiteko dauden kontziliazio politikak ez diotelako behar honi modu integral batean heltzen. Ez daude erantzunkidetasuna bultzatzeko pentsatuak, emakumeok egiten dugun zaintza lan ez ikusiaren bitartez, egungo jendarte kapitalista heteropatriarkala sostengatzen jarraitzeko baizik.

Bestetik, emakume eta gizonen arteko soldata arrakala handia izaten jarraitzen du. Emakumeok enplegu duin bat izateko eskubidea, oraindik ere, ez dugulako onartua, gurea soldata gehigarri gisa ulertzen da. Horren ondorioz, kontratu partzialen %83a emakumeek betetzen dute, honek prekarietate eta pobrezia egoerak areagotzen ditu emakumeen artean nahiz eta enplegua izan.

LABek urteak daramatza lanaren ikuspegi integrala aldarrikatzen eta emakume eta gizonen arteko erantzunkidetasuna bultzatzeko neurriak eskatuz.

Hortaz zaintza partekatua aldarrikatzen dugu, halere zaintza hau, umeen jaiotzatik bertatik egitea aldarrikatzea ezin bestekoa deritzogu. Baina lege honek, ez dio gai honi heltzen. Hortaz ikuspegi partzial batetik eginiko legea iruditzen zaigu, umeen interesak lehenetsi beharrean bestelako interesak aintzat hartzen dituena.

Zaintza mota dena dela ere, zaintza arduratsua bermatu behar da, honek konponbide indibidualak bilatzea exijitzen du. Eta hau egin ahal izateko, aurretik aipaturiko errealitate guzti hauek ere kontuan hartzea ezin bestekoa iruditzen zaigu.