2024-12-05
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaAgenda Soziala, aldaketa soziala indartzeko

Agenda Soziala, aldaketa soziala indartzeko



Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren Koordinazio Nazionalak izan du Aldaketarako Agenda Soziala aurkezteko ardura. Azken hilabeteetan egindako lanaren berri emateaz gain Agenda Sozialaren ardatz nagusiak zeintzuk diren azaldu eta datozen hilabeteetako ekimenak zeintzuk izango diren aurkeztu dute.

Eskubide Sozialen Kartarentzat erronkaz betetako ikasturtea ari da izaten aurtengoa. Urriaren 24an Alternatiben Herria egin zen Bilbon, “Bizitza burujabea eskubide osoz” lemarekin. Erabateko arrakasta izan zen aipatu ekimena. Horren ondoren, Asanblada Nazionala egin genuen urtarrilaren 23an Gernikako Astran, orain arteko ibilbidearen balantzea egin eta aurrera begirakoak prestatzeko.

Orain, aurrera begira, aldaketarako agenda sozial edo herritarra diseinatzeari ekin diogu, eta berau aurkeztuko dugu gaur, tartean, mobilizazio berriak ere presente egongo direlarik.

Aipatu dugun bezala, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren baitan eginiko ibilbidearen emaitza da Agenda Soziala.

Alde batetik, 2013an Eibarren Karta osatzeko prozesuaren lehen asanblada egin genuenetik, gaur arteko ibilbidea hartu behar dugu kontuan. Prozesuak berak ekarri gaitu honaino, eta agenda mugimendu sozial eta sindikal zabalak aldaketa sozialaren alde egindako prozesuaren emaitza da.

2015eko urriko Alternatiba Herria inflexio puntua izan zen. Aldaketa sozialaren ikuspegi integrala eta berritzailea ikusi ahal izan genuen Bilbon, sortzen ari den kultura politiko berriaren adierazle.

Azken hilabeteetan, hausnarketa, hartu-eman eta kontrasteak egin ditugu Agenda Soziala eratzeko. Batetik, urtarrilaren 23an Gernikako Astran egindako 9. Asanbladak emandakoa. Bigarrenik, eskubide sozialak lantzen ari diren eragile sozial eta sindikal ezberdinen ekarpenak. Horiek guztiak bilduta osatu du proposamena Koordinazio Nazionalak.

Prekarietate eta pobreziara kondenatzen gaituen eredua gainditzeko, aldaketa sozialerako agenda propioa behar dugu. Herri gisa, batzen gaituena indartuz, ibilbide oparoa dugu elkarrekin egiteko, arlo anitzetako eragileen artean.

• Gaurkoan aurkezten dugun agendak kultura politiko berriaren adierazle izan nahi du eta egiteko, harremanak izateko, mundua ikusi-eraldatzeko… modu berriak praktikan jartzera goaz.

• Era berean, Agenda horrek herri-interesak ordezkatzen ditu, aldaketa sozialaren aldeko langile klase zein herri sektore zabalen beharretatik abiatuta.

• Eraldaketa prozesuaren integraltasuna ulertu, interdependetzia eta zeharlerrotasuna landu eta berezitasunak kontuan hartua osatu da.

• Azkenik, egungo eredu sozial eta ekonomikoak zapaldutako herritarrak eraldaketa prozesuaren erdigunean kokatzen ditu, horiek baitira errealitatea irauliko duten goldea.

Agenda soziala hainbat ardatzen gainean garatuko dugu.

Ardatzetako bat, ALDARRIKAPEN SOZIALAK izango da. Hiru izango dira lehentasunez landuko ditugun aldarrikapen sozialak: Herrien Europa Sozialaren aldeko eta TTIP eta TISAren kontrako dinamika, etxebizitza eskubidea eta elikadura burujabetza.

Herrien Europa Sozialaren aldeko dinamikaren inguruan, helburua Euskal Herri mailako erantzuna artikulatzea da, eremu honetan lanean dabiltzan ekimen guztien arteko elkarlana antolatuz. Gaurdanik, gaia lantzen hasiko gara, gisa honetako tratatuen ondorioak jendartean ezagutarazteko.

Bigarren ardatz bat izango da ALTERNATIBAK SARETZEN segitzea, hau da, alternatiba ezberdinen inguruko gogoetan sakontzea. Alde batetik, Eskubide Sozialak bermatzeko, Alternatiba ezberdinei buruzko hausnarketak egingo ditugu. Bigarrenik, tokian tokiko ekimenak sustatu, beharren arabera, eta Euskal Herri mailako ekimena egiteko aukerak landu. Hirugarrenik, Kontsumo ereduak aldatzeko Dekalogo baten lanketa izango genuke, eta honen hedapena eta jarraipena (Kartan parte hartzen duten eragileei konpromiso zehatzak). Amaitzeko, alternatibak saretzen dituzten Batura eta Ekoliderren proiektuak babestea legoke.

Hirugarren ardatza, EMERGENTZIA SOZIALEKO EGOEREI AURRE EGITEKO DINAMIKA izango dugu. Batetik, errefuxiatu eta migranteen inguruan sorturiko krisi politikoari erantzuteko elkarlana abiatu nahi dugu, ildo hau lantzen duten eragileekin batera. Bestetik, emergentzia sozialeko egoera larrienei erantzuteko Protokoloa eratuko dugu eremu honetan lanean diharduten eragileekin batera.

HAUSNARKETA SOZIALA izango da laugarren ardatza. Aldaketa sozialaren aldeko mugimendu sozial eta sindikalarentzat estrategikoak diren hausnarketak modu partekatuan egiteko dinamika izango da. Hausnarketarako gune partekatu bat landuko dugu honetarako.

Azkenik, eredu sozial berriaren ardatzen SOZIALIZAZIOA izango dugu bosgarren ardatza. Azken hau, 2014ko maiatzean onartutako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta herritar ahalik eta gren sozializazioa da, bitarteko berritzaileekin eta sektoreka egon daitezkeen beharrei erantzunez.

Egutegiari dagokionez, horrela laburbilduko genuke:

• Maiatzaren azken astea. Etxebizitza eskubidearen aldeko Jardunaldia Iruñean

• Jardunaldiok Agendaren izaera bilduko dute, bere baitan aldarrikapena, alternatiba, mobilizazioa eta hausnarketa bilduko dituzte.

• Ekainak 10. Elikadura burujabetzari buruzko Mintegia

• Ekaina. Herrien Europa Sozialaren aldeko Manifestua aurkeztu eta hitzaldiak abiatu (irailean jarraipena)

• Azaroa hasieran. Europa mailan dauden deialdi ezberdinak kontutan hartuta, Herri erantzuna antolatuko dugu (zehazten joango gara)

• Azaroak 16-17. Elikadura burujabetza eta politika publikoei buruzko Mintegia.

• Abendurako. Emergentzia sozialeko egoerei erantzuteko Protokoloa.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du Ilunion enpresaren akordioa sinatuko eta desadostasuna adierazteko mobilizatu da

LAB eta ELA sindikatuek deituta, Ilunion enpresako Beriain eta Noaingo lantegietako langileek, ONCE Fundazioarenak diren eta ikuztegi industrialeko zerbitzuak eskaintzen dituzten enplegu zentro berezietakoek, elkarretaratze bana egin zuten atzo, hitzarmen berriaren negoziazio mahaian sindikatu horiek alde batera utzi dituztela salatzeko. LABek ez du akordio hori sinatuko, langileen behar eta aldarrikapen nagusiak jasotzen ez dituela uste duelako.

Ia 100 langile migratu eta arrazializaturi eman diegu prestakuntza lan-eskubideen eta antolaketa kolektiboaren inguruan

Urrian eta azaroan, ikastaroak egin ditu LABek Azkoien, Bilbo, Gasteiz eta Ondarroan.

Abenduaren 5ean eta 7an greba Arabako ostalaritzan hitzarmen duinaren alde

Abenduaren 5ean, osteguna, goizeko 10:00etan elkartuko gara Gasteizko LAB sindikatuaren egoitzan (Fermin Lasuen, 13 ), hiriko hainbat auzotan propaganda jarri eta informazioa banatzeko. Abenduaren 7an, larunbata, kalejira egingo dugu Andra Mari Zuriaren plazatik 13:00etan.