2026-07-01
Blog Page 1080

Bizkaiko eraikuntzako hitzarmenak zehaztutako lanaldia betez gero, 650 lanpostu baino gehiago sortuko lirateke

0


LABek kontzentrazioa egin du gaur ASCOBI, Bizkaiko eraikuntzako patronalaren aurrean, Bilboko langabetuen asanbladekin batera. Sektorean bizi den itzelezko prekarietatea salatzea zen helburua. Sindikatua burutzen ari den prekarietatearen kontrako kanpainaren barruan, eraikuntzako langileek jasan behar dituzte lanaldi luzeak salatu dituzte; enpresek, batez ere azpikontratek, egiten dizkieten kaleratze mehatxuen aurrean. Salatu dute eraikuntza dela sektorerik prekarizatuenetako bat.

Adibidez, adierazi dute badirela langileak lan-ordua 4 edo 5 euro kobratzen dutenak. Gainera, Bizkaian sektorean ari diren 27.000 langileetatik, %20k baino gehiagok laneko jarduna egunean ordubete luzatu behar izaten du gutxienez. Egunean 10 eta 12 ordutako lanaldiak ere badaude.

2015ean 1.100.000 ordu estra sartu ziren Bizkaiko eraikuntzan, hauetako asko ez direlarik ez gozatu ez ordaindu. Normalean langileak ez du uko egiteko aukerarik malgutasuna erabatekoa delako. Eta zer esan lanaldi luze eta laneko istripuez. Iaz 1.500 laneko istripu gertatu ziren Bizkaiko eraikuntzan, eta langile bat hil zen ondorioz.

Hitzarmenak zehaztutako lanaldia betez gero, 650 lanpostu baino gehiago sortuko lirateke.

Eraikuntzako langileak enpresen beharren menpe daude.
Lanaren eta aberastasunaren banaketa aldarrikatzen du LABek. Asteko 35 ordutako lanaldiak utopia izateari utzi behar dio errealitate bihurtzeko. 35 ordutako lan-astea eta soldata duinak posible dira eraikuntzan ere. Ez da bidezkoa langileek 10 ordu edo gehiago sartu behar izatea soldata duina lortzeko.

LABek eraikuntza enpresa handiak egiten ditu egoeraren erantzule, inolako araurik gabeko oihan bihurtu dute sektorea, instituzio publikoen aldetik inolako kontrolik ez dagoela baliatuz.

 

 

 

ETBren seinalea Nafarroan oztopatzearen aurka mobilizatu gara

0



ETBko Langile Batzordeak deituta, eta EITBko gainontzeko Batzordeek bat eginda, kontzentrazioa egin dugu komunikabide publikoak Bilbon duen egoitzaren aurrean. Izan ere, gobernu espainiarrak erabilitako lege eta mehatxuak direla medio, atzo Euskal Telebistaren seinale digitala eten egin baitzen Nafarroan.

EITBko LABen iritziz, eraso sinple bezain bortitz honekin estatu espainiarrak ETBren “txoriaz” gain, beste hainbat txori akabatu nahi ditu kolpe bakarrez: Nafarroan euskarak eta euskal kulturak (Nafarroako hizkuntzak eta kulturak alegia) duten babesa; Euskal Herria zatikatuta mantentzea; eta “kontakizun bakarraren” estrategiaren ildoa indartzea.

ETBren emanaldiak itunen bidez kontrolatzea edo zuzenean etetea aspaldiko estrategia da, UPNk sutsuki bezain gaixoki bultzatu eta Madrilek lagundutakoa. Halere, aipatzekoa da kolpe bortitza eman denaren unea, hain zuzen ere, Nafarroako hizkuntza eta kulturak babesik handiena izaten ari diren unean, eta herrialdean aldaketa politikoa abiatzen ari denean.

EITBri eta EAEko zein Nafarroako alderdi politikoei eta instituzioei zera eskatzen diegu: ahal duten guztia egiteko egoera larriari buelta emateko eta EITBren emisio guztiak Euskal Herri osoan ikusi ahal izateko, zazpi herrialdeetan hain zuzen ere. UPNri eta espainiar estatuari ez diegu ezer eskatzen. Izan ere, EITBko LABeko kideon iritziz, arrisku eta eraso horiek ekiditeko dugun berme bakarra estatu propioa izatea delako.

Euskal Telebistako Langile Batzordearen oharra

"ETBren emisioa Nafarroan ixteko Espainiako Gobernuak hartutako erabakia Nafarroako gizartearen zati handi baten kontrakoa da dudarik gabe. Herrialde honetan, euskal kultura baztertzea du helburu eta EAE eta Nafarroaren arteko harremanak sakontzeko bidean jarritako harri handi bat da. Hego Euskal Herria deseuztea du xede, Gobernu Espainiarraren benetako eta funtsezko asmoa zentralismoa indartzea baita. Nafarroako emisio digitala eteteak, gainera, hainbat langile utziko ditu lanik gabe. Gobernu Espainiarraren jarrera salatzen dugu, Euskal Telebistaren langile batzordeak “Euskal Telebista Euskal Herri osoan” nahi dugulako."
 

 

 

48 orduko greba orokorraren atarian gure elkartasuna eta sostengua adierazten diogu Greziako langileriari

0


LABek elkartasuna eta sostengua adierazi dio Greziako langileriari 48 orduko greba orokorraren atarian. Greba deialdia Greziako langile mugimenduak deitzen du, PAMEk bultzaturik. Grebaren bitartez Enpresarien elkarteak, Europar Batasunak, Nazioarteko diru funtsa eta Greziako gobernuak langileen aurka harturiko neurriak salatzeko deitu dute.

Azken urteotan enpresa transnazionalen eta kapital handiaren irabaziak ziurtatzeko eskubideen aurkako eraso bortitza jasan dute greziar herritarrek. Soldata murrizketak, kaleratzeak, gizarte segurantzaren ahultzea, lan harreman malguak eta langabezia, osasungintza eta hezkuntza sistemen pribatizazioak herriak pairatu dituen bitartean, enpresa transnazional eta konpainia handiek izugarrizko irabaziak izan dituzte. Greziar gobernuak sinatu duen 3. Memorandumaren ondorioz osasun sistemara sarrera garestiegia bihurtu da gazteentzat eta pentsiodunen egoera txarrera egin du berriro. Zerga berriak inposatu diote herriari, enpresa haundieri presio fiskala murrizten den heinean.

 

 

 

1.080 eurotako gutxienezko pentsio duinak bermatzeko aukera galdu da Gasteizko Parlamentuan

Gaur, Gasteizko Parlamentuak, EAJ, PP eta UPyDren ezezko botoekin eta PSEren abstentzioarekin, ezetz esan dio 1.080 eurotako gutxieneko pentsio duina jaso ahal izateko osagarri proposamenari. Pentsionista ugarik euren bizi baldintzak hobetzeko osagarriaren proposamenari ezezkoa ematea akatsa dela uste dugu. Desberdintasun sozialak areagotzen dituen erabaki politikoa da.

Gure ustez, gure herriak aurrean duen erronketako bat arrakala soziala murriztea izan beharko litzateke, gero eta handiagoa dena, aberastasunaren banaketa gero eta injustuagoaren ondorioz. Hori izan beharko litzateke politika eta instituzioek hartutako neurrien helburua eta ez kontrakoa, egiten ari direna hain zuzen. Politika hauen ondorio kaltegarriek bizitza baldintza duinetan garatzea zailtzen dute.

Ikusten dugun moduan, hau ez da erronka eta helburua EAJ, PP eta UPyDrentzat. EH Bilduk Gasteizko Parlamentuan egin duen proposamena baztertu dute. Eta honekin, berriz ere ezetz esaten diete Hego Euskal Herriko Pentsionisten Plataformei. Hauek duela hilabete batzuk Herri Ekimen Legegile bat aurkeztu zuten eta hauxe zen bertan jasotzen zen aldarrikapenetako bat.

Kontuan izan behar dugu pentsionistak direla Hego Euskal Herriko lau biztanletatik bat, eta portzentaia hau gorantz joango da biztanleria zahartuz doan heinean. EAEko pentsionisten %50ak baino gehiagok 1.080 euroen azpitik dauden pentsioak dituzte. Onartezina da soldata publiko altuak jasotzen dituzten eta etorkizunean pentsio itzelak izango dituzten horiek (lehendakariaren bizitza osorako pentsioa barne) 230.000 pertsonaren pentsioak hobetzeari ezetz esatea, horixe gertatuko bailitzateke proposamenak aurrera egin izan balu.

Pentsionistei bizi-baldintza duinak eskaintzeari ezezkoa ematen dioten bitartean, uko egiten diote enpresa eta aberastasun handien iruzur fiskalaren, paradisu fiskalen kontra egiteari eta egun ez dagoen ekitate fiskala lortzeari. Desberdintasun sozial honi egin behar zaio aurre. Aberastasunaren banaketa bidegabe eta insolidario honek oso pertsona gutxiri egiten dio mesede, eta baldintza oso prekarioetan lan egitera kondenatzen du gehiengoa.

Ez dago aitzakiarik. Beste behin, EAJ, PP eta UPyDren politika zaharkitua, baliabide ekonomiko beharrezko eta nahikoak izatea eskatzen duten milaka pentsiodunen eskubidearen kontra jartzen da. Horregatik, LABetik ezezko hau salatzen dugu, eta ezartzen diren politikak orain artekoen kontrako norabidean joatea eskatzen dugu, hau da, guztion artean sortzen dugun aberastasuna modu bidezkoan banatzea eta pertsona guztien bizitza baldintza duinetan garatu ahal dadin bermatuko duen norabidean.

Amaitzeko, LABetik dei egiten dugu Babes eta Segurantza Sozialeko Sistema Propioaren alde, Pentsionisten Plataformak egiten ari diren eskariak sinatzen jarraitzeko eta 1.080 eurotako Gutxieneko Pentsio Duinaren exijentzia babesteko, politikoek ezetz esan narren. Erakutsiko diegu asko garela bidezko aldarrikapen hauek babesten ditugun eta gaur Gasteizko Parlamentuan ikusi ditugun jarrera negargarriak salatzen ditugun milaka herritarrak.
 

 

 

Ez aldundiak, ez enpresek, ez dute lortuko Bizkaibus zerbitzua prekarizatzea

0

Emakidak lortu zituzten enpresak lan-baldintzak prekarizatzeko egiten dituzten saiakeren aurrean Bizkaibus-eko enpresa-batzordeek eta UGT, CCOO, ELA, LAB eta USO sindikatuok lanuzteak egitera deitu dugu Bizkaibusen. Ez plantillek, ez enpresa-batzordeek, ez sindikatuok ez dugu utziko lan-baldintzak eta Bizkaibus zerbitzua prekarizatzen.

UGT, CCOO, ELA, LAB eta USO sindikatuen Oharra:

Bizkaibus-eko enpresa-batzordeek eta UGT, CCOO, ELA, LAB eta USO sindikatuok lanuzteak egitera deitu dugu Bizkaibusen.
Izan ere, emakidak lortu zituzten enpresak lan-baldintzak prekarizatzen saiatzen dira behin eta berriz; lehenengo, hitzarmen desberdinak zituzten plantillak batera bilduz, eta bigarren, negoziazio bidean dauden hitzarmenetan prekarizazio-neurriak sartzen ahaleginduz.

Gainera, Bizkaiko Foru Aldundia beste aldera begiratzen du, eta gure arazoak “lan-arazoak” direla esaten du, gainetik kendu nahian. Baina gogora ekartzekoa da, Aldundiak berak sinatu zuela akordio bat, non 2013ko urrian zeuden lanpostuak amortizatuko ez zirela esaten zen. Puntu hori ez da bete, zeren postu batzuk amortizatu dira, eta beraz 2013 eta 2014an sinaturikoa urratu da.

Egoera den bezalakoa izanik, eta ez plantillek, ez enpresa-batzordeek, ez sindikatuok ez dugunez utziko lan-baldintzak eta Bizkaibus zerbitzua prekarizatzen; lanuzteak egitera deitzen dugu, Bizkaibus zerbitzua hobetzearren, eta herritarren beharrizanekin bat datorren zerbitzua zaintzearren. Ez diegu utziko enpresei zerbitzu publiko baten pribatizaziotik atarramendua eurrez ateratzen.

Horregatik hurrengo lanuzteak antolatu ditugu:

– Maiatzak 4, 9, 12, 16, 18 eta 20. Lanuzteak: 07:30 – 09:30; 18:00 – 20:00; eta gaueko txandaren lehenengo bi orduetan.

– Maiatzak 23, 24, 25 eta 26. Lanuzteak: 07:00 – 10:00; 17:30 – 20:30; eta gaueko txandaren lehenengo hiru orduetan.

– Maiatzak 30 eta 31, eta ekainak 1, 2, 3, 6, 7, 8, 9 eta 10. Lanuzteak: 07:00 – 11:00; 17:00 – 21:00; eta gaueko txandaren lehenengo lau orduetan.

Lanuzte horien ondorioz erabiltzaileei sortuko zaizkien eragozpenak sentitzen ditugu, baina kalitatezko enpleguaren alde egiten duguna kalitatezko zerbitzuaren alde ere izango da.
 

 

 

Langabeziagatiko prestazioen estaldura tasa %31,8an kokatzen da, bere maila baxuena krisia hasi zenetik


Erregistratutako langabeziak behera egin zuen apirilean Hego Euskal Herrian, Enplegu Zerbitzu Publikoen datuek arabera, 2.615 langabetu gutxiago daude orain. 195.440 langabetu daude orain, gehienak emakumeak direlarik (%54,3a). Ematen du lan merkatua, urtaroko faktoreek lagunduta, goi-denboraldian sartua dela. Hala ere, inolako langabezia-prestaziorik jasotzen ez duen langabetuen kopuruak gora egin du iazko urte amaieratik.

Egun, Hegoaldeko lau herrialdeetan 135.102 pertsona daude ofizialki langabetutzat joak ez dutenak prestaziorik jasotzen, hau da, 2015 amaieran zeudenak baino 4.057 gehiago. Izan ere, estaldura tasa bere maila baxuenera iritsi da krisia hasi zenetik: %31,8.

Estaldura mailaren jaitsiera larria iraupen luzeko langabeziaren gorakadak (honek langabezia estruktural tasa igotzen du) eta PPren gobernuak langabeziagatiko prestazioen murrizketak sortutakoa da.

Kontratazioarekin lotuta, nabarmendu behar dugu lehen lauhilekoan sinatutako kontratuen %92,6 aldi baterakoa izan dela. Eskandaluzko portzentaia honek adierazten du Hego Euskal Herriko kontratazioaren aldibaterakotasuna Estatuko bataztebestekoaren gainetik dagoela (%90,5). Beste alde batetik, garrantzitsua da kontratuen %40 gutxi gorabehera lanaldi partzialekoak direla.

Guzti honek erakusten du enpresariek arau bihurtu nahi dutela prekarietatea eta horregatik jotzen dela modu sistematikoan langileen artean egoera gero eta ezengonkorrago, zaurgarriago eta pobretuagoa sortzen duen enplegu prekario eta merkean oinarritutako eredura.

 
Hego Euskal Herriko langabeziagatiko prestazioen jasotzaileak

2016eko urria

Gizonak
Emakumeak
Guztira
Jasotzaileak guztira (SEPE)
77.625
Langabezian dauden jasotzaileak
31.759
31.194
62.953
Jasotako langabezia
91,024
107.031
198.055

Langabeziak eta prestaziorik gabe daudenak

59.265
75.837
135.102

Doitutako estaldura tasa

34.9%
29.1%
31.8%

 
Iturria: LABek egina Lanbide, Nafarroako Enplegu Zerbitzua eta SEPEko datuak erabilita.

 

Sakanan lanaren banaketaren alde borrokan jarraitu behar dugu


Sakanak egoera bortitza bizi du 2008ko krisiaren ondorioz. Krisiak, lanpostuen zenbatekoan ez ezik, lan baldintzen eta bizi baldintzen prekarizazioan du eragina. Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuak beharrezkoa jotzen du lanaren banaketaren alde egitea, 35 orduko lan asteak eta ordu estrak ez sartzeak enplegu sorrera ekarriko lukeelako.

Hau da gure eskualdeak izan duen enpleguaren bilakaera, Seguritate Sozialeko afiliazio datuei begiratzen badiegu:

2008  2013 2015 2016
6722 4532 4130 4540

Datu hauen irakurketa positiboa egiten du LAB sindikatuak. Seguritate Sozialean afiliazio igo den honetan langabeziak ere behera egin du nabarmen, Martxoan 1259 langabetu izatera helduz. Lehenengo aldiz zortzi urtetan afiliazioak gora egin du eta horrek Sakanan enplegua sortzen ari dela esan nahi du. Gogoratu behar dugu 2013. urtean 2000 langabetu genituela Sakanan.

Guzti honetatik ondori garbi bat atera dezakegu, 2015 urte bitarte Sakanak duen kokapen estrategikoa dela medio jende askok inguruetako bailaretan (Iruñerria, Goiherri eta Arabar lautada) aurkitu du lana. 2015 urtean hau aldatzen hasi da eta Industrian, Sakanan lana aurkitu du jendeak kanpora joateko beharrik izan gabe. Oraindik ere, asko geratzen da egoera normalizatu batera iristeko.

Hauek dira Sektoreka Seguritate Sozialak 2016ko urtarrilean jaso dituen datuak:

Sektoreak 2015
2016
Zerbitzu Pribatuak     1228 1322
Industria  2228 2601
Administrazio Publikoak 224 236
Eraikuntza 247 196
Nekazaritza – Abeltzaintza 76 71
Soziokomunitario 127 114
Irakaskuntza Pribatua 185 200

Sektoreetakoa datuak begiratzen baditugu oso nabarmena da industria izan dela berriro ere enpleguaren motore eskualdean eta oso adierazgarria da Metalgintza sektoreak izan duen hazkundea, 2015ean zituen 1.746 lanpostuetatik 2016ko urtarrilean 2.266 lanpostu izatera iritsi da.

Datu hauek positibotzat jotzen baditugu ere, gaur egungo egoera oso larria izaten jarraitzen du. Langabezia datuei begiratzen badiegu oraindik 1.259 langabetu daude gure eskualdean. Hamar langiletik 6 emakumezkoak dira eta langabetuen %48ak 45 urtetik gora ditu.

Kontratazioei begiratzen badiegu azken hiru hilabeteetan bataz beste 609 kontratu egin dira eta horietatik %7,9 soilik dira kontratu mugagabeak. Kontratazioei begiratzen badiegu ere emakumeak dira kontratu mugagabe gutxien egiten zaizkien kolektiboa, hamar kontratutik hiru.

Industriako enpresa askotan ordu estrak eta malgutasun neurriak ohikoak bilakatu dira. Eskualdeko enpresa askotan ere, bi soldata eskala egotea ohikoa bilakatu den bezala. Momentu honetan Sakanan langileak lanordu gehiago egitera eta gutxiago kobratze behartuak daude, enpresen mozkinak igotzen diren bitartean.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuak beharrezkoa jotzen du lanaren banaketaren alde egitea, 35 orduko lan asteak eta ordu estrak ez sartzeak enplegu sorrera ekarriko lukeelako. Gaur egun ordu estrak eta lan jardunaldia enpresa askotan igo izana kaltegarria izaten ari da enplegu sorrerari dagokionez.

1200 euroko lanbide arteko soldata minimoa ezartzeak eta enpresatan soldata eskalekin amaitzeak, aberastasunaren banaketa justuagoa ekarriko luke bai zonaldean eragina izateko eta baita bizitza duin bat egin ahal izateko.

Eskualdean enplegu gehiago izateko beharrezkoa da enpleguaren kalitatea hobetzea, enpresen mozkinak eta lana zonaldean era justu batean banatuta. Beraz, gure Eskubideen alde martxan jartzea da dugun alternatiba bakarra.

 

 

Hondakinen gaineko Basurtuko Zuzendaritzaren arduragabekeria salatzen dugu

0

Basurtu ospitale barruan, Iturrizar eta Areilza Pabilioien inguruko zakarrontzietan honakin biologiko, odol kantitate handiak eta ebakuntza materiala zeukaten poltsak topatu dira protokolo guztien kontra eta osasun publiko zein langileen lan-osasunerako mehatxu larria sortuz. LABen iritziz, honako gertaera oso larria da eta horregatik gertatu denaren salaketa publikoa egiten dugu.

Helarazi dizkiguten argazkiak apirilaren hirugarren astean izan ziren hartuak, Basurtu ospitale barruan, Iturrizar eta Areilza Pabilioien inguruko zakarrontzietan. Poltsak apurtuak izatearen ondorioz barruan hondakin biologiko, odol kantitate handiak eta ebakuntza-gelako materialak zeudela jakin izan dugu, protokolo guztien kontra eta osasun publiko zein langileen lan-osasunerako mehatxu larria sortuz.

LABen iritziz, honako gertaera oso larria da. Are larriagoa, arazo honen aurrean Ospitaleko Zuzendaritzak gaurdaino fundamentuzko azalpen argirik eman ez izana, hiru aste luze pasatu direnean eta LABek bi aldiz exijitu dituenean azalpenak. Izan ere, informazio faltak alarma pizten du, ez baitakigu gertaera puntuala edo egunerokoa den. Ospitaleko Zuzendaritzak arduragabe jokatu du, ez diolako arazoari beharrezko zen prestutasuna eta azkartasunez heldu.

Horregatik gertatu denaren salaketa publikoa egin nahi dugu, Ospitaleko zein Osakidetzako zuzendaritzei jazotakoaren gaineko azalpenak eman ditzaten eta berriro gerta ez dadin beharrezko neurriak abia ditzaten exijitzen diegu, ospitaleko hondakinen kudeaketaren gaineko azterketa eta hobekuntza nabarmenarekin batera.

 

 

 

Banco Santanderrek egin nahi duen kaleratze kolektiboaren kontrako txostena aurkezten dugu

0


LABen iritziz faltsuak dira bankuak kaleratze kolektiboko espedientea aurkezteko mahaigaineratu dituen arrazoi eta argudioak. Sindikatua espedientearen aurka dago eta Administrazioari eskatzen dio bere kontra ager dadin. Bankuko direktiboek itzelezko soldatak jasoten dituzten bitartean langileen soldata izoztuta egotea eskandalua da eta ulertzen dugu plantillan murrizteko finantza-arazoak dituela argudiatzen duen enpresa batek ezin dizkiela bere zuzendariei horrelako eskandaluzko soldatak ordaindu.

Hasteko, eskandalua da Bankuko direktiboek itzelezko soldatak jasoten dituzten bitartean —adibidez Jose A. Alvarez Kontseilari Ordezkariak 6,674 milioi euro kobratu zituen eta Ana Botin Presidenteak 9,8 milioi euro (7,49 milioi euro dirutan eta 2,3 milioi pentsioen planaren bidez), euren sarrerak aurreko urtearekiko %10ean igoz— langileen soldata izoztuta egotea 2015ean. Ulertzen dugu plantillan murrizteko finantza-arazoak dituela argudiatzen duen enpresa batek ezin dizkiela bere zuzendariei horrelako eskandaluzko soldatak ordaindu.

Gainera, Banco Santanderrek urtero jasotzen ditu irabaziak, gero eta altuagoak. 2015ean 5.966 milioitako irabaziak izan ditu eta aurten, urtarrila eta martxoa bitartean, 1.633 milioi euro irabazi ditu eta asebeteta dagoela dio.

Hortaz, ez dugu justifikatzeko modukoa ikusten diru publikoa erabiltzea (langabezia prestazioa, kotizazio sozialen aurrezkia) bere baliabide propioekin egin daitekeen berregituraketa bati ekiteko.

Azken urteetan, Banco Santanderrek asko murriztu du langile kopurua Kaleratze Kolektiboetara jo beharrik izan gabe, eta neurri handi batean, aurrejubilazioak erabiliz.

1999an, 29.792 langilek osatzen zuten plantilla, ondoren, hauei Banco Español de Crediton lan egiten zuten 11.000 langileak gehitu behar zaizkie, banku hau erosi baitzuen eta 2013an Santanderren barruan integratu baitzuen. Azken urteetan, Banco Santanderrek, bataz beste, urtero plantilla 1000 langileko murriztu du eta ez du Kaleratze kolektiborik erabili. Zergatik orain bai? 2015eko urte amaieran, Banco Santanderrek 24.216 langile zituen, 2014ean baino 624 gutxiago eta 3.467 bulego, aurreko urtean baino 600 gutxiago.

Banco Santanderrek aurkezten dituen arrazoiak aitzakia baino ez dira, kaleratzeak oraindik gehiago merketu nahi ditu. Pertsonala ahalik eta kostu baxuenekin kaleratu nahi du, eta ahal bada diru-kutxa publikoen kontura.

Gure ustez iruzur egitea eta diru-kutxa publikoei lapurreta egitea da herritarrok, Enplegu Zerbitzu Publikoaren bidez, kaleratzen diren langileen langabezi prestazioak ordaintzea. Eta ze esanik ez, gainera, orain arte egin bezala, Bankuak Gizarte segurantzako kargak ordaintzen ez dituela jakinda.

Onartezina deritzogu diru-kutxa publikoak erakunde finatziarioak languntzen jarraitzea, kasu honetan, Banco Santander languntzea EEEa onartuz. Gogoratu behar dugu ere zenbat diru jaso duten “erreskate finantziario” bezala ezagutzen dugun horretatik, herritar guztiok ordaintzen jarraitzen dugun erreskatetik.

Eta ez dezagun ahaztu, beren benefizioak, urtez urtez, gora jarraitzen dute eta bueltatu eta enplegu duina sortzeko konpromisoa hartu beharrean, beren kapritxoak, kaleratzeak eta gehiegikeriak herritarrok ordain ditzagun nahi dute.

Guzti hau dela eta Banco Santanderrek aplikatu nahi duen Kaleratze Koleltiboen Expedienteari Kontrako Informea aurkeztu diogu. Probokazio hutsa dela deritzogu. Administrazioak gure informea onartu eta expedientea baimentzearen kontra agertuko dela espero dugu, nahiz eta ordezkaritza sindikalaren parte bat alde agertu. Hauek, modu honetara, diru-kutxa publikoen kaltetan izango den eta Bankuari mesede egingo dion operazio baten konplize bilakatzen dira.

Eskandalu bat da, CCOO-UGT-FITC-STS Estatu espainoleko banku handienarekin, benefizio gehien lortu dituenarekin, 680 pertsona kalean utziko dituen EEE bat adostea. Justifika ezina justifikatzeko haitzakiak onartu dituzte.