2026-06-17
HomeEkintza Soziala1.080 eurotako gutxienezko pentsio duinak bermatzeko aukera galdu da Gasteizko Parlamentuan

1.080 eurotako gutxienezko pentsio duinak bermatzeko aukera galdu da Gasteizko Parlamentuan

Gaur, Gasteizko Parlamentuak, EAJ, PP eta UPyDren ezezko botoekin eta PSEren abstentzioarekin, ezetz esan dio 1.080 eurotako gutxieneko pentsio duina jaso ahal izateko osagarri proposamenari. Pentsionista ugarik euren bizi baldintzak hobetzeko osagarriaren proposamenari ezezkoa ematea akatsa dela uste dugu. Desberdintasun sozialak areagotzen dituen erabaki politikoa da.

Gure ustez, gure herriak aurrean duen erronketako bat arrakala soziala murriztea izan beharko litzateke, gero eta handiagoa dena, aberastasunaren banaketa gero eta injustuagoaren ondorioz. Hori izan beharko litzateke politika eta instituzioek hartutako neurrien helburua eta ez kontrakoa, egiten ari direna hain zuzen. Politika hauen ondorio kaltegarriek bizitza baldintza duinetan garatzea zailtzen dute.

Ikusten dugun moduan, hau ez da erronka eta helburua EAJ, PP eta UPyDrentzat. EH Bilduk Gasteizko Parlamentuan egin duen proposamena baztertu dute. Eta honekin, berriz ere ezetz esaten diete Hego Euskal Herriko Pentsionisten Plataformei. Hauek duela hilabete batzuk Herri Ekimen Legegile bat aurkeztu zuten eta hauxe zen bertan jasotzen zen aldarrikapenetako bat.

Kontuan izan behar dugu pentsionistak direla Hego Euskal Herriko lau biztanletatik bat, eta portzentaia hau gorantz joango da biztanleria zahartuz doan heinean. EAEko pentsionisten %50ak baino gehiagok 1.080 euroen azpitik dauden pentsioak dituzte. Onartezina da soldata publiko altuak jasotzen dituzten eta etorkizunean pentsio itzelak izango dituzten horiek (lehendakariaren bizitza osorako pentsioa barne) 230.000 pertsonaren pentsioak hobetzeari ezetz esatea, horixe gertatuko bailitzateke proposamenak aurrera egin izan balu.

Pentsionistei bizi-baldintza duinak eskaintzeari ezezkoa ematen dioten bitartean, uko egiten diote enpresa eta aberastasun handien iruzur fiskalaren, paradisu fiskalen kontra egiteari eta egun ez dagoen ekitate fiskala lortzeari. Desberdintasun sozial honi egin behar zaio aurre. Aberastasunaren banaketa bidegabe eta insolidario honek oso pertsona gutxiri egiten dio mesede, eta baldintza oso prekarioetan lan egitera kondenatzen du gehiengoa.

Ez dago aitzakiarik. Beste behin, EAJ, PP eta UPyDren politika zaharkitua, baliabide ekonomiko beharrezko eta nahikoak izatea eskatzen duten milaka pentsiodunen eskubidearen kontra jartzen da. Horregatik, LABetik ezezko hau salatzen dugu, eta ezartzen diren politikak orain artekoen kontrako norabidean joatea eskatzen dugu, hau da, guztion artean sortzen dugun aberastasuna modu bidezkoan banatzea eta pertsona guztien bizitza baldintza duinetan garatu ahal dadin bermatuko duen norabidean.

Amaitzeko, LABetik dei egiten dugu Babes eta Segurantza Sozialeko Sistema Propioaren alde, Pentsionisten Plataformak egiten ari diren eskariak sinatzen jarraitzeko eta 1.080 eurotako Gutxieneko Pentsio Duinaren exijentzia babesteko, politikoek ezetz esan narren. Erakutsiko diegu asko garela bidezko aldarrikapen hauek babesten ditugun eta gaur Gasteizko Parlamentuan ikusi ditugun jarrera negargarriak salatzen ditugun milaka herritarrak.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea erretiratzeko eta azalpenak emateko eskatu diogu Tubacexeko zuzendaritzari

Gaur egin da Tubacexek Laudion eta Amurrion dituen lantegietarako planteatutako aldi baterako lan-erregulazioko kontsultaldiko lehen bilera. Zuzendaritzak ekoizpen- eta antolaketa-kausetan oinarritutako ABEEEa (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea) jarri du mahai gainean, eta neurri hori justifikatzeko erabili nahi duen dokumentazioa entregatu du.

Eusko Jaurlaritzan hitzarmen berria negoziatzearen alde mobilizatu gara

Elkarretaratzeak egin ditugu Bilboko, Donostiako eta Gasteizko lan-zentroetan, eta administrazioari eskatu diogu benetako elkarrizketa ahalbidetu dezala.

Gernika-Lumoko Udalaren gardentasun eza salatzen dugu

Azken urtean, lana ahalik eta hobekien egin nahirik, LAB sindikatutik behin eta berriz eskatu diote Gernika-Lumoko Udalari langileen arloko hainbat gairi buruzko informazioa, hala nola kontratazioei, lan-poltsen erabilerari, lanpostuen estaldurari, funtzio-aldaketei edota giza baliabideen antolaketari buruzkoa.