2025-12-19
Blog Page 100

Kimiketako estatu mailako hitzarmenean CCOO eta FEIQUE patronalak lortutako akordioaren aurrean, euskal hitzarmenen alde borrokatzen jarraituko dugu

LABen Euskal Herrian lan egin eta hemen erabakitzeko markoak defendatu ditugu beti, hemen dagoen errealitate sindikalak lan baldintza hobeak lortzeko aukera ematen digulako.

Tamalez, Euskal Herriko kimiketako sektoreko 22.000 langile inguru, Espainiako Estatu mailako hitzarmenaren pean daude eta gaur jakin dugun bezala, CCOO eta FEIQUE patronalak horrela izaten jarraitzea erabaki dute, sinatu berri duten akordioan agerian geratzen den bezala, horrek suposatzen duen prekaritatearekin. Besteak beste, langileen lan eta bizi baldintzetan hobekuntzarik ez ditu ekarriko, akordio honek eros ahalmena ez duelako bermatzen. Lanaldiari dagokionez, 2026an indarraldia amaitzen denean, 1.744 ordutako lanaldia izango du, Euskal Herrian indarrean ditugun industriako sektore ezberdinetako hitzarmenen batez besteko lanaldia gaindituz. Beste esparru batzuetan negoziatzea ukatzen duen klausulak ere bere horretan jarraituko du.

Hasieran aipatu bezala, Euskal Herrian negoziatu eta erabakitzeak langileontzat lan baldintzak hobeak lortzeko aukera emango liguke eta Euskal Herrian bide hau jorratzen hasiak gara. LABek bide horretan behar diren urratsak ematen jarraitzeko konpromisoa berresten du, Euskal Herriko kimiketako sektoreko langileekin gure eskubideen eta lan baldintzen defentsan.

Emakumeen Mundu Martxaren irakurketa: erailketa matxista Iruñean

Emakumeen Mundu Martxaren irakurketa dakargu hona.

Bart berriro ere berri latz batekin esnatu ginen Euskal Herrian, 20 urteko emakume* bat eraila izan zen atzo goizean Iruñeko Errotxapea auzoan gizon baten eskutik.

2024.urte honetan, indarkeria matxistak Euskal Herrian uzten digun bostgarren erailketa matxista da gaurkoa.

Lehenik eta behin, Euskal Herriko Mugimendu Feministatik gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu senide, lagun eta gertukoei. Ez zaudete bakarrik. Urteak daramatzagu salatzen indarkeria matxista egungo sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta koloniala sostengatzen duen egiturazko arazo politiko eta sozial larria dela.

Indarkeria matxistaren azken ondorio lazgarrienak eta ikusgarrienak erailketak badira ere, indarkeria matxistak milaka aurpegi ditu eta gure bizitzako alor guztietan eragiten digu egunerokotasunean. Emakumeak* emakume* izateagatik soilik erail egiten gaituzte.

Horren aurrean, neurriak ipini eta arazo larri honi dagokion tamainako dimentsio politiko eta soziala eman beharrean, egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, urtez urte, emakumeon* aurkako erasoak gorantz doaz. Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu.

Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu. Gure bizitzak daude jokoan!

Ez dugu halaber aipatu gabe utzi nahi erabat deuseztatzen ditugula indarkeria matxista gorrotozko diskurtso arrazistak hedatzeko baliatzen dituzten hedabide eta jendarteko jokabideak, arrazakeriak ez gaitu inoiz alboan izango.

Honekin batera, autodefentsa feministarako deia egiten dugu. Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak.

Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte! Azkenik, dei egiten dugu gaur eta bihar Santutxuko auzoan eta Euskal Herriko beste hainbat herri eta hiriburuetan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko. Adi mobilizazioei.

Erailketa matxistarik ez, denak libre izan arte!

EAEko Osasun Sailaren diagnostikoak ez ditu jaso LABek egindako ekarpen garrantzitsuenak

Gaurko Osasun Itunaren mahaira gobernuak jatorrizko Diagnosia dokumentuari eragile desberdinek egin dizkiogun ekarpenen inguruko “sintesi dokumentu” bat ekarri du. LABek ezin du dokumentu hori sintesi dokumentu moduan baloratu, ez baititugu beste eragileak aurkeztu dituzten ekarpenak ezagutzen, Osasun Sailak horiek mahaikideei ez banatzea erabaki duelako.

LABek egin dituen ekarpenei dagokienez, esan behar dugu garrantzitsuenak ez daudela jasota aurkeztu duten “sintesi dokumentuan”. Honako hauek dira horietako batzuk:

-Ez da azaltzen itunaren helburua osasun sistema publiko indartsu bat lortzea denik, eta jarraitzen du izaera publikoa aitortu gabe. haueki dira horietako batzuk.

-Pribatizazioaren inguruan datu apur batzuk txertatu badira ere, ez dira aipatzen LABek eskatutako pribatizazioari buruzko datuak, ezta politika horien baloraziorik egiten ere. LABentzat pribatizazio politikak Osakidetzaren gainbeheren arrazoi nagusienetariko bat dira, eta diagnosian jasota egon beharko litzateke politika hauek alboratzeko bidea hartu behar dela.

-Langileei aplikatu dizkieten politiken inguruan ere oso datu gutxi jaso dira (ez da plantillaren bilakaeraren azterketarik egiten, ez etorkizunari begirako prospekziorik, ez behin-behinekotasun tasa altuak duen eraginaren baloraziorik, ez kodifikatu gabeko postuen zerrendatzerik, ez MIR eta EIRean dauden langileen egoeraren baloraziorik….), eta ez da politika horiek izan dituzten ondorioez ezer aipatzen, noiz eta lehen arretaren, larrialdien edo itxaron zerrenden egoeran ondorio zuzenak dituztenean. Diagnostikoan jaso beharko litzateke langileen inguruko politikak desegokiak izan direla eta horiek zuzendu beharra dagoela.

-Lehen arretaren egoeraren daturik ere ez da jasotzen, ezta datu horien zergatia (langileak ordezkatzerik ez, errotazioa…) ere. Kasu honetan ere egoeraren arrazoiak diagnosian txertatu beharko lirateke.

-Euskararen erabileraren inguruko daturik eta balorazio berririk ere ez da txertatu, LABek eskatu zuen moduan. Horrekin lotuta, aipatu behar dugu gaurko bilera gaztelania hutsean egitera behartuak izan garela, Jaurlaritzak itzulpen zerbitzurik ez duelako jarri.

Osasun Sailak “sintesi dokumentu”-ari ekarpenak egiteko aukera ireki du, eta LABek ekarpen berriak prestatuko ditu dokumentu hori zuzentzeko, momentuz dokumentuan jasoak izan ez diren diren egoerak bertan txertatuak izan daitezen. Espero dugu oraingo honetan osasun sistemaren izaera publikoa jasotzea, pribatizaziaren inguruko balorazio ezin txarragoa egitea, langileen inguruko politiketan aldaketa sakonak egin beharra jasotzea edo lehen arretaren egoeraren arrazoiak eta hori zuzentzeko beharra agertzea.

Azkenik, salatu behar dugu mahai honetan Osasun Sailak aldebakarrez aplikatzea erabaki duen metodologia ez dela egokia, eta adostasunak eraiki beharrean, adostasunak irudikatzea duela helburu.

[IRITZIA]: Osasun Mentala Osakidetzan

Urriaren 10ean da Osasun Mentalaren Munduko Eguna. Bezperan, Ainhoa Gutierrez San Torkuatoren iritzi-artikulua dakargu hona. LABeko delegatua da Bizkaiko Osasun Mentaleko sarean.

Zein polita geratzen den egutegian halako egunak jartzea! Eta zein polita instituzioentzat eta komunikabideentzat halako egunaz egunean berean hitz egitea eta urte osoan berriz ahaztutzat ematea.

Atzo, gaur eta bihar, LAB sindikatuarentzat osasun mental publiko eta duin baten aldeko egunak dira.

Aurtengo leloa “Lana eta osasun mentala, funtsezko lotura” da.

Lana duin eta baldintza egokietan izatea ezinbestekoa da gure osasunarentzat. Eta Osakidetzan halakorik ez da gertatzen. Estresa, ratio ez egokiak, baldintza psikosozialen ebaluazio eza, gure eskubideen errespetu eskasa, lan zentroen egokitzapenetan dauden inbertsio ezak, amiantozko eraikinetan lan egitera behartuta egotea, zaintzaile garen heinean gure zaintza bigarren lerrora egotera kondenatuak, eta abar dira gaur egungo arazoak.

Osakidetzak ez du gure osasun mentala zaintzen. Ez langileona ezta gizartearena ere. Ez du prebentzioa lehenesten eta profesional falta izugarria du. Europa mailan, erkidegoa atzeko postuetan dago. Adibide bat jartzearren, Munduko Osasun Erakundeak 100.000 biztanleko 20 psikologo behar direla dio, gurean soilik 6 dira, eta hauetako batek gaixotasun baja, amatasun edo aitatasun lizentzia edo oprrak hartzen dituenean ez dute beste batekin ordezkatzen. Itxaron zerrendak amaigabeak dira eta batzuetan gaitzak ezin du itxaron.

Arduragabekeriaz ari da jokatzen Osakidetza Osasun Mentalean. Gero eta behar gehiago dagoenean, gero eta diru gutxiago inbertitzen du. Herrietan dauden Osasun Zentroetara joatea besterik ez dugu egia diogula baieztatzeko. Erratza gordetzen den lekua hustu eta bertan Gizarte Langilea izatea ez da bidezkoa. Leihorik gabe, mugitzeko espaziorik gabe, pertsonak artatzeko lekurik eta baldintzarik gabe…Horrela gaitu Osakidetzak. Zulo txiki eta ez egokietan. Hori da Osakidetzarentzat Osasun Mentala. Ikusiezina egin nahi duen errealitate bat. Pribatizaziora bideratu nahi duen beste atal bat.

Bestalde, arazo larria dugu gizartean estigmatizazio eta bazterkeriarekin. Osasun Mentaleko arazoak dituztenek askoz zailago (edo kasu askotan ezinezko) dute lana aurkitzea. Ezin ditugu gizarteratu, eta beraientzat ezinbestekoa da hau betirako kondenatuak izan ez daitezen
Ez ditugu gazteak aipatu gabe utzi nahi. Gero eta Osasun Mentaleko arazo gehiago dituzte dugun gizarte formatuaren ondorioz. Izan adikzioak, izan antsietate edo depresioak, bakardade sentimenduak edo etorkizun ikuspegi ezak… gazte askok laguntza behar dutela oihu egiten digute. Ezin diegu entzungor egin haien eskariei. Haiek dira etorkizuna eta haien gaurko ongizatea izango da gure/denon geroa
LABek argi du. Egoerari buelta eman behar zaio. Langileen bizi baldintzak hobetzeko izango gara lanean egunero, baina ahaztu gabe gizartearen parte garela eta gure Osasun Mentala ere jokoan dagoela.

Atzo, gaur eta bihar ere gure lehentasuna izaten jarraituko du Osasun Mental Publiko eta duin baten alde borrokatzeak.

Nafarroako Gobernuaren utzikeria ikusita, greba egingo dugu urriaren 29an irakaskuntza publikoan

LABek, hezkuntza arloko gainerako sindikatuekin batera, beste greba deialdi bat erregistratu du urriaren 29rako, ikusirik Nafarroako Gobernua bere irakasleekin erakusten ari den erantzukizun falta. Horrez gainera, Gobernuarekin bilera bat egitea ere eskatu dugu.

Lanuztea iragarri genuenetik astebete pasatu da eta Nafarroako Gobernua ez da sindikatuekin bildu, gure aldarrikapenak Mahai Orokorrera ere eraman ditugun arren.

Egoera horren aurrean, irakasle guztiei dei egiten diegu grebara batu daitezen eta Gobernuari eskatzen diogu benetako negoziazio prozesu bati hasiera eman diezaiola behingoz.

Greba deitu dugu urriaren 17rako Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioetan, herrialdeko lehen hitzarmena aldarrikatzeko

Gaur batzartu da sektoreko mahai negoziatzailea, eta bertan eduki berririk egon ez denez, eta blokeo egoera honen aurrean beste greba egun bat deituko dugu urriaren 17an.

Egun horretan langileek kontzentrazioa egingo dute Gasteizko Probintzia plazan, 11:00etan, eta arratsaldean manifestazioa egingo dute 18:00etik aurrera Desamparadas plazatik hasita. Mobilizazioa Diputazio plazaraino izango da, eta bertan ekitaldi bat egingo da.

Berriz ere negoziazioa aktibatu genuenetik mahairen bilera batzuk egin dira baina ez dira aurrera pausurik eman. Patronalek eginiko eskaintza bakarra ez da nahikoa, soilik jardunaldia eta soldatei buruz hitz egiteaz gain, sektorean prekaritatea betikotzea suposatuko lukeelako. Gaurko mahaian ez da proposamen berririk egon, hortaz, greba deitzea erabaki dugu.

Bestetik, prozesuan inplikatzeko exijitzen jarraituko diegu administrazioei, zehazki, Arabako Foru Aldundiari. Ezin da onartu zaintza sektore hau erabateko prekaritate-egoera horretan egotea, Gizarte Politiketako arduradunek beste leku batera begiratzen duten bitartean.

Historikoa den lehen hitzarmena lortu dugu Sondikan kokatuta dagoen CAE enplegu zentro berezian

CAE (Centro de Ayuda Especializada) 60 langile dituen eta Sondikan kokatuta dagoen enplegu zentro berezi bat da. Bertan, historikoa den lehen hitzarmena lortu dugu. Otsailean aurkeztu genuen hautagaitza bertan lehen aldiz hauteskunde sindikaletan, helburu oso argi batekin; UGTren urteetako immobilismoaren aurrean (ordura arte hau izan zen enpresa-batzordean ordezkaritza zuen sindikatu bakarra) langileak antolatu eta haien lehen hitzarmen propioaren alde borrokarako tresnak ematea.

Hainbat ekintza eta mobilizazioren ostean lortu dugu hitzarmena. Alde batetik, “hemen lan egin, hemen erabaki” aldarrikapena inoiz baino garrantzitsuagoa delako. Euskal herriko langileen lan eta bizi baldintzak prekarizatzen dituzten hitzarmen estatalen aurrean, langile hauei aplikatzen zitzaien hitzarmen estataletik aldendu eta etorkizunean hemen erabakitzeko esparrua sortu duelako. Bestetik, hainbat lorpen erdietsi ditugulako: KPItik gorako soldata igoerak bermatzea, lan orduen jaitsiera nabarmena, langile bakoitzak bere egutegi propioa izatea, plantillaren euskaldunizazioan aurrera pausuak ematea edota plus berriak izatea.

• Soldata igoera KPIra lotuta eta hitzarmenaren indarraldiaren amaiera KPI + %10,3ko soldata igoeraren bermea.

• Jardunaldia: 60 lan orduko jeitsiera.

• Bidaien plusa ordaintzea

• Egutegien antolaketan langileei euren etxetik gertuen duen ibilbideak esleitzea eta haiei dagozkien jai egun guztiak.

• Euskara ikasten duten langileek ikastaroak balio duenaren %50ko aparteko sari bat izango dute. Hau da, langileek ikastaroa gainditzen badute, honen balioaren %50eko besteko aparteko paga bat izango dute.

Horregatik, LABetik, zorionak eman nahi dizkiegu borrokan parte hartu duten langile guztiei. Ezinezkoa ematen zuena borrokaren bitartez lortu delako. Baina, jakina, lanean hasiko gara jada, hurrengo hitzarmena harago joan dadin, soldata igoera eta lanaldi murrizketa handiagoekin, aniztasun funtzionalean sektorearen duintasunean pausuak ematen jarraitu beharra dagoelako, bizitzak erdigunean jartzeko eta langileen bizitzak bizigarriagoak izan daitezen.

Beste behin ere argi geratu da borrokak merezi duela, akordio duinak lortzeko langile borroka ezinbestekoa dela erakutsi baitugu.

Garbiñe Aranburu: “Ezin da inolaz ere itun bati buruz hitz egin langileen gehiengoaren adostasunik ez badago”

LABeko koordinatzaile orokorra Bizkaia Irratian egon da gaur goizean, Goizeko izarretan saioan. Bertan, Alfre Elgezabal kazetariak elkarrizketa egin dio, aktualitateko gaien inguruan.

EAEko Osasun mahaia, osasungintzaren inguruko mobilizazioak, Elma Saiz ministroak bajen inguruan egindako azken proposamena, absentismoa edo kontrabotere sindikalismoa izan ditu hizpide, urriaren 2an Arrasaten egin genituen Topaketa Sindikalak gogoratuz.

Gizain fundazio publikoko langileek eskatu dute beren lan baldintzak Foru Administraziokoekin parekatzea

Nafarroako zerbitzu sozial publikoen kudeaketarako Gizain fundazioko Enpresa Batzordeko kideek (LAB 9, ELA 2, CCOO 2) prentsaurrekoa eman dute gaur Iruñean, bertako langileen baldintzak foru administrazioko langile publikoen baldintzekin pareka ditzaten eskatzeko.

Gizain enpresa publikoak 350 langile inguru ditu, Nafarroaren luze-zabalean, eta gizartearen pertsonarik zaurgarrienei ematen die zerbitzu. Gizaingo langileek hiru aldarrikapen nagusi dituzte: 1. hitzarmenean sinaturikoa betetzea, 2. hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzea eta, batez ere, beren soldatak foru administraziokoekin parekatzea. Hori eskatzeko, urriaren 18an elkarretaratze bat eginen dute Iruñean, Nafarroako Parlamentuaren aitzinean, 09:00etan.

Agerraldian egindako irakurketa

Prentsaurreko honetan Gizain Fundazioko langileok bizi dugun egoera gizarteratu eta helarazi nahi dugu.

Lehenik eta behin, Gizain Fundazioa zer den testuinguruan kokatu nahi dugu. Fundazio hau 2019ko urtarrilean sortu zen, Nafarroako Gobernuak hala erabakita, entitate pribatuek ematen zituzten funtsezko zerbitzu batzuen kudeaketa publikoa bere gain hartzeko. Zerbitzu horiek bere gain hartuta, haien kudeaketan kontrol, gardentasun eta arintasun handiagoa lortu nahi zen, eta herritarrei arreta hobea, bidezkoagoa eta homogeneoagoa bermatzeko.

Horrenbestez, funtsezko zerbitzuak hobetzeko borondatea balioesten zen, hala nola: genero-indarkeriaren eta sexu-indarkeriaren biktimei laguntzeko taldeak, gazte-justiziako eguneko zentroa, familia-babesgabetasuneko egoerak pairatzen zituzten adingabeentzako 5 behaketa- eta harrera-zentro, bermatutako errenten administrazio-izapideetarako unitateak eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrerak, gizarteratzeko eta laneratzeko taldeak eta haurrak eta nerabeak zaintzeko taldeak, eta larrialdiko familia harreragileekin lan egiten duen taldea (MFE).

Fundazio hau sortzea onartu zuten talde politikoek – 2019tik aurrera pribatizatuta zeuden baliabideak bere gain hartzen – adierazi zuten modu publikoan herritarrei arreta ematen dieten baliabideak modu berean kudeatuta egon nahi zutela, eta plantillak publiko egitea planteatu zuten. Hala ere, Fundazioak ez gaitu langile publiko gisa definitzen, nahiz eta enpresak funtzionarioen soldata-igoeraren mugak erabiltzen dituen indarrean dagoen hitzarmena ez aplikatzeko eta lan-baldintzak hobetzeko.

Hobetzeko borondate hori guztia ez da erreala, honako egoera hau uzten baitigu:

Lehen hitzarmena 2019an sinatu zen, eta 2023an ez zen bete, indarraldiko azken urtean, soldata-taulak FUNDAPAren soldata-taulekin parekatu ez zirenean, beste fundazio publiko bat profesional berberekin, gure hitzarmenaren 6.3 artikuluan jasotzen zen bezala, plantillen arteko soldata-arrakala handituz. Bereziki larria da hitzarmena ez aplikatzea, plantillaren eta erakundearen lan-harremanen funtzionamendua arautzen duen araua baita, baina horretarako aitzakia da ezin zaigula soldata zenbateko horretan igo, administrazio publikoko langileek izango duten igoera gaindituko lukeelako. Izan ere, oztopo hori jarri digute eta ez dirudi eskualdatzeko prest daudenik. Gaur egun administrazio publikoko langileak gara? Hala bada, haien lan-baldintzekin parekatuta egongo ginateke, eta lan-baldintza horiek oso urrun daude. Egoera horren ondorioz, 2021-2023 lehen hitzarmena bete dadila erreklamatu dugu judizialki.

Egoera honek bigarren hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen du. Adierazi dute administrazio publikoaren zerbitzura dauden langileen soldata-igoera % 2 mugatzeak eragiten digula. Ez gaituzte parekatzen fundazio homologoekin profesional berberekin, eta ez gaituzte parekatzen administrazio publikoarekin. Inkongruentzia horiei lotuta, 3. eta 4. taldeak gizarte-ekintzako eta esku-hartze sozialeko hitzarmen sektorialetik beherako soldatarekin geratu dira.

Zer gertatzen da borondate politikoarekin? Non geratzen dira funtsezko zerbitzu horiek argitaratzeko asmoak? Esku pribatuetan zeuden baliabideak kudeatzen eta zerbitzu horiek publiko egiten joan ginen, baina prozesua gelditu egin da lan-baldintzak eta soldatak parekatzeari dagokionez, eta Gizain Fundazioko lanbide-talderen bat administrazio publikoko maila homologoaren % 20 baino gehiagokoa izan da.

Gizain Fundazioko langileok uste dugu beren eskaerak onartu dituzten beste lanbide batzuk bezain funtsezkoak garela, baita duela urte batzuk errekonozimendu hori lortzeko lanean ari diren beste batzuk ere. Gero eta modu profesionalizatuagoan, egituratuagoan eta zorrotzagoan lan egiten dugu, gero eta konplexuagoak diren gizarte-egoerak arduraz eta profesionaltasunez jasoz.

Horregatik guztiagatik, Gizain Fundazioko langileok mobilizazioei hasiera emango diegula iragarri nahi dugu. Urriaren 18an, goizeko 9etan, elkarretaratzea egingo dugu Nafarroako Parlamentuaren aurrean.

Sinatutako I. Hitzarmena errespetatzearen eta aplikatzearen alde.

II. Hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeagatik.

Soldatak administrazioaren baldintzekin parekatzeagatik.