2025-05-22
HomeEkintza SindikalaAbsentismoa eta lan istripuak patronalak eragiten dituela salatu dute LAB, ESK, STEILAS,...

Absentismoa eta lan istripuak patronalak eragiten dituela salatu dute LAB, ESK, STEILAS, HIRU, EHNE-Etxalde eta Nafarroako CGT sindikatuek

Bi aldarrikapen nagusi izan dituzte LAB, ESK, STEILAS, HIRU, EHNE-Etxalde eta Nafarroako CGT sindikatuek astelehen honetan, apirilak 28, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean, iaz lan istripuetan 64 langile hil zirela salatzearekin batera: absentismoa patronalak eragiten duela eta langileen eskubideak murrizteko erabiltzen ari dela, batetik; lanean segurtasun eta osasuna langile ororen eskubidea dela, bestetik.

Eta bi mobilizazio burutu dituzte aipatutako sindikatuek gaur goizean Iruñea eta Donostian, lan istripuak, laneko baldintza kaskarren ondorio direla salatu eta errealitate gordin hori gogoraraziz: 64 langile hil ziren 2024an Euskal Herrian eta 100.000 lagunek izan zuten lan istripuren bat. Egoera latza saihestu daitekeela eta behar dela adierazi dute sindikatuek, eta salatu, patronalak eta administrazioak ez dutela laneko segurtasun eta osasunarekin konpromisorik: batak ez du segurtasun araurik betetzen eta besteak ez ditu betearazten.

Enpresen gizatasun faltaz ere aritu dira: “langileak gaixotu, larri zauritu eta hiltzen garen bitartean, enpresen kezka da lan absentismoaren ideia baliatuz euren irabaziak handitzen jarraitzea”. Sindikatuen iritziz, enpresen jokabideak eragiten ditu absentismoa bera eta horren ondorio latzak dituzten laneko gaixotasun eta istripuak.

Iruñean, Sarasate Pasealekuan ekintza ikusgarria burutu dute, iaz lan istripuetan 64 langile hil zirela irudikatzeko. Nafarroako Jauregiaren eta Lan Ikuskaritzaren aurrean hildako langileak irudikatu dituzte lurrean etzanda. Donostian ere iazko heriotz istripuak gogoratu dituzte, mosaiko erraldoi batekin, Kontxako hondartzan. Bi mobilizazioetan kritikatu dute lan-istripuen aurrean patronalak erakusten duen moral bikoitza eta gizatasun falta.

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak “patronalaren iruzurra” salatu du eta gogor hitz egin du, iazko 100.000 lan istripuei lotuta, “enpresarien inprudentzia kriminala” deitoratuz. “Hildakoak enpresariak balira zer gertatuko litzateke?”, galdegin du Aranburuk eta gehitu, Euskal Herrian absentismoaren eragile nagusia patronala dela. Horren atzean dauden arrazoiak seinalatu ditu, “prebentzio araudia ez betetzeak eragiten dituen istripu tasa izugarriak eta laneko gaixotasunak, modu masiboan aitortu gabe geratzen direnak, batez ere sektore feminizatuetan”.

Jaurlaritza eta Nafar Gobernua kritikatu ditu Aranburuk, patronalaren jarrera “ontzat” emateagatik. “Lan Osasun eskubidea bermatzea, lehentasun bat izan beharko luke edozein Gobernurentzat”, adierazi du. Enpresarien inpunitatea amaitzeko neurriak har ditzaten, isunak ezartzea eskatu du eta horretarako, lan ikuskaritza propioa behar dela aldarrikatu du.

Euskal Herriko Garraiolarien sindikatuko ordezkari Jon Altunak salatu du hilero gutxienez garraiolari bat hiltzen dela bataz beste: “iaz 14 garraiolari hil ziren. Aurten bikoiztu egin da hildako garraiolarien kopurua, 8 hil baitira jada lehen lau hilabeteotan Euskal Herrian. Jakina da heriotza horien atzean lan baldintza kaskarrak daudela. Aipagarria da hildako gehienak erretiro adinetik hurbil zirela eta bihotzeko asko gertatzen direla sektorean. Ez dabil garraiolari gazterik eta adinean aurrera doazenek arriskua izaten dute, arreta edota konortea galdu eta ezbeharren bat izateko”.

Langileen lan osasuna da eztabaidaren eta politiken erdigunean jartzea eskatu dute sindikatuek eta, horrekin batera, prebentzio neurriak bete daitezela, langileen lan osasunean irizpide enpresarialak alboratu eta osasun irizpideak nagusitu behar direlako.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

67 urte betetzear zituen garraiolari bat hil da Irunen

LABek jakin duenez, herenegun, goizaldeko 6:30ean, TRANSDIPE S.L. enpresako S.S. garraiolaria hilik agertu zen Irunen, lanerako prestatzen ari zen kamioiaren aldamenean. Kamioia martxan zegoen, atea irekita eta zantzu guztien arabera, heriotza ez traumatiko baten aurrean gaude. Azken honekin, gutxienez 20 langile hil dira urte hasieratik Euskal Herrian, hauetariko 9 garraiolariak.

Pribatizatutako zaintzako langileak mobilizazio nazionalera deitu ditu LABek, haien izaera publikoa aldarrikatzeko

Langile horiek zerbitzu publiko bat eskaintzen duten heinean, administrazioaren zuzeneko langile izan behar dutela defendatuko du LABek Donostian, eta, norabide horretan, lan baldintzen ekiparazioa aldarrikatuko du.

LABek CENi exijitu dio bertan behera utz dezan lan osasunaren prebentzioaren ardura langileei egozten dien kanpaina, diru publikoarekin ordaindu dutena

LAB sindikatuak arriskutsutzat, iraingarritzat eta mingarritzat jo du CENeko enpresariek diru publikoa erabiltzea (60.000 euro) modu seguruan lan egitea langilearen esku dagoela sinetsarazi nahi duten ideiak zabaltzen dituen kanpaina egiteko. Enpresarien kanpainak prebentzioaren berezko printzipioen aurka egiten du, eta enpresariek arlo horretan dituzten legezko betebeharrak hankaz gora jartzen ditu. Nafarroako lan heriotzen agertoki tragiko honetan, prebentzio legea ez betetzeko orduan erakusten duen lotsagabekeriaren bertze erakusgarri bat da kanpaina.