2026-05-04
HomeIdazkaritzakIdazkaritza Feminista Sindikalismo feminista internazionalista: Rana plaza gogoan

[IRITZIA] Sindikalismo feminista internazionalista: Rana plaza gogoan

Jarraian irakur dezakezue Amanda Verrone Nazioarteko Idazkaritzako kidearen eta Elixabete Etxeberria eta Maddi Isasi Idazkaritza Feministako kideen artikulua.

Bangladesheko Daka hirian, 2013ko apirilaren 24an, Rana plazako eraikinaren erorketa izan zen. Izugarriko tragedia, hein bereko hilketa, saihestu zitekeen sarraskia… Ehungintza industrian izandako istripurik handiena, biktima gehienak emakumeak* eta haurrak izan zirelarik: 1.134 pertsona hil ziren eta beste 2.500 zauritu.

Eskubide laboralen errespetu eta aitortza faltagatik gertatu zen hori guztia; ikuskaritza, segurtasuna, lan baldintzak… dena bigarren planoan zegoen ekoizpena erritmo bizkorrean bermatzeko, Mendebaldeko gure herrialdeetan ahalik eta gehien, ahalik eta azkarren, kontsumitu ahal izateko.

Gurekin ere badu zerikusirik honek; urrun gertatu arren, bertako lan baldintzak ezagutu ez edo ezagutu nahi ez ditugun arren.

Ez diezaiogun urrunetik begiratu horri: han ekoizten zen eta oraindik ere ekoizten den arropa kolonialismoaren erauzketa-ekoizpen zirkuituaren parte da, Benetton, Gap, El Corte Inglés eta halako korporazio handiek gidatzen dutena. Izan ere, Primark-ek berak lotsarik gabe esan zuen beste produkzio eredu bat ez dela «sostengagarria» haientzat. Hemengo enpresa horiek ere salagarriak dira. Kasualitatea? Edo kausalitatea? Gainera, inplikatutako enpresen aldetik, askok eta askok ez dute sinatu nahi izan Bangladesheko akordioa, gertatutakoaren ardura ukatuz indemnizazioak ordaintzea saihesteko.

Hau ez da iraganeko kontu bat. Arroparen eta oinetakoen munduko industria, hein handi batean, emakumeen* lana da, munduko lan zamaren %80 daramate. Erosle gehienek atzerrira daramate produkzioa: espoliazioak hor jarraitzen du, soldata baxuen eta lanordu amaigabeen bidez. Hau munduko txoko ugaritan modu ezberdinetan erreproduzitzen den errealitatea da; hango esplotazioa, hemengo prekaritatea. Izan ere, ikusten dugu nola, Euskal Herrian ere, ehungintza merkataritzak emakume* aurpegia daukan eta nola dauden lan baldintza duinagoen aldeko borroka etengabean, patronalak eta multinazional handiek milioiak irabazten dituzten bitartean.

2013an Rana plaza erori ondoren izandako presio sindikal eta sozialek marken aldetik lan baldintza duinak bermatzeko konpromiso itxura ekarri bazuten ere, laneko jazarpena, indarkeria fisikoa eta sexuala, sindikatuen errepresioa, CO2 isuriak, akuiferoen kutsadurak… eguneroko ogia dira.

Korporazio transnazionalek lana esplotagarriagoa den tokira eramaten dute beren ekoizpena (zergarik ez, ustelkeria…). Metatze prozesu etengabean, merkatu kapitalistak jendarte harremanak egituratzen dituzten desberdintasunak indartzen ditu —kolonialismoa, patriarkatua eta arrazakeria nabarmen—, etengabe berrelikatzen baitira. 

Gaur, gure kontsumo eredu europarraz hausnartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Gure pribilegioak beste herri batzuen esplotazioan oinarritzen dira, eta emakumeak* pobretzen eta hiltzen dituzten nagusitasun moduak sortzen dituzte. Ezin dugu onartu emakumeen* bizitzak patronalaren irabazi gosearen prezioa izaten jarraitzea. Apur dezagun indarkeria matxistaren adierazpen krudel hau. Gogoratu dezagun Rana plaza. Aitortzeko, justizia egiteko eta bermatzeko ez dela berriro gertatuko.

Maiatzaren Lehenaren atarian, inoiz baino gehiago aldarrikatzen dugu sindikalismo feminista internazionalista: bizitzaren gaineko irabazien aurkako gure borrokak bideratzeko, mundu osoan gure gorputzak eta lurraldeak urratu dituzten enpresa handiek egindako hamaika urraketen aurka.

(*) Eskerrik asko internazionalismoarekin konprometitutako sindikalista guztiei, Setem, Mugarik Gabe eta Emakumeen Mundu Martxako emakumeei*, urteetan egindako lanagatik eta errealitate hau mahai gainean eten gabe jartzeagatik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:02:45

[ARGAZKI GALERIA]: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan egindako 26 manifestaziotan

Eskualdez eskualde mobilizatu da sindikatua Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta.
00:13:27

Garbiñe Aranburu: “Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena”

Langileok eragin da aurtengo leloa. Eragiten ari gara. Gaur berriro Euskal Herri osoan kalean gara, eskualdez eskualde. Aipamen berezia Ipar Euskal Herriko gure kideei. Urteetako lan nekaezinak emaitzak eman ditu, eta intersindikaleko sindikatuekin batera Baionan eta Maulen ere mobilizatu gara.

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...