2024-05-22
Blog

Euskal hitzarmenen lehentasuna bermatuta, esparru propioaren eraikuntzan urrats gehiago eskatu ditugu

Aurreko erredakzioa hobetzeko LABetik egin genituen eskarietako batzuk aintzat hartu dira; ondorioz, Euskal Herriko langileek bertako hitzarmenen lehentasuna bermatu ahal izango dute.

GEspainiako Ministroen Kontseiluak bertako hitzarmenen lehentasuna ekarriko duen lege aldaketa adostu du. Ez da zerbait berria, 2023ko abenduko akordioa, beste neurri batzuen artean, Kongresuak atzera bota ostean orain onartuko baita. Orduan, testuaren erredakzioak zalantzak sortu zizkigun, herrialdeko hitzarmenen lehentasuna ezartzeko helburua lortuko ote zuen, eta aurrerapausoak onartu arren, ilunak ere bazituela esan genuen. Ondorengo hilabeteetan LABek interpelazio eta proposamen zehatzak helarazi ditu, bai Lan Ministerioari, baita alderdi politiko desberdinei ere, testu hori hobetzeko bidean jarriz. Orain, herrialdeko hitzarmenak blindatzeko erredakzio egokiago bat jasotzen duela ikusten dugu. Gure irakurketa kritikoak eta proposamenek ondorio positiboa izan dute, aurreko testuak izan zitzakeen ahulguneak hobetuz.

Euskal sindikalismoak urte luzez aldarrikatu duen afera da. Gure aldarrikapena da Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren eraikuntza, gure aldarrikapena bertako hitzarmen kolektiboak blindatzearen beharra. Bide horretan, balioan jarri beharra daukagu euskal langileriak marko propioaren defentsan eginiko ibilbidea eta borroka, baita euskal agente sindikal eta patronal anitzek 2017an erdietsiko akordio interprofesionala ere. Azken akordio hori historikoa izan zen, lurraldeko hitzarmenei lehentasuna ezartzea adostu baigenuen, bai esparru negoziatzailean zein legalean. Eta akordio hori izango da etorkizunean herrialdeko hitzarmenek lehentasuna izateko bermea ere.

Edonola ere, lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua ez da mugatzen bertako hitzarmenen lehentasuna berrezartzera: gaur onartuko dela iragarri duten neurriak 2012 aurreko egoera juridikora bueltatzen du negoziazio kolektiboa, alegia, 1994ean bertako esparruaren defentsan nazio manifestazioa egin genuenean indarrean zegoen estatusera. Eta orduan esaten genuen bezala, gure helburua ez da mugatzen Espainiako Langileen Estatutuak ezarritako jokalekuan bertako hitzarmenek lehentasuna izatera, baizik eta Euskal Herrian jokaleku berri bat ezartzera, Euskal Lan Kode baten bidez. Era berean, gure helburua ez da mugatzen Gizarte Segurantza kudeatzeko eskumena izatera, hori lehen urratsa da guretzat Euskal Gizarte Segurantza eratzeko ibilbidean. Horrenbestez, LAB beti egon da eta egongo da Euskal Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren defentsan, bertako hitzarmen sektorialen aldeko borrokan. Hain zuzen, ezinbesteko baliabide eta tresna baita bertako negoziazio esparruarena tokian tokiko egoera anitz eta propioari erantzuteko zein estatalizazioari eta zentralizazioari aurre eginez burujabetza esparru soziolaboralera eramateko.

Osakidetzako zuzendaritzak eta Osasun Sailak ikuztegiak publifikatzeari ekin behar diote, LABek lortutako EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren ondoren

Eskaera formal bat aurkeztu dugu Osasun Sailean, Osakidetzan ikuztegi lanak publifikatzeko behar diren elkarrizketei ekiteko asmoz.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak argi utzi zuen emandako epaian: Santa Marinako ikuztegia pribatizatzen jarraitzeko ahalegina bertan behera utzi eta 2008an sinatutako konpromisoa bete behar du Osakidetzak. Konpromiso horren arabera, pribatizatutako zerbitzuen kontratuak agortu ahala, bere gain hartu behar zituen Osakidetzak. 15 urte joan dira Osakidetzak konpromiso hori hartu zuenetik, baina epe horretan ez du deus ere egin, ezta akordioa aurrera nola aterako duen planifikatu ere.

Pribatizazioa eragotzi zuen KEAO Kontratuen inguruko Errekurtsuen Administrazio Organoaren lehen ebazpenaren ondoren, Osakidetzak errekurtsoa jarri zuen, agerian utziz akordioak betetzeko duen asmo eskasa eta pribatizatzen jarraitzeko duen intentzioa. Izan ere, Osakidetzaren zuzendaritzak azken hamarkada hauetan ikuztegietan lan egiten duten kategoriak pribatizatzeko apustu argia egin du.

Zuzendaritzak lan horiek pribatizatzen jarraitzeko erabiltzen dituen argudioen artean daude zerbitzua publifikatuz gero egin beharko lukeen “gastu” handia eta kontratatu beharreko langileen kopuru handia (Bizkaian bakarrik ehunka, zuzendaritzaren arabera). Ez gaitu harritzen, baina berriro salatzen dugu nola erabiltzen dituzten gastua bezalako terminoak akordio bat bete behar denean, eta nola erabiltzen duten inbertsioa terminoa erakunde edo enpresa pribatu batek parte hartzen duen lanetan.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak errefusatu egin zituen argudio horiek; izan ere, hitzarmenean hartutako konpromiso hura askatasunez sinatua izan zela argitu zuen, eta hitzarmena gauzatzeko inbertitu behar zen zenbatekoa sinatzeko unean aztertu beharreko gauza zela.

Garrantzitsua iruditzen zaigu zuzendaritzak horrelako pribatizazioetan erabiltzen duen argudioetako bat azpimarratzea: langileen espezializazio beharra. Argudio horrekin gure lankideen gaitasun eza ziurtzat jotzen dute. Osakidetzako profesionalek egunero erakusten dute bere gaitasuna, baita pandemia moduko egoera latzenetan ere. Agerikoa dirudiena zuzendaritzaren  gaitasun eza da, bai bere erantzukizunak onartzeko eta baita akordioak betetzeko ere. Egunero ikusten da argi zuzendaritzaren ezgaitasuna eta baita ere gure lankideen profesionaltasuna eta gaitasuna, mantenimendu, informatika, elektromedikuntza, garbiketa, ikuzketa, sukaldaritza, call-center eta bestelako hainbat zerbitzutan. Ezinbesteko zerbitzuak dira osasun-eredu integrala eta kalitatezkoa izateko, eta zuzendaritzak, bere pribatizazioekin, agerian uzten du bere gaitasun eza, edo are okerrago, interes orokorretik kanpoko interesak, lan horiek egiteko kualifikatutako milaka pertsonarekin egindako kontratazio-zerrendak baititu.

Dinamika horri aurre egiteko, gaur, LABek bilera-eskaera bat helarazi die Osasun Sailari eta Osakidetzako zuzendaritzari, osasun-arretan garrantzi handia duen ikuztegi zerbitzuaren publifikazioaz hitz egiteko.

Badakigu erronka handia dela, baina osasun publikoak goitik beherako aldaketa behar du “ez sanitarioak” deritzen kategorien kudeaketan, eta premiazkoa da horiek indartzea.

Konpromisoa, sinatuta

Langileak ditugu, kontratazio-zerrendak ditugu, aurrekontua dago, sinatutako konpromiso bat dago eta herritarrek osasun publikoa defendatzeko eta indartzeko eskatzen dute. Gaur, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai bat mahai gainean edukita, ulertezina litzateke zuzendaritzak ikuztegiko lanak pribatizatzen jarraitzeko estrategiara jotzen jarraitzea, eta are gutxiago zerbitzu publikoak indartzeaz hitz egin den hauteskunde kanpaina baten ondoren.

Plataforma Logistikoa bezalako azpiegituran egin duen bezela, zuzendaritzak argi uzten du behin eta berriz osasun inguruko jardueren ustiapena enpresa pribatuei oparitzeko duen grina (130 miloi, kasu honetan). Biltegietako langileek hamarkadak daramatzate lan hori aurrera ateratzen. Zuzendaritzak osasun-eredu klientelarra eta baztertzailea sendotu nahi du, eta bide horretan plantillaren % 15 pribatizazio arrisku zuzenean dago.

Une erabakigarri honetan, zuzendaritzak oso aukera argia du osasun-sistema publiko eta integral baten alde apustu egiteko edo zatiketaren eta pribatizazioaren alde jarraitzeko.

Horregatik guztiagatik, eta gogo onenarekin, LAB sindikatuak elkarrizketa bat irekitzeko eskatu du, Bizkaiko ikuztegiak publiko bihurtuko dituen egutegi/estrategia bat diseinatzeko eta gainerako lurraldeetan izan daitekeen publifikazioa aztertzeko.

Gasteizko Francisco Vitoria institutuan lan-osasun arloko prebentzioa bermatzeko exijitu dugu

Ikastetxeko langileek eta sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Gasteizko Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean. Hezkuntza Sailak eta ikastetxeko zuzendaritzak uko egin diote arrisku psikosozialen ebaluazioa egiteari.

Ikasturte hasieratik hainbat hilabete daramatzagu institutuan bizi den egoerari buruzko kexak jasotzen. Zuzendaritza-taldearen zati batek bere klaustroarekin tratatzerakoan eta eguneroko zereginak kudeatzerakoan erabiltzen duen gerentzia-modua da arazoaren funtsean dagoena. Gainera, lan-osasuneko prebentziorik eta arrisku psikosozialei buruzko ebaluaziorik eza kontuan hartuta, plantillako kide asko emozionalki eta lanaren aldetik eutsiezina den egoera batera eraman ditu, eta, kasu askotan, lanerako ezintasunera. Horregatik guztiagatik, gaur, 2024ko maiatzaren 20an, elkarretaratzea egin dugu Arabako hiriburuko Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean, norabide horretan neurri eraginkorrak eskatzeko.

Gasteizko IES Francisco de Vitoria BHI institutuko langileek aspalditik bizi dituzte egoera onartezinak, arestian azaldutakoari eta arrisku psikosozialen aurreko ebaluaziorik eta neurririk ezari lotuta. Langileen osasun mentalari eta emozionalari eragiten dioten muga-egoerak, gehienak behin-behineko langileak.

Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta haren hezkuntza-ikuskaritzak muzin egin diote egindako eskaerak betetzeari. Hezkuntza Sailak ezagutzen ditu gertakari horiek eta Institutuan bizi den errealitatea, baina ez du neurri sakonik aplikatu nahi, hala nola, langileentzat ikerketa erreal, objektibo eta segurua egitea eta lehen aipatutako arriskuen ebaluazioa. Horrek agerian uzten du Hezkuntza Sailak ez duela konpromisorik langileen lan-osasunarekin.

Zentzu horretan, azken hilabeteetan egindako lanketaren parte bat sinadura bilketa izan da. Hala, 50 langile baino gehiagok Hezkuntza Sailari lan osasuna bermatzeko behar diren neurriak ezartzeko exijitzen zion dokumentua sinatu dute. Francisco de Vitoriako langileen zati nabarmen bat da hori. Gainera, gaur egun institutuan lanean dauden eta iraganean lan egin duten pertsona askoren testigantzak ditugu. Argi dago beraz gatazka hau ez dela aurtengoa soilik eta lehenbailehen neurriak ezarri behar direla.

Gauzak horrela, elkarretaratzea egin dugu ikastetxean bizi den prekarietate-egoera salatzeko. Arrisku psikosozialak berehala ebaluatzea eta lan-giroa hobetzeko neurri egokiak hartzea eskatzen dugu. Langileen mobilizazioa bultzatzen jarraituko dugu, guztion lan-osasuna bermatzeko.

Bizkaiko kiroldegi eta kirol zelaietako hitzarmena sinatzea #LortuDugu

35 orduko lanaldiaren aldarrikapen historikoa eskuratu ahal izan dugu.

Ia bi urteko negoziazioaren eta 20 greba egunen ondoren, aurreakordioa lortu da. Egindako borrokari esker, 35 orduko lanaldiaren aldarrikapen historikoa lortu dute langileek. Soldata igoerei dagokienez, iraunaldian zehar lanorduak, gutxienez, %20,8 egingo du gora.

Borrokak merezi duela argi geratu da berriz ere. Aurreko negoziazioan bezala, sektorea antolaketa eredu izan da, eta horrek uzta oparoa ekarri du. 20 greba egunen ostean, aurreakordioa lortu da gaur.

Oinarrizko aldarrikapena, 35 orduko astea (68 orduko jaitsiera) lortu egin da, 1710 orduetatik 1592era pasaz. Kiroldegiena bezain sektore partzializatu batean, izugarrizko aurrera urratsa da hau, eta lanordua izugarri birbalorizatzen du. Adostutako soldata igoerez gain, soldata handiagoarekin, ordu gutxiago lan egingo direla aintzat hartu behar dugu. Kontratu gehienak ordu gutxikoak izanik, berebiziko garrantzia du honek. Gainera, LABen erronka nagusietakoa zaintza eta bizitza erdigunean jartzea izanik, lanaldi murrizketa ezinbestekoa da bide horretan.

Soldata igoerei dagokienez, azken urteetan sinatu diren hitzarmenen aldean, eskuratze ahalmenaren berreskuratze handia du: aurreikusitako atzerapenez gain, 2024ko abenduaren 31n egingo den KPIaren errebisioaren bidez, soldatak azken urteetako KPIra eguneratuko dira. Era berean, bi urtero errebisioak egingo dira, igoerak azpitik baleude, eskuratze ahalmena eguneratzeko.

Eduki berriak ere sartu dira hitzarmenean; besteak beste, igandeetan lan egiteagatik konpentsazio plusa, ultraaktibitate mugagabea, gaueko plusa, nominen erregulazioa edota erretiro behartua. Bestalde, sektoreak aspalditik arrastaka dakartzan hainbat kontu hurrengo hilabeteetan itxi ahal izateko negoziazio batzordeak sortzeko konpromisoa lortu da, tartean, kategorien funtzioen argipenak.

Hau dena borrokak egin du posible, CEBEK patronala posizio hauetatik erabat aldentuta baitzegoen negoziazioaren hasieran, eta mugimenduak oso geldoak izan dira. Zentzu horretan, sektoreko langileen irmotasuna funtsezkoa izan da, grebek jarraipen zabala izan baitute.

Europar hauteskundeen atarian mobilizazioei berrekingo diegu Bizkaiko Correosen

Bi asteko etenaldiak eta gero, maiatzaren 16an, enpresak Bizkaiko Correos posta zerbitzuko sindikatu guztiei bilera batera deitu gintuen, mobilizaioei buruz hitzegiteko. Hauteskundeetarako kontratazioa askoz mugatuagoa izango dela helarazi zigun (EAEko hauteskundeetarako zegoen dirua, oraingoan estatuko ipar-zonaldeko beste hamar probintziekin elkarbanatuko da, hau da, minimoetan egongo gara). Eta udari begira, egoera berdinean egongo gara. Ez dituzte beteko oporretan dagoen lankideen lanpostu asko, beste langileen gain utzita lan guztia (errekargo gehiagorekin).

Orain hauteskundeak direla eta, boterea eta presioa erakutsi behar dugu. Orain da momentua, eta guztion indarra behar dugu. Lankide guztion interesa da: Posta Zerbitzu Publikoa defendatu, lan baldintza duinak guztiontzat, Posta Zerbitzu Unibertsala. Guzti hau bete dadin, behar beste baliabide jarri behar dira.

Kontratu mugatuekin, lanpostuak bete barik, erakundearen partetik erabaki ulertezinak momentu oro (unitateetan milaka jakinarazpen geldirik) eta arduradun batzuk lankideak morroi bihurtzen… gaizki gabiltza! Boterea eta indarra langileok daukagu, guk daukagu, eta orain da momentua borrokatzeko, gure eskubideak defendatzeko eta berreskuratzeko: ordu estrarik ez, ordu osagarririk ez, Correosen morroirik ez.

Greba batean, ordu estrak legez kanpokoak dira. Lan ikuskaritza abisatuta dago arazo honen gainean egongo garela eta norbait ausartzen bada ordu estrak egiten, salaketak jarriko dira (asteburuetan barne).

Greban dagoen lankide baten lana ezin du inork atera, eta horren gainean egongo gara, greba eskubidea berma dadin.

Horrez gain, mobilizazioak antolatu ditugu datozen egunotan:
– Maiatzak 31: Manifestazioa Bilboko Urkixo kaleko Correosen egoitzatik, 12:00etan
– Ekainak 3-4-5: Elkarretaratzeak Bilboko Urkixo kaleko Correosen egoitzaren aurrean, 12:00etan

Langileen prekaritatea oinarri duen egoera sozioekonomikoa finkatzen ari da

Bizi baldintzen okertze estrukturala esparru ezberdinetan gauzatzen ari da, Ipar Hegoa fundazioak Ikusmiran argitalpenaren 18. alean jasotako datuek erakusten dutenez.

Euskal Herriko egoera soziekonomikoa aztergai izan duen 18. Ikusmiran kaleratu berri du Ipar Hegoa fundazioak. Azterketaren ondorio nagusia da langile klasearentzat prekarietateak zeharkatzen duen eredu ekonomikoa finkatzen ari dela, egiturazkoa bilakatzen eta denboran iraun dezan sendotzen.

“Ezegonkortasun handiko testuingurua da bizi duguna”, azaldu du ikasketa sindikaletarako fundazioko Edurne Larrañagak: “Interes geopolitikoek bultzatuta, munduko txoko ezberdinetan gerrak piztuta jarraitzen dute, herritarron bizitzak baldintzatuz. Aurreikuspen ekonomikoek hazkundea nahiko txikia, ezegonkorra edo hauskorra iragartzen dute, edozein gora beherek alda dezaketena”.

Datu makroekonomikoetan aurkezten zaigun hazkuntzak, kezkagarriak diren hainbat adierazle sozioekonomikoren hazkuntza dakarte, herritar zein langileriaren bizi baldintzak okertu eta langileriaren pobretzerako oinarri estrukturalak jartzen dituztenak. Kezkatzen gaituzten adierazleok Euskal Herriko ekonomia eredua finkatzen dute. Izan ere, langileen bizkar sortzen den aberastasuna gutxi batzuen poltsikoetan metatzen da. Kezkarako beste elementu bat da, Larrañagaren esanetan, hazkunde ekonomikoaren paradigmak ez duela naturarekiko harremana aztertzen edota eguneroko jarduera ekonomikoak naturan duen inpaktua neurtzen.

1) Hazkunde ekonomikoa ez dator bat herritarron bizi kalitatearen bilakaerarekin

  • Soldatek BPG-ean duten pisua nabarmen galdu da…
  • … aldiz, mozkinen pisuak gora egin du eta kapitala aberasten ari da.
  • Politika fiskalaren bidez, ez da aberastasuna birbanatzen eta langileak gara funts publikora gehien bideratzen dugunok. Soldaten garapena eta IRPFren garapena ia berbera izan den bitartean, kapital errenten irabazien maila berean ez da handitu sozietateen zerga.

2) Beraz, hazkunde ekonomikoa ez da eredu sozioekonomikoaren osasunaren adierazle.

  • Hazten ari den ekonomia eredua zerbitzuak sektorean oinarrituta dago. 2008.urtetik zerbitzuek BPGean duten pisua %6,24 handitu da, industriak zein eraikuntzak galera izan duten bitartean. Afiliaturiko langileen %73,43a zerbitzuak sektorean dago kokatua.
  • Natura zein herritarron ongizate zein bizi kalitatearentzat jasanezina den ekoizpen zein kontsumo eredua sustatzen du kapitalismoak. Euskal Herriko BEG isurketa biztanleko, mundu mailako balioak gainditzen ditu.

3) Ehun ekonomikoaren bilakaerak, ekonomia ereduaren aldaketaren norabidea zertzelatzen du: pribatizazioa eta lan baldintzen (soldaten) okertzea

  • 2012an baino 24.299 establezimendu gutxiago daude, tamainaren arabera igo diren bakarrak 200 soldatapekotik gorakoak izan direlarik.
  • Herri garapenarentzat gakoak diren sektoreetan establezimendu galera nabarmena egon da. Pribatizazio prozesuek edota zerbitzu publikoen kalitatearen galerak zerikusia izan dezakeelakoan, oinarrizko eskubideei loturiko establezimenduek egin dute nabarmen gora.
  • Zerbitzuak sektorea da lan baldintza prekarioak nagusitzen den sektorea, non afiliaturiko langileen gehiengoa bertan dagoen kokatua.

4) Enplegu prekarioa, lan merkaturako igarobidea egiten duten eta egoera zaurgarrian dauden herritarrentzat errezeta

  • Sortzen ari den enplegua prekarioa da. Aldizkako kontratu finkoak bikoiztu egin dira, esaterako. Ikusteke dago azken hilabetean behin behineko kontratuek izan duten igoera joera bilakatzen ote den.
  • Erregistratutako langabeziak gora egin du azken urtean, azkenaldiko joera kontrakoa izanik, eta langabezia tasak behera, baina kopuru absolutua ez da jaitsi.
  • Egoera zaurgarrian dauden langileek (25 urtetik beherako gazteak, emakumeak, langile migratuak…) prekarietate handiagoa dute: langabezia tasa altuagoak, lanaldi partzialak, aldizkako kontratu finkoak…

5) Herritarren arteko ezberdinkeriak gero eta sakonagoak dira, aberastasunaren birbanaketa orekaturik gabe

  • Energia-ekoizpen enpresa handien irabaziak handituz doaz, baina funts publikoetara ez dute gehiago bideratzen, ezta langileon soldatatara ere ez. Inflazio garaietan, non elektrizitate, gas edota besteko erregaien garestitzeak bizi unitateen gastua baldintzatzen ari den, elektrizitate-ekoizpen enpresa handiak izugarrizko irabazi garbiak lortzen ari dira, 2021.urtetik esponentzialki gorantz doazenak. Langileen soldatatara bideratzen duena, ordea, ez da irabazi garbietara bideratzen duenarekin inondik inora proportzionala.
    • IBERDROLAk %5,53 handitu zituen irabazi garbiak 2023.urtean. Fakturaturiko 100€ bakoitzeko, 5,6€ bideratzen ditu langileen soldata ordaintzeko eta kopuru bikoitza dira irabazi garbiak. 2021 eta 2023 urteen artean %23,43 handitu zituen Iberdrolak irabazi garbiak, inflazioarekin negozioa eginez, herritarron elektrizitate fakturen garestitzearen ondorioz
  • HEHaren presio fiskala handitzea posiblea da, zerga politikaren iruzurrak gaindituz (legea betez), herritarrok gehiago ordaindu gabe, enpresa handiei dagozkien zergak ordainduko balituzkete. Izan ere, Hego Euskal Herriko presio fiskala, Europar Batasunekoa baino 8,6 puntu baxuagoa da.

6) Bizitzaren garestitzeak zuzenean eragiten dio egoera zaurgarrian dauden herritarrei. 2023.urtean Hego Euskal Herrian 457.129 herritar zeuden pobrezia eta bazterketa sozialerako arriskuan

  • Oinarrizko elikagai eta edari ez-alkoholdunen prezioak gora egiten jarraitzen du eta KPI orokorra baino altuagoa da.
  • Gero eta herritar gehiago daude egoera zaurgarrian, “aurreikusi gabeko gastuei aurre egiteko ezintasunarekin” EAE zein Nafarroa Garaian.
  • EAE-n mantenu pobreziak gora egin du %28,07 2008.urtetik. Bestetik, biztanleria pobreenaren bataz besteko diru sarrerak %15,4 jaitsi ziren 2022an, aberatsena den biztanleriaren batezbesteko diru sarrerak %4,2a jaitsi diren bitartean. Bi datuok erakusten digute zaurgarritasun egoerek herritarren artean izaniko zabalpena.

7) Ibilgailu pribatuarekiko menpekotasun sozial eta ekonomikoa sortzen duen mugikortasun eredua nagusi Euskal Herrian, garraioa izanik BEG isurketa gehien sortzen duen sektoreka.

  • Nafarroa Garaian, BEG isurketak %12 igo dira. EAE, aldiz, %15a jaitsi arren, legeak aurreikusitakoa betetzetik urrun kokatzen da (2023rako %32ko BEG isurketen murrizketa).
  • BEG isurketa gehien egiten duen jarduera sektorea garraioa da. Bada, EAEn 2008.urtetik garraioak sortzen dituen BEG isurketak nabarmen igo dira.

EH Bildu eta Sumar alderdiei kongresuan emendakina aurkezteko eskatu diegu, sektore publikoko soldata eta enplegua EAEn negoziatu daitezen

Estatuko azken hauteskundeetan EAEn ordezkaritza lortu zuten alderdi politiko guztiei sindikatuek egindako gonbidapenaren ondorioz egin dira gaurko bilerak. Gainerako alderdi politikoek gonbidapena ez onartzea edo erantzun ere ez egitea erabaki dute.

Gaur, Bilbon, LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuek deitutako aldebiko bilerak egin dira, Madrilgo Diputatuen Kongresurako deitutako azken hauteskundeetan EAEn ordezkaritza lortu zuten alderdi politikoekin. EH Bilduko eta SUMAReko ordezkariek parte hartu dute aldebiko bileretan. EAJ-PNVk gonbidapenari uko eginez erantzun duen bitartean, PODEMOS, PP eta PSEk erantzun ere ez dute egin.

Bilera horietan, sindikatuok EAEko sektore publikoko azken greba-egunetik hartutako erabakiei eta egoerari buruzko irakurketa helarazi diegu. Gainera, gonbite bat egin diegu bi alderdi politikoei: Madrilgo Diputatuen kongresuan zuzenketa edo emendakin bat
aurkezteko. Emendakina onartuz gero, gure herrialdean euskal sektore publikoko 150.000 langile baino gehiagoren enplegua eta soldata hemen erabakitzea ahalbidetuko litzateke.

Sindikatuok EH Bildu eta SUMAR alderdiei eskatu diegu euren botoak Madrilen erabil ditzatela sektore publikoko langileen lan-baldintzak hemen negoziatu ahal izateko. Hamarkada bat baino gehiago da Madrilek, aurrekontu legeen edo antzeko legeen bidez, esparru publikoko sektore guztietako soldaten eta enpleguaren arloko negoziazio kolektiboari betoa jartzen diola. Bada, sindikatuok bi alderdi horiei eskatu diegu beto hori ez dezatela normaltzat jo eta ez dezatela sustatu (kasu honetan Sumarrek egin bezala). Autogobernua defendatzeko eta beraien botoak erabiltzeko eskatu diegu, bereziki baliotsuak diren une honetan, gure sektore publikoaren soldata eta enplegu-beharrak hemen negoziatzeko, 80ko eta 90eko hamarkadetan egiten zen bezala. Borondate politikoa baldin badago, posible da.

Bestalde, bilerara etortzeko gonbidapenari uko egin dioten alderdiei aipaturiko emendakina bidaliko diegu. Eta emendakinarekin batera, alderdi politiko horiekin biltzeko borondatea berretsi dugu, eta hala egiteko gonbidapena luzatuko diegu, nahi duten formatuan eta lekuan biltzeko borondatea adieraziz, helburu argi batekin: alderdi politiko horiek euskal sektore publikoko lan-baldintzak eta enplegua gure herrian erabakitzeko aldarrikapena bere egin dezatela eta beraien botoak ere erabil ditzatela autogobernua defendatzeko eta betoarekin amaitzeko.

Azkenik, sindikatuok elkarretaratzeak egingo ditugu maiatzaren 27an. Bata EUDELen aurrean izango da, 10:30ean, eta bestea Eusko Jaurlaritzaren aurrean, 11:30ean. Hala, euskal erakundeei eskatuko diegu Espainiako Gobernuaren azpiordezkaritza huts gisa funtzionatzeari utz diezaiotela, beren eskumenak erabil ditzatela, zerbitzu publikoak indartu ditzatela, pribatizazioak alde batera utz ditzatela, enplegu publikoa sor eta finka dezatela eta euskal herritarrei kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak bermatzen dizkieten langile publikoen lan-baldintzak hobetu ditzatela.

Rafahko sarraskiaren eta palestinar herriaren aurkako genozidioaren aurka atera gara kalera

Eguerdian elkarretaratze jendetsuak egin ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan, S.O.S. Rafah. Genozidioa STOP lelopean, gehiengo sindikal zabalak deituta.

LAB, ELA, CCOO EUSKADI, CCOO NAFARROA, UGT EUSKADI ,ESK, CGT LKN, STEILAS, SOLIDARI, EHNE NAFARROA, ETXALDE eta HIRU sindikatuok egin dugu deialdi bateratua, Israelen giza-eskubideen urraketak berehala gerarazi behar direla exijitzea xede izan duena.

LABen izenean Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo koordinatzaile orokorrek hartu dute hitza Bilbon eta Iruñean, hurrenez hurren. Bada, nabarmendu nahi izan dute egoeraren larritasunaren aurrean ia sindikatu guztiok bat egin izana: “Ados jarri gara Israelen barrabaskeria hau amai dadila eskatzeko; ados jarri gara Palestinan gauzatzen ari den okupazio ilegalari amaiera jarri behar zaiola eskatzeko”.

Hala, Israelen inpunitatearekin bukatu beharra azpimarratu dute koordinatzaileek, baita armak bidaltzeari utzi egin behar zaiola ere. “Euskal instituzioei eta patronalari eskatzen diegu eten ditzatela Israelekin dituzten harreman komertzial, ekonomiko eta bestelakoak”. Hala, mobilizatzen jarraitzeko asmoa iragarri dute LABeko koordinatzaile orokorrek, eta langileei dei egin diete protesta ekimenetan parte hartzeko.

Hiriburuetan ez ezik, hainbat eta hainbat lantokitan ere mobilizatu gara gaurko egunez Palestinari elkartasuna adierazteko asmoz.

Lantegiz lantegi zabaldu dugu Palestinan genozidioa geldiarazteko aldarria

S.O.S. Rafah, genozidioa STOP lelopean gaurko deitutako ekimenen baitan, Euskal Herriko hainbat eta hainbat lan-zentrotan palestinar herritarrekiko elkartasuna zabaldu eta Israelek aurrera daraman genozidio ankerra berehala geldiarazteko exijitu dugu.

Palestinako sindikatuek eginiko eskakizunei jarraikiz, langileok Palestinarekin gaudela erakusteko ekimena izan da gaurkoa, milaka palestinar beren herri eta etxeetatik bortizki kanporatu zituen Nakbaren 76. urteurrenaren aste berean eta Rafahko erasoaldian Israelen asmo genozidak bere gordinenean ikusten ari garen honetan.

Bada, lantegietan elkartasuna erakusteaz gain, gaur eguerdian Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizazioak egingo ditugu gehiengo sindikalarekin batera, bortizkeria eta giza-eskubideen aurkako urraketa larria deitoratzen dugula erakutsi eta Israelek sarraskia gelditu behar duela ozen oihukatzeko.