2024-05-27
Blog

Bizkaiko ostalaritzan akordioa #LortuDugu: erronda hau beraien kontu!

Soldatak desizozteaz gain, sektoreko urraketak, iruzurrak eta gehiegikeriak oztopatzen dituen akordioa lortu du LABek. Sektore gutxitan gertatzen dira honetan adina irregulartasun eta iruzur; hori dela eta, hitzarmena baldintzak erregularizatzeko tresna izan behar da, eta hori izan da bere lehentasuna negoziazio honetan.

Bizkaiko ostalaritzako hitzarmena 2019az geroztik berritu gabe zegoen. 2020an, ELAk, CCOOk eta UGTk -sindikatu guztiek, LABek izan ezik- akordio bat sinatu zuten patronalarekin, soldatak izoztea onartzeko.

Joan den ikasturtean negoziazioari ekin zitzaion berriro, eta sindikatuek mobilizazio bateratuak hasi zituzten Frantziako Tourraren testuingurua aprobetxatuz. Ikasturte honetan bertan hainbat greba eta ekintza egin dira, eta gainerako sindikatuek mobilizazioak uztea erabaki dutenean, LABek bere kabuz mobilizatzen jarraitu du.

LABek egin du posible akordioa; izan ere, ordezkaritzaren gehiengoa ez badugu ere, gainerako sindikatuek ostalaritzako sektoreko hitzarmenaren alde egin duten apustua bigarren mailakoa izan da. Mobilizazioari dagokionez ez ezik, sektorearen prekarietatea mugatzeko proposamenak negoziazio-mahaira ekartzeko erantzukizunari dagokionez ere bai.

CCOOk eta UGTk, berriz, Estatuko hitzarmen espezifikoagoak sinatu dituzte, hainbat kolektibo Bizkaiko ostalaritzako hitzarmenetik atera eta prekaritatera kondenatzen dituztenak, hala nola Sukaldaritza Modernoko (janari azkarra zerbitzatzen duten kateei dagokiena) eta Estatuko Kolektibitateetako hitzarmenetara. ELAk, bere aldetik, sektoreko hitzarmenaren negoziazioa eta borroka puri-purian zegoela, enpresa-hitzarmenetarako negoziazioak ireki ditu plantilla indartsuenak dauden tokietan, eta gainerakoak alde batera utzi ditu. Non eta plantilla gehienak oso txikiak diren eta ordezkaritza sindikala lortzeko eta beren hobekuntzen alde borrokatzeko aukerarik ez duten sektore honetan. Horregatik, LABek Bizkaiko Ostalaritzaren sektoreko hitzarmenaren aldeko apustua egin du, sektoreko langile guztientzat baldintza duinak bermatzen dituen bakarra delako.

Akordioak azken urteetako KPIa berreskuratzea bermatzen du, maiatzetik soldatari aplikatuz, eta hurrengo urteetarako igoeretan KPIa zuzenean soldatan bertan (ez berrikuspenen bidez indarraldian edo indarraldiaren amaieran) bermatzen duen hitzarmen sektorial bakanetarikoa da.

Lanaldiari dagokionez, 4 orduko murrizketa lortu da, eta gutxieneko lanaldi bat ezartzen da aldizkako finko partzialentzat: astean 10 ordu kolektibitateetan eta egunean 4 ordu gainerako ostalaritzan. Orduak betetzen ez badira, soldata lanaldi horri dagokiona izango da.

LABen bereziki borrokatu gara hitzarmena langile gehiagoren aterkia izan dadin:

  • Sukaldaritza modernoa: 2022an CCOOk eta UGTk janari azkarreko kateetarako Estatu mailako hitzarmena sinatu zuten. Horrek ekarri zuen kate hauetan lanaldia igotzea eta soldata ia Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren parera jaistea, gainerako baldintzak aipatu gabe. Hemen sartuta, Bizkaiko ostalaritzako hitzarmena aplika diezaieten bidea has daiteke.
  • Rider-ak: Hau izango da euren hitzarmena, eta gainera 60 euroko arrisku-plusa jasoko dute.
  • Kolektibitateak: Autonomia Erkidegoko Kolektibitateen Hitzarmen bat negoziatuz gero, honek lehentasuna izango luke Estatukoaren eta Bizkaiko Ostalaritzakoaren aurrean, jangeletako langileek beti aldarrikatu izan duten bezala.
  • Nahitaezko fitxaketa elektronikoa enpresa guztietan. Sektore honetan fitxaketa mitoa da oraindik, eta tranpekin egiten da. Fitxaketa-sistema elektronikoen bidez, aparteko orduen erabilera, gehiegizko lanaldiak, nahitaezko atsedenak eta abar errazago kontrola daitezke.
  • Aldizkako kontratu finkoak erregularizatzea, iruzurrak saihesteko, horien erabilera mugatzeko eta gutxieneko lanaldia igotzeko. Askotan iruzurrez erabiltzen dira, eta araurik ezak abusuak errazten ditu. Bada, halakoak erabil daitezkeen kasuak mugatzen ditu hitzarmenak, deialdia arautzen du, lanpostu huts arruntetarako lehentasunak, gutxieneko lanaldia ezarri…

Lanean jarraituko dugu Barakaldoko zerbitzu publikoak indartzeko akordioak lortzeko eta bertako udal-langileen lan-baldintzak hobetzeko

Barakaldoko Udaleko LABeko atal sindikalak udal aurrekontuen aurkako alegazio sorta aurkeztu du, baina gobernua osatzen duten bi alderdiek, EAJk eta PSEk, ez dituzte aintzat hartu. Alegazio horiek zuzenean lotuta daude zerbitzu publikoak mantentzearekin eta horiek aurrera ateratzen dituzten udal-langileen lan-baldintzekin.

Barakaldoko EAJk nahiago izan du atal sindikal honi izen ona kentzea LABek planteatzen dituen premiazko gaiei heltzea baino. Sindikatu honi aurrekontuari alegazioak aurkezteko legitimaziorik ez izatea aurpegiratzen dion EAJ hori bera da negoziazio-mahaian sindikatuekin lortu dituen akordioak behin eta berriz urratzen dituena. EAJ bera da osoko bilkuraren betebeharrak betetzen ez dituena, hala nola lanpostuen balorazioarena, udal langile gehienei eragiten diena; edota Garbiketa Zerbitzuko lankideei aldagela duina emateko betebeharra urratzen duena, sindikatu hau izanik udalarena den betebehar hori Lan Ikuskaritzari betearaztera eskatu behar diona.

Guztiz inkoherentea iruditzen zaigu udal gobernuak sindikatu honi alegazioak aurkezteko zilegitasun falta alegatzea, udalerriko edozein bizilagunek ez ezik, sindikatuok legez aitortuta daukagunean horretarako zilegitasuna.

Aurrekontuen negoziaziorik eza alboratzen duen udal-gobernuaren kasketa bat bezala ulertu behar dugu bere jarrera; behin-behinekotasuna % 8tik behera murrizteko partida espezifikorik ez izatea eta lege-eskakizun horren ondoriozko egonkortze-prozesuak burutzeko partida espezifikorik eza alde batera uzten dituena. Era berean, aurrekontu horiek ezkutatu egiten dute lanpostuen balorazioa ezartzeko partidarik ez dagoela. Aurrekontu horiek ez dute partida espezifikorik aurreikusten Udalaren II. Berdintasun Plana betetzeko, ez langileen Formakuntzarako, ez Clara Campoamor Kultur Etxea edota Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren (HAZ) bulegoak birgaitzeko, ez eta udaletxeko 1. solairua klimatizatzeko ere.

Argi eta garbi kritikatzen dugu udal-gobernu honek aurrekontuekin aurrera egin izana, ez baitu borondate politikorik udal-langileen ordezkariekin konpromisoak hartzeko. Udal aurrekontu horrek gabezia asko ditu eta hori nabarmendu nahi izan du LABek alegazioak aurkeztean.

Horregatik, LABetik udal-gobernuaren betebeharren aurrean erne egongo gara, gobernu-talde honek hartutako konpromisoen gainean duen arduraren gaineko kontrola gauzatuko dugu, eta lanean jarraituko dugu udal-langileen lan-baldintzak hobetzeko eta, batez ere, udalerri honetako zerbitzu publikoak indartzeko akordioak lortzeko.

Gipuzkoako egurgintzan hitzarmena #LortuDugu

Besteak beste, soldatak KPIari lotzea dakar itun berri honek. Historikotzat jotzen dugu, 20 urte baino gehiago igaro baitira azkenengoz berritu zenetik.

Gaur 2003tik berritu gabe egon den Gipuzkoako Egurgintzako hitzarmena sinatu du LABek Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan. Akordio honek sektoreak urtetan jasan duen prekarietateari mugak jartzen dizkio eta urte luzetan eguneratu gabe eduki dituzten lan baldintzetan aurrera pauso nabarmenak bermatuko dizkie langileei.

Akordioaren eduki nagusiak honako hauek dira:

  • Indarraldia: 2024-2027
  • 2003–2023 urteetako KPI guztien batuketarekin eguneratuko dira taulak. Hau da, %42,6-ko egokitzapena izango dute.
  • Eguneraketa hau egin ondoren, urtero KPIaren arabera igoko dira soldatak.
  • Lau orduko lanaldi murrizketa: 2 ordu 2025ean eta 2 ordu 2026an.
  • Testu guztiak eguneratu dira gaur egun indarrean dagoen arautegira: baimenak, kontratuak…

Akordio hau LABek sektorean egindako lan eta borrokari esker lortu da, patronalak urte askotan ukatu duen akordioa sinatzea lortu delarik. Nahiz eta akordioak sektoreko langileen egoera nabarmen hobetu, bidea ez da hemen bukatzen, eta LABek langileen ondoan jarraituko du sektoreko beharrei erantzuna emanez.

Euskal erakundeei eskatu diegu zerbitzu publikoak indartzeko eta Espainiari men egiteari uzteko

LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuok elkarretaratzeak egin ditugu EUDEL eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean langile publikoen enplegua eta soldatak hemen erabaki daitezen aldarrikatzeko.

Gaur, maiatzak 27, astelehena, LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuetako ordezkariok bi elkarretaratze egin ditugu Bilbon. Lehena EUDELen ( Euskadiko Udalen elkartea) aurrean eta bigarrena Eusko Jaurlaritzaren aurrean.

Elkarretaratze hauetan salatu nahi izan dugu euskal erakundeak (Eusko Jaurlaritza eta udal eta foru aldundiak) Espainiako Gobernuaren azpiordetza huts gisa bezala funtzionatzen ari direla azken urteetan eta horrek ondorio larriak ekarri dituela langile publikoen lan eta bizi baldintzetan eta baita ere euskal herritarrek jasotzen duten zerbitzu publikoen kalitatean.

Hau honela, sindikatuok euskal erakundeei eskatu diegu autogobernua eta eskumenak defendatu ditzatela, zerbitzu publikoak indartu ditzatela eta langile publikoen enplegua eta soldatak hemen erabakitzeko pausoak eman ditzatela.

Azken astean, sektore pribatuan Hego Euskal Herriko hitzarmenak lehentasuna izateko pauso garrantzitsuak eman diren honetan, sindikatuok sektore publikoen langileen lan baldintzak hemen negoziatzeko eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu nahi dugu.

Bestetik, eta bide horretan joan den astean alderdi politikoekin hasitako errondarekin jarraitzeko, gaur bertan Podemos-Ahal dugu alderdiarekin bilduko gara. Bertan, aldez aurretik beste alderdi politikoekin egin bezala, emendakina aurkeztu eta Podemos- Ahal dugu alderdiari eskatu diogu euren botoak erabili ditzatela Madrilen, euskal sektore publikoko langileen lan-baldintzak hemen negoziatu ahal izateko eta Madrilek ezartzen duen betoarekin amaitzeko.

Bukatzeko, sindikatuok helburu hauek lortu arte borrokatzen jarraitzeko asmoa berretsi dugu.

Aurreakordio historikoa #LortuDugu Katea Legaia enplegu zentro berezian

Hainbat hilabetez negoziazio mahaian eztabaidatu ondoren, datozen hiru urteetarako aurreakordioa erdietsi dute LABeko ordezkariek Katea Legaia taldean.

Akordio historikoa da lortutakoa. Izan ere, urte bakoitzean KPItik gorako puntu erdiko igoerak bermatuko ditu datozen hiru urteetan, eta, horrez gain, LABek aspalditik mahai gainean jarritako beste hainbat hobekuntza ere jasota geratu dira; hala nola, txandakotasun plusa, prima finkatzeko bidea, pertsonen narriaduragatiko aldagaia bermatzea eta beste zenbait hobekuntza sozial.

Enplegu zentro berezietako hitzarmen onenetako bat da lortutakoa, eta, orain, bide horretan sakontzea izango da LABen erronka. Aniztasun funtzionala duten langileen lan baldintzak hobetzeaz gain, borroka hau sektoreko enpresa desberdinekin sareak osatzean oinarritzen da. Horrenbestez, bihartik aurrera ere borrokan jarraituko du LABek, gisa bereko hobekuntzak lortzeko.

Iruñea-Tuterako San Juan de Dios ospitaleko langileek ez dute “low cost” langileak izaten jarraitu nahi

Mobilizazioa egin dute Iruñeko Udaletxe plazan, zuzendaritzari negoziatu dezala eskatzeko. Enpresa-batzordeak 5 hilabete daramatza 2022ko abenduan bukatu zen hitzarmen kolektiboa berritu nahian. Soldata duinak eskatu ditu, bizitzaren garestitzearen eta KPIaren arabera eguneratutakoak.

Negoziazioa oso konplexua eta zaila gertatzen ari dela salatu du enpresa-batzordeak, “oztopo bat bestearen atzetik”. Hilabete hauetan, Giza Baliabideen burua eta Pertsonen eta Balioen arduraduna ez dira eskura egon, negoziazioak eten egin dira, eta orain zentroko zuzendaritzak oso jarrera itxia hartu du. Horren ondorioz, zenbait mobilizazio egin behar izan dituzte langileek, eta gaur, Udaletxe plazan elkarretaratzea egin dute, egoera jendaurrean salatzea beste aukerarik ez dutelako ikusten.

Enpresa batzordeak salatu du zortzi urte daramatzala zuzendaritzaren aitzakia berdinak entzuten: “Ez dago itunik Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin. Osasunbideak ez ditu tarifak eguneratzen. Osasunbideak oso gutxi ordaintzen du”.

Langileek adierazi dute, osasun arloko profesionalak diren aldetik, erabateko dedikazioarekin atenditzen dituztela herritar guztiak. Eta halaxe segitu nahi dutela, “baina asko lan egiteaz eta gutxi kobratzeaz nazkatzen hasi gara”, gaineratu dute.

Zehaztu dute hiru legegintzaldi igaro direla, kolore bateko eta besteko gobernuak pasa direla, eta ez direla gauza izan hitzarmen edo itun serio eta iraunkor bat arautzeko. “Batzuk eta besteak erkidego honentzat funtsezkoa eta beharrezkoa den osasun arretaren kontura aberasten dira bidegabeki. Eta horrekin ere nazkatzen hasi gara”, gaineratu dute.

Nazkatuta daude ikusten dutelako azken urteotako gobernuak eta zentroko zuzendaritza ez direla gai aspalditik agintzen dieten akordioa adosteko eta aurrera eramateko.

Nabarmendu dute egoera horretan, eurak direla pagaburuak, San Juan de Dios ospitaleko zuzendaritzaren gaitasun eta interes falta ordaintzen dutenak. Egunero-egunero eta urtero-urtero artatzen dituzte pazienteen beharrak, euren bizkarren gainean motxila handi bat dutela. Pazienteen % 95 osasun sistema publikotik datozela gaineratu dute.

Osasunbidearen marka zuria izateaz nazkatuta daudela adierazi dute. “Sektore publikoarekin konparatuta, jasaten dugun soldata-arrakala izugarria da, eta gero eta handiagoa izanen da”, gaineratu dute. Soldatak KPIaren arabera igotzea eskatzen dute, gero eta pobreagoak ez izateko, baina enpresak tinko segitzen du proposamen guztiei atea itxiz.

Salatu dute gauza bat edo bestea dela, 8 urte daramatzatela egoera berean. Eta gaineratu dute poz handiz ospatuko dutela Sanferminetako Txupinazoaren jaurtiketa, sinatutako hitzarmen on batekin iristen badira, soldata duinekin, bizitzaren garestitzearen eta KPIaren arabera eguneratutakoak. Gaineratu dute 5 puntuko aldea dagoela langileek eskatzen dutenaren eta zuzendaritzak eskaintzen duenaren artean.

Bergaran lan istripua izan duen langile bat oso larri dago

Asteazken arratsaldean lan istripu larria gertatu zen Bergarako Embalan3 enpresan. Enpresako langilea, kamioi bat zamatzen ari zela, zama gainera erori eta azpian harrapatuta geratu zen. Une honetan langilea oso larri zaurituta dago erietxean.

2024a ere gogor kolpatzen ari da euskal langileria. 25 hildako dagoeneko istripuetan, eta ehunka zauritu, zer esanik ez laneko gaixotasunei dagokienez. Bitartean patronalak, sistemaren komunikabideek eta jaurlaritzako arduradunek absentismoaz hitz egiten digute, langileon ardura balitz bezala euren aberastasuna sortzen dugun bitartean lanean hiltzea.

LAB sindikatuak irmoki salatu du lan osasunerako araudia betetzen ez duten enpresariek langileak hiltzen dituztela, eta halakoak zigorgabe ezin direla geratu azpimarratu du.

Zamatze lanak hainbat arrisku eragiten ditu eta istripu honetan salatu behar dugu larriki zauritutako langilea bakarrik ari zela egiten prozesu guztia. Zarata handi bat entzutean, kabinan zegoen garraiolaria jabetu zen langileari zama gainera erori zitzaiola. “Nola liteke pabilioi osoan langile bakar batek bere gain hartu behar izatea ardura hori?”, hausnartu du LABek. Sindikatuak sarritan aldarrikatu izan du garraiolariek leku seguruan egon behar dutela enpresako langileek zamatze lanak egiten dituzten bitartean, baina zamatze lan horiek, lan arriskutsuak diren heinean, hainbat langileren artean koordinatuta egin behar dira.

Honela, LABekazpimarratu du enpresek zamatze prozedurak garatu eta abian ipini behar dituztela, horietan jardungo duten langileen arriskuak aurreikusi eta beharrezkoak diren neurri guztiak ezarriz.

Guzti honen aurrean, araudia betetzen ez duten enpresariak eroso daude Eusko Jaurlaritzaren konplizitatearekin, LABek adierazi duenez. Osalan inolako ahalmenik ez duen aholkularitza bilakaturik eta lan ikuskaritza apenas ikuskaririk gabe, patronalak inpunitaterako ingurumari ezin hobea dauka eta langileriak bere osasuna urratuaz ordaintzen du.

Datorren asteartean, maiatzak 28, LAB, ESK, STEILAS, Hiru eta EHNE-Etxaldek osatzen duten intersindikaletik mobilizazioa deitu dute Bergarako San Juan auzoko Larramendi industrialdean, azken istripu hau salatzeko Embalan 3 enpresaren atarian, 12:30ean.

Matia Fundazioko langileek hitzarmena negoziatu ahal izateko blokeoa etetea exijitu dute

Gaur kontzentrazioa egin dugu Matia Fundazioko langileekin batera, fundazioko zuzendaritza salatzeko asmoz, 2024. urtean hasitako negoziazio kolektiboa izoztuta dauka eta.

Zentro berriak eraiki eta bere ondarea handitzen jarraitzen duen fundazioa da Matia; horren adibide dira Usurbilko Egurtzegi eta Lugaritzeko zentroak. Horrez gain, Foru Aldundiaren eta Osasun Sailaren babesarekin jarduera handitzen ere jarraitzen du fundazioak.

Oparoaldi honetan aitzakiatzat jartzen dute Osasun Sailak ez duela akordiorik bete eta Foru Aldundiaren tarifak ez datozela bat emandako zerbitzuekin. Ezer berririk ez guretzat, eta gure erantzunak berbera izaten segitzen du: ez da langileen erantzukizuna. Eginkizun hori Matiako Zuzendaritzari dagokio, eta bere erantzukizuna Fundazioaren iraunkortasunari (noski, hitzarmena barne hartzen duenari) eusteko diru-sarrera nahikoa bermatzea da.

KPIaren bermea eskatzen dugu, eta langileen batzarrak onartutako proposamenean planteatutako gainerako aldarrikapenak jorratzea.

Kalera irteten jarraituko dugu hau dena salatzeko eta gure eskubideak aldarrikatzeko, egoera honen arduradunak seinalatuz.

Jarraipen zabala Bizkaiko grafikagintza sektorearen grebaren laugarren egunean

Laugarren greba eguna Cebek-en egoitzaren aurrean amaitu den manifestazio jendetsu batekin amaitu da. Hain zuzen ere, patronala da maiatzaren 27an sektoreko gatazka desblokeatzeko aukera duena. Bestela, Bizkaiko grafikagintza sektoreko borrokak aurrera jarraituko du

LAB-ELA-CCOO-UGT sindikatuok 4 eguneko greba deialdia egin genuen Bizkaiko grafikagintza sektorean, apirilaren 29rako eta 30erako, eta maiatzaren 22rako eta 23rako. Greben arrazoia da sektoreko patronala, CEBEK, ez dela serio ari sektoreko hitzarmena negoziatzen. Planteatzen dituzten edukiak ez dira nahikoa inondik inora ere.

Maiatzaren 22ko eta 23ko greba behar bezala atera da, jarraipena garrantzitsua izaten ari baita. Sektoreko enpresa erreferentzialak, hala nola Cartonajes Erabil, Cartisa, Biolid, Grafo, Arteos Digital, Dascor, Divipa eta Garcinuño, geldirik eta produkziorik gabe daude.

Maiatzaren 23ko mobilizazioei amaiera emateko, manifestazioa egin da Bilbon, Bizkaia plazatik CEBEK patronalak Mazarredo zumarkalean duen egoitza berrira arte.

Sektoreko sindikatuek hitzarmen sektorial bat berreskuratzea eskatzen dute, 2011tik amaitua, baina hobekuntzak izango dituena eta ez murrizketak, patronalak nahi duen bezala. Sektoreko langileen erosteko ahalmena, hitzarmena aplikatzeko bermeak eta lanaldi-murrizketa handiagoarekin lotutako hobekuntzak bermatzea eskatzen dute; prekarietateari eta lizentziei eta kontziliazioari mugak jartzea, besteak beste.

LAB-ELA-CCOO-UGT sindikatuOk CEBEK patronalari eskatu dioGU negoziazioaren blokeo-jarrera bertan behera uzteko, eta sindikatu-plataforman oinarrituta negoziatzeko. Maiatzaren 27an, arratsaldean, negoziazio-mahaiaren beste bilera bat deitu da, eta Cebekek beste planteamendu batzuekin joan behar du, negoziazioa desblokeatzeko. Nolanahi ere, sindikatuOk uste dugu sektoreko plantillak oso mobilizatuta daudela eta borrokan jarraitzeko prest daudela.