2026-01-15
Blog Página 1059

Altzairuaren multinazionalak ez dira biktimak, errudunak baizik

0

Gaur, hilak 15, oso izaera desberdineko bi mobilizazio egin dira altzairugintza sektorearen krisiaren harira. Bata Bruselan sektoreko multinazional guztiek deituta, Europako Batzordeari Txinako altzairu merkearen aurrean neurriak harzteko eskatzeko. Bestea, Bilbon, ACBko langileek eta azpikontratek deituta, Iberdrolako dorrearen parean tarifa elektrikoaren gehiegikeria salatzeko eta lanpostuen defentsa egiteko.

Lehenak instituzio ugariren eta sindikatu batzuren babesa jaso du. ACBko langile eta azpikontraten mobilizazioak, ez du instituzioen babesik jaso, bakarrik utzi dituzte.

Honen aurrean, LABek ondorengoa ondorioztatzen du:

1.- LAB ez da pankarta beraren atzean jarriko enpresak isten dituztenekin edo enpresak ixtearekin mehatxatzen dutenekin. Ez gaitzatela engainatu, ArcelorMittal ez da biktima, Sestaoko ACBren egoeraren erantzulea baino.

ACB aldi baterako istea altzairu txinatar merkearen errua izango balitz, zergatik eraman dute produkzioa Asturiasera? Ez al dute Asturiasen Txinako altzairuaren prezioaren arazoa jasaten? Gezur gehiagorik ez. Arcelor Mittalekin pankarta konpartitzea, Sestaoko ACBren itxiera justifikatzea da.

2.- Bruselas baino gertuago dago Bilbo. Zergatik ez da Tapia anderea Iberdrolaren parean jartzen enpresa nahiz familientzat horren kaltegarria den argindarraren prezioa salatzeko? Hipokresia gehiago ez mesedez.

3.- Gaur Txinako altzairuaren prezioaren kontra jarduten dutenek, Txinan altzairutegiak izateaz gain, beraiek praktikatzen dute dumpinga, enpresak lekualdatzen dituztenean, lan karga irabazi gehiago lortzeko beste lantokietara eramaten dutenean, edota bertak lan hitzarmenak betetzen ez dituztenean.

Horregatik, LABeko kideok ez gara multinazioalen ondoan pankartan egon, eta bai aldiz, ACBko langile zein azpikontratekin. Hau baita bide bakarra ACB eta Euskal Herriko gainontzeko altzairutegiak salbatzeko bidea, borroka eta mobilizazioa. Ez zaitzatela engaina!
 

 

 

Hezkuntza Saila, itsua, gorra, mutua eta enpresekiko kolaboratzailea da

Katering enpresa eta Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren arteko eskandalua ateratzea denbora kontua baino ez zen. Izan ere, LABek hainbatetan eta bide ezberdinez salatu izan du egoera hau. Eusko Jaurlaritzako langilegoak sarri atera du argitara, enpresek menuetan jangaien kantitate eta kalitatea eskas ematen zutela. Enpresa hauetako langileek ere askotan salatu dute Eusko Jaurlaritzak egindako kontratazioetatik zenbateko etekin ekonomikoa ateratzen zuten enpresek.

Gure salaketa guztiek ordea, ez dute deusetarako balio izan, Hezkuntza Sailak gure salaketa guztien aurrean nahita entzungorrarena egin du.

Etekin ekonomikoei dagokienez, jada erakutsitakoaz gain ezer gutxi berri gehitu dezakegu guk. Baina komeni da gogoratzea kontratazio orotan nahitanahiez bete behar diren baldintza plegu administratibo eta teknikoak daudela, Eusko Jaurlaritzak idatzi eta adosten dituenak. Bete beharreko baldintzak gainera ez dira gutxi, eta bere burua garden eta arduratsutzat duen edozein Administraziok, baditu, izan behar ditu edo izan beharko lituzke baldintzok betearazteko eta kontrolatzeko beharrezko mekanismoak.

Beraz, LABetik zera diogu, kasu honetan baldintzak betetzen zirela kontrolatu ez bada, Hezkuntza Sailak nahi izan ez duelako izan da, eta beraz, Hezkuntza Saila da trama guzti honen azken erantzulea.

Horregatik diogu Cristina Uriarte ezin dela azaldu auzi honetan ardurarik izango ez balu bezala. Argi dugu, eta horrela salatzen dugu, hiru gobernu izan direla honen arduradun zuzenak, Ibarretxerena, Patxi Lopezena eta orain Urkullurena, baina orain Cristina Uriarte da azken arduraduna, eta hala seinalatzen dugu.

Hezkuntza Sailburuak ezin du, beste barik, enpresek eta berak zuzentzen duen Sailak egindako iruzur honek familiengan eraginik izan ez duela esan. Hori ez da horrela, familiak ez behin, baizik eta bigarrenez pairatu dituzte egoera honen ondorioak. Alde batetik, urterik urtera izandako kuoten igoeragatik, eta bestetik, gainerako herritarron modura, zerbitzu hau hornitzeko Ogasun publikoaren zergadun bezala.

Afera guzti honetan bada beste kolektibo kaltetu bat, jantokietako langileen kolektiboa hain zuzen ere. Kolektibo honek hiru urte jarraian egin zituen bere lan baldintzak negoziatzen, 40 egunetik gorako grebak egin behar izan zituzten, gatazka honetan zehar enpresek langileen eskakizunak arrazoi ekonomikoengatik asumiezinak zirela esaten zuten behin eta berriz. Enpresek ordea, diru etekin handiak ateratzen zituzten kontratazioetatik, izan ere Hezkuntza Sailak, orduko ordaindutako 25 euroetatik langileek 12 euro besterik ez baizuten jasotzen. (Gogoratu enpresa hauen dedikazioa menuak egitea dela, eta ez kontratazioa). Auzi honen biktimak langileak, eskola umeak, eta familiak izan dira.

Hortaz, Uriarte Sailburua erantzule nagusitzat seinalatzen dugu eta bere dimisioa eskatu besterik ez zaigu geratzen. Hezkuntza Saila izan da, bere ekimenez edo bere hutsegitez, ustelkeria kasu honetann beharrezko kolaboratzailea, eta 7 milio euro kendu izanaren biktimak, eskola umeak, gursasoak, langileak eta herritarrak izan dira.

2000 urtean erabaki zen eta egundo behin ere eguneratu ez den kudeaketa eredu hura zaharkitua geratu da, edo zaharkitua baino, garbi geratu da guztiz eredu okerra dela jantokietako elikadura bezalako gain sentiberetan. Jantokien kudeaketa orain 16 urtekoa da, familia eta langileen eskakizunei entzungor eginez inongo bilakaerarik gabe jarraitzen duelarik.

Gertatutakoaren harira Uriarte Sailburuak zerbitzuaren kalitatea bermatu egingo dela adierazi du, hau guztiz faltsua da. Izatez, dagoeneko kalitatearen galera nabarmena da, kexak eguneroko kontu bilakatu dira, eta orain hiru aste esleipenak aldatu zirenean areagotu dira. Inzidentzia pila dago zerbitzuaren kalitate eta lan baldintzen inguruan.

Kudeaketa modu honek ez du balio, eta kudeaketa gardena izango duen kalitatezko zerbitzua izan, eta lan baldintzak hobetu nahi baditugu bestelako eredu integral eta integratzailea eraiki behar dugula garbi dago.

LABek, jantokietako zein irakaskuntzako lehen indarra izanik, sare publikoko jantokietako funtzionamendu eta kudeaketa modua aztertzeko hiruko mahai bat osatzea proposatzen du, administrazioa, familiak eta langileen partehartzarekin (irakasleak zein jantokietakoak). Funtzionamendu berri bat adostu behar dugu, funtzionamendu berri bat lan baldintzak, zerbitzuaren kalitatea eta gardentasuna bermatuko dituena. Mahai hau ahalik azkarren osatu dadila exijitzen dugu ahal dela datorren ikasturteari begira abian jar dezagun.
 

 

 

Aiaraldeko euskalgintza kontseilua jaio da

40 erakundek —horien artean LAB sindikatuak—Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua sortu dute. Osatu berri den kontseilu honen helburu nagusia euskararen normalizazioaren alde elkarlanean aritzea izango da. Horretarako, ahalik eta eragile gehienen elkarlana sustatuko du kontseiluak. Erakunde berriaren xedea da Aiaraldeko euskararen normalizazioaren alde urratsak eman nahi dituzten eragile zein norbanakoen bilgune iraunkorra izatea, egiten den lanaren eraginkortasuna bilatzea, gogoetarako foroa osatzea, estrategiak diseinatzeko eta gauzatzen laguntze­ko euskarriak sortzea.

Eskualdeko hainbat esparrutako 40 entitatek osatu dute Euskararen normalizazioan elkarlanean aritzeko helburua duen Kontseilua

Pasa den ostiralean, otsailak 12, Laudioko kultur-etxean Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua sortu zen hamarnaka hezkuntza zentro, kultur eta kirol elkarte, euskararen normalizazioan ari diren erakunde eta entitate eta norbanakoen parte hartzearekin.

Duela bi urte, euskararen normalizazioan ari diren zenbait lagun bildu ziren Aiaraldea eskualdean (Laudio, Amurrio, Urduña, Aiara, Orozko, Artziniega, Okondo, Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldo) euskalgintza indartzeko eta sustatzeko helburuarekin. Bilera horietatik udalerriz-udalerri euskararen egoeraren azterketa egin eta bi ondorio nagusi agertu ziren: euskara-kirola eremua lehentasunezko lan-esparrua dela eta normalizazioaren bidean eragile ezberdinak elkarlanean aritzeko gune bat osatu beharra zegoela.

Bigarren helburu handi horren emaitza da orain sortu den Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseilua, euskararen normalizazioan parte hartzen duten eta parte hartu nahi duten hamaika eragileren elkarrekintza eta sinergiak bilatuko dituen gunea.

Eskualdeko Euskalgintza Kontseilua egitasmoa lantzen aritu izan gara hilabeteetan; lantaldeak, helburuak, osaera, baliabideak, metodologia zehazten… Proposamen zirriborro bat prestatu eta euskalgintzako beste pertsona batzuekin partekatu genuen azaroan Amurrion. Bertan hamaika elkarte, erakunde eta norbanako batu ginen, Kontseilua osatzeko urratsa emateko prest agertuta.

Jaio berri den Kontseiluaren helburuak dira, besteak beste, Aiaraldeko euskararen normalizazioaren alde urratsak eman nahi dituzten eragile zein norbanakoen bilgune iraunkorra izatea, egiten den lanaren eraginkortasuna bilatzea, gogoetarako foroa osatzea, estrategiak diseinatzeko eta gauzatzen laguntzeko euskarriak sortzea, erreferente izatea eta instituzioekiko eta entitate pribatuekiko interlokuzio aktiboa izatea.

Azken bizpahiru hilabeteko egitekoa izan da entitate (hezkuntza, ekonomia, instituzioak, aisialdia, kultura…) ezberdinen atxikimendua eta parte-hartzea bideratzearekin batera, Aiarako Kuadrilako presidentearekin eta udaletako alkateekin zein euskara teknikariekin bilerak egin eta egitasmoa aurkeztea, Kontseilu honi babesa eman eta elkarlanean aritzeko gonbitea egiteko. Instituzioek harrera ona egin diote proiektuari eta datozen hilabeteetan Kontseiluaren eta 10 instituzio horien arteko elkarlan-esparrua zehaztea da gure asmoa.

Ostiraleko batzar eratzailearen ondoren, Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak maiatzean izango du hurrengo batzarra. Ordurako, lehen Kontseilu eratzailean izendatutako Talde Eragileak 2016ko plangintza eta aurrekontua landu, elkartea legeztatu, instituzioekiko hitzarmenak bideratu eta beste zenbait lan gauzatuko ditu.

Euskararen normalizazio lanean zeregin garrantzitsua izango den foroa sortu dugu behean sinatzen dugunok, baina nabarmendu nahi dugu Kontseiluak ateak zabal-zabalik dituela edozein erakundek edo pertsonak
bertan parte hartu dezan. Lehen harria jarri dugu, etorkizuna gure eskualdean euskaraz biziko den konbentzimendu osoz.

EUSKALGINTZAREN KONTSEILUKO KIDEAK

• OROZKOKO ERDU EUSKARA BATZORDEA (OROZKO)
• URDUÑAKO ESKOLA (URDUÑA)
• OKONDO ESKOLA (OKONDO)
• ARRANKUDIAGA ESKOLA (ARRANKUDIAGA)
• LAUDIO BIGARREN HEZKUNTZAKO IKASTETXEKO HNP TALDEA (LAUDIO)
• URDUÑAKO AINTZINAKO ANDRA MARI IKASTETXEA (URDUÑA)
• VIRGEN NIÑA IKASTETXEA (AMURRIO)
• ERDU GUGAZ ARRANKUDIAGAKO ESKOLAKO GURASO ELKARTEA (ARRANKUDIAGA)
• AIARA DANTZA TALDEA (AMURRIO)
• LATIORRO ESKOLA (LAUDIO)
• LAUDIOKO UDAL LANBIDE HEZIKETA IKASTETXEA (LAUDIO)
• OROZKOKO ESKOLA (OROZKO)
• ETXAURREN IKASTOLA (AIARA)
• LAUDIOKO UDAL EUSKALTEGIKO LANGILEAK (LAUDIO)
• LA MILAGROSA IKASTETXEA (LAUDIO)
• AMURRIOKO PILOTA ELKARTEA (AMURRIO)
• GOIKOGANE MENDI TALDEA (LAUDIO)
• AIARAKO EUZKO GAZTEDI (EGI) (AIARA ESKUALDEA)
• LAUDIOKO GAZTE ASANBLADA (LAUDIO)
• AIARALDEKO ERNAI (AIARALDEA ESKUALDEA)
• AIARALDEKO BERTSO ESKOLA – AIEBE (AIARALDEA ESKUALDEA)
• AIARAKO LAB (AIARA ESKUALDEA)
• AIARAKO ELA (AIARA ESKUALDEA)
• STEE-EILAS AIARA (AIARA ESKUALDEA)
• NERBIOI ERRUGBY TALDEA (AIARALDEA ESKUALDEA)
• LUCAS REY ESKOLA (AMURRIO)
• BELAIKI EUSKARA ELKARTEA (BARANBIO)
• MENDIKO LAGUNAK MENDI TALDEA (AMURRIO)
• ZARAOBE INSTITUTUA (AMURRIO)
• ARTEKO GURE AMA ESKOLA (ARTZINIEGA)
• LAMUZA ESKOLA (LAUDIO)
• AIARAKO AEK (AIARA ESKUALDEA)
• AIARALDEKO BERBALAGUNAK (AIARALDEA ESKUALDEA)
• AIARALDEA KOMUNIKAZIO LEIHOA (AIARALDEA ESKUALDEA)
• ARESKETA IKASTOLA (AMURRIO)
• LAUDIO IKASTOLA (LAUDIO)
• BASALARRINA EUSKALTZALEEN TOPAGUNEA (LAUDIO)
• ZABALEKO ESKOLA (AMURRIO)
• LAUDIOAR TXIRRINDULARI ELKARTEA (LAUDIO)
• AIARAKO HOGEITALAU ELKARTEA (AIARA)

 

 

 

Altzairugintza ez dago salgai

0


Gaur, ostirala, Hego Euskal Herriko altzairuaren sektoreko LABeko delegatuek kontzentrazioa egin dute Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren aurrean. Bertan, Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusiak Euskal Herriko altzairuaren sektoreak bizi duen egoera larriaren aurrean neurriak hartzea exijitu dio Eusko Jaurlaritzari eta otsailaren 15ean Bruselan egingo den mobilizaziora “ez garela joango” jakinarazi du.

Lehenik eta behin, Etxaidek salatu du astelehenean altzairugintzaren egoera larriaren inguruan egindako bileran, Tapiak bere gestioa babestu zuela Euskal Herriko Altzairugintza babestu beharrean. “Argazki bat bilatu zuen eztabaida bultzatu ordez”. Era berean Etxaidek gogorarazi du “herri honetako eragile sozialak prest daudela eztabaidatu eta altzairugintzaren egoerari aurre egitea ahalbidetuko duten proposamenak egiteko, Jaurlaritzak eztabaida hau oztopotu egiten du.

Bestalde, arazo hau konpontzeko oinarrizko hainbat konturi heldu beharra dago. Hala nola, “lan erreforma bertan behera geratuko balitz ez litzateke hain merke izango enpresak itxi eta enplegua suntsitzea orain egiten den moduan”. Horrez gain esan beharra dago egiten diren politikek gertakari hauek ahalbidetzen dituztela. Hain zuzen ere “ezin dugu ahaztu duela bost urte Arcelorekin sinatu zen kontratuan egoera hau aurreikusten zela, baina ez zen kontrako neurririk hartu”. LABen ustez funtsezko den beste gai bati ere heldu behar zaio, hau da, energia politika.

Amaitzeko, astelehenean LAB ez dela Bruselan izango jakinarazi du Etxaidek. Hain zuzen ere LAB ez enpresak ixten dituzten enpresariekin eta itxiera horiek babesten gobernuen ondoan izango. “Egia da guztiak itsasontzi berdinean goazela, baina batzuek itsasontsi hori gidatu eta norabidea erabakitzen dute, beste batzu lehen klasean doaz eta itsasontzia ondoratu arren salbu egongo dira eta gu makinetan gaude eta itsansontziarekin murgilduko gara. Beraz ez da egia interes berdinak konpartitzen ditugunik”. Beraz LABek mobilizatzen jarraituko du Euskal Herrian altzairugintza defendatuko duen politikak egin daitezen.

 

 

 

Zalain Transformadoseko langileek mobilizatzen jarraituko dute

0

Lesakako Zalain Transformados enpresako langileek, otsailaren 11n, egun osoko lanuzteaz gain martxa bat egin dute lantegiko atetik atera eta Lesakako ArcelorMittal enpresa arte. Mobilizazio honen bidez enpresak eguberrietako bi aparteko soldaten %75a zor dietela salatu dute. Horrez gain mobilizazioekin jarraitzea erabaki dute.

Gogoratu Zalain Transformados lantegia tubo sektoreko Condesa taldearen barruan kokaturik dagoela, honen arazo finantzieroak direla eta eguberrietako bi aparteko soldaten %75 zor die enpresak eta horregatik langileak mobilizatzen ari dira.

Lehenengo mobilizazioak urtarrilaren 18an egin zituzten lan txanda bakoitzean 4 orduko lanuzteak eginez. Ikusita enpresak zor zuena ordaindu gabe jarraitzen zuela otsailak 2 eta 4rako lau orduko lanuzteak egitea erabaki zuten eta tartean mobilizazio bat Berako Banco Santander parean.

Otsailak 4ean, zorra oraindik kitatu gabe zegoenez otsailak 11rako egun osoko lanuztea deitu zuten  eta Lesakan kokatuta dagoen ArcelorMittal enpresara martxa bat egitea adostu zen zor zaiguna ordaintzea eskatuz.

Bestalde, pasa den Urtarrilaren 29an Europako konpetentzia batzordeak ArcelorMittal eta banku konsortzio batek Zalain Transformados eta bertze enpresa batzuen kontrola hartzeari oniritzia eman zion, baino oraindik ez dute berririk eta, noski, zorra ordaindu gabe dago oraindik-orain.

Amaitzeko, langileek egin duten batzarrean mobilizazioekin jarraitzea erabaki da eta konkretuki, otsailaren 18an 4 orduko lan uzteak eginen dituzte. Horretaz gain, Zalaingo langileek Berrioplanoko Perfrisako langileekin batera manifestazioa eginen dute goizeko 12etan Iruñako Udaletxe plazatik abiatuta.
 

 

 

Udazken emankorra izan dugu, ereindakoa jasotzeko ordua da

Udazken emankorra izan dugu, eta ez dira makalak geure buruari jarri dizkiogun lanak hemendik aurrera ere. Bideo honetan kurtso hasieratik hona LAB sindikatuak aurrera eramandako borrokak eta aurrera begirako erronkak ikus ditzakegu. 

Ekintza sindikalean, prekarietatearen kontra, lanaren eta aberastasunaren banaketaren aldeko lerro osoa dugu irekia, arlo sozioekonomikoan Karta Sozialaren bidean buru-belarri sarturik gaude, babes sozialaren aldeko borroka sindikatuaren agendan kokatzen da eta nola ez, 2017ko Biltzar Nagusia gero eta gertuago dugunez, eredu sindikalaren inguruko gogoetari ere martxa sartzera goaz. 

Ereindakoa jasotzeko ordua da, animo eta aurrera!
 

 

 

Correscales 2016 Donostian

Bihartir hasita eta 19a bitarte Donostiako Korrika prekarioa elkartasun taldeak Elkargunea antolatu du Donostiako Easo Plazan. Hasiera bihar goizeko 11:00etan emango zaio aurkezpen agerraldi batekin eta zazpi egunetan zehar prekarietatearen aukako ekimen ezberdinetan parte hartzeko aukera izango da. Amaiera Bartzelonatik abiatu den Correscales Korrika prekarioaren iritsierarekin emango zaio. Informazio gehiago  http://www.dsskorrikaprekarioa2016.org/ webgunean.
 

 

 

LABetik. Es hora de recoger lo sembrado

0


Kaixo, queremos compartir contigo el balance que hace la Asamblea Nacional de LAB  ante los retos llevados a cabo desde que comenzara el curso, y asimismo informarte de los pasos acordados para dar continuidad a los mismos.  En lo que se refiere a la Acción Sindical tenemos abierta toda una línea por el reparto del trabajo y de la riqueza, en socio-economía LAB sigue apostando y trabajando por la consecución de la Carta Social, la protección social copa gran parte de nuestra agenda y cómo no, la cada vez más cercana Biltzar Nagusia del 2017, nos obliga a acelerar el proceso de reflexión sobre el modelo sindical.

No son baladíes los trabajos que nos hemos impuesto. Animo eta aurrera!

LABetik
 LABetik. EREINDAKOA JASOTZEKO ORDUA DA [PDF]
(2016 otsaila. NAZIO BILTZARRA)
 LABetik. ES HORA DE RECOGER LO SEMBRADO [PDF]
(2016 febrero. NAZIO BILTZARRA)


 

1.200 euroko Gutxieneko Lanbidearteko Soldata ezartzea bideragarria da


Ainhoa Etxaide Idazkari Nagusiak, Bea Martxueta Politika Sozialetako arduradunak eta Rafa Izquierdo Batzorde Soziekonomikoko kideak soldaten inguruko txostena aurkeztu dute gaur. 1.200 eurotako gutxieneko soldata aldarrikatu da bertan, aldarrikapen honen bideragarritasuna nabarmenduz.

Iazko Maiatzaren Lehenean, hazkunde ekonomikoan sartu berritan, sindikatuak nabarmendutako gako nagusiak gogorarazi ditu Etxaidek. Batetik, egun bizi dugun hazkunde ereduak ez duela egoera soziala aldatuko, langileen prekarizazioan eta pobretzean oinarritzen delako. Sindikatuak argi esan zuen orduan ez zuela hazkunde hau egonkortzen eta sendotzen lagunduko. Bigarrenik, egoera ekonomiko honetan ere, LABek krisi sozialaren kontra borrokatuko zuela. “Krisiaren atzean dauden jatorrizko arazoei begiratu diegu: prekarietatean oinarritutako lan mundua, herritarrak babesten ez dituen eredu soziala eta gauzak erabakitzeko boterea elite ekonomikoari ematen dion eredu politikoa”. Hirugarrenik, LABek adierazi zuen sindikatuaren aldarrikapenak langileei begiratuz finkatuko zituela, patronalek eta gobernu neoliberalak esatendakoaren gainetik.

LAB aipatutako bidea egiten ari dela azpimarratu du Etxaidek. Batetik, bost aldarrikapen finkatu zirela, “eman bostekoa” dinamikaren barruan. “Bostekoan” aurki ditzakegu 1.200 eurotako gutxieneko soldata, 35 ordutako lan-astea, aukera berdintasuna, lan-osasuna eta hizkuntza-eskubideak. Bestalde, prekarietatearen kontrako borrokan oinarritzen den ekintza sindikal berria jarri du martxan sindikatuak, langileak aktibatzeko bide eta molde berriekin.

Etxaideren arabera, pobreziaren atzean dagoen egoera soziolaborala aldatzeko ezinbestekoa da mobilizazio soziala kalean eta langile borroka lantokietan. “Burubelarri ari gara horretan”. Orain arteko lanari esker, “1.200 euroak erreferentzia bihurtzen ari dira. Ikur bat, prekarietatearen kontrako borrokan”.

Zergatik 1.200?
LABeko ordezkariek nabarmendu dute hilean 1.200 eurotako soldata “posiblea eta bideragarria dela”. Europako Karta hartuta, hauxe da, hain zuzen ere, pobrezia ekiditen duten soldatak ziurtatzeko erreferentzia. “Pobreziaren alternatiba da norbanakoentzat eta irtenbide bat krisi sozialari begira, aberastasuna banatzeko bidea delako”.

Gainera, ekonomiarentzat ere ona izango litzateke. “Enpresek ez dute beraien artean lehiatzen minimo amankomunak badaude, herri bat beti dago hobe kohesio soziala ziurtatua badu; eta noski, eredu ekonomikoa bizkortu egingo da barne eskaria handitzen den neurrian”.

Posible da
Etxaideren esanetan “ilegala den bakarra gaur ezarrita dagoen Lanbidearteko Gutxieneko Soldatatik behera ordaintzea da. “Inork ez du debekatzen hori hobetzea, ez da derrigorrezkoa
miseriazko soldatak ordaintzen. Berton ados dezakegu ez dela 1.200 eurotik beherako soldatarik egongo, eta negoziazio kolektiboa erabili daiteke aplikazioa adosteko”.

Bideragarria da
Borondate politiko kontua dela aipatu du Etxaidek, aberastasuna egon, badagoelako. “Erabaki politikoa da. Benetako alternatiba pobrezia eta miseriaren aurrean, bi gauzak ez direlako berdinak”.

Bereizketa honetan sakonduz, “pobrezia baliabide materialen falta” dela esan du Etxaidek. “1.200 eurotik gorako soldatek arazoa konponbidean jarriko lukete”. Miseriari dagokionez, “ez da baliabide materialen kontua, miseria duintasun falta da. Pobrezia konpontzeko aukera edukitzea eta ez konpontzea da miseria”.