2024-04-27
InicioAcción SocialMaddi Isasi eta Ane Escondrillas: “Zaintzaren inguruan eztabaida politiko eta soziala sustatu...

Maddi Isasi eta Ane Escondrillas: “Zaintzaren inguruan eztabaida politiko eta soziala sustatu eta kontsentsu sozialak lortzeko garaia da”

Zaintzaren ingurukoa da egunotan argitaratu berri den Talaia aldizkariaren 16. zenbakia. Bertan, Maddi Isasi Idazkari Feminista eta Ane Escondrillas Soziokomunitario sektoreko arduradunari egindako elkarrizketa aurkituko duzue, azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorraren testuinguruan egindakoa.

Duen interesagatik, hona ere ekarri dugu.

Zaintzarako eskubide kolektiboa da Mugimendu Feministak sindikatu eta hamaika eragilerekin batera deitu duen Greba Feminista Orokorraren ardatza. Zaintzaz asko hitz egiten bada ere, definitzen zaila den kontzeptua da. Nola eta zer ulertzen duzue Zaintzaz ari zaretenean?

Zaintza lanak pertsona guztion bizitzak sostengatzea ahalbidetzen duten lanak dira. Lana dela aipatzea funtsezkoa da beren garrantzia indartzeko. Zaintza lanak ez dira modu boluntarioan egiten direnak, baizik eta pertsonen zainduak izateko beharrak asetzen dituztenak baizik. Zaintza lanak ez daude aitortuak. Sexuaren araberako lan banaketagatik, emakumeen gain erortzen dira, eta horrek gizarte heteropatriarkalean bigarren maila batean kokatzen ditu funtsezko behar eta lan horiek. Historikoki emakumeen* gain erori dira, fabrikara joaten zen gizon langileak beti izan ditu etxean produktiboa izateko behar guztiak kubrituak, inguruko emakumeen sorbaldetan erori direnak.

Lan merkatu arautuko emakumeen* lanbideak ere erreprodukzioaren (zaintzaren) luzapena dira, horregatik dira gehiengoa sektore horietan. Arlo “pribatuan” (familietan) inposatutako rolek jarraitzen dute arlo produktibo-publikoan.

Sektore feminizatuak eta zaintza sektoreak guztiz lotuak daude: zahar egoitzak, etxez etxeko laguntza, esku hartze soziala, osasungintza, jangelak, haurreskolak, garbitzaileak, etxeko langileak… lan horietan aritzen diren emakumeak ez dute gizartean inongo aitortzarik, ez soziala, ez ekonomikoa, ez politikoa. Instituzioek eta patronalek jakin badakitelako lan esku merke hori Euskal Gizartearen erreprodukziorako funtsezkoa dela, eta aitortuko balute galera ekonomikoak izango lituzketela, euren zaintzarekiko negozioa bukatuko litzatekeela. Euskal Herriko instituzioek ateak zabal zabalik utzi dizkie enpresa pribatuei eta horrek zaintza sektoreei kalte handia eragiten die. Izan ere, patronalek eta instituzioek beraien artean banatzen dituzte zaintza sektoreko pasteletik eratorritako irabaziak.

Zaintza lanetako batzuk merkantilizatuak eta oro har emakume* prekarizatuen bizkarrean daude. Beste batzuk, soldatapeko lanetik kanpo kokatu arren berdin berdin emakumeek* egiten dituzte. Urteak daramatzazue soldatapeko lanetan dabiltzan emakume langileak antolatzen eta borrokan. Zer nolako balorazioa egiten duzue urteotako ibilbideari dagokionez? Izan da garaipenik? Zein erronka ditugu aurrera begira?

2008an egindako Biltzar Nagusitik, LABen Soziokomunitario sektorea osatu zenetik, ikuspegi nazional eta estrategiko batetik zaintza sektoreko langileen beharrei erantzun kolektibo bat emateko lehen urratsak ematen hasi ginen. Sindikatuan estrategia sindikala birpentsatzean hasi ginen orduan, eta IX. Biltzarrean erabaki estrategiko batzuk hartu genituen, besteak beste, konfrontazioa Kapitala eta Bizitzaren arteko parametroetan kokatzea eta langile subjektuaren berrosaketan urrats praktikoak ematea. Inurri lan guzti horrek 2021-2022 kurtsoan emaitza izugarriak eman ditu. Izan ere, soziokomunitario sektorean inoiz baino gatazka eta negoziazio gehiago irekiak egon dira: zahar egoitzetan, etxez etxeko laguntza sektorean, aniztasun funtzional sektorean…

Garaipenak izan dira, batez ere enpresa hitzarmenetan, baina garaipen handiena langileak antolatzeko eta ahalduntzeko izan dugun gaitasuna izan da. Gure ordezkariek sindikatuarekiko adierazitako konpromezua eta inplikazio maila ezinbestekoak izan dira LAB hainbat borroken lidergotzan eta ekintza sindikal maila altuenean egoteko. Hemendik aurrera ere hori da bidea.

Bestalde, aurrean dugun erronka nagusiena Greba Feminista Orokorra inflexio puntu gisa baliatzea izango da, enpresetan pedagogia egiteko eta langileak berriz ere mobilizazioetan hauspotzeko. Greba honek gure borroka zikloa indartu eta elikatzen du.

Borroka horretan inflexio puntua izango da azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra. Lehen aldiz Mugimendu Feministak orokorra den grebarako proposamena egin du eta LABek beste hainbat sindikatu eta eragileekin batera deialdia babesten du. Zeintzuk dira LABek greba horrekin lortu nahi dituen helburuak?

Mugimendu Feministak egoeraren inguruan egiten duen irakurketa partekatzen dugu, eta borroka planteamendu hori beharrezkoa ikusten dugu zaintzaren krisiaren aurrean aldaketak eragin eta urrats kualitatiboak emateko.

Mugimendu Feministaren izaera autonomoa errespetatuz, gure posizio propiotik, LAB sindikatua hasieratik egon da prozesuan inplikatuta, egoeraren analisiarekin bat egin eta proposamen politikoak partekatzen ditugulako; esaterako, gure programa sozioekonomikoan eta egin ditugun beste hamaika proposamenetan. Bizitzak Erdigunean Koordinadorak 2022ko apirilean Gasteizen antolatutako jardunaldietan parte hartu genuen, baita herrialdeetako asanbladetan edo sindikatuekin egin diren bileretan ere. Beraz, hasieratik konpartitua den prozesuaren parte garela esan dezakegu.

Gure jendartean dugun arazorik larrienetakoa da zaintza krisiarena. Zaintza, eskubide bezala, gaur egun ez dago ez aitortua, ez bermatua. Zaintzarako sistema publikorik ez da inoiz garatu. Sistema kapitalista zisheteropatriarkalak ez du horretarako beharrik izan; zaintza lanak emakumeen bizkar utzi izan dira, eremu pribatuan eta familia nuklearretan sostengatuta.

Egoera guztiak izanik ere bidegabeak, are muturrekoagoan daude etxeko langileak, emakume migratu eta arrazializatuen presentzia handiarekin. Erregimen berezia dute, eta, ondorioz, gainerako langileek baino eskubide gutxiago dituzte. Negoziazio kolektiborako eskubidea urratua dute, eta Atzerritar Lege arrazisten eraginpean daude.

Beraz, uste dugu zaintza krisiak erantzunak eskatzen dituela. Zaintzaren errealitatea iraultzeko borrokan ari gara eta badira premiazko aldarrikapenak: borrokan ari diren zaintzako langileen lan hitzarmenak eguneratzea, zaintzarekin negoziorik ez egitea eta pribatizaturiko zerbitzu publikoak publifikatzeko plana, etxeko langileen egoera erregularizatu eta negoziazio kolektiborako eskubidea bermatzea.

Zaintzaren inguruan eztabaida politiko eta soziala sustatu eta kontsentsu sozialak lortzeko garaia da. Horregatik, Greba Feminista Orokorraren planteamenduarekin bat egin eta greba ahalik eta orokorrena izan dadin lortu behar dugu. Zaintza Sistema Publiko Komunitarioaren aldarrikapenari zentralitatea emanez, ‘Euskal Herrian posible egin dezagun’ ildoa indartuz.

LABek bere programa sozioekonomikoa berriztu eta bertan banaketa hirukoitzaren proposamena bildu du, zor patriarkalarekin amaitu eta zaintza sistema publiko komunitarioa eraikitzeko helburuarekin. Zer da zor patriarkala?

Ekonomia Feministaren begiradatik Zor patriarkala emakumeoi* zaintza lanak (aitortza ekonomiko, sozial eta politikorik gabe) egiteak suposatu digun kostua ordaintzeko zuzenketa faktore bat aplikatzeko formula edo aldarrikapen politiko bat.

Ezer gutxirako balio du “beti izango gara zorretan zaintza lanetan aritu diren emakumeekin” diskurtsoetara ekartzea, gero ez badago inolako borondaterik sistemak inposatutako baldintzetan egindako lan guzti horrek benetan balio duena aitortzeko, eta ez bada neurtzen emakumeoi suposatu digun kostu ekonomikoa zehazki zenbatekoa den, zor zaiguna ordaintzeko. Iruzurra da soldata arrakala dagoela aitortzea eta konponbidea lan merkatuan kokatzea. Ongi baitakite ez dagoela halako aurrera urratsik egiteko lan harreman eredu demokratikorik; ezta indar harremanik edo egiturazko aldaketa lortzea helburu duen prozesu soziopolitikorik ere.

Arrakalaren aitortzaren borroka irabazi dugu. Sexuaren araberako lan banaketan oinarritzen den eredua iraultzea helburu izango duen prozesua behartzeko, urrats berriak behar ditugu, ordea. Proposamenak hor daude: emakumeentzat* gorde dituzten lanen balorazio berria egitea; zor patriarkala deritzogun aldagai zuzentzailearen bidez sektore feminizatuetako soldatak gaurkotzea; zaintza lanak berrantolatzea gizonen, emakumeen*, komunitatearen eta sistema publikoaren artean banatzeko…

Eta nola irudikatzen du LABek Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa?

Guztion bizitzak erdigunean jarriko dituen sistema bat bezala. Inor esplotatu gabe, guztion beharrak kontutan hartuko dituena. Zainduak izango direnen parte hartzea eta agentzia sustatuko dituena. Finean, zaintzari behar duen balioa emanez eta ez ezkutuan gestionatzen diren “arazo” bezala.

LABetik urteak daramatzagu Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa aldarrikatzen eta zaintza eskubide kolektiboaren alde borrokan. Zaintza krisiaren elementu nagusiak identifikatuta: zaintza lanen aitortza eza, zaintzarako zerbitzuen pribatizazio basatia eta horrek zaintzaileentzat dakartzan lan baldintza kaskarrak (soldata baxuak, lan zama jasanezinak, karga emozional handia, lan osasunaren urraketa…), eta, ondorioz, arretaren kalitate eskasa. Errealitate horren aurrean aldarrikatzen dugu zaintza lanak demokratizatzea, publikoak, unibertsalak eta bidezkoak izatea eta guztion eskura egotea.

Jakin badakigu gaur egungo instituzioek ez dutela borondaterik norabide horretan urratsak emateko: kontrara, zaintza zerbitzuak pribatizatzen jarraitzen dutela. Horregatik da garrantzitsua ere greba hau, Zaintza Sistema Publiko Komunitarioaren bidean urratsak emateko beharra mahai gainean jarri eta sistema oso bat eraikitzera bidean garaipen zehatzak lortzeko aspirazioa duelako.

Gure ustez, publikoa izateak zaintzarako guztion eskubidea bermatu behar du (eskubide sozial gisa ulertzen dugulako). Publikoak unibertsala eta bidezkoa izan behar du. Arlo publikotik finantzaketa eta kalitatea bermatu behar dira. Gainera, merkantilizatu gabeko publikoa izan beharko du.

Komunitateari buruz ere hitz egin behar dugu. Komunitateaz aritzea bizitza komunaren aldeko apustua egitea da, zaintza eskubide eta erantzukizun kolektibo gisa ulertuz. Baina komunitateak ez du bete behar administrazioek estali gabe uzten duten hori. Arlo publikoaren eta komunitarioaren arteko harremana ez baita dikotomikoa, eraikuntzan dagoen zerbait baizik.

Hala ere, ulertzen dugu Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa bidean definitu eta eraikiko dugun zerbait dela, eztabaida sozial baten bidez eman beharko dena (eta prozesu honekin ematen ari da). Zaintza beharrak modu demokratiko eta publikoan erresolbitzeko balioko digun tresna bat izan behar dela argi izanda.

Grebarekin ez da borroka ziklo bat bukatzen. Nola irakurtzen duzue aurrera begira irekiko den eszenatokia?

Ez da borroka zikloa bukatzen. Uste dugu zaintza lanak demokratizatzeko eta emakumeon esplotazioarekin bukatzeko aldarrikapen horiekin borroka ziklo bat abiatzeko momentua izango dela. Mugimendu feministatik egin den apustua argia da eta sindikalismotik ere norabide horretan zaintza lanei aitortza politiko, sozial eta ekonomikoa eman arte borrokan jarraituko dugu.

Sindikatuak pribatizatutako zaintza langileen aldeko aldarriak defendatzen jarraituko du, eta lan publikoa egiten dutela aitortu arte borrokatuko dugu. Soziokomunitario sektoretik aurreko kurtsoan hainbat mobilizazio eta ekimen egin genituen pribatizatutako zaintza langileak langile publikoak direla aldarrikatuz. Greba Feminista Orokorraren ostean aldarri berdinari eutsiko diogu. Asanbladak deitu ditugu, hauteskundeak datoz… horregatik antolatuak egon behar gara eta ekintza sindikala aktibatu behar dugu. Hortaz Greba Feminista Orokorrean sortutako sinergiak, aliantzak, eta lan pedagogikoak egitera goazen ibilbidea elikatu eta babesten duela uste dugu.

Zaintza sektoreez gain, bestelako lan eremuetan ere greba honek ere paradigma aldaketa bat suposatu behar du eta bizitzak erdigunean jartzeko zaintza lanak eraldatzeaz hitz egiten dugunean hau konpromiso konkretuetara pasatzen saiatu behar gara. Hala nola, gizonek zaintza ardurak hartzea, kontziliazio neurriak eta zaintzarako denborak… Beste era batera esanda, gizonen inplikazioan ere salto bat eman behar da, aldaketa nagusiak hortik etorri behar dute, zaintza lanetan ardurak hartu eta gaur egungo sexuaren araberako lan banaketa injustu honekin amaitzeko.

Grebaren ondorengo fasean Herri Akordio bat eraikitzeaz ari garenean, uste dugu sindikalismoaren ere itzulpena izan behar duela horrek. Herri Akordioa ezin da izan bakarrik politikoa eta instituzionala. Aliantzak eraiki behar ditugu sindikalgintzako eremuan konpromezuak hartzeko behartu behar gaitu prozesuak, modu kolektiboan Mugimendu Feminista eta eragile sozialekin.

Talaia

Talaia, sindikatuko Ekintza Sozialeko egiturak eta Ipar Hegoa Fundazioak elkarlanean argiraratzen duten aldizkaria da, gogoeta eta hausnarketarako baliabide izateko bokazioa duena.

Kaleratu berri den zenbaki honetan zaintza krisiaz aritu da, Greba Feminista Orokorraren atarian. Marina Urkidi eta Ekhiñe Petriati Denon bizitzak erdigunera plataformako kideak elkarrizketatu dituzte bertan, Greba Feminista Orokorraz eta Herri Akordioaren proposamenaz hitz egiteko. Horrez gain, Euskal Herritik kanpo zaintzaren gaiaz dauden begiradak ere gurera ekarri nahi izan dituzte. Horretarako, batetik, Encuentro de Organizaciones talde argentinarra elkarrizketatu dugu. Bestetik, Katalunian Zaintzarako Eskubidearen inguruan egin duten lanketa ere jaso nahi izan dugu, Mireia Roca, Sílvia Bofill-Poch eta Dolors Comas ikerlarien eskutik. Bestalde, sindikalismotik ere pentsatu nahi izan dugu gaia. Horri lotuta, soziokumunitario sektorearen borroka ibilbidea jaso dituzte erreportaje batean.


Horrez gain, ekintza sozialaren ikuspegitik aliantza politikez hausnartzeko tartea ere hartu dute Komunitateari editorialean. Jarraian, LABen Programa Sozioekonomikoa oinarri hartuta, zaintzarako neurri programatikoen inguruan sakondu dugu. Eta, amaitzeko, gomendioen atalean Josefina “Txefi” Rocok As que limpan antzezlana erreseinatu du, etxeko langileen prekaritatea lantzen dituena.

2015eko abenduan argitaratu zen lehen zenbakia, eta ordutik hona, hainbat gai landu ditu Talaiak: langile mugimendua eta aldaketa klimatikoa, 2016ko irailean Bilbon egindako Nazioarteko III. Topaketa Ekosozialistak, lanaren eta aberastasunaren banaketa, elikadura-burujabetza, burujabetzaranzko alternatibak, turismo-eredua, konstituzio ekonomiko berria, larrialde klimatikoari aurre egiteko bideak, covid-19, migrazioak, hiri-eredua, digitalizazioa, etxebizitza, energia eta pobretze orokortua.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Denunciamos la actitud de la empresa con las y los huelguistas de Imegar y reivindicamos la legitimidad de la lucha

Durante estos días las y los trabajadores de Imegar (Laudio) han estado movilizándose y pidiendo a la empresa que readmita a sus compañeros de trabajo y que de solución a este conflicto.

Denunciamos la nefasta gestión de Alex Aranzabal

Mediante esta nota informativa queremos aclarar los hechos acontecidos en los últimos meses en la empresa Aguirre y Aranzabal (AYA) y el papel que ha jugado Alex Aranzabal. Hemos visto en primera persona cómo, según pasaba el tiempo, la decadencia era más palpable en todos los ámbitos de gestión.

Ser bolleras, una decisión que nos hace libres. Una decisión que queremos vivir con libertad. ¡LIBERTAD EN LOS CENTROS DE TRABAJO!

Ser acosadas y castigadas por ser lesbianas es una situación que todavía vivimos muchas de nosotras.