2024-04-27
InicioIndustriaEnergíaLABek gose greban diren Konecta BTOko delegatuak bisitatu ditu

LABek gose greban diren Konecta BTOko delegatuak bisitatu ditu

Gose greba hasi zutela 13 egun betetzen diren honetan, Irauntzu Llamosasek eta Leire Sáinz-Ezkerrak LABeko buru Ainhoa Etxaideren eta Emakumeen Idazkaritzako arduradun Zaloa Ibeas de la Cruzen bisita izan dute.


Llamosas eta Sáinz-Ezkerra LABeko ordezkariak dira Konecta BTOn. Iberdrolak azpikontratatua du enpresa hau, bere bezeroei telefono bidezko arreta zerbitzua emateko. Bertan langileen eskubide urraketa etenik gabekoa da aspaldidanik, eta orain, 11 langile kaleratu eta beste 7 laguni derrigorrezko leku-aldaketa ezarri nahi diete.

Arrazoirik gabeko gehiegikeria honen aurrean, bi delegatuok gose greba hastea erabaki zuten, eta horretan jarraitzen dute, kaleratutako lankideak berronartzeko eta leku-aldaketak bertan behera uzteko eskatuz.
Bisita honetan borrokaren nondik norakoez aritu dira. Laurak bat datoz lan erreformaren ondorio latzak gelditzeko modu bakarra borrokatzea izango dela esaterakoan.

Egindako adierazpenen trasnskripzioa

Irantzu eta Leire, gaur 13 egun beteko dituzue gose greban. Nola zaudete fisikoki, eta nola dituzue animoak?

L.S.-I.L. Fisikoki eragina gero eta nabariagoa da, ohetik altxatzea kosta egiten zaigu, nekatuta gaude…. Baina psikologikoki oso ongi gaude, babes ikaragarria ari gara jasotzen. Egunero jasotzen ditugu elkartasun keinuak, bai lankideen aldetik, familiarenak, lagunenak… Eta baita beste lantegietako langileenak ere, ikusten baitute guri gertatzen ari zaiguna etorriko zaiela eurei ere.

Muturreko egoera baten aurrean erabaki gogorra hartu duzue. Eskubide urraketa aspaldidanik salatzen duzue, greba eskubidea bera ere ukatua izan zaizue enpresan.

L.S.-I.L. Horrela da. Hau aspaldiko kontua da. Hiru azpikontrata aldaketa izan ditugu, iaz 17 greba egun egin genituen… Guk egiten dugun lana beste lan zentru batzuetara desbideratzen dute, Bartzelonara, Txilera… Baita beste azpikontrata batzuetara ere.Ikuskaritzan salatu genuen eta arrazoi eman zigun, baina arazoa da deiak desbideratzen dituena ez dela Konecta BTO, Iberdrola baizik. Iberdrolak dio ez duela zer ikusirik kaleratzeekin, baina berea da erantzukizun nagusia. Lana badugu, lan asko, gainerako plataformak handitzen ari dira, baina era berean Gueñesko lantokia gainbeheran da, hemendik lana eramaten ari dira.

Iberdrolak arro esaten du erroak herri honetan dituela… Konpromisoak eskatzen dizkiogu. Herri honekiko duen atxikimendua erakuts dezala konpromisoetan, lanpostuak mantenduz, lantokia mantenduz eta segida emanez.

Beste behin ere egoerarik kaskarrenean dauden sektoreak dira sektorerik kaltetuenak. Konectan gertatzen den moduan, sektore horiek nagusiki emakumeek osatuak dira. LABeko emakumeen idazkaritzak zer dio gatazka honen inguruan?

Zaloa Ibeas de la Cruz. Ez da kasualitatea sektore feminizatu hauetan prekarietateak duen eragina izatea. Sektore hauetan eskubideen ukazioa nagusi da, eta horrek erakusten digu emakumeok egiten dugun lanaz baliatzen ari direla. Inposatzen ari zaizkigun erreforma guztiek eskubideetan atzerakada nabarmena dakarte.

Lan erreformarekin datorkigunaren adierazle da kasu hau.

Ainhoa Etxaide. Lan erreformak kasu honetan salatzen ari garen egoeran utziko gaitu: guztiz babesgabe, lan baldintzak okertzeko eta enplegua suntsitzeko helburuz prekarietatea nahi bezala erabili dezaketen enpresarioen aurrean. Kaleratzeak emango dira, nahiz eta, kasu honetan bezala, justifikaziorik gabeak izan. Hori da erreforma, enpresariak aukera izango du Konectan egin dena enpresa guztietan egiteko.

Badago alternatibarik inposizioei aurre egiteko? Zein da LABen defenditzen duen alternatiba?

A.E. Langileak kaleratzeari uztea da alternatiba, enplegu suntsiketarekin amaitzea. Hemen gertatzen ari dena enpleguarekiko konpromiso faltaren ondorioa da. Guztiz bideragarria den enpleguari buruz ari gara, langileak kaleratzen ari dira eta horien lana ordu extrekin bete nahi dute. Patronalak egiten ari dena egiteari utzi behar dio, baina instituzioek ere ardura dute honetan, ardura handia, berme eta babes politikoa ematen baitiote patronalari horretan jarrai dezan.

Bada alternatiba bat, estrukturala: bestelako eredu ekonomiko eta sozial batera eramango gaituen bidea egiten hastea. Bestelako enpresa eredu batera eramango gaituena, zeina lanaren balioaren aitortzan oinarrituko den, eskubideak bermatuko dituen kalitatezko enplegua helburu izanik, eta langileek egiten duten lanaren balioa aitortuz.

Alternatiba hori langileok lortuko dugu, gure borrokarako gaitasunarekin, eta egoera honi aurre egiteko dugun determinazioarekin. Patronalaren zekenkeria geldiarazi egin behar dugu.

Erreformaren argazki nagusia honela laburbildu daiteke: alde batetik, arrazoitu gabeko kaleratzeak; bestetik, gure eskubideak borrokaren bidez bermatu behar ditugula sinesten dugun langileak. Irantzu eta Leire egiten ari diren bidea, borrokarena, zabaltzen joango da.

Alternatiba hori nola zehazten da emakumearen idazkaritzan?

Z.I. Borrokan segi behar dugu sektore prekarizatuetako lanak duintzeko. Eredu aldaketa behar dugu egun ematen den lanaren zatiketa soziala gainditzeko, zatiketa horrek emakumea maila beheragoko batean kokatzen baitu, eta eskubideak ukatzen baitizkigu. Agerian geratzen ari da egun indarrean diren berdintasun politikek ez dutela benetako eraginkortasunik.

LABek Greba Orokorra deitua du martxoaren 29rako.

A.E. Greba orokorrak erakutsiko du jendartearen gehiengoa inposatu diguten lan erreformaren aurka dagoela, langileok guztiz arbuiatzen dugula erreforma hori. Erakutsiko du, halaber, gero eta handiagoa dela distantzia gobernuetatik hartzen diren erabakien eta gizartearen behar eta aldarrikapenen artean. Martxoaren 29an argi utziko dugu ez gaudela prest krisi honetan pasatzen ari dena onartzeko, ez dugula onartzen krisia eragin dutenak —kapitala, banka, Iberdrolaren moduko enpresa handiak…— izatea krisiaren aurrean zer egin behar den erabakitzen dutenak. Eta horrekin guztiaren batera, erakutsiko dugu euskal langileria prest dagoela alternatibaren bidean aurrera egiteko eta badugula gaitasuna antolatzen jarraitzeko, alternatibaren alde borrokan segitzeko. Maiatzaren 29a eta gero Konectakoaren antzeko borrokek oraindik eta zilegitasun eta babes handiagoa izango dute jendartearen aldetik.

Martxoaren 29an fase berri bat irekiko da erreformaren ondorioen aurka. Erreforma ez dute Madrilen geraraziko, erreforma ez da elkarrizketa sozialaren bidez geratuko. Enpresetan lortuko dugu erreforma geratzea, gure eskubideak negoziazio kolektiboaren bidez defendatuz… Eta patronalaren nahien aurka horma handi bat eraikiz. Leirek eta Irantzuk abiatutako borrokari, adierazitako konpromiso pertsonalari balio handia eman behar diegu, lantokietan jada erreformaren aurka abian diren borrokei balio handia eman behar diegu, eta martxoaren 29an borroka horiek guztiek jendartearen gehiengoaren bultzada jaso behar dute.

Irantzu eta Leire, erakusten ari zarete borroka inoiz baino beharrezkoagoa dela. Zuen borrokarekin aurrera egiteko determinazioa adierazi duzue.

L.S.-I.L. Ez dago beste biderik, borroka soziala bultzatu behar dugu. Aurrera egin behar dugu, borroka enpresa guztietara eramanez.

Guk, gure lantegian kaleratuak izan diren 11 langileak berronartzeko exijitzen dugu eta leku aldaketak bertan behera uzteko. Dei egiten diegu instituzioei, Jaurlaritzari, Diputazioari, Udalari, Iberdrolari… Denei, bakoitzak bere erantzukizunak onar ditzan.

Iberdrolari exijitzen diogu enplegu suntsiketarekin amai dezala. Gueñesko Udalari ere zuzendu nahi diogu gure deia, gure lantokia eraikita dagoen lursaila Ibedrolari utzita baitu 75 urterako, urteko 600 euroren truke. Lantokia Jaurlaritzaren eta Diputazioaren diru laguntzekin eraikia izan zen, orain ez dezatela esan ez dutela erantzukizunik.

A.E. Egungo eredu ekonomikoaren adibidea da hau: Iberdrola dorreak eraikitzen ditu, langileen esplotazioan oinarritutako zutabeen gainean. Hatzekin zerua ukitu nahian dabiltza Iberdrolako arduradunak, beheko solairuan milaka langile esplotatuak dituzten bitartean.

Iberdrolak nahi ez badu, Konectan ez da kaleratzerik emango. Enpleguaren aldeko konpromisorik balego, honelako kaleratzeak bultzatzen dituzten politika publikoek ez lukete tokirik izango. Instituzioek esku hartu behar dute, Jaurlaritzak bere ardurei erantzun behar die, eta jakin behar du Euskal Herrian une honetan badirela bi langile, Irantzu eta Leire, Jaurlaritzak berak aspaldi baztertua duen gauza bat egiten ari direnak, herri honetan enplegua defendatzea, hain zuzen ere.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Denunciamos la actitud de la empresa con las y los huelguistas de Imegar y reivindicamos la legitimidad de la lucha

Durante estos días las y los trabajadores de Imegar (Laudio) han estado movilizándose y pidiendo a la empresa que readmita a sus compañeros de trabajo y que de solución a este conflicto.

Denunciamos la nefasta gestión de Alex Aranzabal

Mediante esta nota informativa queremos aclarar los hechos acontecidos en los últimos meses en la empresa Aguirre y Aranzabal (AYA) y el papel que ha jugado Alex Aranzabal. Hemos visto en primera persona cómo, según pasaba el tiempo, la decadencia era más palpable en todos los ámbitos de gestión.

Ser bolleras, una decisión que nos hace libres. Una decisión que queremos vivir con libertad. ¡LIBERTAD EN LOS CENTROS DE TRABAJO!

Ser acosadas y castigadas por ser lesbianas es una situación que todavía vivimos muchas de nosotras.