2024-12-09
InicioSecretaríasSecretaría de EuskaraLABek abenduaren 1ean Kontseiluak deituriko "Euskaraz bizi nahi dut" manifestazioan parte hartzeko...

LABek abenduaren 1ean Kontseiluak deituriko «Euskaraz bizi nahi dut» manifestazioan parte hartzeko deialdia luzatu du

LABek, sindikatuko Euskara idazkari eta enpresa delegatu ezberdinen eskutik, lan mundua euskalduntzeko nazio estrategia bat eraiki beharra dagoela aldarrikatu du gaur prentsaurrean. Adostasunean eta akordioetan oinarrituko dena, eta langile mugimenduak paper aktiboa izango duena.

Prentsaurrekoaren edukiak

LAB: “Krisialditik aterako gaituen eredua euskaratik eta euskararentzat eraikia izan behar du”

Euskal Herri euskalduneranzko urratsak egiteko adostasunetan eta akordioetan oinarrituriko nazio estrategia aldarrikatzen du LAB sindikatuak

Euskal Herrian euskaraz bizi nahi duen komunitate zabal eta konprometitua egon arren, euskararen herrian ezin da euskaraz bizi, euskaraz bizitzeko eskubidea ez dago bermatua lurralde osoan. Euskara, oraindik orain, normalizatua egotetik urrun dago eta desagertze arriskuan jarraitzen du.

Euskal lurraldeetan indarrean dauden lege ezberdinek euskarari mugak jarri eta egoera diglosikoa ahalbideratu dute, euskararen kaltetan. Lurralde ezberdinetan garatu diren Hizkuntza Politikek ez dute euskararen normalizazioa bermatzeko bokaziorik eduki euren hastapenetik eta porrot egin dute. Ez dute lortu herritarren artean euskararen ezagutza unibertsalizatzea ezta euskararen erabilera normalizatzea espazio publiko zein pribatuetan. Hizkuntza Politiken garapena borondate politikoen araberakoa izan da eta gaur egun herritarron oinarrizko beharrak euskaraz bermatu ezinik jarraitzen dute.

Lan munduan euskarak bizi duen egoera egoera honen isla da:

• Gaur egun euskara normalizatua ez egotearen ondorio zuzena da lan munduan eta eremu sozioekonomikoan langileen eskubideak urratuak egotea. Langileok hizkuntza eskubideen jabe gara eta gure lan zentroetatik heltzen diogu erronkari; izan ere, langileok eskubidea dugu euskara ezagutzeko, gure lan jarduera zein lanbidea euskaraz burutzeko eta lan harremanak euskaraz garatzeko. Hauek guztiak eskubide pertsonalak (langile bakoitzarenak) eta kolektiboak (herriarenak, langileriarenak) dira eta gure lan postuetatik normalizazioa modu planifikatuan egiteko lan egiten dugu.

• Ez dago hizkuntza politikarik lan munduan euskararen normalizazioa helburu duenik. Egiten den apurra jendearen borondatean oinarritua dago eta ez herri batek behar duen politika arautuan. Honek ekartzen du lan munduaren euskalduntzearen helburua enpresa pribatuekin edo administrazioarekin herritarrek izan beharreko harreman eremuak euskalduntzea izatea. Herritarren hizkuntza eskubideen alde egiteke asko baldin badago ere, langileen hizkuntza eskubideak bermatu behar ditu lan munduaren euskalduntzeak.

Azkenik, krisialdi testuinguru honetan, eremu ezberdinetatik euskarak jasaten dituen murrizketak izugarriak dira eta euskalduntze prozesuarentzat oztopo bilakatzen ari dira, euskararen normalizazio prozesuak aurrera egin dezan horren beharrezkoak diren bitarteko zein baliabideak desagertzen ari baitira.

ERRONKAK
Erreforma kapitalista bortitz baten aurrean gaude eta erreforma horren ondorioz ezarri nahi den ereduan gure herri zein hizkuntza eskubideak edota eskubide sozialek ez dute lekurik izango. Erreforma hori Euskal Herrian ere gertatzen hasi da; gure herrian, dagoeneko aldaketa martxan da. Aldaketa egongo denik, inork gutxik jartzen du zalantzan; jokoan dagoena, ordea, aldaketaren norabidea da eta aldaketaren ondorioz zer nolako Euskal Herria izango dugun.

Hortaz, euskal langileriak, bi erronka nagusi ditu, euskarari dagokionean:

• Bata, krisialditik aterako gaituen eredua euskaratik eta euskararentzat eraikitzea

• Eta bestea, euskararen normalizazioari dimentsio politikoa eman eta burujabetza prozesuaren baitan kokatzea.

Beraz, krisialditik aterako gaituen eredua egunez egun eraiki eta Euskal Herri euskaldun bateranzko urratsak emateko, adostasunetan eta akordioetan oinarrituriko nazio estrategia aldarrikatu nahi dugu gaurkoan. Egoera berrietara egokitu eta aukera berriak aztertzeko garaia da. Aldaketa horren norabidean ados gauden eragile politiko, sozial eta sindikalen konpromisoa aldarrikatzen dugu, euskarak burujabetza prozesuaren baitan behar duen lekua izan dezan.

ALDARRIKAPENAK
Hori dela eta, Euskal Herri osorako eta kanpo esku-hartzerik gabeko, Hizkuntza Politika Burujabea aldarrikatzen dugu. Bide berean, euskarak berezko estatusa, Ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa izan behar duela aldarrikatu nahi dugu.

Bestetik, lan munduan euskararen normalizazio prozesuak modu planifikatu eta eraginkorrean martxan jartzea eskatzen diegu horretarako eskumena duten eragile, erakunde eta norbanakoei.

Gaurdanik egiten dugunak (edo egiten ez dugunak) etorkizunean eragina izango duela jakitun, euskara etorkizuneko inbertsio gisa kokatu eta landu behar dugu egunez egun eta lan zentroetan, ekintza sindikalaren bidez.

LANGILE MUGIMENDUA AKTIBO ETA ERAGILE
Lan munduaren euskalduntzean, langile mugimenduak paper aktiboa jokatu behar duela aldarrikatu nahi dugu. Lan munduaren euskalduntzerik gabe, euskararen normalizaziorik egongo ez dela jakitun, lan mundua euskalduntzeko helburuarekin adostasunean eta akordioetan oinarrituriko nazio estrategia elkarlanean eraikitzeko deia luzatu nahi dugu gaurkoan. Eztabaidatzeko zein hausnartzeko guneak baliatu behar dira adostasunak eraiki eta norabide berean jarduteko. Horretan guztian, langile mugimenduaren baitako indar metaketa eta aktore gehiagoren inplikazioa aktibo berriak izateko ahalegina egin behar dugu.

LAB sindikatua osatzen dugun militanteok euskararen normalizazioarekiko dugun konpromisoa berretsi nahi dugu gaurkoan. Sindikatuaren barne bizitza euskalduntzeko barne planaren baitan neurri berriak hartu ditugu eta lan munduaren euskalduntzean urratsak emateko dinamikak eraberritze bidean jarri ditugu.

DEIALDIA
Amaitzeko, LAB sindikatuak abenduaren 1ean Kontseiluak deituriko manifestazioarekin bat egin duela adierazi eta bertan parte hartzeko deialdia zabaldu nahi diogu euskaraz bizi nahi duen orori. Eta abenduaren 2tik aurrera, lan munduaren euskalduntzearen aldeko dinamikatan inplikatzeko deia egin nahi diogu euskal jendarteari.

Donostian, 2012ko azaroaren 26an

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ya se puede ver el documental ‘Eskuz esku LAB zabaltzen’

El sindicato LAB cumple este año 50 años y a lo largo de todo el año hemos tenido varios momentos, bajo el lema LAB Zabaltzen, para celebrar el aniversario, recordar que llevamos medio siglo recorrido en el camino de la liberación nacional y la transformación social, y, al mismo tiempo, renovar el compromiso de seguir en ese camino de cara al futuro.

Hemos alcanzado un acuerdo en la empresa Egondo de Elgoibar

El pasado 18 de noviembre, las y los trabajadores de la empresa Egondo de Elgoibar iniciaron un ciclo de movilizaciones ante el bloqueo de...

Hemos reclamado en las Juntas Generales de Gipuzkoa cuidar la salud de las y los trabajadores forestales y un cambio en el modelo de...

Tal y como hicimos el pasado 27 de noviembre los sindicatos LAB, ESK, STEILAS, EHNE- ETXALDE e HIRU frente a la Diputación Foral de...