Bilboko Bizkaia Aretoan egin da EHUren ikasturte hasierako ekitaldia eta bertan, mobilizazioa egin du LABek, EHUko langileen prekarizazio eta diskriminazioari ezetz eta unibertsitate publikoarentzat finantziazio nahikoa eskatzeko.

Ikasturte berri baten hasieran gauden honetan zaharrak berri EHUn. 2022/2023 ikasturtearen zabaltze ekitaldian, ohi bezala, bai Urkullu Lehendakariak eta bai Ferreira Errektoreak, norberak unibertsitate publikoaren alde egindakoak azpimarratuko ditu, dena ondo bidean dagoelakoan edo.

Baina, zoritxarrez, EHUren egoeran dena ez da urre, eta aspaldian salatzen ari garen egoerak bere horretan mantentzen dira. Esaterako, dagoen behin-behinekotasun tasa onartezina, izan Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalaren (AZP) arloan (%69) edo Irakasle eta Ikertzaileen (IRI) eremuan (%58,6).

Ziurrenik ere, ekitaldian datozen urteetan deituko diren AZPkoen Enplegu Publikoaren Eskaintzak (EPE) azpimarratuko dituzte, unibertsitate publikoak egun lanean ari diren hainbat  AZPk plaza eskuratuko dutenik ez duela bermatuko adierazi gabe utziz eta, ondorioz, lanik gabe geratzeko arriskua dutela, EAEko unibertsitate publikoaren AZPko plantilla eskasaren ondorioz (1.715 lanpostu, Estatuko unibertsitate publikoen artean IRI/AZP ratio altuena duena: 2,95). Ez dute azalduko ezta ere promozionatu nahi duten langile finkoek hori lortzea ziurtatuta ez dutenik, egingo den eskaintza eskasaren ondorioz.

Gaur egun EHUn dauden 4.465  irakasle-ikertzailetatik 955ek lanaldi partzialeko kontratua dute (%21,4ak) eta onartezinak dira irakasle-ikertzaile hauetako askoren kasuan dauden lan-baldintzak, prekarizazioan oinarrituta, soldata oso baxuekin (400-800 euro hileko) eta egiten dituzten eginkizun batzuk kontuan hartu gabe: klaseen prestakuntza, kudeaketa, ikerketa, formazio-ikastaroakā€¦ Lanaldi partzialeko soldatak duindu egin behar dira (kantitatea nahiz egokitasuna aztertuz). Horretarako 41/2008 Dekretua aldatzea ezinbestekoa da, Eusko Jaurlaritzaren esku dagoena.

Doktoretza aurreko eta ondoko ikertzaileen soldatek ere guztiz murritzak izaten jarraitzen dute, nahiz eta azken urtean igo egin diren. Doktoretza aurreko kontratuak sinatzen dutenek esklusibotasun-kontratua sinatzen dute 1.100 euroko hileroko soldataren truke. Unibertsitatearen bikaintasuna behin eta berriro aipatzen digute, neurri handi batean ikerketan oinarrituta, baina ikerketa egiten hasten direnentzat lan-baldintzak oso prekarioak dira. Eta doktoretza ondoko ikertzaileei dagokienez, antzeko egoeran daude, batez ere, atzerrian daudenen kasuan.

Aurrekoarekin batera aldi baterako irakasleek jasaten duten diskriminazioa ere salatu behar dugu, ikerketari lotutako seiurtekoak jasotzeko eskubidea ukatzen baitzaie (eta horietako askori irakaskuntza bosturtekoak ere). Bitartean, ustez EHUn ezinezkoa dena Nafarroako Unibertsitate Publikoan lortu da dagoeneko, ANECArekin adenda bat sinatuta irakasle hauek seiurtekoak eskatu ahal izateko. EHUn langile askoren eskubide hau urratzen jarraitzen du zuzendaritza taldeak.

Aipatutako arazo guzti horietan arduradun argiak daude: erakunde publikoetako buruak, ezarritako araudiak ez aldatzeagatik eta, bide batez, unibertsitate publikoak behar dituen baliabide ekonomikoez ez hornitzeagatik. Ekitaldian ordezkaritza zabalarekin ordezkatuta  dagoen Eusko Jaurlaritzak ardura berezia du EHUk duen AZPko plantilla eskasaren aferan, soldata oso baxuak kobratzen dituzten aldi baterako langileengan, langileen arteko diskriminazioetan zein lan baldintza gero eta kaskarragoak dituzten langileengan. Hau guztia unibertsitate pribatu elitistei Jaurlaritzaren aldetik erraztasun guztiak jartzen zaizkien bitartean.

EHUko zuzendaritzak ere badu bere erantzukizuna: unibertsitatearen autonomia eta EHUko plantillaren beharrak eta baliabide ekonomiko nahikoak aldarrikatu ordez, men egiten baitie Eusko Jaurlaritzak EHUri inposatu nahi dizkion neurriei. Bide horretan LAB sindikatuak tinko mantenduko ditu bere aldarrikapenak, aipatutako gabeziak konponduta, EHUk euskal gizartearen zerbitzuan lana modu egokian egin ahal izan dezan.