2026-05-01
HomeEkintza PolitikoaGarbiñe Aranburu: "Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean...

Garbiñe Aranburu: “Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena”

Gaur, Maiatzaren Lehena, LABek hainbat mobilizazio egin ditu Euskal Herri osoan zehar. Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra Donostian izan da, eta jarraian irakur daiteke amaierako ekitaldian egin duen hitzartzea:

“Gora Maiatzaren Lehena!

Langileok eragin da aurtengo leloa. Eragiten ari gara. Gaur berriro Euskal Herri osoan kalean gara, eskualdez eskualde. Aipamen berezia Ipar Euskal Herriko gure kideei. Urteetako lan nekaezinak emaitzak eman ditu, eta intersindikaleko sindikatuekin batera Baionan eta Maulen ere mobilizatu gara.

Eragiten ari gara; soldatak hobetu eta gutxieneko soldata propioaren aldeko Greba Orokorra egin dugu, euskararen alde aktibatu gara, gerra inperialisten aurka hor gaude. Hor dago LAB, bizitza duinaren defentsan jo ta su, nekerik gabe. Jo ta ke irabazi arte!

Beste urte batez, ezin aipatu gabe utzi preso, iheslari eta deportatuak. Trabak gainditu, salbuespen neurriekin amaitu beharra dago. Guzti-guztiak etxean nahi zaituztegu!

Maiatzaren lehenean, munduko herri langileei begiratzen diegu. Elkartasuna da herrien arteko xamurtasuna. Horregatik:

-Gaur Kuban dago LAB, blokeo kriminalari ezetz esateko! Kubara, milaka kilo elkartasun eraman dugu. 6 tonatik gora osasun material, bizitzari eusteko.

-Gaur Sahararekin gaude! Saharako herriaren autodeterminazio eskubideari bai esateko!

-Eta, noski, gaur Palestinatik inoiz baino gertuago gaude. Joan den urrian Euskal Herria geratu egin genuen! Elkartasun Flotillan doa LAB; estatu kriminalaren erasoen gainetik, lurrez, airez eta itsasoz, bide guztietatik, genozidioa geldiarazi behar dugu.

Injerentziaren aurrean, guk herrien burujabetza eta herritarren ongizatea defendatuko ditugu beti. Euskal langileriak argi eta garbi esaten du: gerra inperialistatik ez! Gora herriak eta gora munduko langileria!

Langileok ez dugu gerraren faktura ordainduko: ez dugu gerraren aitzakian enplegu-galerarik onartuko; ez lan baldintzak okertzea; ez bizitza garestitzea; ez zerbitzu publikoak ahultzea.

Munduan energia iturrien kontrola gerrak eragiten ari da, langileok pobretzen ari da eta oligopolio energetikoa eskandaluzko irabaziak eskuratzen. Aste honetan bertan Iberdrolak 2025ean irabazi errekorrak izan dituela argitaratu du. Hirdokarburoen garestitzea langileok nozitzen dugu. Repsolen irabaziak %154 igo dira aurtengo lehen hiru hilabeteetan. Lotsagabe batzuk dira. Bada garaia kapital handien poltsikoetan eskua sartzeko. Aberastasuna eta boterea gutxi batzuen eskuetan kontzentratzea ez dugu onartzen, eta ez dugu onartuko!

Euskal Herriak ezetz esan zion NATOri, eta berriz altxa dugu ahotsa gerrari ezetz esateko. Europako Batasunaren noraezari ez. Proiektu sozialik gabeko Europa, Trumpen burutazioen mende dagoena. Konponbidea ez da berrarmatzea, ezta ekonomiaren militarizazioa ere; ezta hemen, Euskal Herrian, ere.

Beste industria politika bat eskatzen dugu, parte hartze soziala industriaren trantsizio ekosozialari ekiteko. Genozidioarekin negozioa egiteari ez, gerrekin negozioa egiteari ez. Ez gure izenean.

Langileen aldeko politikak behar ditugu. Enplegua, zaintza lanak eta ondasuna banatzeko politikak.

Zerbitzu publikoak sendotu behar dira, hezkuntza, osasuna eta zaintza eskubidea bermatzeko. Zaintza eraldatzea eskatzeko Greba Feminista Orokorrean parte hartze aktiboa izan genuen. Helburu horretan mugimendu feministarekin eskuz esku lanean jarraitzen dugu.

Euskararen kontrako oldarraldiak tamainako erantzuna behar du. Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea dugulako, ofizialtasuna eta bermeak behar ditugulako. Langile euskaltzale guzti-guztiok kalera aterako gara maiatzaren 9an. Gure hizkuntzaren defentsan ez da motzean dugun hitzordu bakarra; ekainaren 13an, Iruñean, euskaltzaleon martxa. Badugu plana!

Euskara bezala, etxebizitza eskubidea ere oso garesti jarri jarri digute. Etxebizitzaren gaineko espekulazioarekin amaitu beharra dago. Sindikalismoak langileen bizi baldintzen kontrako eraso oro borrokatu behar du. Eta lehen aldiz maizterren greba antolatu dugu. Bizitza duinaren alde, aitzindariak gara berriro ere, eta harro gaude!

Enpleguaren defentsan irmo ari gara hainbat tokitan; ezin ditugu hemen guztiak aipatu. Baina gaur begirada Aiaraldean dugu; eskualde osoa borrokan, a ze duintasuna. Jaso dezatela gure babesa eta txalo bero bat.

Ezin aipatu gabe utzi beste bi adibide eredugarri: bata, martxoaren 17ko greba orokorra, aberastasuna banatu, soldatak hobetu eta gutxieneko soldata hemen erabakitzearen alde; bigarrena, pentsiodunen borroka nekaezina, pentsio duinen alde. Soldatak eta pentsioak hobetzea ezinbestekoa da bizitzaren garestitzeari aurre egiteko.

Langile guztiei bizitza duina ziurtatzeko aldarrikapenak dira. Guk ez dugu inor bazterrean utziko. Horixe da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena. Lanean ari gara arrakala matxista, arrazista, eta belaunaldi arrakalak borrokatzeko, eta ez egin zalantzarik. Berandu baino lehen lortuko dugu!

Lortuko dugu, eta lortzen ari gara. LABek ere bultzatu duen erregularizazio masiboari bide eman dion dekretua garaipen soziala da. Mugimendu migratu antolatuak lortu du justizia sozialekoa den urratsa. Erregularizazio prozesuak errazteko, laguntzeko eta inplikatzeko prest gaude; sindikatua busti egingo da. Baita arrazismo laboralen kontra ere. Patronalari eta gobernuei esaten diegu ez dugula onartuko langile migratuak erabili eta bota daitekeen esku lan merkea izaterik.

Negoziazio kolektiboan ere lortzen ari gara. Grebaren emaitzak hasi dira loratzen. Patronalaren borondatearen kontra, baina negoziazio kolektiboan nabari da grebaren indarra. Urteetan blokeatua egon ondoren, 1500€-ko gutxieneko soldata bermatu eta beste hainbat hobekuntza jasotzen dituen hitzarmena Bizkaiko Grafikagintzan. Edo estatalizatua zegoen kolektibitateetan lehen lan hitzarmena.

Greba Orokorraz hitz egin, eta azpimarratzekoa gazteek greban izan duten inplikazioa. Herri honetako gazteria ez da indibidualista, ez da politizatu gabea, ez pasiboa.

Greban, Korrikan, Topagunean….. Gazteria bizirik eta martxan dago. Segi hortzak erakusten bizitza osorako prekaritatera kondenatu nahi zaituztetenei, eta gogoan izan: hemen gaituzue, bidelagun gaituzue. Euskal gazteria aurrera!

Gutxieneko soldata propioa neurri beharrezkoa, bidezkoa eta bideragarria da. Patronalak eta gobernuek gure proposamenak mespretxatu dituzte, baina borrokak aurrera jarraitzen du. Grebaren indar erakustaldiak bizirik mantentzen du aldarrikapen hori. Indar eta zilegitasun handiagoa eman digu.

Ez da erraza izango. Grebari emandako erantzuna gaizki deitutako Elkarrizketa Sozialaren Mahaian akordio berri bat aurkeztea izan da. Lan eta soldata baldintzak hobetzeko aurrerapausorik gabeko akordioa eta autogobernua zabaltzeko anbiziorik gabekoa.

Akordio hori ezin da ulertu Pradalesen gobernuak dituen hipotekak kontuan hartu gabe; Confebaskekin, maila sozialean, eta PSErekin, maila nazionalean.

Jada inork gutxik sinesten du Pradalesen egiteko modu berrietan. Akordioak Jaurlaritzaren izaera autoritario eta antidemokratikoan sakontzen du. eta hiru helburu nagusi ditu:

-Confebask zuritzea . Negoziazioari uko egiten dion patronala presionatu egin behar da, babes politiko eta ekonomikoa kendu egin behar zaio.

-Sindikalismo otzana hauspotzea. Lau sosen truke erosi dituzte!

-Klase-sindikalismo subiranista zigortzea. Patronalaren aliatu izatetik patronalaren menpeko izatera pasa den gobernuak ez du langileen aldeko politikak egiteko anbiziorik; ez du euskal esparrua eratzeko eskumenak zabaltzeko anbiziorik. Eta gu oztopo bilakatu gara; isilarazi egin nahi gaituzte.

Entzun gaitzatela. Ez dute lortuko! Jai dute. Ez gaituzte kikilduko. Gure apustuan berresten gara. Borroka da bide bakarra.

Sindikalismo borrokalari, independentista, feminista eta antirrazista garatzen jarraituko dugu. Langileen errealitateari hobekien erantzuten dion sindikatua gara. LAB zabaltzen jarrai dezagun; zenbat eta indar gehiago, orduan eta aukera handiagoak sindikalismo eraldatzailea aldarrikatu ez ezik, praktikara eramateko.

Aldarrikapen eta borroka eguna da gaurkoa. Baina izan dezala gozamenetik ere. Bihartik aurrera berriro borrokan elkar rekin topo egingo dugu.

Gora langileon borroka! Gora Euskal Herria askatuta!”

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

[ARGAZKI GALERIA]: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan egindako 26 manifestaziotan

Eskualdez eskualde mobilizatu da sindikatua Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta.

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...

Erandioko Udaleko langileak mobilizatu egin dira gaur, Erandioko udalak hasi asmo duen etxez- etxeko laguntzaren pribatizazioaren aurka

Urteak daramatzate etxez- etxeko laguntza zerbitzua indartzea exijitzen. Alde batetik, zerbitzurako sarbidea izan beharko luketen erandioztar guztiei eskubidea bermatzeko eta bestetik, ematen den zerbitzuaren...