2026-05-13
HomeEkintza PolitikoaLangabezia datuek ez dute enplegu prekarioaren hazkundea islatzen

Langabezia datuek ez dute enplegu prekarioaren hazkundea islatzen

Pasa den urteko apirilean baino 3.594 langabetu gutxiago daude Hego Euskal Herrian. Azken hilabetearekiko ere jaitsi egin da langabezia (%3,07) eta 132.708 langabetu daude. Emakumeen artean azken hilabetean zein urtean langabeziak behera egin arren, langabetuen gehiengoa izaten jarraitzen dute, % 59a, hain zuzen ere.

Apirileko azken egunean 1.091.652 afiliatu zeuden Hego Euskal Herrian Erregimen Orokorrean, aurreko urtean baino 16.000 afiliatu gehiago. Hala ere, sortzen ari den enpleguak prekarietatea du oinarri. Afiliazioaren igoeraren atzean zerbitzuen presentzia nabarmena dago (afiliazio guztiaren %62,5 osatzen du), sektore honetan igo baita gehienbat. Ezin dugu ahantzi aste santua egon dela tartean, eta zerbitzuetako eskaintza prekarioak horrekin lotura zuzena duela. Aipatzekoa da afiliazioan erregistratutako kontratuen proportzio handi bat aldizkako kontratu finkoak izan direla. Nabarmentzekoa da, halaber, afiliazioak gora egin duela industrian, azken hilabetean batez ere Nafarroan, nahiz eta langabeen kopuruak gora egin duen aurreko urtearekin alderatuta. Hau da, industrian enpleguak gora egin du, baina ez da egonkorra.

Bestalde, azpimarratu behar dugu hilabetez hilabete handitzen ari den beste kolektiboa aurretik enplegurik ez zuten herritarrena dela, bereziki migratuek eta emakumeek osatua. Izan ere, aurreko enplegurik gabekoen artean, migratuek %6,6 egin dute gora eta 362 emakume gehiago dago egoera honetan. Bizi dugun eredu kapitalista patriarkal eta kolonialak bereziki kolpatzen ditu egoera zaurgarrian dauden kolektibo horiek, lan merkatu prekariora bultzatzen dituelarik.

Urte arteko datuetan arreta jarriz gero, adin guztietan jaitsi da langabezia. 25 urtetik beherakoen artean %10,73 murriztu da. Sexu-generoaren aldetik antzeko zantzuak ikus ditzakegu, aurreko urtetik hona emakumeen artean langabezia %2,64 jaitsi baita. Hau Aste Santuan egondako zerbitzuen lan eskaintza prekarioarekin lotzen dugu. Hala ere, sistemaren oinarri heteropatriarkalak agerian gelditzen dira, aurreko enplegurik gabekoen artean emakumeak baitira gehiengoa. Gainera, gazteen artean, enplegurik ez dutenen %77,69 emakumea da.

Kezkagarria da sortzen ari den enpleguaren kalitatea. Denbora daramagu errealitate hori salatzen, baina patronalak ezikusiarena egiten du. Egin diren 14.272 kontratu berrietatik %80 behin-behinekoak dira. Langile klasearen ezegonkortasuna bultzatzen duten enpleguak sortzen ari dira. Are gehiago, behin-behineko kontratu ia guztiak zerbitzu sektorean izan dira. Ez da kasualitatea sektore prekarizatuenak izatea enplegua sortzen dutenak, egonkorrenak suntsitzen ari diren bitartean; adibide garbiak dira Tubos Reunidos eta Maderas de Llodio.

Ez da lehenengo aldia ohartarazten duguna langabezia datuek, modu isolatuan, lan merkatuaren argazki osoa islatzen ez dutela. Enplegu prekarioa gizartearen kezka nagusia da, eta egoera horrek egiten du posible gero eta langile gehiago egotea bizitza duina bermatzeko diru-sarrera nahikorik gabe, enplegua eduki arren. Horri aurre egiteko tresna da borroka sindikala. Sistema kapitalista heteropatriarkal eta koloniala ezbaian jartzeko momentua da, langile klasea erdigunean jarriko duen eredu berria eraikitzeko, langile klase osoaren lan eta bizi-baldintzak hobetuko dituena.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mobilizazioak hasiko ditu Gasteizko Vitalquiler Adaniaren maizterren LABeko atal sindikalak

Etxebizitzak babes ofizialeko kalifikazioa galtzen ari direla aprobetxatuz, errenta igoera neurrigabeak eta abusuzko klausulak ezarri nahi ditu Adania promotoreak kontratu berrietan. Horren aurrean, maizterrek mobilizazioa egingo dute bihar, baldintza duinak aldarrikatzeko.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioak deitu ditu gerraren kontra eta denontzako bizitza duinak eskatzeko

Agerraldia egin dute gaur Bilbon Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan biltzen diren eragile sozial eta sindikalek. Bertan, gerren, militarismoaren eta gastu militarraren igoeraren aurka...

Bizkaiko suhiltzaileak lan-baldintzen hobekuntzaren alde borrokan

Bizkaiko Foru Aldundiko Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko suhiltzaileak mobilizazioak egiten ari dira osasunaren eta segurtasunaren arloko hobekuntzak aldarrikatzeko, bai eta beren kategoriako errekonozimendu profesionala aldarrikatzeko ere, Eusko Jaurlaritzaren 2023ko Suteen Prebentzio eta Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuen Legeak jasotzen duen bezala.