2025-02-10
HomeEkintza SindikalaBi asteko greba deitu dugu berriro ere Osakidetzako garbiketa zerbitzuan

Bi asteko greba deitu dugu berriro ere Osakidetzako garbiketa zerbitzuan

Osakidetzak azpikontratatutako garbiketa-zerbitzuko langileok 5 urte daramatzagu hitzarmenik gabe, eta enpresekin hamaika bilera burutu ditugun arren (berrogeita hamar inguru), esan dezakegu hasieran bezalaxe gaudela. Hori dela eta, LAB-UGT-CCOO-ESK intersindikalak greba deitu du martxoaren 20an hasi eta apirilaren 2ra arte.

Gure hitzarmenak, gure lan-baldintzak Osakidetzako langileei homologatzea helburu bezala ditu. Horixe izan da, hain zuzen ere, bere garaian inplikatutako hiru aldeok (enpresak, langileak eta Osakidetza) onartu genuen joku-araua, eta horren arabera jardun dugu urteetan eta urteetan.

2018an abiatu genuen hitzarmen berriaren negoziazio prozesua, negoziazio erraza izango zelakoan; izan ere, Osakidetzako langileekin homologatuta egoteak, Osakidetzan adostutako gai jakin batzuk egokitu eta eguneratu besterik ez zirela behar esan nahi zuen. Baina hamaika bilera egin ondoren, negoziazioaren erabateko blokeoa agerikoa da.

Ikusten ari gara enpresek eta bezeroak (Osakidetza) ez dutela homologazioprintzipioa betetzen, uko egiten baitiote Osakidetzako langileei aplikatutako gaiak egokitzeari eta aplikatzeari.

Ez gara homologaziotik haratago doazen gaiak aldarrikatzen ari, ez! Besterik gabe, Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien baldintza berberak aplikatzea aldarrikatzen ari gara, homologazio-printzipioan oinarrituta: garapen profesionalaren deialdi ezberdinetara sarbidea izatea, lanpostu hutsak betetzeko sistema bidezkoagoa, txanda-kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko eskubidea izatea, Osakidetzako langileek aitortuta dituzten baimenak eta lizentziak, etab.

Enpresa esleipendunak jarrera erosoan kokatu dira, eta erantzukizuna Osakidetzako Zuzendaritzari zuzendu diote. Modu horretan ez dute sindikatuekin edozein gai adostu nahi, Osakidetzako Zuzendaritzaren aldez aurreko oniritziarekin ez bada.

Zentzu horretan, ordezkaritza sindikal bezala askotan zuzendu gara Osakidetzako zuzendaritzara egoera desblokeatzen saiatzeko; bi urte daramagu Osakidetzaren atea jotzen, baina salatu behar dugu erakunde publiko honek ez duela guri erantzuteko begirunerik ez edukaziorik erakutsi.

Duela hilabete gutxi, blokeo-egoeraren aurrean, gure hitzarmenak jasotzen duen bitartekaritza-prozedura ireki genuen. Baina Osakidetzak izendatutako bitartekariak mezulari soil gisa helarazi digu proposamen pobre, zehaztugabe eta labur bat, eskasa iruditzen zaiguna eta gai asko airean uzten dituena. Gainera, ia hilabete pasa da haren berririk ez dugula.

Zergatik Euskal Administrazioa sektore maskulinizatutako gatazketan (Bizkaiko metalaren kasuan) inplikatzen da, eta bizkarra ematen du lan-gatazkaren protagonistak emakumeak garenean?, 3. mailako langileak al gara? Ez al daki Eusko Jaurlaritzak bere jarrerak emakumeoi erabateko prekarietatera kondenatzen gaituen sexuagatiko diskriminazioa erreproduzitu eta kronifikatu besterik ez duela egiten? Mespretxu horren ondorioz, aurreko astean M8a bezalako data garrantzitsuetan entzun genituen adierazpen instituzionalak, hitz hutsalak bihurtzen dira gure belarrietan; marketin hutsa gure begien aurrean.

Bestalde, duela bi aste Gurutzetako ospitalean langileen aurka izandako karga polizialaren irudiak ditugu oraindik gogoan. Baita grebako aste hartan jasan genuen presio polizial itogarria ere. Gaizkileek bezala tratatu gintuzten, dagokiguna aldarrikatzen ari garen langileak garenean. Hori al da Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzak proposatzen jarraituko duten irtenbidea?

Azkenik, ezarriko dizkiguten gutxieneko zerbitzuen berri oraindik eman ez diguten arren, badirudi Lan Sailak handitu egingo dituela aurretik agindutakoak, Osakidetzak hala eskatu baitu. Igoera hori baieztatzen bada, salatu egingo dugu, ezartzen ari zaizkigun gehiegizko eta neurriz kanpoko gutxieneko zerbitzuek grebarako oinarrizko eskubidea urratzen baitute.

Enpresa esleipendunak eta Osakidetzako zuzendaritza ez daitezela okertu; erakundeen inplikazio ezaren gainetik, borrak eta mehatxuak gorabehera, eta gutxieneko gehiegizko zerbitzuen gainetik, Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko langileok dagokiguna defendatzeko erabakia dugu; Osakidetzako langileekiko lanbaldintzak homologatzea.

Zentzu horretan, sektorean beste greba-deialdi bat e g i t e n dugula jendaurrean iragarri nahi dugu. Zehazki, 2 asteko lanuztea izango da, martxoaren 20tik apirilaren 2ra. Argi eta garbi adieraziko diegu bai enpresei, bai Osakidetzako zuzendaritzari, homologazioa ez dela ukitzen! Ziur gaude mobilizazioaren eta borrokaren bidez lortuko dugula.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bizkaiko eraikuntzako patronalak ez du sektoreko langileen lan-baldintzak hobetzeko inolako asmorik

Gaur, 2025eko otsailaren 10ean, Bizkaiko Eraikuntzaren Sektoreko Hitzarmen Kolektiboa berritzeko 4. negoziazio mahaia izan da.

Lortu dugu! 16 urteren ondoren Haurreskolak Partzuergo Publikoko lan hitzarmena sinatu du LABek

Beste behin borrokak merezi duela baieztatu dugu. Azken urteetan hamaika greba eta mobilizazio burutu ostean, azken biak pasa den urtarrilean eta eskola publikoko greba ziklo honen otsaileko bi greba egunen atarian, Eusko Jaurlaritza posturaz aldatzera behartu dugu.

LABen iritziz urgentea da etxeko langileentzako hitzarmena

LABeko etxeko langileen atal sindikalak, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako etxeko enpleguarekin lotutako kolektibo eta erakundeekin batera, kaleak hartu ditu berriro ere sektore horretako lan-baldintza jasanezinak salatzen jarraitzeko eta langile horientzako eskubideak aitortzeaz arduratu beharko luketen erakundeen interes falta salatzeko. Hala, mobilizazioa egin du gaur Bilbon, Justizia Jauregiaren aurrean. Bihar asteartea, Donostian mobilizatuko da, Lan Ikuskaritzaren aurrean, eta asteazkenean Iruñean beste horrenbeste egingo du, Udaletxe plazan.