2025-12-16
Blog Page 95

Kontratu publikoen legea hautsiz eta azpikontratazioa noraino irits daitekeenaren inguruko publizitatea ematea ekidinez ari da aurrera eramaten Osakidetza biltegien pribatizazioa

Iurretako plataforma logistikoaren eraikuntza eta ustiapenerako zerrendagai desberdinak eskaintzak egiten hasteko 20 egun baino gutxiago falta direnean, Osakidetzak bere asmoa ezkutatzen jarraitzen du, baita honek langileengan izango duen eragina eta baita biltegien pribatizazioa noraino iritsiko den ere. LABen uste dugu proiektu hau oso kaltegarria izango dela biltegi guztientzat, plantilla guztiari eragingo diolako, eta horregatik ari dela Osakidetza hau ezkutatu nahian.

2024ko uztailaren 3an sinatu zen 8. zenbakidun aktaren arabera (sindikatu honek kontrastatu ahal izan du) administrazioak agindu zuen behin-betiko dokumentuak argitaratuko zituela luze baino lehen, kontratu publikoen prozeduren iragarpenari dagokion legearen lehen artikulua betez.

LAB sindikatutik behin baino gehiagotan eskatu ditugu dokumentu hauek eta azalpenak, emaitzarik lortu gabe. Are gehiago, aurtengo irailaren 19an emandako erantzun batean, Zuzendaritza Nagusiko kontratazioko teknikari batek oraindik hauek idazten ari zirela baieztatu zigun. Erantzun hau oso esanguratsua da, eskaintzak egiteko epea irekita zegoelako eta gutunazalen irekierarako data jarrita zegoelako. Nola da posible enpresek beraien eskaintzak aurkeztea hauek arautzen dituzten kontratuak oraindik idazten ari baziren?

LABek 172 milioi euroren balioa duten pribatizazioak geratzea lortu du dagoeneko. LABentzat garbi dago dokumentu hauek ezkutatzeak helburu garbi bat duela: sindikatu honen jarduera geldiaraztea. LAB desaktibatzeko bide horretan, Osakidetzak erabateko babesgabetasun egoeran uzten ditu bere langile guztiak, biltegietako langileria desagerraraziz. Gogorarazi nahi dugu kontratu honek 128 milioi euroko (BEZa aparte) balioa duela eta diru publikoarekin eraikiko den plataforma logistiko baten eraikuntza barnebiltzen duela, gero enpresa pribatuek kudeatuko dutena. Hau guztia LABek eta beste sindikatu batzuek epaitegietara eraman duten izugarrizko ustelkeria da.

Mahai sektoriala

Urriaren 10ean egin zen azken mahai sektorialaren bileraren aurretik, LAB sindikatuak galdera sorta bat bidali zion Zuzendaritza Nagusiari, mahaian erantzun zezan, baina ez genuen gure galderen erantzunik jaso, proiektuak duen garrantziaren eta langileengan duen eragina izugarria den arren.

Nabarmen geratzen da Osakidetzak plantilla baliabiderik gabe utzi nahi duela pribatizazio justifikaezin baten osagai guztiak dituen proiektu honen aurrean. LABen uste dugu proiektu honen buru direnak interes orokorraren aurka jokatzen ari direla, eta 100 milioi eurotik gorako proiektu batekin jolasean ari direla gizarteari eta langileriari informazioa ezkutatuz, atzetik dena erabakita eduki arren.

Osakidetza osorako produktuen banaketa eta biltegiratze lan guztien kontrola lortzea helburu duten enpresa pribatuei mesede egitea beste interesik ez duten pertsona hauen jarrerak, kontratu publikoen legea haustera eraman du Osakidetza, izaera publikoa izatea bezalako oinarrizko baldintzak ez betez.

Oso larritzat jotzen ditugu Maite Peñak Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak “Berria” egunkarian egindako adierazpenak

Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak Berria-n adierazi duenez, gainontzeko eragileek proposatzen dugun eta aldundiak proposatzen duen zaintza sistema eredua praktikan oso antzekoak dira. Gipuzkoako eredua indartsua dela ere badio, eta pertsonetan zentratua dagoen eredu baterako trantsizioa egiten hasiak direla.

Alde batetik, etxean emango diren zaintzak indartu, malgutu eta egokituko dituztela aipatzen du. Izan ere, etxean ematen diren zaintzei buruz ari denean, etxez etxeko laguntzako eta etxeko langileei buruz ari da. Etxez etxeko langileen kasuan, enpresa pribatuek kudeatzen dituzte euren lan baldintzak, eta baita erabiltzaileei ematen zaien zerbitzua bera ere. Gipuzkoako Foru Aldundia eta udalak dira pleguen eta lizitazioen bitartez pribatizazioa bultzatu zutenak eta bultzatzen dutenak. Etxeko langileen kasuan, kontratazioa era pribatuan egiten da, eta sektore feminizatua eta guztiz esplotatua da, lan hitzarmenik gabekoa.

Bestalde, sindikatuek eta mugimendu feministak maiz salatu izan dugu erabiltzaileek jasotzen duten arreta ez dela kalitatezkoa, pribatizazioaren eraginez. Bada, horren aurrean, Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatu arduradunak zera dio, Gipuzkoako plazen %90 publikoak direla eta lidergoa publikoa dela. Zerbitzua ematearen ardura publikoa izateak, ordea, ez du esan nahi zerbitzua bera kudeaketa zuzenekoa denik; hau da, publikoa denik. Esan nahi duena zera da, gipuzkoarren errentetatik jasotako dirua, publikoa dena, aldundiak enpresa pribatuen poltsikoetara bideratzen duela, eta zaintza zerbitzu horien inguruko erabakiak, kudeaketak, enpresek hartzen dituztela, erabiltzaileen nahiz langileon kalterako.

LABek irmoki defendatzen du zaintza sistema publikoa izan behar dela; hau da, pribatizatuta dauden zerbitzu horiek guztiak administrazio publikoak bere gain hartu behar dituela, lan publikoa delako eta zerbitzu publikoak indartu behar ditugulako. Horregatik, enpresa pribatu guztiak zaintza sektoretik desagertu behar dira eta administrazioek horien kudeaketa zuzena beren gain hartu. Baina, Maite Peñak argiki azaltzen duen moduan, ez du sinesten zaintza sistema publiko komunitarioan, eta egungo ereduak emaitza onak ekartzen dituela dio. Horren aurrean, agerikoa da ereduen talka: pribatizatutako zaintza sisteman jarraitu ala bestelako eredu baterako bidea egin. Guk, gauzak beste era batera egin behar direla eta egin daitezkeela sinesten dugu, eta horretan jarriko dugu indarra.

LABentzat pribatizazioan eta prekaritatean sakontzen duten administrazioak patronalaren pareko dira. Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak azaltzen du pribatizatutako langileen lan baldintzak ez direla euren ardura, hori patronala eta langileen arteko negoziazio soil batean arautzen dela, beraiek ardurarik izango ez balute bezala. Azala behar da, gero, halakoak esateko. Enpresa horiek erabiltzen duten diru kopurua ez al die, bada, foru aldundiak ematen?

Hortaz bai, badute eskumena eta aukera lan baldintzen gainean erabakiak hartzeko, dirua horra edo hara zuzentzeko: zerbitzuaren kontrolera eta kalitatera, sektoreeko langileengana, euren lan eta bizi baldintzak hobetzera.

Horretaz guztiaz hitz egiteko eta diputatuari sektoreko errealitatea nahiz gure ikuspuntua azaltzeko bilera eskari premiazko bat egingo dugu. Erabat feminizatua, arrazializatua eta prekarizatua den sektore honetan dauden argi-ilunak agerian jartzen jarraituko dugu.

Pribatizazioa zaintza langileon miseria delako, LAB sindikatua zaintza sistema publiko komunitarioaren aldeko borrokan berresten da.

Kate handi eta marketako langileei Bizkaiko ostalaritzako hitzarmena ezartzea eskatu dugu

Agerraldia egin dugu gaur Bilbon, Egaña kaleko Burguer King-en aurrean, “Bizkaiko ostalaritzan, estatalizaziorik ez! Lan berdina, hitzarmen berdina” lemarekin.

2022an, ostalaritzako kate eta marka handiek (McDonald ‘s, Taco Bell, KFC, etab.) Asociacion Empresarial de Marcas de Restauracion (AEMR) sortu zuten, eta kateetan aplikatzeko hitzarmen espezifiko bat sinatu zuten CCOO eta UGT sindikatuekin.

Hitzarmen honen helburua ostalaritzako hitzarmenetatik libratzea da, kate horien beharren neurrira baldintza prekarioagoak aplikatu ahal izateko, eta herrialde bakoitzean LAB bezalako sindikatuekin negoziatzea saihesteko.

Aldea izugarria da: hanburgesak zerbitzatzen dituen taberna batean, lanaldi osoko zerbitzariak 1.419,06 euro irabazten ditu (21.285,9 euro/urtean), 2020tik eguneratu gabeko soldata izanik; eta gauza bera egiten duen kate batean, LGS kobratzen da (15.876 euro/urtean). Lehenengo langileak 15 jai-egun kobratzen eta berreskuratzen ditu; bigarrenak, berriz, ez. Lehenengoari, hitzarmenak hala jasotzen duelako, aparteko orduengatik gehiago ordaintzen diote, antzinatasun-plusa du, prestakuntza-plusa, erreminten higadura, garraioa, bajak osagarrituta… kobratzen ditu. Kateetako langileak, berriz, sindikatura deitzen du galdetuz ea zergatik ordaintzen dioten gehiago ondoko tabernakoari lan berbera eginda eta zergatik dituen baldintza hobeajk. Ez da kasualitatea kate horietan kontzentratzea langile migratu eta arrazializatu gehien, eta era guztietako gehiegikeriak.

Egoera hau bi urtez luzatu da, eta oraingoz, Auzitegi Gorenaren ebazpenaren zain, epaitegiek patronala babestu dute. Horregatik, garrantzitsua da ostalaritza-hitzarmenak berak ezartzea jarduera horretako langileei hitzarmen bakarra eta baldintza berdinak aplikatzea: Bizkaiko ostalaritza-hitzarmena.

LAB izan gara ostalaritzako negoziazioan kateak berriro hitzarmen honetan sar daitezen borrokatu duen sindikatu bakarra, eta maiatzean sinatutako aurre-akordioan lortu genuen.

Sinatu eta egun gutxira, CCOOk atzera egin zuen sinaduran, eta akordioa hautsi zuen. Jarraian, AEMR patronalak hitzarmena inpugnatzeko mehatxua egin zuen, forma-akatsak argudiatuta. LABek konponbide errealak proposatu ditu balizko akats horiek konpontzeko. Hala ere, Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak ere atzera egin zuen beldurragatik, eta hitzarmena sinatzea blokeatu zuen. ELA, aldiz, sektorean gehiengoa duen sindikatua izanda, ikusle huts bezala parte hartzen dago, bere erantzukizuna saihesten.

Bien bitartean, hitzarmenik gabe dago 23.000 langile inguruko sektorea. Ohiko ostalaritzako langileak baldintzak berritu gabe, eta kateetakoak, miseriazko estatu-hitzarmen batean bahituta.

Eusko Jaurlaritzako Lan Sailburuordetzak alde guztiak bilerara deitu gaitu egoera desblokeatzen saiatzeko, eta kateak kanpo utziko lituzkeen proposamen bat egin digu. Ezin dugu salatu gabe utzi ustez Madrilen EAEko hitzarmenen lehentasunaren alde borrokan ari dela harro dioen gobernu baten inkoherentzia.

Zertan geratzen da EAEko hitzarmenen lehentasun hori, ezin baditugu gure sektoreko hitzarmenetan sartu Madrilgo akordioek atera dituzten langileak? Edo, kolektibitateetan, ostalaritzako jangeletan, gertatzen ari den bezala, bertako patronalak uko egiten badio esertzeari, estatuko hitzarmen bat merkeago ateratzen zaiolako? Promesek hauteskundeak irabazteko balioko dute, baina ez dute baliozko hitzarmenak ixteko.

Guk argi daukagu: ostalaritzako akordioak sektoreko langile guztien defentsa eskatzen du, eta kasu honetan, horrek estatalizazioaren aurka borrokatzea dakar.

Ez dugu babestuko langileak lanaldi amaigabeekin eta bermerik gabe txikitzea ekarriko duen neurririk Mercedesen

Enpresari egiten dizkiogun proposamenen aurrean, beti erantzuten du “datu berriekin”, gu baliogabetzen saiatzeko. Bere menpe gaude. Ekoizpen-unitateak aurkeztu zizkigutenean, proposamen bat egin genuen, enpresaren premien barruan sartzen zena, bederatzigarren orduen beharrik gabe, enpleguari eutsiz eta plantillaren osasuna babestuz. Eta horren aurrean beste datu batzuk ateratzen dira. Halaber, ez dute argitu plantilla osoari, zati bati edo atalei eragingo liekeen. Ez dago argitasunik, ezta gardentasunik ere; izan ere, batzordearen mugimendu bakoitzarekin pixka bat gehiago zokoratzen saiatzen da.

Nabarmendu beharreko beste alderdi bat da, gaur egun, hitzarmenak jasotzen duela enpresak aplika zezakeen produkzio-sistema, ikusten ari garen show hau eman gabe. Baina enpresak eta hitzarmena sinatu zuten sindikatuek (CCOO, UGT eta EKINTZA) ez dute aplikatu nahi, ezta horretaz hitz egin ere, horrek dakarren basakeria dela eta. Etengabe nabarmendu dugu: ezin dira langileak goizeko txandan 53 orduz eta arratsaldekoan 45 orduz lan egitera behartu. Plantilla nagusia da, langileek %35ak 50 urtetik gora baititu; beraz, neurri horiek aplikatzeak produktibitate okertzea ekarriko du. Bere garaian oso kritikoak izan ginen neurri horrekin, zigorra baita. Eta orain, horrela adierazten digute denborak eta hitzarmenaren sinatzaileek.

Horren aurrean, ez zaigu egokia iruditzen “oker txikiena” negoziatzea. Zentzugabekeria da ala ez? Gure osasunarekin negoziatuko dugu apur batzuen truke? Gainera, enpresak adierazi digunez, ez dago ziur zer adostuko den, ezta adostutakoa berriro adostu beharko ote dugun, poltsa handitzean gertatu den bezala. Enpresak adierazi du bi hilabeterako programatutako ekoizpena baino ez duela ezagutzen %100ean, eta, beraz, 2025 urte osorako hipotekatzea eta karta zuria ematea suizidioa dela. Gainera, eta adierazi zaigunez, zer gertatuko litzateke irailean edo urrian programatutako ekoizpenak betetzen ez badira? Eta geldialdi tekniko luzeagoa behar badute? Eta zer gertatzen da lana eta familia kontziliatzearekin?

Hemen errealitate honekin topo egiten dugu: ematen du inork ez duela izendatu nahi, baina denak ari dira Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteaz (ABEEE) hitz egiten. Zer osagarriri buruz ari dira, bestela, esaten dutenean beste neurri batzuk aplikatzeak ez duela “murrizketa ekonomikorik” ekarriko? Aurki gaitezke, hilabetez txikituta egon ondoren, destajuan lanean, bi bederatzigarren ordurekin, gainera ABEEEra bidaltzen gaituztela. Puntu honetan, 2022ko ABEEEa gogoratu nahi dugu, zeinetan enpresaren aurreikuspen faltagatik (edo txarragatik), 2 jardunaldi eten zituen, eta honekin, langabezia-poltsa ireki zen eta aplikazio berriarekin, ordutik sortu ditugun 8 hilabeteak galduko. Hirutan galtzen dute langileek: osasuna galtzen dugu, langabezia galtzen dugu eta langabeziak sortutako 8 hilabeteak galtzen dituzte.

LABetik hainbat proposamen koherente plazaratu ditugu, enpresaren beharrak arinduko lituzkeenak. Hasieratik proposatu dugu irtenbidea lan-erritmoak murriztea izan daitekeela, pertsonak lasaiago irits daitezen lan-txanda amaitzera, eta horrek eragin positiboa izango luke ezintasun-indizean eta produktibitatean. Horrek enpleguari eustea bermatuko luke, eta kontratazioak ere ekar ditzake. Enpresak dioenez, unerik kritikoena martxoa eta apirila bitartean izango da. Hori dela eta, langile batzordeak aho batez proposatu zituen ondorioak arintzeko neurriak: eszedentziak, metatutako murrizketak, lineak indartzea, prestakuntza…

Berriro diogu EAEko, Arabako eta Gasteizko lurzoru industriala ia oparitu egin diotela Mercedesi, planta handitzeko lanak egin ahal izateko. Guztion artean. Gainera, enpresak diru publikoa jaso du PERTE bidez (zehazki, 130 milioi euro). Dirua gure poltsikoetatik ateratzen da, gure zergen bidez, eta, gainera, ez diote inolako erantzukizun sozialik eskatzen enpresari. Bi arrazoi horiengatik bakarrik, enpresak betebehar sozial bat du Arabako gizarte osoarekiko, eta batez ere, langileekiko. Eta ez ditzagun ahaztu 2023an dibidenduetan banatutako 105 milioi euroak.

Laburbilduz, enpresak soberan du gaitasuna egoerara egokitu ahal izateko eskura dituen tresnekin, langileak txikitu gabe eta neurri are kaltegarriagoak aplikatu gabe, zehazki, 2 bederatzigarren ordu edo ABEEE bat. Proposamenak plazaratu dira, baina enpresak dena irekita eduki nahi du, berriro adostu beharko balitz, poltsa handitzeko akordioarekin gertatzen ari den bezala. Ez dago bermerik, ez dago gardentasunik. Ezin dugu gutun zuria eman. Ez gaitezen itsutu soldata-osagarriekin gure eskubideen truke.

Azkenik, ezin ditugu ahaztu azpikontratetan lan egiten duten eta prozesu osoa larritasunez bizitzen ari diren langile guztiak. Mercedesi eskatzen diogu enpresa horiekin eta haien batzordeekin komunikazio-bideak irekitzeko, enpresa hauetako langileei ere eragiten dielako egoerak.

Lizarrako udaletxe aurrean salatu dugu urteko 48. laneko heriotza

Urriaren 18an 56 urteko langile bat hil zen Lizarran, Agralcon (Lizarrako Alkoholategia) izan zen eztanda baten ondorioz. Gaur salatu dugu haren heriotza LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuok. Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hil egiten gaituztela nabarmendu dugu.

Hezkuntza Laguntzako Espezialistek pairatzen dituzten lan baldintzak duintzea eskatu dugu Iruñea eta Tuteran

Administrazio Erroko Langileen Batzordeak (LAB, AFAPNA, ELA, CCOO eta UGT) elkarretaratzeak egin ditu Iruñea eta Tuteran Hezkuntza Laguntzako Espezialistek pairatzen dituzten lan baldintzak duintzearen alde. Horretarako mahai negoziatzaile baten irekiera exijitu du.

Joan den irailaren 19an, Hezkuntza Laguntzako Espezialisten (EAE) ordezkaritza sindikala Funtzio Publikoaren eta Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren ordezkariekin bildu ginen. Bilera horretan, aurreko legealdian Administrazioak aldebakarrez bertan behera utzi zuen negoziazio mahaia berriz irekitzea eta negoziazio prozesuaren egutegia finkatzea eskatu genuen.

Negoziatu beharreko gai nagusiak zerrendatu genituen bileran hartan:

– Ordutegi-erregulazio berria.

– LEP berriak, HLEen kolektiboa Administrazioak berak helburu duen % 8ko behin-behinekotasun tasaren azpitik kokatuko dutenak. Gaur egun, egonkortze-prozesuaren ondoren ere, langile finkoen kopurua ez da % 50era iristen.

– Kontratu duinak, Hezkuntza Premia Bereziak (HPB) dituzten ikasleei eskaintzen zaien esku-hartzea eta hezkuntzaren kalitatea hobetzeko.

– Zeharkako arreta, koordinazioa eta talde-lana kontuan hartzea. HPBak dituzten ikasleen INKLUSIOAN gainerako hezkuntza-komunitatearekin batera lan egitea. Harriduraz ikusten dugu nola iruzur egiten zaien bai Nafarroako gizarteari orohar eta bai HPBak dituzten ikasleen familiei. Etengabe hitz egiten zaie inklusioaz, baina praktikan eredu asistentzialista hutsa eskaintzen zaie. Ez da inklusiboa ez profesionalekin, ezta HPBak dituzten ikasleekin ere.

– Prestakuntza-plana, profesional horien esku-hartzearen hezkuntza-izaera indartuko duena.

– Ordezkaritza sindikalarekin negoziatzea lanbide honen ezaugarriak bilduko dituen araudia.

Parlamentuko Hezkuntza Batzordearekin hainbat lan-saio egin ondoren eta bertako gehiengoak kolektiboaren aldarrikapenei babesa eman ondoren, gaur egun oraindik ere ez da inolako aurrerapenik egin eta negoziazio-mahaia irekitzeko eskaerari ere ez diote erantzun.

Horregatik guztiagatik, azaroaren 14an GREBA EGITERA BEHARTUTA GAUDE.

LABen Pentsiodunen arloak batzar nazionala egin du Oreretan

Urtero legez, LABen Pentsiodunen arloak batzar nazionala egin du Oreretan, 150 kideren parte-hartzarekin. Sindikatuaren lan-ildoak eztabaidatu eta arloaren ikasturteko plangintza adostu dute.

Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak hitza hartu du bertan eta sindikatuaren 50. urteurrena izan du hizpide: “Egun pentsiodunen arloan zaudetenok sindikatua sortzen eta garatzen lagundu duzue. Eta ekarpena egiten jarraitzen diozue LABen egitasmoari. Sortu eta 50 urtera, bere misio fundazionala berretsi du LABek, Euskal Herria eta langileria askatzea, esplotaziorik eta patriarkaturik gabeko mundua sortzea. Belaunaldiz belaunaldi egindako borrokari esker, mundua hobea da. Eta testuingurua kezkagarria bada ere, guk baikortasun iraultzaileari eusten diogu. Kapitalismoaren ongizatearen mitoa agortuta, Euskal Herrian badugu aukera eta beharra eraldaketa soziala sustatzeko”.

Borroka sindikal eta sozialen bidez, langileon beharrak (etxebizitza, soldatak, osasun sistema, zaintza) agenda politikoan kokatu direla nabarmendu du Arroyok: “Orain neurri zehatzak har daitezen presionatu behar dugu, ez daitezen eztabaida hauek faltsuan itxi”.

Helburu horrekin, hain zuzen ere, “Langileen alde, hemen erabaki” kanpaina egiten ari da LAB sindikatua, euskal langile guztientzako oinarrizko lan eta bizi baldintzak aldarrikatuz: 1.600 euroko gutxieneko soldata; enplegua zaintzarekin bateragarri egiteko 30 orduko lanaldia; eta osasuna, zaintza, hezkuntza eta etxebizitza eskubideak bermatuko dituzten zerbitzu publikoak. Era berean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Gasteizko Legebiltzarrean aurkezturiko gutxieneko pentsioa bermatzeko sustatzen duen herri ekimen legegilearekin bat egiten du LABek. Eta sindikatuko pentsiodunen arloak ekarpen propioa egingo du aldarrikapen hauen alde.

Zaintzaren inguruko gogoeta eta borroka, osasungintza publikoaren defentsa irmoa edota arrakala digitala izan dituzte hizpide Oreretako asanblada orokorrean, baita pentsio sistema publiko eta propioaren aldeko LABek aurkezturiko Haritik proposamena ere. Bilera amaitu ondoren, elkarrekin bazkaltzera joan dira bertaratutako militanteak.

Eusko Jaurlaritza da La Pauren anbulantziekin gertatu denaren erantzule nagusia

Zerbitzuaz arduratu diren azken enpresek, Larrialdiak-ek zein La Pauk, porrot egin dute. LABen iritziz, argi dago hau ez dela jarraitu beharreko eredua, subkontratazioak kalteak baino ez ditu ekartzen. Eusko Jaurlaritzak egoera aztertu beharko luke eta zerbitzuaren publifikaziorantz jo.

Espainiako Estatuko beste autonomia erkidego batzutan publiko egin dute zerbitzua, adibidez Errioxan eta Balear Uharteetan. Azken leku honetan, Gobernuak publifikazioarekin dirua aurreztea lortu zuen, eta 6 anbulantzia gehiago sartu zituzten zerbitzuan aurreztutako diruarekin.

Gainera, salatzekoa iruditzen zaigu langileek ez dutela inolako informaziorik jaso, komunikabideen bidez ezagutu ahal izan dutena kenduta, honek sortzen dien antsietate eta etorkizunarekiko ziurgabetasunagatik. Izan ere, ez dakite nola geratuko diren La Pauk haiekiko dituen zorrak.

Egoera hau oso larria da eta denbora darama larria izaten, eta gainera, Eusko Jaurlaritzak beste alde batera begiratu du. Orain arte, langileak kriminalizatzen ibili da eta orain, enpresari egozten dio erantzukizuna, baina inoiz ez da arduratu benetako arazoaz, hots, pribatizazioaz.

Industria kimikoko hitzarmena negoziatzeko eskatu diegu EAEko patronalei

Legeak lehentasuna ematen dio hitzarmen autonomikoari Espainiako Estatukoaren aldean, eta horrek sektoreko 17.000 pertsonen baldintzak hobetuko lituzke.

Kimika sektoreko Espainiako Estatuko hitzarmen berri baten negoziazioa 2024aren hasieran hasi zen, baina iaztik sindikatuok mahai bat irekitzeko eskatzen ari gara, EAEko sektoreko 17.000 langileen baldintzak hemen finkatuko dituen hitzarmen bat negoziatzeko.

2023ko abenduan euskal hitzarmen baterako negoziazio-mahaia eratzen saiatu ginen, baina Confebaskek, Adegik, SEAk, Cebekek eta estatuko kimika patronalak deialdira ez joatea erabaki zuten. Idazki baten bidez, ekimen sindikalaren aurka zeudela adierazi zuten, kimikei buruzko estatuko hitzarmenaren legerian eta artikuluetan oinarrituta, erabakia justifikatzeko. Sindikatuok gure gaitzespena adierazi genuen hainbat mobilizazio eginez eta patronalen egoitzen aurrean kontzentratuz.

Hala ere, joan den ekainaren 20an, 2/2024 Lege Dekretua baliozkotu zen Espainiako Kongresuan. Horren bidez, hitzarmen autonomikoek eta probintzialek lehentasuna izango dute estatukoen aldean. Lege aldaketa hori euskal legebiltzarkide gehienek babestu zuten, eta EAEko sindikatuen aho bateko babesa izan zuen. Gainera, EAEko patronalek ez zuten inolako eragozpenik jarri lege aldaketaren aurka.

Legezko errealitate berriaren aurrean, sindikatuak joan den uztailean berriro deitu genituen patronalak euskal hitzarmen baten negoziazioari ekiteko. Tamalez, patronalek ez zuten joan nahi izan Lan Harremanen Kontseiluak (LHK) deitutako bilerara. ELAk, LABek eta UGTk salatu egiten dute patronalaren ezezkoari, sektorean lan egiten dutenen baldintzak hobetzeko edozein aukera oztopatzea baino ez duelako bilatzen.

Confebaskek, bere aldetik, jarrera horrekin erakusten du estatuko negoziazioa defendatzen duela eta Euskal Herriko hitzarmenei aplikatzeko lehentasuna ematen dien Langileen Estatutuaren aldaketak aplikazio praktikorik ez izatea bilatzen duela.

Auzitegietara eramango dugu jarrera hori, negoziazio kolektiboan fede ona izatearen aurka egiten duelako eta ekainaren 20an baliozkotutako lege-dekretuaren helburua betetzen ez duelako. Joan den urriaren 9an, CCOOk eta FEIQUEk, estatuko patronalak, aurreakordio bat sinatu zuten Estatuko kimika-hitzarmen berri baterako. Hiru erakundeok oso gutxiegitzat jo ditugu KPIren igoera bermatzen zuen klausula ezabatu eta lanaldi oso altuari eusten dion akordioaren edukiak. Salatu nahi dugu EAEko patronalak eta CCOOk lan-baldintza prekarioei eusten dietela hitzarmen honetan.

LABek, ELAk eta UGTk mobilizazioei eta kanpainei ekingo diegu lantokietan, sektorea aktibatzeko. Era berean, ELAk, LABek eta UGTk eskatu dute kimikei buruzko estatuko hitzarmena legezkotasunera egokitzeko, eta negoziazio autonomikoaren edo probintzialaren edozein muga ezabatzeko.