2026-10-01
HomeEkintza SindikalaLABek hezkuntza publikoan sinaturiko lan-hitzarmenek, langileon lan baldintzak hobetzeaz gain, kalitatean aurrerapauso...

LABek hezkuntza publikoan sinaturiko lan-hitzarmenek, langileon lan baldintzak hobetzeaz gain, kalitatean aurrerapauso handiak ekarriko dituzte

Hezkuntza publiko osoan 30.000 langile baino gehiagoren lan baldintzak hobetzeko, erabakigarria izan da LABen lana, bai akordio laboralean adostutako neurriak eremu bakoitzera eramaten, eta baita grebak eta mobilizazioak sustatzen ere.

LABek hainbat akordio garrantzitsu lortu ditu ikasturte honetan hezkuntza publikoan; azkena, iragan astean, EAEko hezkuntza publikoko irakasleei dagokiena. Hori dela eta, lortutakoaren berri emateko agerraldia egin du sindikatuak Donostian

LABek zer-nolako hezkuntza sistema defendatzen duen gogoratuz hasi du agerraldia Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak: “LABek Euskal Eskola Publiko Komunitarioa defendatzen du. Burujabea izango den eta sare publiko berri bakar deszentralizatuan antolatuko den hezkuntza eredu propio eta berria sortzeaz ari gara: unibertsala eta doakoa; euskararen murgiltze eta mantentzen ereduan oinarritutakoa; euskal kurrikulumean oinarrituko dena; inklusibitatea oinarri izango duena; laikoa; pedagogia feminista bultzatuko duena eta ikastetxeen autonomia eta hezkuntza komunitatearen parte hartzea sustatuko duena”.

Horretarako, egungo hezkuntza sistemak eraldaketa sakon bat behar duela hainbatetan errepikatu du LABek: euskal kurrikuluma eguneratu eta egiturazko bilakatu, hezkuntzak euskaldundu dezan neurriak hartu, segregazioari aurre egin, aniztasuna eta inklusioa bultzatzea eta eskola publikoa sistemaren ardatz bilakatzea dira erronka horietako batzuk. Alabaina, egungo eredua gainditu eta sare publiko, bakar eta burujabe hori eratzea “urratsez urrats egin beharreko bidea” dela azpimarratu du Aranburuk, “trantsizio bat”.

Zentzu horretan, EAEn onartu zen Hezkuntza Legea eraldaketa horretarako motz geratu zela baloratu zuen LABek, eta sindikatuak egindako hainbat ekarpen ez zirela bertan txertatu. Hala ere, Aranburuk azaldu duenez, ireki zen eztabaida baliatu zuen sindikatuak Hezkuntza Sailarekin hezkuntza komunitateko langile guztien lan baldintzak hobetzeko akordio laborala egiteko: “akordio laboralean hainbat neurri jaso genituen eta ondoren eremu bakoitzean egin beharreko negoziazioetarako oinarriak jarri genituen, bertako edukiak mahai negoziatzaile bakoitzean depositatuz”.

Azken urteetan, ordea, Jaurlaritzak hezkuntza publikoan behar besteko apusturik egin ez duela deitoratu du Aranburuk, eta horren ondorio direla “eskola segregazio izugarria eta eskola publikoaren azpifinantzazioa eta azpigarapena”. Horregatik, hainbat greba eta mobilizazio izan direla, eta horietan LABen inplikazioa “erabatekoa” izan dela azaldu du koordinatzaile orokorrak: “lehen indar sindikala gara hezkuntzan eta intersindikalean dagokigun ardura hartu eta langileen aldeko, batasun sindikalaren aldeko, jarrera argia izan dugu, baita greba eta mobilizazioen aldeko jarrera argia ere”.

“Erabakigarria” izan da LAB akordio onak lortzeko, Aranbururen esanetan, eta akordio horiek hezkuntza publikoko langile guztietara zabaltzeko sindikatuak egindako lana goraipatu du: “langile guztiak dira ezinbesteko hezkuntza zerbitzu egokia emateko eta, irakasleen hitzarmena sinatu aurretik, Heziketa Bereziko, Sukalde eta Garbitzaileen eta Haurreskoletako hitzarmenak sinatu ditugu. Hezkuntza publiko osoan 30.000 langile baino gehiagoren lan baldintzak hobetzea lortu dugu. Soldatak hobetzea, behin-behinekotasuna %5era murriztu eta egonkortasuna ziurtatzea, lan zamak arintzea, ordezkoen lan-baldintzak finkoekin parekatzea edo erretiro adina aurreratzea lortu dugu”.

Irakasleen mahaiari dagokionez, soldata eta lan baldintzekin batera, hezkuntza kalitatea hobetzeko baliabide, figura berri eta neurrietan arreta jartzea izan da LABen helburu nagusia, Aranbururen arabera: “baliabide gehiagarriak hezkuntzak eskatzen duen eraldaketa horretarako: euskalduntzean sakontzeko, inklusiorako, pedagogia feminista bultzatzeko”.

Neurriok mahai gainean jartzen indar gehien egin duena LAB izan dela ere azpimarratu du Aranburuk: “Egun hauetan entzun dugu Hezkuntza sailburua, Pedrosa andrea, hezkuntza kalitateaz hitz egitenl baina argi esan behar dugu bere apustua ez dela izan hezkuntza hobetzeko baliabide gehiago lortzea, oso gatazkatsua izan dela, eta LAB izan dela horren aldeko indar handiena egin duena”.

2010eko murrizketen ondotik lehenebizikoz, soldatak Euskal Herrian bertan erabaki eta adostea lortu izana eta lan baldintzak hobetu izana azpimarratu du koordinatzaile orokorrak, eta hori “langileen borrokarako determinazioari esker” izan dela: “Borrokak merezi duela erakutsi dugu. Langileak borrokan erakutsitako indarragatik zoriondu besterik ezin ditugu egin. Langileen ahalduntze ariketa handia izan dira greba hauek, eta etorkizunari begira eutsi beharko diogu orain bildutako indarrari. Hezkuntzak erronka handiak ditu, sistema publikoa baliabide gehiagoz hornitu behar delako eta horretarako hor egon beharko dugulako, hezkuntza sistema publikoa indartzeko presio egiten”.

Lorpenak, sisteman zein lan baldintzetan

Aritz Villar LABeko Irakaskuntzako arduradunak, bestalde, EAEko hezkuntza publikoko irakasleen akordioan lortutakoak xehetu ditu. Lortutako baliabideak urteetan LABek egindako lanaren eta lortutako akordioen jarraipena dela azaldu du: “2022an sinatutako plantillak esleitzeko irizpideen akordioan oinarri garrantzitsuak jarri zituen LABek, eta ostiralean sinatutako akordioaren bitartez hori hobetzea lortu da. Hezkuntza publikoa indartzea lortzeaz gain, kalitatean eragina izango du”.

Ikastetxeetako baliabideetan eta hezkuntzaren kalitatean akordioak izango duen eraginari dagokionez, honako neurri hauek nabarmendu ditu Villarrek:

-Lehen Hezkuntzan gehienez 22 ikaslekoak izango dira ikasgelak. Orain dela 3 urte 25 ikasle izateaz gain, ez ziren ikasle errepikatzaileak kontuan hartzen

-Aniztasunari erantzuteko aholkulari eta orientatzaile gehiago izango dira.

-Oinarrizko Lanbide Heziketan hartuko diren irizpideak HKI (Hezkuntza Konplexutasun Indize) altuko ikastetxeen parekoak izango dira. Era berean, entzumen eta hizkuntzarako figura estrukturalak txertatuko dira.

-Zuzendaritza taldeek, dituzten lan zamei erantzuteko, ordu kreditu gehigarriak izango dituzte.

-Hezkidetza lantzeko baliagarriak izango diren ongizate eta babeserako koordinatzaileak txertatuko dira.

-Euskara indartzeko neurriei dagokionez, alde batetik, Hizkuntza Proiektuetarako Koordinatzaileen figurak ikastetxeetan txertatzea lortu da. 2025-26 ikasturtean pilotaje bat hasiko da gutxienez HKI altu eta oso altuko 10 ikastetxetan, 2026-27 ikasturtean HKI altu eta oso altuko zentroetara zabalduko da lehentasunez, eta 2027-28 ikasturtetan gainontzeko zentro guztietara. Bestalde, EUSLE programa Lehen Hezkuntzako 3. mailatik DBH 4ra zabalduko da eta HIPI eta EUSLE baliabide gehiago jarriko dira datorren ikasturtetik aurrera.

Baliabide eta neurriok hezkuntza kalitatean hobekuntzak ekartzeaz gain, lan zametan ere eragingo dutela, eta, beraz, zerbitzua hobetuko dela azpimarratu du Villarrek.

Lan baldintzei dagokienez, honako neurri hauek azpimarratu ditu:

-Haur eta Lehen Hezkuntzan 2 ordu lektibo murriztuko dira. Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan gehieneko 17 orduetan hedatze eta analogoak diren programak barne hartuko dira.

-Galdutako erosahalmena berreskuratze bidean jartzeko, EAEko funtzio publikoan azken 15 urtetan lehen aldiz, soldatak bertan adostea lortu da, datozen hiru ikasturteetan% 7ko soldata igoera adostuz irakasle guztientzat.

-LABek ordezko irakasleen lan baldintzen garrantzia behin eta berriz jarri izan du erdigunean. Ordezkoen udako kobraketaz gain, LABek historikoki eskatu bezala, ordezko edo bitarteko funtzionarioen lizentzia eta baimenak karrerako funtzionarioen baimenekin parekatzea jaso da. Era berean, Lanbide Heziketako irakasle teknikoak hezkuntzan mantentzea lortu da.

-Erretiro adina 18 hilabetez aurreratzeko aukera jaso da, 60 urtetik erretiro adinera bitarteko jardunaldi murriztuak pilatuz.

-Enplegua egonkortuko da, LABek 2023ko ekainaren 1ean akordio laboralean sinatutakoari esker. Behin-behinekotasun tasa %5etik behera kokatuko da, eta oposaketa eredua negoziatzeko aukera jasoko da.

-Lizentzia eta baimenak: bizitza eta lana uztargarriak egiteko baimenei dagokienez, gurasotasun baimena 18 astetatik 22 astetara luzatuko da eta edoskitzea 24 egunetatik 28ra. Azken hori modu proportzionalean handituko da, jardunaldiaren arabera.

Adierazitako lorpenen bitartez, LABek hezkuntza publikoko gainontzeko kolektiboetan egin bezala, 15 urteren ondoren irakasleetan ere lan baldintzak hobetuko dituen akordio on bat lortu du. Beraz, hezkuntza publikoa indartu eta Euskal Eskola Publiko Komunitarioren bidean beste urrats bat egin du.

LABek sinatutako lan-hitzarmenek hezkuntzaren kalitatea eta langileen baldintzak hobetuko dituzte

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.