2026-10-02
HomeEkintza SindikalaLanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa egingarria da eta onurak ekarriko dizkio euskal langile...

Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa egingarria da eta onurak ekarriko dizkio euskal langile klase osoari

Gaur, maiatzak 16, Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa aztergai izan dute Bilbon, 100 pertsonatik gora bildu dituen mintegian.

Gaian adituak eta arituak direnak izan dira mintegian, baita, euren esperientzia propioetatik, testigantzak eman dituztenak ere. Hiru ondorio nagusi hauek nabarmenduko daitezke haien hitzartzeetatik:

  1. Egingarria da, badirelako esperientziak mundu luze-zabalean eta bertako egoera juridiko-politikoak aukerak ematen baituelako, Iñaki Lasagabasterrek adierazi bezala, Herri Ekimen Legegileak bidea urratzeko ematen dituen aukerak nabarmenduz. Burujabetza ariketa praktiko gisa ulertu behar da, borondate politikoen gainetik, politika publikoen bidez gauzagarria baita. Bide horretan, Jule Goikoetxeak ohartarazi du “demokraziak hemen ekoiztutako eta banatutako gaitasun politiko zein ekonomikoak eskatzen dituela”. Eta erantsi:“Edozein borroka eta negoziazioetan indar korrelazioak garrantzia du, borroka eta negoziazio oro daukagun boterearen araberakoak izango baitirelako”.
  1. LGS propio bat ezartzeak onurak ekarriko lituzke bizi-eremu ezberdinetan. Hitzartze guztietan presente egon da LGS propioa aberastasunaren banaketarako tresna eraginkorra dela eta pobrezia-atalasearen azpitik dagoen pertsona kopurua murrizteko mekanismoa. Jon Ormaetxeak gazteen bizitzak hobetuko lituzkeela ondorioztatu du, eta Xiomara Suazak atzerritartasun araudian inpaktu zuzena izango lukeela, erregularizazioa lortzeko baldintzak erraztuz. Txefi Roco bide beretik aritu da, langile migratu edota arrazializatuentzat arnas eta babes marjen bat ekarriko lukeela nabarmenduz. Jabier Sáenzek pobrezia egoeran dauden eta DSBE jasotzeko eskubidea duten herritarrak ekarri ditu erdigunera, LGS propio batek jasotzen duten prestazioaren igoera ekarriko lukeela azpimarratuz. Andoni Garciak nekazaritza jarduera laguntzeko dagoen sistema errotik aldatu beharra aldarrikatu du, eta LGS propioak jende gaztea nekazal jardueretara eramango lukeela nabarmendu. Jon Bernat Zubirik egungo LGS eta 1.500 euroko LGS propioa kobratuko luketen langileen arteko azterketa enpirikoa ekarri du lehen planora, gazte, emakume, estatutik kanpo jaiotako langile edota ikasketa mailaren araberako onuradunak zenbakietara ekarriz. Sexu-genero arrakalari dagokionean, ildo beretik jo dute. Izan ere, egungo soldata arrakala ezbaian jarri eta negoziazio kolektiboaren estaldurarik gabeko sektoreetan (emakumeak gehiengoa direnetan, etxeko langile migratuak, kasurako) LGS propioa arrakalari aurre egiteko tresna eraginkorra izango dela nabarmendu dute.
  1. Ez gara hutsetik abiatzen, ibilbide baten ondorio da egungo aldarrikapena. Proposamenak badaude; ELA eta LAB sindikatuek gaur aurkeztu dituztenak, kasurako. Luze eta zabal aritu dira. Roser Espeltek xehetu duen proposamenak honako hiru ondorio hauek ekarriko lituzkeela adierazi du: “soldata maila kokatzea negoziazio kolektiboarekiko independienteki”, “bizitza erreproduzitzeko nahikotasun-maila kokatzea” eta “banaketa hobetzea zein kapitala disziplinatzea”. LGS propioaren zenbatekoa zehazteko Hego Euskal Herriko Barne Produktu Gordina jarri du irizpide moduan. Martin Arbeok LGS propioaren aldeko borrokak epe motzean irabazteko batailak eta eredu sozioekonomiko berri baterako proposamen estrategikoak barnebiltzearen garrantzia azpimarratu ditu. Epe motzean, larrialdi sozialak eragindako urgentziari erantzungo lioke, klase subjektua berrosatzen lagunduko luke eta burujabetzan jauzia ematea ahalbideratuko luke, hemen ezarriz klase borrokaren markoa. LGS propioaren proposamen estrategikoa, aldiz, hitz bakarrean laburbildu du (banaketa hirukoitza; hau da, lanaren, ondasunaren eta zaintzen banaketa), xehetasun ugari eman baditu ere.

Gaurkoa Manu-Robles Aranjiz eta Ipar Hegoa Fundazioek LGS propioaren aldeko bideari egindako ekarpena izan da, ezberdinen arteko eztabaida zein iritzi espazioa zabalduz. Bidea, ordea, ez da hemen bukatzen. Izan ere, batetik, sinadura bilketa masibo bat martxan dago, zeinaren bidez Herri Ekimen Legegilea aurkeztuko den LGS propioa hemen ezartzeko eskumena eskuratu ahal izateko; eta, bestetik, negoziazio kolektiboaren esparruan, akordio interprofesional baten bidez langile guztiei LGS propioa ezartzeko, patronalak interpelatzen jarraituko dugu. Beraz, LGS propioaren alde esparru sindikalean, sozialean, politikoan zein instituzionalean lanean jarraituko dugu, gaurko mintegiak eskaini dizkigun ekarpenak presente izanik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.