2025-12-15
Blog Page 93

EAEko Osasun Mahaian aurkeztu den diagnostikoan aldaketa garrantzitsuak behartu baditu ere, honen osotasunak ez du LAB asebetetzen

LABek bozka partikularra aurkeztu du ez nahikotzat jo dituen puntuetan eta berretsi egin du mahaian parte hartzen jarraitzeko eta ekarpenak egiteko erabakia.

Gaur bildu den Osasun Mahaian diagnostikoaren inguruko behin-betiko dokumentua landu da. Horren harira, LABek adierazten du behin-betiko diagnostikoan moldaketa garrantzitsuak sartzea lortu duela, besteak beste, osasun sistema publikoari dagokionez, giza baliabideen arloan, Lehen Mailako Arretaren indartzean edota Gobernantza ereduan.

• Osasun Itunaren helburuen artean Osasun Sistema Publikoa indartzea.

• Osasun-zerbitzuak kanpora ateratzeko prozesuen azterketa xehetua eta horien etorkizunaren gogoeta egin beharra. Zentzu horretan jasotzen da garraio sanitarioaren arloan beharrezkoa dela baliabideei, antolaketari eta kudeaketa-ereduei buruzko azterketa egitea.

• Esklusibotasun ezak, interes-gatazka sortzeaz gainera, azterketa sakona behar duela.

• Jarduera guztien gardentasuna eta kontrol publikoa bultzatzea.

• Giza baliabideen arloan: Kontratazio-politikak garai berrietara egokitzea eta luzerako izaera bermatzea, asistentzia hobetzeko duten faktore gisa eta sistema publikoa erakargarri bihurtuz, lan-baldintza erakargarriekin. EPE ereduan erabateko eraldaketaren beharra, txantiloi bakarra, ordenatua eta gardena definituz. Profil profesional berriak jaso dira: batetik, arreta eredu berriek osasun arloan profesional gehiagoren beharra (fisioterapia, psikologia, gizarte lana, odontologia, nutrizioa eta dietetika); eta bestetik, erizaintzako espezialitateak bultzatu eta garatzea. Egoiliarren tutorearen figura zaindu eta sustatzea. Osasun-laguntza nagusiki emakumeen* jarduera izanik, aldagai hori planifikazio-esparru guztietan kontuan hartzea.

• EAEko gaixotasun psikiatrikoen eta, oro har, osasun mentalaren arreta-ereduak antolamendu-aldaketak eskatzen dituela jaso da, koordinazioan hobekuntzak eta profesional soziosanitario gehiago sartzearekin batera.

• Lehen Mailako Arreta indartu beharra. Neurri zuzentzaileekin batera, langileen zuzkidurari eta banaketari dagokionez, lehen mailako arretarako pentsatzen ari diren pertsonen kopurua handituz, profesionalen zein erabiltzaileen laguntza-ingurune horrekiko erakargarritasuna eta atxikimendua berreskuratuz, talde-lanaren, lankidetza-praktikaren, diziplina anitzen arteko lankidetzaren, koordinazioaren eta asistentzia-mailaren desberdinen integrazioaren aldeko apustua eginez. Halaber, maila honetan normalean egon ez diren arloan integratzea adierazten da.

• ESIen inguruan kritika eta berrantolaketa agerian geratzen da: sistema batez ere erreaktiboa sortu dela adierazten du, bereziki arreta akutuan oinarritua eta ospitaleetan zentratua. Modu integralean eskainitako prebentzio-, sustapen- eta komunitatea-arreta ez da behar bezala txertatu ESIen jarduetan, eta ekitate-bermea ahuldu egin da. Oraindik ere beharrezkoa da ESI eredua sakonki aztertzea eta beste aukera batzuekin alderatzea. Etengabeko Arreta Guneek eraberritze-prozesuaren barruan arretaz hausnartzea merezi dutela jaso da.

Hala eta guztiz ere, LABentzat diagnostikoak hutsune batzuk izaten jarraitzen du, sindikatuarentzat garrantzitsuak direnak:

Pribatizazio politiken ondorioak. Kontzertazioaren inguruko datu batzuk jasotzen badira ere, pribatizazio politiken arrazoiak, mapa, kostua eta Osakidetzak eskainitako zerbitzu publikoan izandako eragin kaltegarriak aztertu behar dira. Politika hauei amaiera emateko beharrezkoa da pribatizazio, kontzertazio, kanpora ateratako lanen eta autokontzertazio politiken diagnostiko zehatza.

Osasun Sistema Publikoaren zerbitzuak titulartasun publikotik eta baliabide publiko eta propioen bitartez eskaini behar direla adieraztea; eta ez, baliabide publikoekin azpikontratatu, itundu edo pribatizatuz.

Osasun publikoko langileen egoerari loturik, behin-behinekotasuna ahalik eta gehien murrizteko langile-kategoria ezberdinetan ezkutuan eta koderik gabe egon diren lanpostuak estruktural bilakatzeko beharra aitortu eta horretarako prozesuak aktibatzea. Eta era berean, pertsonala dimentsionatzea, egungo lan zamak kontuan hartuz, absentzien estaldurak betez, itxaron zerrendak murriztuz edo osasun arretaren ratioak murriztuz.

Osakidetza euskalduntzearen beharra adieraztea, eta horretarako plan eta neurri zehatzak jasotzen dituen estrategia martxan jartzea.

Goian adierazitako puntuetan, LAB sindikatuak boto partikularra eman dio diagnostikoaren dokumentuari bere desadostasuna adierazteko, honen osotasunak asebetetzen ez duelako.

Era berean, sindikatuak adierazi du Mahaian parte hartzen eta ekarpenak egiten jarraitzea erabaki duela.

Bigarren greba egun jendetsua Nafarroako irakaskuntza publikoan

Iruñean eta Tuteran egindako mobilizazioek agerian utzi dute irakasleak nazkatuta gaudela, eta aldarrikapenak berretsi egin ditugu berriz: ratioak jaistea, erosteko ahalmena berreskuratzea, plantilla egonkortzea eta lan gainkarga murriztea.

Lehen jardunaldia arrakastatsua izan bazen eta oihartzun handia izan bazuen (horren ondorio izan zen egun batzuk geroago kontseilariak mahai gainean jarri zuen proposamena), astearte honetan, hilaren 29an, egiten ari diren bigarrena are handiagoa izaten ari da.

Lehen orduan, hainbat pikete informatibo izan dira ikastetxeetan, eta zentruren batean ere, hainbat irakaslek gaua pasatu dute protesta gisa. Ondoren, Iruñeko hainbat txokotatik abiatu diren lau zutabeak berriro elkartu dira Hezkuntza Departamentuaren aurrean, eta hortik ateratako irudiak ez du zalantzarako biderik eman: irailaren 26koa baino jendetsuagoa izan da gaur mobilizazioarekin bat egin duen jende kopurua.

Gauza bera geratu da agerian, ondoren, Nafarroako Parlamentuaren aurrean, non manifestariok Sarasate Pasealekuaren zati handi bat bete dugun. Tutera ere izan da goizeko 11:00etan Foruen plazatik abiatu den mobilizazioan parte hartu duten lagunen gorakadaren lekuko.

Bi manifestazioen amaieran, langileen ordezkariek gogorarazi dute ekainean jada ohartarazi zutela ikasturte honen hasiera ez zela ohikoa izango eta agindutakoa betetzen ari direla. Era berean, Nafarroako hezkuntza publikoan baldintza duinak lortzeko borrokan jarraitzeko jarrera berretsi dute, eta arratsaldeko 17:00etan Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.

Tentsio uneak Yanguas y Miranda kalean

Baina protesta ez da hor geratu. Irakasleok gero eta haserreago gaude Departamentuaren jarrera itxi eta berekoiarekin, eta horrek eragina izan du gaur goizean Iruñean. Sarasate pasealekua utzi eta gero, manifestazioak Txistuen Plazarantz jarraitu du eta bertan, bi noranzkoetan, Yanguas y Miranda kalea itxi dute. Eserialdi bat egin eta hainbat minutuz hor egon ostean, manifestazioaren asmoa izan da Parlamentuko ateetara itzultzea, baina poliziak eragotzi egin du, eta beste eserialdi bat egin dute Yanguas y Miranda eta Sarasate kaleen arteko bidegurutzean.

Une batzuetan tentsio uneak bizi izan dira poliziak manifestari batzuk hormaren kontra bultzatu eta beste batzuk identifikatu dituenean. Azkenean, baina, kontuak ez du okerrera egin.

Greba eguna ez da oraindik amaitu, arratsaldeko manifestazioa falta baita; LABetik Nafarroako Hezkuntza publikoaren egoerarekin kezkatuta dagoen pertsona orori dei egiten diogu arratsaldeko 17:00etan Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuko den manifestazioarekin bat egin dezala.

Jarraipen zabala Bizkaiko grafikagintzako ziklo berriko lehen greba egunean

Greba egunak eragin handia izan du sektoreko hainbat enpresaren ekoizpenaren geldialdian. Mobilizazioak jendetsuak izan dira, bai Eskumaldeko lehen orduko piketean, baita Mungiako eguerdiko manifestazioan ere.

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok beste 5 greba egun deitu genituen Bizkaiko grafikagintzaren sektorean, urriaren 29, 30, 31 eta azaroaren 4 eta 5erako (12 egun guztira, apiriletik). Izan ere, patronalak negoziazioen blokeo egoerarekin jarraitzen du. Cebekek, joan den urriaren 24an, ez zuen ezer jakin nahi izan sindikatuek beraien plataforman egindako azken mugimenduaz.

Gaurko greba egunak jarraipen zabala izan du. Grafo, Cartisa, Divipa, Arteos, edo Garcinuño bezalako sektoreko enpresa erreferentzialak geldirik daude eta ez dira produzitzen ari. Beste batzutan, Biolid, Comeco, eta Erabilen esaterako, nabarmenak izan da grebaren eragina. Mobilizazioak goizeko 5:30ean hasi dira Eskumaldean egin diren piketeekin eta 11:30ean manifestazio jendetsua egin da Mungian zehar.

Cebek patronalari negoziazioa blokeatzeko jarrera utz dezala eskatzen diogu, eta uler dezala sektoreko Bizkaiko langile klaseak hitzarmen bat berreskuratzea merezi duela (azkena 2009-2011koa izan zen), baldintza onekin, erosteko ahalmena bermatuz eta eduki atzerakoirik gabe.

Bihar eta etzi ere greba dago deituta sektorean. Bihar, manifestazioa egingo dute Basaurin, 11:30ean udaletxetik eta etzi, berriro ere Eskumaldean.

EAEko anbulantzia zerbitzuaren publifikazioaren alde lanean jarraituko dugu

Gaur, LAB sindikatuak bilera egin du EH Bilduko ordezkariekin Gasteizko Parlamentuan, anbulantzien sektoreak Euskal Autonomia Erkidegoan bizi duen egoera kezkagarria aztertzeko. Bileran, bi aldeek anbulantzia zerbitzua publikoa izatearen aldeko iritzia partekatu dute, eta helburu horren alde elkarrekin lan egiteko konpromisoa berretsi dute. Neurri hori funtsezkoa da herritarrentzat eta langileentzat kalitatezko zerbitzu duina bermatzeko.

Funtsezko zerbitzu horren azpikontratazioak eta kudeaketa pribatuak behin baino gehiagotan erakutsi dute kaltegarria dela. Langileen lan baldintzak etengabe okertzeaz gain, herritarrentzako zerbitzu eskasean ere islatzen da. Horren adibide izan zen Larrialdiak enpresa, bere langileekin zor handia utzita zerbitzua egun batetik bestera utzi zuena, edo egungo kudeatzailea, Grup La Pau, hainbat gorabehera metatzen jarraitzen duena, hala nola anbulantzietako material eza, uniforme egokirik gabeko langileak, berogailurik gabeko baseak, estali gabeko txandak, udako aparteko ordainsaria oraindik ordaindu gabe izatea, etab. Gainera, azaro amaierarako aurreikusita zegoen kontratutik “modu ordenatuan” irtetea arazo gehiago sortzen ari da konponbideak baino, eta are nabarmenago uzten du kudeaketa eredua ez dela jasangarria.

LABen ustez, benetako arazoa azpikontratazioan eta enpresa pribatuen sarreran oinarritutako kudeaketa eredua da. Enpresaz aldatzea ez da irtenbidea, beste kudeatzaile bat sartzeak dauden arazoak luzatuko lituzke. Zerbitzuaz arduratzeko hautagai posible gisa aipatzen diren enpresa batzuek dagoeneko gatazkak dituzte beste eskualde batzuetan, hala nola HTGk, non Valladolideko langileak hilabete bat daramate greban.

Egoera honen aurrean, LABetik, benetako irtenbide bakarra zerbitzuaren publifikazioa dela defendatzen dugu. Kudeaketa publikoaren aldeko konpromiso hori beste sindikatu batzuek sinatu berri duten hitzarmena ez sinatzeko gure erabakian islatzen da. LABen, anbulantzia zerbitzu publiko eta kalitatezkoaren alde egiten jarraitzen dugu, eta Eusko Jaurlaritzari dei egiten diogu funtsezko zerbitzu baten pribatizazioa amaitu eta dagokion erantzukizuna bere gain har dezan.

Patronalaren utzikeria kriminalak eta instituzioen konplizitateak 50 laneko heriotza eragin ditu dagoeneko 2024an

Atzo goizean jakinarazi zuen Osalanek, joan zen urriaren 15ean altueratik erorita Zornotzako Maderas Etxeari enpresan larriki zauritutako R.I.U, 59 urteko langilea, joan zen ostiral arratsaldean, urriaren 25ean, hil zela zauriei ezin eutsiz. Langileak 14 urte zeramatzan lanean Dana-Air Aire Comprimido enpresan .

Era berean, Osalango iturriek jakinarazi dute joan zen urriaren 17an, 52 urteko L.M.B.A. langileak, istripu larria izan zuela Zierbenan, eta makina baten motorrak eragindako proiekzio baten ondorioz, aurpegian larriki zauritu zela. Atzo hil zen zaurien ondorioz Viuda de Sainz enpresan 5 urtetik gora lanean zeramatzan langilea.

Bi hauekin, gutxienez 50 dira Euskal Herrian urte hasieratik hildako langileak. Lehenik eta behin, LAB sindikatuak elkartasun eta babes osoa adierazi nahi die hildako langileen senide, lagun eta lankideei.

Patronalak eragiten duen urteroko zerrenda beltzak 50 langileren heriotzak jasotzen ditu dagoeneko 2024 honetan. Hauen artean, altueretako erorketek protagonismo handia hartu dute aurten ere. Oso ezagunak dira altueretako arriskuak ekiditeko ezarri beharreko segurtasun neurriak. Hauetako istripu bakoitzaren atzean enpresen utzikeria kriminala dago beti, izan ere, hainbat bitarteko ipini beharko lituzkete, legeak hala aginduta, uneoro segurtasun neurri ezberdinen aplikazioa bermatzeko uneoro. Eta ez dute egiten, sistematikoki.

Makinek eragindako istripu larri eta hilgarriak ere ugariak dira, nahiz eta langileen babeserako araudia oso zorrotza izan. Praktikan aldiz, ohikoa da enpresek makinen segurtasunerako araudia urratzea, eta honek ez die inongo oztoporik suposatzen. Inpunitatea onartezina da.

Utzikeria kriminal honen ondorioz, azken 10 urteotan, Euskal Herrian, gutxienez 82 langile hil dira altueratik erorita, gehienak eraikuntzaren sektorean. Zornotzako heriotza honekin, 10 dira arrazoi horrengatik hildako langileak urte hasieratik Euskal Herrian.

Egoera hau ez litzateke posible instituzioen konplizitaterik ez balego. Izan ere salatzen gatozen moduan, patronalari araudia ez betearazteko bitartekorik ez ipintzea ez da arazo administratibo bat, erabaki politiko bat baizik.

Protesta ekimenak

Gaur, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek pankarta erraldoiak jarri dituzte Bilbon (Pedro Arrupe zubian), Donostian (Kaian) eta Gasteizen (Andra Mari Zurian), honako lemarekin: “50 langile hil dira Euskal Herrian 2024an. Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte”

Gainera, laneko azken heriotza hauek salatzeko, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRUk osatutako intersindikalak kontzentrazioa egingo du datorren urriaren 31n, osteguna, Bilbon, 12:00etan, Confebask patronalaren egoitzaren aurrean.

Kaleratutako langileak berronartzea exijitu diogu Arancontari

Protesta bilkura egin dugu enpresak Donostian duen egoitzaren aurrean, langile biren kaleratzea salatzeko. Kaleratutakoen artean dago hauteskunde sindikaletarako LABen hautagaia.

Aranconta enpresako langileak 15 urte baino gehiago daramatzate lan hitzarmenik gabe, eta Langileen Estatutua eta LGS ezartzen dizkiete. Honek, azken urte hauetan bizitzaren garestitzeari aurre egiteko %30eko ahalmen ekonomikoa galdu dutela suposatzen du.

Egoera honen aurrean, Arancontako langileak LAB sindikatura hurbildu ziren beraien lan eta bizi baldintzak hobetzeko asmoarekin. Langileen kezkei erantzun eta jasaten duten egoerari aurre egiteko, LABek bidelagun izateko eskeintza egin zien langileei, horretarako antolakuntza eta borroka ezinbestekoak izan behar zirela adostuta.

Langileak antolatzeko lehen pausua langileen ordezkaritza bat izendatzea izanik, hauteskunde sindikalak egiteko asmoa adostu zuen LABek Arancontako langileekin. Irailaren 24an, hauteskundeak egiteko aurreabisua Lan Delegaritzan erregistratu eta enpresari honen berri helarazi zion LABek. Hemendik aurrera hasi zen enpresa langileak jazartzen, eta honen ondorioz, enpresak bi langile kaleratu ditu inongo lotsarik gabe, tartean langileen ordezkari izateko hautagaia.

Langileen antolakuntzari eta askatasun sindikalari egindako eraso honen aurrean, borrokaren bitartez enpresari aurre egiteko antolatu gara. LABen argi daukagu ezin dugula eraso hau onartu eta gure baliabide sindikal guztiak erabiliko ditugula kaleratutako langileak berronartu eta hauteskunde prozesu demokratiko eta gardena egiteko eskubidea bermatu arte.

Langileon antolakuntzaren eta askatasun sindikalaren aurkako errepresioari ez.

Mutualitateekin hitzarmenik ez sinatzeko eskatu diogu EAEko Osasun Sailari

Uztailaren 31an, CEOE, CCOO eta UGTk mutualitateei kontingentzia arrunten kontrolerako ahalmen gehiago ematea adostu zuten. Orain Jaurlaritzaren eta Nafar Gobernuaren esku dago osasun sistemaren pribatizazioan urrats berri bat izango litzatekeen akordio horren garapena eragoztea eta mutualitateekin hitzarmenik ez sinatzea.

Ez da edozein momentutan datorren akordioa. Batetik, patronalak absentismoaren gaineko diskurtso faltsu eta manipulatuarekin, eskubide murrizketa berriei atea ireki nahi die, eta mutualitateak ditu horretarako bidelagun. Bestetik, EAEn, Osasungintzaren inguruko eztabaida irekita dago.

Mutualitateen esku-hartzea baztertu eta osasungintza publikoa lehenesteko beharra azpimarratu nahi du LABek. Jauzi honek suposatzen duen Osasunaren pribatizazioak, enpresen etekinak bermatzea du helburu, inoiz ez langileen osasuna.

Hau honela, kezkaz jaso dugu pasa den ostiralean EAEko parlamentuan Alberto Martinez Ruiz Osasun Sailburuak EH Bilduri erantzundako galderetan, mutualitateekin hitzarmenenaz esanikoa, “gaia aztertzeko” borondatea azaldu baitzuen. LABetik gogorarazi nahi diogu, gurean, gehiengo sindikalaren iritzia kontrakoa dela.

EAEren kasuan, Osasun Sistema eraberritzeko eztabaida irekita dago eta LABetik salatu dugun moduan, aurkeztu diguten diagnostikoaren laburpen dokumentuak gabezia handiak ditu, besteak beste, ez baitira jasotzen pribatizazioari buruzko datu guztiak, ez arrazoiak, ezta kostua ere. Ez da politika horien baloraziorik egiten eta LABentzat, pribatizazio politika horiek, sistema publikoa ahuldu eta gainbeheran jarri dute, pribatua indartu duten aldi berean. Orain, pribatizazio politika horiek zuzendu ez eta gainera, mutualitateei eskumen berriak ematea, Osakidetzak eskatzen duen eraldaketaren kontrako norabidean emaniko urratsa izango litzateke.

Estatu mailako akordio honek, bere 7. puntuan, behin-behineko ezintasunen kudeaketa eta langileen sendatzeari lotutako neurriak jasotzen ditu. Hala, planteatzen dena da “mutualitateen baliabideak erabiltzea, prozesu traumatikoetan diagnostiko eta tratamenduak denboran azkartzeko”. Gauzak horrela, hitzarmena garatuz gero, mutualitateak behin-behineko ezintasun egoera arruntean (hau da, laneko arrazoiengatikoa ez den bajan) dauden langileak tratatuko lituzke (zerrendaturik dauden traumatismoak gertatu diren kasuetan), Gizarte Segurantzaren Institutuak aurreikusitako sendatze denborak pasatakoan eta langilearen onespenarekin. Azken horri lotuta, Arartekoak berak ohartarazi du langileek presiopean eman dezaketela onarpena, eta, beraz, LABek ere onartezintzat jo du. Beraz, diagnosia eta tratamendua mutualitateak egingo luke, baina alta eta bajen erabakiak Osakidetzako familia medikuaren esku jarraituko luke, baldintzaturik.

Akordioan jasotakoak, LABen aburuz, sistema publikoaren ezintasuna islatzen du, esplizituki halakorik aitortzen ez bada ere. Patronalak eta mutualitateek aldarrikatu izan duten eskaera bati men egiten dio, zeinaren bidez enpresa-entitate horiek kontingentzia arrunten kudeaketaren zati handi bat eskuratuko baitute. LABek ohartarazi du, gainera, oraingoa mutualitateek eta gobernuek adostutako neurrietako bat baino ez dela, eta aurrerago gehiago etorriko direla, guztiak ere pribatizazioaren norabidean.

Akordioak osasun zerbitzu duala planteatzen du gizartearentzako. Bata, langile aktiboentzako, lehenbailehen produktibo izateari emango diena garrantzia, baliabide sanitario gehiago jarrita eta sendatzea baino, baja laburtzea helburua dutenak. Bestea berriz, produktiboa ez den gizartearen zatiarentzako, zeinari osasun sistema publikoa dagokion eta baliabide gutxiago bideratzen baitzaizkion, sendatzeak eta errekuperazioak presarik ez dutela eta.

Akordioak ez du argitzen tratamenduen irizpide eta erabakiak mutualitateen edo Osakidetzako sendagilearen esku geratuko liratekeen. Honek ekarriko duena zera da: traumatismo batzuetan alta azkarra bilatzeko asmoz, ikuspegi sanitariotik egokiak ez diren tratamenduak ezar daitezkeela, ondo sendatzea baino, kaltea arindu eta lehenbailehen lanera itzultzea helburu izanik. LABek gogorarazi du mutualitateek irizpide ekonomizista osasun irizpidearen aurretik ipintzen dutela beti. Erkidego bakoitzak mutualitateekin garatuko luketen balizko hitzarmenetan, eskumen hori mutualitateetako medikuen esku uzteko aukera egongo litzateke, eta LABen ustez, hori oso larria litzateke. Beraz, neurriak enpresa-medikuaren irizpidepean ipintzen du langilea, bermerik gabe eta gainera, familia medikuaren gaitasun eta erabakitzeko ahalmena murrizten du, osasun irizpidea ahulduz.

Arrazoiak soberan daude beraz, Madrilen adosturiko akordioaren inplementazioari ezezkoa emateko.

Aurreakordioa Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikin eta lokalen garbiketako hitzarmenean #LortuDugu

Gaur, urriaren 28an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Eraikin eta Lokalen Garbiketako Hitzarmenaren aurreakordioa sinatu dugu. 2021ean hasi ginen hitzarmena negoziatzen eta 30 bilera baino gehiago behar izan dira gauden lekura iristeko.

Aurreakordioaren eduki nagusiak honako hauek dira: soldata igoerak (2021-2022-2023an %0; 2024an %4; 2025ean %4; 2026an %4; 2027an %4,5 eta 2028an %4,25. 2021-2027 urteen (biak barne) baturak %20,5a gainditzen badu, soldata-taulak KPIen baturaren aldea kontuan izanik eguneratuko dira, %3,9ko topearekin; bigarrenik, bakanteen prozesua arautuko da; eta hirugarrenik, ultraaktibitatea, hitzarmena blindatzen dugu etorri daitezkeen lan erreformen aurrean.

Aurreakordioa sinatu dugun arren, ez dugu erabat lortu hitzarmenaren negoziaketaren hasieran langileen kolektiboak aurreikusitako erronka, hain zuzen, eros-ahalmenaren bermea lortzea. Garrantzitsua da gogoratzea hitzarmena pandemia hasi eta ondorengo hilabeteetan negoziatzen hasi ginela eta orduan, KPI altuak zeuden mahai gainean.

Negoziaketa guztian zehar enpresek jarrera itxia izan dute eta langileen presioa eta borrokari esker, enpresa eta Aldundia orain arteko proposamenarekin alderatuta eskaintza nabarmen hobea egitera behartu dituzte.

Bukatzeko, nahiz eta hasierako helburua guztiak ez lortu, bidea luzea eta neketsua izan da eta balioan jartzen dugu kolektibo honen borroka: 2022an 55 eguneko greba eta 2024an Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean egindako ekimen eta mobilizazioak. Guzti honek bultzatu digu sindikatu modura akordio honi baiezkoa ematea.

LABen argi dugu langileen ekintza sindikala eta borrokak ekarri gaituela akordio honetara. Zoritxarrez, albo batera utzi behar izan ditugu egunerokotasunari aurre egiteko zenbait aldarrikapen, besteak beste, zaintzagatiko baimenen hobekuntzak, hala nola, dependentzia duten familia kideen zaintzarako murrizketa edo eszedentzia baimenak. Honen harira, lortu ez ditugun puntu horiek datozen negoziaketetan berrartu eta negoziatzera konprometitzen gara.

Argi dago borroka eta antolakuntzaren bidez gure lan eta bizi baldintzak hobetzea lortu dugula, horregatik, LABentzat ospatzeko moduko akordioa da, nahiz eta etorkizunean borrokan jarraitu beharko den. Bidea urratsez urrats egiten da, bidea elkarrekin eginez geraezinak garela jabetzen gara, horregatik borrokak merezi duela azpimarratzen dugu berriro.

Salatu dugu bete gabe jarraitzen duela EAEko Hezkuntza Saileko sukalde eta garbiketako 60 urtetik gorako langileei lanaldia egokitzeko akordioak

Kontzentrazioa egin dugu Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren aurrean.

Orain urtebete, 2023ko azaroaren 9an, Hezkuntza Saileko sukalde eta garbiketako mahai negoziatzailean akordioa sinatu genuen, oraindik bete ez dena. Aurreko Hezkuntza Sailak ez zuen ezer garatu eta egun dugun ekipoak, guretzat nahikoa ez den proposamena bidali zigun ostiralean. Honen arabera ez da protokolo espezifikorik garatu, eta neurririk hartzekotan 2025ean aplikatuko lirateke.

Akordioan, sukaldeko eta garbiketako langileen osasuna zaintzeko Hezkuntza Saileko Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak protokolo espezifiko bat garatuko zuela jasotzen zen.

Protokolo horrek ondorengoa ezarri behar zuen, aurrez aipatutako zerbitzuek langileei dei egingo ziela 60 urte bete ondoren lan-eremuan haien osasuna babesteko neurriak hartzea egokia den erabakitzeko, prebentziozko neurriak zein neurri aringarriak. Bere lanpostuari esleitutako funtzioak eta zereginak behar bezala garatzeko, egokitzapen horietan lanaldia herenean murrizteko neurriak sar litezkeelarik.

Sailak iaz emandako datuen arabera, neurriak 120 langileri eragingo lieke sukaldeetan eta 94ri garbiketan. 214 langile hauek urte guztian zehar deiaren zain egon dira euren jarduna aurrera eramanez.

Hezkuntza Saileko kategoria hauetan lan egiten duten langileak dira lan baldintza prekarioenak dituztenak. Kolektibo feminizatua da, egunero garbiketan 8 ordu eta sukaldean 8,5 orduko Ian fisikoa egiten dutenak. Paradoxikoki, hauxe da Hezkuntza Sailean adinagatik neurri aringarririk ez duen kolektibo bakarra.

Lanpostuen arriskuaren balorazio generikoa ez ezik, pertsona bakoitzaren banakako jarraipena egitea ere eskatu eta sinatu zen. Gero eta beharrezkoagoa den zerbait, lanpostuan urte asko daramatzaten eta adinean aurrera doazen langileei buruz ari garelako. Lanpostu hauek duten berezitasun eta lan kargen ondorioz, gero eta gehiago dira osasun arazo fisiko zein psikosozialak dituzten langileak.

Gauzak horrela, gatazka kolektiboa jarrita eta bitartekaritza saioak emaitzarik gabe bukatuta, Hezkuntza Sailaren kontrako demanda sartzeaz gain, mobilizazio dinamika hasi dugu.

Bestalde, aipatu behar dugu Hezkuntzako Saileko gainontzeko kolektiboetan ez bezala, honetan oraindik Hezkuntza Sailak ez duela lan hitzarmen berria negoziatzeko zirriborrorik aurkeztu. Honek guztiak argi erakusten du sailak zerbitzuetako langileekiko duen jarrera.