2026-01-15
HomeEkintza SindikalaLABek Tafallako eta Erriberriko larrialdiko arreta berrantolatzea exijitzen du

LABek Tafallako eta Erriberriko larrialdiko arreta berrantolatzea exijitzen du

Iazko irailaren 26an, Erriberriko larrialdiko arreta zerbitzua itxi zuten, eta Tafallako eskualdeko larrialdi zerbitzua egoera kezkagarrian dago. Hori ikusita, ezinbestekoa da Tafallaldeko larrialdiko arretari berehalako konponbide orokor bat ematea. Langileek eta herritarrek egoera salatu dute, eta adierazi dute ezen, Erriberriko larrialdi zerbitzua itxi ondoren, lehenengo arreta ematea langile ez-sanitarioen esku utzi dela, zehazki, administrarien esku. LABek horren berri eman zion duela hilabete batzuk bai Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzari, bai Ospitalez kanpoko Larrialdien Zuzendariordetzari. Hala ere, konponbideak jarri beharrean, funtzionamendu berarekin jarraitzen dute, herritarrei ematen zaien zerbitzuaren gabeziak konpondu gabe.

Erriberriko larrialdi zerbitzuan arreta jaso ohi zuten 1.700 pazientek Tafallako larrialdi zerbitzura joan behar izan zuten 2024. urtean; horietako 900ek 20:00etatik aurrera. Osasun Departamentuaren iritziz, egoera horretara iritsi gara “larrialdi kasu gutxi daudelako” eta arreta emateko “profesionalen faltagatik”.

Geroztik, larrialdiko arreta Tafallako Eskualdeko Larrialdi Zerbitzuan ematen da, hara eraman baitute Erriberriko lantaldea, gehi erizain bat eta beste mediku bat. Hala ere, arazoek bere horretan segitzen dute, baita herritarren eta langileen kexek ere. Lehenengo arreta ematea, ia egun osoan, administrarien esku gelditu da, haiei baitagokie larritasuna sailkatzea eta profesional egokienari abisatzea larrialdiei kasu egiteko eskualdeko erreferentzia zentro batean.

LAB sindikatuan, ez dugu ulertzen halako antolamendu eta arreta arazoak izatea, are gutxiago ikusita nolako aurrekontu altua dagoen Oinarrizko Osasun Laguntzan eta, gainera, 2 milioi euro inguruko produktibitateak ordaintzen direla Larrialdien Zuzendariordetzan.

Tafallako Osasun Etxean, 122 profesionalek kobratu dituzte produktibitateak (baten batek 200.000 euro baino gehiago kobratu ditu urte batean). Halako zenbatekoak ikusita, tamalgarria iruditzen zaigu eskualdean arreta hobea ez ematea.

Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzak arretaren “iraunkortasunaz” hitz egiten du (familiako mediku eta erizain bera mantentzea), eta Oinarrizko Osasun Laguntzan gertatu den eredu aldaketaz, baina onartzen da Tafallan ohiz kanpoko jarduera egiten duten profesional askoren errotazioa.

Tafallan gertatzen dena ez da kasu puntual bat, Nafarroako osasun etxe askotan errepikatzen baita sistematikoki. Halakoetan, arreta emateko modu bakarra da ohiz kanpoko jarduera; gehienetan kalitate gutxirekin.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuak kalitatezko arreta exijitzen du Tafallalderako eta Nafarroa osorako, bai oinarrizko osasun laguntzan, bai larrialdietan, produktibitateen sistema bazterrean utzita.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Tolosako eta Elgoibarko anbulantzia medikalizatuetako langileek subrogazioa lortu dute

Tolosako eta Elgoibarko anbulantzia medikalizatutako langileak subrogatu egingo dituzte. Lortutako subrogazioaren akordioaren bitartez, enpleguari eutsi egingo zaio eta langileon lan-eskubideak bermatuta geldituko dira. Garaipen...

LABek txalotzen du Espainiako Gobernuari Lan Ikuskaritza eta Gizarte Segurantza transferitzeko egindako eskaera, eta Chiviteri gutxieneko soldatarekin gauza bera egiteko eskatu dio

LAB sindikatuak ospatu egin du azkenean Maria Chivite presidenteak Espainiako Gobernuari Lan Ikuskaritzaren eta Gizarte Segurantzaren arloko eskumena transferitzea eskatu izana, LABek Nafarroako Gobernuari...

Garbitzaileok axola dugu

LAB sindikatuko garbiketa-sektoreko langileak Gasteizko CRL-LHKren egoitzaren aurrean mobilizatu gara, gaur, urtarrilak 15, Arabako eraikin eta lokalen garbiketa-hitzarmenaren negoziazio-bilerarekin bat eginez, sektorearentzat baldintza duinak...