2026-09-28
HomeEkintza SindikalaGrebara joko dugu berriro ere EAEko hezkuntza publikoko irakasleen eta sukalde eta...

Grebara joko dugu berriro ere EAEko hezkuntza publikoko irakasleen eta sukalde eta garbiketako langileen kolektiboetan

Iragan berri den greba zikloak Hezkuntza Saila hitzarmen berrietarako proposamenak mahai gainean jartzera behartu badu ere, hitzarmen horiek aldarrrikatutako edukietatik urrun daude. Horregatik beste 5 greba egun izango dira: martxoaren 25ean, 26an eta 27an; eta apirilaren 1ean eta 2an.

Hemen duzue LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek gaur Bilbon irakurritako adierazpena:

Joan den abenduaren 16an LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek iragarritako greba-zikloak Hezkuntza Saila hitzarmen berrietarako proposamenak mahai gainean jartzera behartu du. Hala ere, hitzarmen horiek aldarrikatutako edukietatik urrun daudela ziurtatu dute sindikatuek, bai sukalde eta garbiketako kolektiboarenak, bai irakasleenak ere. Beraz, kalitatezko hezkuntzaren bidean Hezkuntza Sailak lan baldintzak hobetu, sare publikoa erdigunean jarri, indartu eta inbertsio publikoa handitu dezan eskatzeko, urtarrila eta otsailean zehar egindako 4 greba egunek eta mobilizazio arrakastatsuek segida izango dute beste 5 greba egunekin, martxoaren 25, 26 eta 27an eta apirilaren 1 eta 2an.

Indarrean dagoen sukalde eta garbitzaileen lan hitzarmena 2009koa eta irakasleena 2010ekoa izanik, urtarrileko eta otsaileko mobilizazioetan langileek argi eta garbi adierazi zioten Hezkuntza Sailari hitzarmen horiek orain eta hemen negoziatzeko beharra, benetako
edukiak mahai gainean jarriz. Sailak komunikabideen aurrean negoziatzeko atea irekita duela esan du, hitzarmen berria negoziatzeko mahaietan jarrera itxia duen bitartean, negoziazioa etengabe luzatzen duenean edo gatazka desitxuratzen saiatzen denean.

Badira sukalde eta garbitzaile eta irakasleen aldarrikapenetan bat egiten duten puntuak: geroz eta handiagoak diren lan-zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea eta plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea eta jaiotza tasaren jaitsierak aprobetxatuz aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegu publikoa bermatu eta lanpostuak egonkortzea.

Era berean, Hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, langileon lan-osasuna zaindu eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzea eta baita azken urteetan inposatutako
atzerapausoak kentzea ere.

Esan moduan, adierazitako aldarrikapenak lortzeko egiazko negoziazioa gauzatzea dute helburu eta argi dute langileon mobilizazioekin
batera Hezkuntza publikoa erdigunean jartzea eta lan baldintzak hobetzea lortuko dutela. Beraz, martxoaren 25, 26 eta 27an eta
apirilaren 1 eta 2an grebara deitu dituzte Hezkuntza publikoko irakasle zein sukalde eta garbiketako kolektiboak.

Denok grebara! Denok kalera!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzan bidea borroka dela aldarrikatzen dugu

Osakidetzako mobilizazio dinamikaren hasierak negoziazioa ireki du, baina Osakidetzako lan baldintzak arautzen dituen akordioa negoziatzeko lehenengo zirriborroak eta giza baliabideak antolatzeko plan berriaren proposamena behar bezain garatuta ez daudela uste du LABek. Horregatik, egoera bideratzeko, greba eta mobilizazioak giltzarri izango direla uste du sindikatuak.

Ez dugu sinatu Gipuzkoako enpresa transitarioen sektoreko hitzarmena

LAB Sindikatuak ez du Gipuzkoako Enpresa Transitarioen sektoreko hitzarmena sinatu ATEIAk, sektoreko patronalak, egin duen azken eskaintzak ez dielako sektoreko langileek dauzkaten behar errealei erantzuten. Pasa den hitzarmenaren iraunaldia amaitu baino lehen, gure komunitatearekin batera saretze lana egin eta lanketa berezia burutu genuen sektoreak zeuzkan egiazko beharrak identifikatu eta aldarrikapen plataforma integrala egiteko. Hala, hitzarmen berria negoziatzeari ekitean, 16 puntuz osatutako plataforma aurkeztu genion ATEIAri. Ordea, patronalak entzungor egin die aldarrikapen guzti horiei eta iraunaldian, soldata-taulen gaineko soldata igoeretan eta lanaldi murrizketan baino ez du fokua jarri. Itxura batez akordio ona dirudienak, baina, mamia falta du. Izan ere, langileen ehuneko handi batek soldata taulen gaindiko soldatak dauzka aspaldi eta akordioak aurreikusten dituen soldata igoerek ez dute langileen ehuneko handi horrengan eraginik, izan ere, hitzarmenak ez du soldata errealen gaineko soldata igoerarik aurreikusten. Gainera, hitzarmenak hainbeste lan-kategoria edukita, horietako bakoitzaren funtzioen definizioen arteko aldea oso txikia da, ondorioz, maiz egin behar izaten ditu langileak haren lan-kategoriari ez dagozkion funtzioak. Hori konpontzeko, barne promozio automatikoak arautu izan ditugu iraganean, oraingoan, ordea, patronalak ez dio arazo horri konponbiderik eman nahi izan. Hori gutxi ez eta, gainera, zenbat eta denbora gehiago pasa, orduan eta zaharragoa da bertan lan egiten duen langilearen profila. Horri konponbidea eman eta sektorea gaztetzeko, errelebo kontratuak derrigor egitea arautu nahi genuen, baina, beste behin, ATEIAK ez du ezer konpondu nahi izan. Horregatik guztiagatik, sektoreko LABen komunitateko langileekin edukia aztertu balantzan jarri ondotik, hitzarmena ez sinatzea erabaki dugu. Aurrerantzean, sektoreko hitzarmenaren testuinguruan erdietsi gabeko edukiak lortzeko, enpresaz enpresa lan eta borroka egingo dugu tokian tokiko hobekuntza paktuak eginez. Era berean, akordio hori aski ez dela uste duten langileei deia luzatzen diegu LABekin batera bidea egin eta lan-baldintzak behar bezala hobetzeko.

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.