2026-10-02
HomeEkintza Politikoa: Lehen eta orain, gerrari ez

[IRITZIA]: Lehen eta orain, gerrari ez

Jarraian irakur dezakezue Koldo Saenz Nazioarteko Harremanetarako idazkariaren artikulua, NATOren erreferendumaren urteurrenean argitaratzen duguna.

Historia iragana ulertzen eta interpretatzen laguntzen digun zientzia da, eta, aldi berean, etorkizunerako estrategiak pentsatzeko baliagarria zaigu. Hainbatetan entzun dugu historia errepikatu egiten dela eta bizi dugun nazioarteko testuinguruak erakusten du iraganeko akatsak errepikatzeko arriskua dugula.

1986ko martxoaren 12an espainiar Estatuan NATOn jarraitzeko erreferenduma egin zen. Estatuan baiezkoak irabazi bazuen ere, Hego Euskal Herrian, Katalunian eta Kanarietan ezezkoa gailendu zen. Estaturik gabeko bi nazioetan nahiz Afrikan Espainiar Estatuak duen azken kolonian ezezkoak irabazi izana ez zen kasualitatea izan; erreferendumak gure izaera berezitua argi utzi zuen bertze behin.

Aspalditik diogu mundua aldatzen ari dela. Mundu multipolarra errealitate bat da; alde batetik, hor dugu Txina, geroz eta indartsuago; bertze aldetik, hor ditugu Ameriketako Estatu Batuak, munduko potentzia militarra izaten jarraitzen dute, baina ez potentzia politiko bakarra; eta, azkenik, Europa, NATOren nahiz Ameriketako Estatu Batuen erabat menpeko bilakatua, polikrisi nabarian murgilduta. Argi dago, krisi ekologikoak gatazka politiko, sindikal eta sozial guztiak zeharkatzen dituela.

Potentzia nagusien arteko talkak gerra Europako mugetara eraman du. NATOren eta Errusiaren arteko gatazkak Ukrainako inbasio onartezina eragin eta hiru urtera, gerraren ondorioak nabariak dira. Bakezko bizikidetza lekarkeen akordioaren alde egin beharrean, potentzien interes geo-estrategikoen nahiz armagintza sektorearen interesen aldeko gerra piztu zuten, eta ondorioak dramatikoak dira.

Badirudi Washingtonek Ukrainako gerrarekin bukatu nahi duela, Txinaren aurkako gerra ekonomikoa lehenetsiz. Errusiarekin akordio azkarra nahi du, Europa baztertuz eta Ukrainiaren errekurtso naturalak eskuratzeko aukera emango dion akordio bat inposatuz. Kremlin eta Etxe Zuria negoziatzen ari diren bitartean, Europa balizko segurtasunaren nahiz defentsaren izenean, armagintza industriaren mesedetan eta langile klasearen kaltetan —zer esanik ez emakume* edo langile migratu eta arrazializatuei dagokienean— izango den berrarmatzea defendatzen ari da. Argi hitz egin dezagun: aberastasuna birbanatzeko politika fiskalik bultzatu ez, eta, gainera, armagintzara diru gehiago bideratzeak gastu sozialaren murrizketa, zerbitzu publikoen ahultzea eta langile jendearen prekarizazioa eragingo ditu.

Alemanian gobernu berria osatzeko CDUk eta SPDk ixtear duten akordioak Europar Batasunaren norabidea marrazten du: akordio zabalak gerraren, murrizketen eta politika sozial atzerakoien alde. Hori da Europako, eta noski, Euskal Herriko elite politiko eta ekonomikoen apustua; joko zelai horretan aritzea egokituko zaigu.

Laster Munduko Federazio Sindikala (MFS) Parisen jaio zela 80 urte beteko dira. Haren kide da LAB. Gerraosteko nazioarteko testuinguruan jaio zen MFS, langile mugimenduaren adierazpen unitario gisa, bakearen, justizia sozialaren, herrion eskubideen alde eta gizon nahiz emakumeen* arteko parekidetasunaren defentsan. Zortzi hamarkaden ondoren, eta eskuinaren nahiz eskuin muturraren arteko aliantzak oinarrizko eskubideak zapaltzen ari direnean, 1945eko urriaren 3 hartan Munduko Federazio Sindikalak adierazitakoak gaurkotasun osoa izaten jarraitzen du.

Ez dira gutxi sindikalismoak dituen erronkak. Guk trantsizio ekosozial eta feminista justua aldarrikatzen dugu, inor atzean utzi gabe planetaren biziraupenaren bermatuko duena, giza eskubideak errespetatu eta justizia soziala oinarri izanen duena. Klase sindikalismo feminista eta antirrazista da eskuin muturraren aurkako gure antidotoa.

Ikuspegi belizista indartzen ari den honetan, bizitza jarri nahi dugu erdigunean. Etorkizun ziurgabearen aurrean, geure buruak gobernatu nahi ditugu, nazioartean estatu propio gisa jardun, Euskal Estatua eraiki. Eredu propio bat garatu, zaintza, enplegua nahiz aberastasunaren banaketa bermatuz. Askatasuna edo bakea bezalako hitzak kamutsak dira eskuin muturraren ahotan, ongi baitakigu justiziarik gabeko bakea ez dela benetako bakea izanen, eskubiderik gabeko askatasuna ere askatasuna ez den moduan.

Beti astindu ditugu gerraren kontrako nahiz bakezko justiziaren aldeko banderak, eta orain ere horiek astintzeko momentua da. Gerra eta gatazka armatuak soilik negoziazioaren bidez konpontzen dira, eta Ukrainako gerra ez da salbuespen bat. Hori bai, bake egonkorra lortu nahi bada, gatazkan dauden guztiek konponbidearen parte izan behar dute.

Horregatik, testuinguru zail honetan, gure ekarpena egin nahi dugu, gatazken konponbiderako bakearen kulturaren aldeko pedagogia eginez, eta potentzien interesen gainetik, pertsonen nahiz zapaldutako herrien eskubideen aldeko nazioarteko harreman berriak eraikiz.

Beraz, berreskuratu dezagun 1986eko martxoaren 12ko izpiritua. Ezberdinen arteko elkarlanetik, Euskal Herria sakoneko aldaketak eragiteko gai dela askotan erakutsi dugu; hortaz, herri nahiz klase bezala ditugun erronkei aurre egiteko unea da, Euskal Herrian aldaketak eraginez, mundua bera eraldatzen laguntzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.