Atzo, 56 urteko J.R.M.M. garraiolari lesakarra hil zen lanean Irunen, kamioia kargatzen ari zela. Transportes Etxetrans 2000 enpresako langilea zen. 2024. urtean 11 garraiolari hil dira lanean dagoeneko, horietariko asko, azken hau bezala, bihotzekoak jota. Atzokoarekin, gutxienez 54 laneko heriotza izan ditugu urte hasieratik Euskal Herrian.
2023ko ezbeharren txostenean salatu genuen, orokorrean, istripuz hildakoen %33a direla ez traumatikoak. Garraiolarien artean aldiz, %75a izan ziren ez traumatikoak. Azken urteetako datuek joera hori erakusten dute, garraioan istripu ez traumatikoen intzidentzia handiagoa da. Honek adierazten du garraiolarien lan baldintzek istripu kardiobaskularretan duten eragin zuzena, lanpostuen prekarizazio etengabea tarteko.
Garraioaren sektorea da laneko ezbeharren gaitza gehien pairatzen dutenetako bat. Iaz 10 garraiolari hil ziren lan-istripuz, aurten dagoeneko kopuru hori gainditu da. Ez gara nekatuko lan-istripuak lan-baldintza txarren eta prebentzio eta segurtasun-neurri faltaren ondorio direla salatzeaz.
Oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan-baldintzak, lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan baldintzen eraginez modu osasuntsuan elikatzeko zailtasunak, adinaren eragina, etab. Horregatik diogu garraioaren sektorean gertatzen diren lan-istripu gehienak guztiz ekidin daitezkeela, eta horretarako borondate politikoa baino ez dela behar, garraiolarien lan-eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak jartzeko, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere.
Prekaritatearekin amaitu behar da. Patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute jarraitu beste alde batera begiratzen, bestela gertatutakoaren konplize izango dira.
Lan istripu gehiagorik ez, ez garraioaren sektorean, ez beste inon!
Dei egiten dugu laneko azken heriotza hau salatzeko deituko diren mobilizazioetan parte hartzera.
Kontzentrazio batekin amaitu da EAEko anbulantzia zerbitzuaren publifikazioaren alde atzo hasitako 24 ordutako kanpaldia, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan egin dena. Atzo iluntzean, Gasteizko Udaltzaingoak kanpaldia bertan behera uztera behartu arren, gaur goizean aurreikusitako tailerra egin ahal izan dute.
Mobilizazioan irakurri duten oharra:
Hasteko, eskerrak eman nahi dizkiegu borroka honetan laguntzera hurbildu zareten guztiei, bai gaur, bai atzoko deialdietara ere, EAJren aginpean poliziak dena jasotzera behartu gintuen arte.
LABetik kanpaldi hau egitera behartuak ikusi gara EAEko anbulantzien sektorearen egoera jasanezina salatzeko, gure ustez egoera kritikoa delako. Kudeaketa pribatuak horretara eraman gaitu, eta funtsezko zerbitzu hori publiko egitea eskatzen dugu. Material eza, kubritu gabeko bajak eta nominak behin eta berriz gaizki edo ez ordaintzea ez ezik, langileen oinarrizko eskubideak errespetatzen ez dituzten lan baldintzak ere baditugu, hala nola lan egutegietako arauzko atsedenak ez errespetatzea, uniformerik ez izatea, iruzurrezko kontratuak, etab. Prekarizazio horrek, hemen lan egiten dugunoi eragiteaz gain, zuzenean eragiten du herritarrei eskaintzen diegun zerbitzuaren kalitatean.
Emaitza hutsunez betetako zerbitzua da: atzerapenak, koordinaziorik eza eta kasu larrienetan, tratamenduetara joan ezin diren pazienteak edo arreta behar bezain azkar jasotzen ez duten larrialdiak. Hori onartezina da pertsonen osasuna eta segurtasuna bermatu behar dituen zerbitzu batentzat.
Adibide berriena Araba eta Bizkaiaren kasuan daukagu, Grup La Pau epresak kudeatua: langileekin zorrak dituen enpresa bat, kalitatezko zerbitzua eskaintzeko gutxieneko baldintzak betetzen ez dituena eta langileei eta herritarrei zerbitzu eskasa eskaintzen diena. Badakigu Eusko Jaurlaritzak kontsezioa kenduko diola, baina albisteak prentsaren bidez iristen zaizkigu. Bien bitartean, langileak ziurgabetasunean eta agintarien erantzun argirik gabe jarraitzen dugu.
Atzo, kanpaldiari ekin genion, eta hainbat mobilizazio eta ekintza solidario egin genituen, normaltasun osoz eta parte-hartze handiarekin, baina arratsaldeko seiak aldera, EAJk polizia bidali zuen gu handik ateratzera. Orduan, txokolatada solidarioa egiten genuen bitartean kanpaldia altxatzera behartu gintuzten. Gure bilera eskaerei erantzun eta irtenbideak bilatu beharrean, nahiago izan dute polizia bidali eta gure aldarrikapenak isildu.
Baina argi gera dadila: ez gaituzte isilduko! Borroka honek aurrera jarraitzen du, eta gure eskakizunak irmoak dira. Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu behar du duen erantzukizuna, langileekin dituen zorrak ordaindu behar ditu eta funtsezko zerbitzu baten pribatizazioari amaiera eman behar dio. Gaur inoiz baino gehiago, guztiontzako zerbitzu publiko eta duina eskatzen dugu.
LABen iritziz, Aldundiek proposatutako neurriak ez datoz bat Euskal Herriak behar duen erreforma fiskalarekin.
Fiskalitatea funtsezko tresna da aberastasuna modu bidezkoan banatzeko, baina horretarako aberatsak eta kapitalaren errentak zergapetu behar dira. Gaur egun, langileria gara laneko errenten bidez zerga-bilketan ekarpenik handiena egiten dugunak.
Zerga-politikan sakoneko erreforma baten beharra gehiengoaren babesa duen eskaria da, egungo eredua guztiz bidegabea baita. Hauspoa galtzen joan diren adierazpen politikoen ondoren, EAJren eta PSEren arteko akordioak, atzo aldundiei proposamen gisa helarazi zitzaigunak, sakonekoak ez diren neurriak baino ez ditu. Hau ez da euskal langileriak eskatzen eta behar duen erreforma fiskala.
Sindikatuan Ikusmiran 15 argitalpenean aztertu genuen bezala, egungo fiskalitatea patronalaren neurrira egina dago. Eta zerbitzu publikoak sustatzeko – osasuna, hezkuntza, zaintza edo etxebizitza bezalako arloetan – eta trantsizio ekosozialari aurre egiteko beharrezkoa den lidergo publikoa bermatzeko, enpresen irabaziak eta kapital-errentak zergapetu behar dira, progresibitatea handituz.
Fiskalitatearen inguruko eztabaida ezin da erakundeen eta alderdien arteko akordioaren esparruan geratu. Josu Jon Imaz Repsoleko CEOa horren jakitun da, Lopez Atxurra eta Garamendi bezala, xantaia eta mehatxuak erabiltzen baitituzte euren irabazi lotsagarrien zati bat diru-kutxa publikoetara bideratuko lukeen fiskalitate bat saihesteko. Ezinbestekoa da eztabaida eta gizarte-presioa, Gasteizko Gobernuak berriro ere eztabaida faltsuan ixtea eta patronalaren pribilegioei eustea saihesteko.
LABentzat, funtsezkoak dira honako hiru neurri hauek:
– PFEZn, tasa bakarra kapital- eta lan-errentetarako, eta gehieneko tipoa %60ra igotzea. Langileok ezin dugu enpresek baino gehiago aitortu.
– Sozietateen gaineko Zergan, kenkari eta pizgarri fiskal guztiak kentzea eta %35eko tasa nominala ezartzea, enpresen irabaziek jendarteari ekarpena egin diezaioten.
Hildakoa autonomoa eta azpikontratatua zen, behin eta berriro errepikatzen den patroia. Azken honekin, gutxienez 53 dira urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak, eta horietatik 10, altueratik erorita hil dira.
Gaur, goizeko 9:30ean, Bilboko Plaza Biribilean kokatutako Cafe Bar La Parada de Bilbaon, kristalak garbitzen ari zen 55 urteko G.V.M. langilea 3 metroko altueratik erori eta bertan hil da. Ezer baino lehen, LAB sindikatuak elkartasun eta babes osoa adierazi nahi die hildako langilearen familiari, lagunei eta lankideei.
Drama berri bat. Beste langile bat hil da, ekidin zitekeen lan-istripu batean. Heriotza honekin, dagoeneko 53 langile hil dira lan-istripuz aurten Euskal Herrian. Langile autonomoen lan osasuneko araudiak babesa bermatzea aldarrikatu dugu behin baino gehiagotan, eta kasu honetan gainera, horrela da, izan ere kontratak bere prebentzio neurriak betearazi behar ditu bere lan zentroan lan egin ahal izateko. Baina gobernuen kontrol faltak, patronalaren utzikeria kriminalak eta prekaritateak eragiten duen berme ezak, egoera perfektua sortzen dute behin eta berriz honelako istripu hilgarriak gertatzeko. Istripu hau ez da kasualitatea, kausa zehatzen ondorioa baizik.
Azken 10 urteotan, Euskal Herrian, gutxienez 81 langile hil dira altueratik erorikoen ondorioz, gehienak eraikuntzaren sektorean. Laneko heriotzen %12,5 baino gehiago dira eta laneko heriotzen arrazoi nagusia eraikuntzaren sektorean. Gaurkoarekin, 10 dira aurten altueratik erorita hil diren langileak. Azpimarratu behar dugu garbiketa sektorean ematen den prekaritatea, laneko segurtasun neurriak hartzeko oztopo garrantzitsua dela, batzutan heriotza eragin arte.
Patronalaren zigorgabetasunarekin amaitu behar da. Lan-absentismoari buruzko eztabaida interesatu eta faltsuarekin amaitu behar da. Nola da posible, lan-osasunari buruzko araudia indarrean sartu zenetik ia 30 urte igaro ondoren, altueratik erorikoen ondorioz horrelako hilkortasun tasak izatea? Enpresei dagokien prebentzioaren gabezia da absentismoaren benetako gaitza, patronala eta gaixotu eta hiltzen gaituzten erakundeak, gero gu kriminalizatzeko, gainera.
LAB sindikatuak lan-istripu hau salatzeko egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten du.
Urtebete inguru igaro da Arabako ostalaritzako hitzarmenaren negoziazioa blokeatu zela “azken proposamen” gisa definitutako patronalaren azken proposamenarekin. Proposamena ez zen nahikoa izan, sektoreko langileen lan-baldintzak nabarmen okertzen baitzituen.
Geldialdi horren ondoren, duela aste batzuk negoziazio mahaian ordezkaritza duten sindikatuak bildu ziren hitzarmenari irtenbide bat emateko eta patronala negoziatzera behartzeko. LABek mobilizazioen egutegi bat adostea proposatu zuen sindikatuok aurkeztutako plataformak moldatu gabe. LABek, elkarrekin mobilizatzeko proposamen hau mahai gainera behin baino gehiagotan eraman ostean, ELAk, CCOOek eta UGTk plataforma bateratu bat aurkeztea erabaki dute. Bertan, hiru puntu baino ez dituzte jaso: soldata (KPI), pisuko zerbitzariak eta rider-ak hitzarmenean barnebiltzea eta lanaldi-murrizketa (37,5 ordutara).
LABek irmoki arbuiatzen du gainerako sindikatuen proposamena, bidean utzi baitituzte puntu oso garrantzitsuak, hala nola gutxieneko lanaldiak, etorkizuneko kolektibitateetarako hitzarmen baten aplikazioa eta kate handi eta markak hitzarmenaren eremu funtzionalean sartzea. Gainera, LAB sindikatutik argi utzi dute ez dutela ulertzen plataforman bateratu berrian gainerako sindikatuek eduki minimoetara jo izana mobilizazio ziklo batera jo beharrean.
Testuinguru horretan, joan den urriaren 25ean negoziazio-mahaiaren beste bilera bat egin zen, eta patronalak plataforma berri bat aurkeztu zuen, honako eduki hauekin:
• Langileen eros-ahalmena galtzea, KPIa bermatzen ez delako.
• Aldi baterako ezintasunaren osagarria aldatzea: 31. egunetik %100 kobratzera pasatzea, lehen egunetik beharrean, hitzarmenean gaur egun jasota dagoen bezala.
• Urteko lanaldia bi ordu murriztea.
Gainera, proposamenean ez da ezer jasotzen kolektibitateei, gutxieneko lanaldiei eta kate handi eta marken hitzarmenari buruz. Gogoratu behar da CCOO eta UGT sindikatuek sortu zutela, hain zuzen ere, kate handi eta marken estatu mailako hitzarmena langile horiek baztertzeko, baldintza askoz okerragoak aplikatuz, bere garaian Kolektibitateekin egin zuten bezala. ELA, CCOO eta UGTk aurkeztutako plataforma berriak estatalizazioa bermatzen du.
LAB sindikatuak argi dauka lan-baldintzak hemen negoziatzen direla eta ez duela onartuko Arabako ostalaritzako langileen lan-baldintzak okertzea. Horregatik, azaroaren 13an 10:00etan, mobilizazioa egingo du LABek SEAren aurrean.
Mobilizazioa egin du Gasteiz, Gizarte Ongizaterako Foru Erankundearen (GOFE) aurrean, pribatizatuta dauden zaintza sektoreetako zein GOFEko langileen aldarrikapenak bateratuz.
Zaintza sistema publiko eta komunitarioaren aldarrikapenarekin bat eginez, LABek, pribatizatuta dauden zaintza sektoreen publifikazioaren aldeko borrokan sakontzeko, sektore hauen negoziazio kolektiboak baliatuko ditu ekiparazio prozesuak sustatzeko.
Urte bukaeran hasiko dira Arabako Esku Hartze Sozialeko (EHS) IV. hitzarmenaren eta Aniztasun Funtzionaleko (AF) sektoreko II.aren negoziazioak hasiko dira eta LABek, Arabako GOFEko baldintzekin ekiparazioa aldarrikatuko du bi mahai negoziatzaileetan.
Pribatizatuak dauden zaintza sektoreetako prekarizazioari aurre egiteko, ezinbestean ikusten dugu ekiparazio proposamen sindikal eta politikoa mahai gainean jartzea. LABek aldarrikatzen du pribatizatutako zaintza langileak langile publikoak direla, eta ezinbestean, publikoa eta pribatuaren arteko arrakala sakonak gainditzeko apustua egiten du. Sistema publikoa indartzeko borrokan gaude, eta sistema publikoa indartzeko pribatizatuta dauden sektore horien publifikazioa exijitzen du LABek.
Araban irekitzen diren pribatizatutako zaintza sektore hautako negoziazio prozesuetan, soldata eta lanaldiaren ekiparazioa izango da LABen proposamenaren oinarria. Hortaz, bi aspektu hauek izango dira gauzatuko dugun borrokaren funtsak. Esan bezala, Arabako AFren II. eta EHSekoaren IV. hitzarmenen negoziazioan zehar, LABen asmoa izango da, sektoreko langileen eros ahalmena bermatzeaz gain, GOFEko langileen baldintzekin ekiparazioan urrats garrantzitsuak ematea.
Gaur egungo soldata aldeari dagokionez, hurrengo datuak partekatu nahi ditugu:
• Sektore pribatuetako goiko kategorian lan egiten duten langileek, urtean 35.429 euro kobratzen dituzte. Aldiz, administrazio publikako kategoria antzekoetako langileek, 67.213,10 euro kobratzen dituzte urtean. Aldea, %89,7koa izanda, 31.783 euro urtean.
• Beherengo kategoriei dagokienez, urtean 22.329 euro kobratzen dituzte urtean. Administrazio publikoko kategoria antzekoetako langileek aldiz, 28.208 euro kobratzen dituzte urtean. Aldea, %26,6koa da, urtean 5.880 eurokoa.
• Ondorioz, sektore publiko eta pribatuaren arteko aldea %51koa da bataz beste. Beraz, sektore pribatuetako langileek 15.534 euro gutxiago kobratzen dituzte urtean bataz beste.
• Soldatari dagokion aldeaz gain, pribatizatutako sektoreetako urteko lanaldia GOFEkoa baino 100 ordu inguru gehiagotakoa da nahiz eta bi arloetan, publikoetan eta pribatuan, lan berdina egin.
Lan berdinagatik lan baldintza ezberdinak izatea administrazio publikoen errua da. Aldundiek, udalek zein Eusko Jaurlaritzak politika pribatizatzaileak egiten dituzte. EAJ-PSEren eredu neoliberala da, hortaz, zaintza sektoreko langileen miseriaren erantzule. Horregatik, Arabako Aldundia interpelatzen dugu lan baldintzen arrakala gutxitzeko eta lan baldintzak parekatzeko.
Arabako Gizarte zerbitzuen kudeaketan aldaketarik egon ezean, publikoan zein pribatuan, zerbitzu publikoen gainbeherak bere horretan jarraituko du. EAJ, ohituta gaituen zaintzak pribatizatzeko eredu merkantilista zaharrean tematuta dago, zaintzaren eredu prekarizatzailea bultzatuz eta pribatizazioaren aldeko apustu garbia eginez.
Foru Erakundea aparatu burokratiko-administratibo edota zerbitzu pribatuen kontratista soila bihurtzeko asmoan, alde batetik, plaza eta zaintza-zerbitzu gehiago sortu arren, horien kudeaketa hirugarrenei lagatzen zaie, etekin ekonomikoak handitzea helburu duten enpresei, administrazioek pertsonen zaintzarekin duten erantzukizuna alboratuta. Bestalde, ez dira aintzat hartzen egoitza-arretako eta eguneko arretako foru-zerbitzuak, ahaztu egiten dira zuzeneko arretako profesionalak eta langileek jasan behar duten lan-gainkarga.
Zerbitzu publikoen gainbehera honi aurre egiteko ezinbestekoak dira, besteak beste, GOFEko plantilla handitzea eta egonkortzea eta gure lan-baldintzak arautzen dituen akordioren eguneratzearen negoziaketa.
Zaintza lanen negozioaren bukatzeko eta Arabako Aldundiak egoera honetan duen ardura bere gain hartzea exijitzeko batu dira GOFEko, Eskuhartze Sozialeko eta Aniztasun Funtzionaleko LABeko ordezkariak.
Beharrezko urratsak eman ditzatela eta zaintza-sistema publikoa indartzeko hartu behar diren konpromisoak hartu, arlo publikoa zainduz eta indartuz eta pribatizatutako langileekin parekatzearen aldeko konpromisoa hartuz. Zaintza ez delako negozioa, eskubide bat baizik.
Gaur eguerditik hasita eta asteartera arte, 24 ordutako kanpaldia egiten ari gara Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan. Ekimen honekin, dei egiten diogu Eusko Jaurlaritzari orain arteko pribatizazioaren bidean atzera egin eta anbulantzia zerbitzuaren publifikazioari ekin diezaion, bere erantzukizunari iskin egin gabe. Asteartean amaituko da kanpaldia, 12:30ean egingo den mobilizazioa batekin.
LAB sindikatuak berresten du EAEn anbulantzia zerbitzua publiko egiteko borroka eta mobilizaziorako konpromisoa, kudeaketa pribatuak eta azpikontratazioak larriki kaltetu duen funtsezko zerbitzua baita. Nahiz eta atzo, zerbitzua hartuko omen duten enpresek urriko nominak ordaindu zituzten, berandu eta langileekin dituzten gainerako zorrak ordaindu gabe egin zen. Egoera horrek LABen uste sendoa indartzen du, hau da, enpresaz aldatzeak ez duela egiturazko arazoa konponduko.
Hilabeteetako ez ordainketen eta lan baldintzen okertzearen ondoren, LABek inoiz baino beharrezkoago ikusten du kalera irtetea eta borrokari eustearen beharra. Egoerak benetako eta premiazko konponbideak eskatzen ditu, eta ziur gaude kudeaketa pribatuaren egungo eredua jasanezina dela. Eusko Jaurlaritzak, langileentzako prekaritatea eta herritarrentzako zerbitzu eskasa baino ekarri ez duen ereduaren aldeko apustua egiten jarraitzen du.
Orain, inoiz baino gehiago, huts egin duen azpikontratazio ereduari nahikoa dela esateko eta funtsezko zerbitzu duina eta lan baldintza egokiak bermatzeko unea da. LABetik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu arduraz jokatu, langileekin dauzkaten zor guztiak ordaindu eta anbulantzia zerbitzuaren pribatizazioa amai dezala.
Jardueraz betetako egitaraua
Kanpaldia kontzentrazio eta aurkezpen batekin hasi da, eta beste hainbat jarduera ere prestatu dituzte egun honetarako. Horrela, 3 tailer egingo dituzte 16:00etan (Buru-bihotz bizkortzea, marrazketa eta pankartak egitea), txokolatada eta eskuorri banaketa 19:00etan eta musika zuzenean 22:00etan.
Azaroaren 12an ere izango dira jarduerak. Horrela, 9:00etan, gosari solidarioa egingo dute Valentziarekin eta 10:00etan, buru-bihotz bizkortze tailerra egingo dute.
LABek herritar guztiak animatu nahi ditu ekimenean parte hartzera eta anbulantzietako langileei eta publifikazioaren aldeko aldarrikapenei babesa adieraztera.
Hego Euskal Herriko langileon lan harremanen araudia Madrilen erabakitzen da, Madrilek zehazten du bertako negoziazio kolektiboaren baldintzak zeintzuk diren, baita langile guztion gutxieneko eskubideak ere, tartean Lanbidearteko Gutxieneko Soldata. Euskal Herriko langileontzat premiazkoa da lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioaren eraikuntzan urratsak ematea, eskumen berriak eskuratuz batetik, baina baita eskumen horien baitan eskuratu daitezkeen eskubide eta hobekuntzak lortuz ere. Euskal langileok premiaz behar dugu bertako Lanbidearteko Gutxieneko Soldata bat, eta badaude formula juridikoak bide hori eskuratzeko.
Gaur, gutxieneko soldata propio baten beharrizana EAEko eremura ekarriz, Confebaskek duen ardura azpimarratu nahi dugu, berari dagokio EAEn milaka langileren lan eta bizi kalitatea hobetuko lukeen gutxieneko soldata baten inguruko akordioa egitea
Bestetik, Eusko Jaurlaritza ere interpelatu nahi dugu. Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak onartu du EAEn gutxieneko soldata propio bat behar dugula, eta hori, berri positiboa da EAEko langileriarentzat. Baina beharrizana aitortzeaz gain urratsak behar ditugu, eta Jaurlaritzari dagokio patronalari honelako akordio baten alde egin dezala eskatzea. Era berean, epe ertainean, gutxieneko soldataren eskumena bereganatzeko lan egin behar luke Jaurlaritzak.
Langileok premia dugu gutxienez 1.600 eurokoa izango den soldata eskuratzeko
Egun Hego Euskal Herrian ezarritako gutxieneko soldata erabat askieza da bizitzaren kosteari aurre egiteko. Gutxieneko soldata propioa behar dugu. Europako Karta Sozialak egindako gomendioa aintzat hartuz gero, batez besteko soldataren %60 izan beharko luke, gutxienez; hau da, 1.600 euro gordin, 14 pagatan.
Egun EAEn gutxienez 210.000 langile daude, soldatapekoen laurdena, 1.600 euro gordinetik beherako soldatekin, eta horietako 10etik 6 emakumeak* dira. Alegia, soldatapeko guztien laurdenak ez dauka soldata nahikorik bere gutxieneko beharrizanak asetzeko, eta langile horien artean emakumeak* dira gehiengoa. Soldata gero eta apalagoa izan, emakumeen* presentzia handituz doa.
Horrelako akordio batek beraz, EAEko langile askoren soldatak hobetzea ekarriko luke, eta bide batez, soldata arrakalak murrizteari (sexu-generoaren araberakoa, adinaren araberakoa edota jatorri eta arrazializazioaren araberakoa) bide emango lioke. Nori hobetuko lioke soldata, beraz, horrelako akordio batek?
– Emakumeen* %28ari.
– Migratu eta arrazializatuei dagokienez, ezin atera zenbateko zehatza, baina ehuneko oso altu bati. Datu gisa, Espainiako Estatutik kanpoko nazionalitatea daukaten langileen soldaten batazbestekoa 1.600 euroen azpitik dago (21.700 eurotan, eta 1.600 eurokoa balute 22.400 eurotakoa izango litzateke).
– Gazteen %42ari.
Nagusiki zerbitzuetako langileei eragingo lieke, eta oso modu esanguratsuan nekazaritza eta abeltzaintzako langileei. Gaur ordea, zera azpimarratu nahi genuke, ia sektore guztietako kategoriei eragingo liekeela, oso neurri transbertsala izango litzatekeelako.
Horrelako akordio bat posible da juridikoki eta ekonomikoki, borondatea baldin badago
Juridikoki posible da, Langileen Estatutuko 83.3 artikuluak arautzen duen materia zehatzeko akordioaren bidez lan harremanak EAEn garatzen dituen langile orori aplikatuko litzaioke.
Bestetik, enpresek badituzte nahikoa baliabide langile prekarizatuenen soldatak igotzeko. Badago aberastasun nahikoa, eta aberastasun hori gero eta modu desorekatuagoan banatzen da. Soldatak duintzea da, zerga-politikarekin batera, aberastasuna banatzeko gako nagusi bat. Confebaskek ezin dio uko egin soldatak hobetzeari, justizia sozial kontu bat da.
Gaur, gutxienez 1.600 euroko soldata ezartzeko materia zehatzeko akordio batek modu berezituan eragingo dien sektore horietako langileekin ari gara egiten agerraldia. Sektore feminizatuak gehienak, bizitza sostengatzeko beharrezkoak diren eremuetakoak asko: ostalaritza, saltoki handiak, etxeko langileak, telemarketina, garbiketa, elikagaien merkataritza, nagusien egoitzak, ileapaindegiak, etxez-etxeko laguntza, enplegu zentro bereziak eta metalgintza.
Gaur, EAEn gutxieneko soldata bat ezartzearen zilegitasuna eta beharrezkotasuna aldarrikatu nahi dugu. 1.600 euro azpiko soldatak ez dira zilegi, ez dira bizitza duin baterako berme. LABek, akordio hori gauza dadin indar guztia jarriko du, langileak mobilizatuz, gainerako indar sindikalak borroka honetara batzeko lan eginez, eta baita materia zehatzeko akordioa gauza dadin negoziazio markoak bilatuz ere.
Gaur goizean, A.S.O. 57 urteko langilea hil da Tubacexeko Amurrioko Aceralava enpresan, istripu ez traumatikoan. Hildakoa Construcciones Jagoba Zamalloa SL enpresako langilea zen. Gaurkoarekin, gutxienez 52 dira urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak. LABek bere elkartasuna adierazi nahi die hildakoaren senide, inguruko eta lankideei.
Azkeneko lan heriotza honetan, bat egin dute laneko heriotza ugaritan aurki ditzakegun bi ezaugarrik. Batetik, azpikontrata bateko langilea zen hildakoa, eta bestetik, istripu ez traumatikoa izan du.
Gainera, heriotza hau Confebask patronalak absentismoari buruz antolatutako jardunaldien hurrengo egunean izan da, eta horrek, berretsi baino ez gaitu egiten behin baino gehiagotan salatu dugunean, patronalarentzat laneko osasun eta segurtasuna ez direla lehentasunak, ez diola prebentzioari garrantziarik ematen eta doan ateratzen zaiola araudia ez betetzea.
Azkenik, istripu ez traumatiko honetan gertatutakoak argitzeko lanean jarraituko dugu.