2026-08-03
HomeIdazkaritzakMunduko Federazio Sindikalaren Kontseilu Presidentzialean parte hartu du LABek, Vietnamen

Munduko Federazio Sindikalaren Kontseilu Presidentzialean parte hartu du LABek, Vietnamen

Urtero legez, Munduko Federazio Sindikalaren Kontseilu Presidentziala bildu egin da, pasa den urteko dinamika sindikalaren balantzea egin, testuingurua aztertu eta 2025 urteko ekimen nagusiak adosteko. Kontseilu Presidentziala mundu osoko 60 ordezkari sindikalek osatzen dute, eta horien artean dago Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorra.

Bidegabea izateaz gain, gero eta bideraezinagoa den sistema kapitalistari aurre egin eta klase borroka indartzearen alde egin du Kontseilu Presidentzialak. Era berean, inperialismoak mundu osoan eragindako kalteak salatu ditu; besteak beste, Palestinako herriaren aurkako genozidioa. Bestalde, Munduko Federazio Sindikala sortu zenetik 80 urte betetzen diren honetan, urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatzea erabaki du; Parisen, datorren urrian.

Igor Arroyok hitza hartu du Kontseiluan, azken urtean hazi den olatu erreakzionarioari aurre egiteko antidotorik onena klase sindikalismoa dela azpimarratuz. Ildo honetan, langile klase osoa antolatzeko, hiru zeregin aipatu ditu: emakume langileen antolaketan urratsak ematea; sindikalismoa gazte eta prekarioengana gerturatzea; eta beste herrialde batzuetatik heldutako langileak sindikalizatzea.

Vietnamgo Lanaren Konfederazio Orokorra izan da aurtengo Kontseilu Presidentzialaren antolatzailea. Euskal Herria eta Vietnam oso herri desberdinak badira ere, Vietnamgo herriak inperialismoaren aurka egindako borroka euskal askapen mugimenduarentzat inspirazio iturri izan zen. Laguntasuna adieraztearren, Igor Arroyok opari bat eman zion Nguyen Dinh Khang Vietnamgo Lanaren Konfederazio Orokorreko lehendakariari.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek greba egingo dute Araban abuztuaren 5ean

Joan den ekainaren 21ean iragarri bezala, Ikuskizun eta Ekitaldien lehen Hitzarmena negoziatzen ari garen sindikatuok 3 greba-egun deitu ditugu EAEko hiru lurraldeetan, hiru hiriburuetako...

Gasteizko lan-arloko epaitegiak baliogabe jo du Casa Primicia upategian aurkeztutako Aldi Baterako Lan-Erregulazio Espedientea

Hala, arrazoi eman dio auzia epaitegietara eraman zuen LAB sindikatuari. Gasteizko epaitegiak argitaratutako epaia irmoa bihurtu da. Epai horren bidez, Casa Primician aurkeztutako Aldi Baterako...

Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen Hitzarmenaren aurreakordioa sinatuko dugu, langileen gehiengo zabalaren babesa jaso ondoren

Sektoreko enpresetan egindako langileen batzarren ondoren, langileen gehiengo zabal batek patronalak aurkeztutako Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen Hitzarmenerako proposamena babestea erabaki du. Horrenbestez, LABek...